argia.eus
INPRIMATU
Landareak: Hordi baina txorrotx
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a

Lurra sasoian da eta nabarmena da. Hotza eta uraren emanaren ondorengo lehorte epelaren eraginez lurrazala lantzeko ederki da, lur-sasoia da. Goldeak, karramarroak, arreak, bostortzak, aitzurrak, arrasteluak... dantzan goza daitezke nonahi. Izakitutako, iraulitako, berdindutako baratza eta soroak nagusitzen ari dira eta egunetik egunera tipulaz, letxuz, babaz, patataz, ilarrez... jantzita, dotore azaltzen zaizkigu udaberriari ondo etorria ematera, pertxenta. Neguaren mirakulua bizitu duten lurmen soilak landaremen bihurtzen ari dira, gogoz, kementsu.

Hostoa galtzen duten zuhaitz eta zuhaiskak landatzeko azken aukera, hostaiari eusten diotenen landaketa garai betea, lorontzietan neguko hilotzak udarako lore berriengatik aldatzeko eta luberritzeko aukera, frutarbolak txertatzeko sasoia, inausketa gehienetarako egokiera, muintegiak haziz ereiteko tartea, aldaxkak edo eskejeak lur azalari iltzatzeko aroa, soroak patata-erroilez orrazteko eta baratze-soinak azken puntako landare eta hazizko mantal-aurrekoz apaintzeko unea. Urteroko izerdi berriaren ikuskizun paregabea. Heldutasunean dauden landare gehienen loraldia aurten batera datorrela nioen aurreragokoan, batera halaxe egin behar aurten ere beste lan meta hau ere, negu-negu partean ezin izandu baita aitzurrik lurrean sartu. Datorren urtetan loratuko direnak izango badira, orain jantzi behar abarkak. Hori ikuskizuna, loredi bakarra bilakatua dugun ingurunean, kolore eta usain festaz hordi, urte guztiko eta hurrengo urtetako festak ereiten, landatzen, txertatzen... txorrotx!

Festa gozoen premia inoizko larriena den garai honetan, abarkak topatzen zaila, baita abarkak jantziko dituztenak ere...