Inmigrazioa: Hitzez solidario ekintzaz ez hainbeste

Etorkinari buruz, inmigrazioari buruz hitz egingo dugu mahai-inguruan. Baina zein da etorkina Euskal Herrian? Zeri buruz ari gara etorkina aipatzen dugunean? Eta zein erako inmigrazioaz ari gara hitz egiten?
JAVIER GALPARSORO. Inmigrantea da beste herrialde batetik datorren guztia. Beraz, edozein atzerritarri buruz ari gara hitz egiten. Munduaren gainerakoaz ari gara. Inmigrantea da estatubatuarra, japoniarra, Zeelanda Berrikoa... baina baita afrikarra ere.
Inmigrazioa pobrearekin, Hegoaldearekin lotzen da, niri ez zait batere gustatzen, baina bada perfil bat. Jende horrek ezin du bere herrialdean bizi arrazoi askorengatik: ekonomikoak, politikoak, belikoak, demografikoak... Guk, hain justu, ez ditugu arrazoi horiek emigratzeko eta hori kontuan hartu beharko genuke. Mundua beti mugitu izan da, baina orain, alde batetik bestera ari da mugitzen. Horiei buruz hitz egingo dugu, ezta? Eta ez futbolariei, musikariei, zientzialariei edo Marbellan bizi direnei buruz... horiek ere inmigranteak diren arren. Horiek ere estatistiketan azaltzen dira.

OMER OKE. Fenomeno historikoa da inmigrazioarena. Nazioartean gertatzen dira desplazamendu hauek, baina baita herrialde baten barnean ere. Bizi den tokitik edo jaioterritik mugitzen da beste leku batera bizi proiektua abian jartzeko. Beraz, fenomeno orokor moduan aipatu nahi nuke inmigrazioaren gaia, ez dadin ulertu inmigrazioa Espainiako Estatuan edo Euskal Herrian soilik gertatzen dela. Gure errealitatea ez da irla munduan. Inmigrazioaren oraingo egoera arrazoi ekonomikoek eragin dute neurri handi batean, Hegoaren eta Iparraren arteko harremanek. Baina horretaz gain, arrazoi gehiago badira munduko beste tokiren batean leku seguruagoa bilatzeko, adibidez, jazarpen politikoak.
Inmigrantea historia pertsonala da. Inmigrantea mugitu egiten da jatorrizko bizilekuan ez duelako askatasunik aurkitu. Beraz, garbi banatu behar dira bi talde: kontratu izugarriak eginda etortzen direnak, exekutibo garrantzitsuak (Atzerritarren Legean bertan ere estatus zehatza dute. Bisa eskatu eta ordu erdira lortzen dute hauek). Gu kezkatzen gaituen inmigranteak ordea, ez du aterperik. Arrazoi ekonomikoengatik hona etorri eta hemen hobeto biziko dela uste du. Hemen zailtasun handiagoak aurkitzen ditu, ez dauka babestu edo lagunduko dionik. Legeriak ere zigortu egiten du bere herrialdetik mugitu egin delako. Gaia maila honetan jorratuko nuke.

PEIO AIERBE. Inmigrazioari buruz eta inmigranteari buruz hitz egiten dugunean, uste dugu kolektibo homogeneoari buruz ari garela eta ez da hala, kolektibo hau oso anitza da. Ez jatorriagatik bakarrik, nahiz eta horrek asko markatzen duen. Batzuk errefuxiatu moduan datoz (askatasun faltagatik, errepresioagatik...), asilo figuran sartuko genituzke hauek. Beste batzuk egoera ekonomiko oso larriek eraginda, beraien herrian perspektibarik ez dutelako. Baina beste batzuk, besterik gabe, bizi proiektu berri baten bila datoz eta ez dute derrigorrez egoera larria bizi behar, oinarrizko beharrak aseta dituzte beraien herrian. Azkena aipatu dudan jarrera hori azaltzeko aldea globalaren fenomenoa azaldu behar da. Komunikabideak munduko leku guztietara heltzen dira; nahiz eta oinarrizko gauzak falta, telebista bazter guztietara heltzen da. Komunikabideek etxe horietara bizi proiektu diferentearen irudiak daramatzate. Herritar horiek etorkizuna beste era batera ikusten dute nahiz eta jatorrizko herrian bizitzeko adina izan.
Gaitasunean ere, kolektibo oso anitza da. Jende batek ezagutza maila handia dauka, jende prestatua da eta beste talde batzuek berriz, hezkuntza maila kaxkarragoa dute. Beraz, inmigranteari buruz ari garenean, zerbait birtualari buruz ari gara hitz egiten. Egunerokoan asko zehaztu behar da.

KHALID AMZIR. Ez didate ezer esateko utzi! Oso ondo definitu dute zer den inmigrantea edo inmigrazioa, baina gauza bat gehitu nahiko nuke. Testuinguru geografikoan kokatu behar da inmigrantea. Nondik begira ari gara? Euskal Herritik? Espainiako Estatutik? Espainiako Estatutik begira ari bagara Javierrek hitz egin du horretaz. Baina Euskal Herriko inmigrazioari buruz ari bagara gogoratu behar dugu 60 eta 70eko hamarkadetan ere inmigrazioari buruz ari ginela hitz egiten. Fenomeno historikoa da eta beti existitu du. Batzuetan estatuaren barruan gertatzen dira inmigrazioak eta beste batzuetan adibidez, landa lurretatik zona urbanoetarakoa izaten da. Hori ere inmigrazioa da. Baina, badirudi, hori gaur egun ia inmigrazioa ere ez dela. Zergatik? Bada orain inmigrazio berri (ez dakit horrela deitu edo nola) bati buruz hitz egiten ari garelako. Zeri buruz hitz egingo dugu? Oraingo inmigrazioari buruz ari bagara, Javierrek esan duen bezala, inmigrante pobreari buruz ari gara, arrazoi ekonomikoengatik etorri denari buruz. Inmigrantea horrekin erlazionatzen da hemen.

Gauza bat dira datu errealak eta bestea herritarren pertzepzioa. Pertzepzioak errealak ez badira nola eragiten dute inmigrazioaren fenomenoan?
J. GALPARSORO. Jendearen pertzepzioa oso mediatizatua dago. Gizarteari zabaldu zaion mezu politikoa hor dago. Dena dela, Peiok aipatu duen globalizazio mediatikoaren kontua aipatu nahi nuke. Munduko edozein bazterretan dago telebista eta Internet. Jendeak badaki beste mundu bat existitzen dela. Eskuraezina teorian, baina birtuala. Pateran datozenek jakingo dute bizia arriskuan jartzen ari direla, baina beste mundu bat ari dira ikusten eta beraienean ez dute etorkizunik. Hori esanda, askotan esan dut eta berriz esango dut, daukadan sentsazioa da gai honi buruzko ezezagutza handia dagoela. Gu hemen gaude eta euskaldunak arrazismo eta xenofobia tentazioetatik kanpo gaude beste herriek izan ez dituzten emigrazioa eta jazarpena bizi izan ditugulako. Ez dakigu estatuko beste tokietan inmigrazio datuak nolakoak diren. Ikusi beharko litzateke egunero 300 pertsonako paterak iritsiko balira Pasaiako eta Santurtziko portura zein izango litzatekeen gure jarrera. Orduan, beharbada, konturatuko ginateke guk uste baino berdinduago eta globalizatuago gaudela.
Herri honetako, kultura honetako hiritarra naiz eta ez dut emigratzeko beharrik izan. Ondo bizi naiz eta ez dakit zer den toki ezezagunerako bidean jartzea. Zer aldatu da nire bizitzan etorkinekiko? Kontaktua, esperientzia. Aberria, erlijioa, bandera, nazionalitatea... hori dena erlatibizatzen duzu. Zergatik? Mapan 20 zentimetro beherago jaio izan banintz eta Khalid banintz? Berak egin duena egiten ahaleginduko nintzateke: nire bizi proiektua lortzen. Bizi proiektua aipatu dut, baina batzuetan bizi proiekturik eza esango nuke dela.

Zuk inmigrazioaren gaia ezagutzen duzu ordea. Ezagutzen ez duenak zer?
J. GALPARSORO. Panorama ezagutzen ez duena ari da mezua jasotzen. PP ari da esaten inmigrazioa delinkuentzia dela, negatiboa dela, arriskua dela, inbasio mehatxua dagoela, erakarri egin ditugula... Badago mezu bat sektore guztietatik etengabe transmititzen ari dena. Ni beste muturretik ari naiz mezu positiboa zabaltzen: Preziatu inmigrantearen bizitza, baloratu bere bizi proiektua, jende ona da, ez datoz delituak egitera... Mezu negatiboari kontrajartzen saiatzen zara. Jende asko azalean geratzen da gai honekiko. Galdetu jendeari: "Zuk badakizu zer den komunitarioa edo ez komunitarioa izatea? Badakizu zer den lan baimena lortzea? Zuk badakizu kanporatu egin ditzaketela? Zigorrak daudela? Zuk badakizu zenbat kostatzen den Bilbon bizitzea? Etxebizitza eskuratzea? Badakizu gosea pasatzen dutela?". Komentario hau kalean dago eta jende askok sinesten du: "Beltza izan behar da gizarte laguntza eskuratzeko". Nondik atera da hori? Badago norbait esaten ari dena inmigrantea izan behar dela diru laguntza horiek jasotzeko.

P. AIERBE. Jendeak zertaz hitz egiten duen? Errealitate mediatikoari buruz. Hori da errealitatea. Lehen aritu gara hitz egiten zer uste dugun dela inmigrazioa eta inmigrantea, baina beste errealitatea, jendearen gehiengoak existitzen dela uste duena, esango nuke hori dela existitzen den errealitatea. Zergatik da hori errealitatea? Jende gehienak ez duelako erlaziorik inmigrantearekin. Aurreiritziak, onak ala txarrak, hedabideen bitartez datoz. Jende autoktonoak inmigrantea ezagutzeko iturri nagusia hedabideak dira. Jende gutxik ezagutzen ditu zuzenean inmigranteak, baina denek dute inmigranteari buruzko iritzia. Egia da baita ere, gero, jendeak uste duena eta errealitatea ez daudela hain urrun, Eusko Jaurlaritzako Inmigrazioaren Euskal Behatokiak egindako inkestan ikusten den moduan. Baina, nabarmenduko nuke hedabideek duten pisua gai honetan eta bestetik, hedabideek (ez denek, noski) duten arduragabekeria handia gai hauek transmititzerakoan edo fabrikatzerakoan. Pateraren irudia aipatu dugu lehen. Gertaera hori oso tragikoa da, baina inmigrazioaren zati txikiena da. Gehienak ez datoz modu ilegalean, muga igarotzen dute turistaren bisarekin. Delinkuentziaren irudia ere hor dago. Kontua ez da autoktonoak inmigranteek egindako delituen biktima izan direla. Hedabideetan sistematikoki egiten dira itxuraz interesik gabeak diren gauzak, baina benetan garrantzia handia daukatenak. Adibidez, etorkinek egindako delituak lehen planoan jartzen dira jatorria, erlijioa eta etnia bera aipatuz. Horrelako gauzek garrantzia handia daukate eta horiek finkatzen dute iritzi publikoan irudi sorta bat, nahiz eta irudi horiek bat ez etorri inmigranteekin lana egiten dutenek duten irudiarekin edo beraiei buruzko ikerketak egiten dituzten adituekin. Baina ikuspegi hori da benetan garrantzitsua. Hedabideek egoeraz jabetu eta prest egon behar dute gizarte eragileekin edo etorkinekin lanean ari diren talde hauekin elkarrizketak izateko. Hedabideak ez dira txokolatea egiteko fabrikak. Zulo handia dago eta ardura ezin dugu utzi kazetari indibidualaren gain. Askotan jende oso solidarioa da, baina horrek inondik ere ez du arazoa konpontzen.

K. AMZIR. Ardura handia eskatu behar zaie hedabideei, baina badago beste alde bat ere aitortu behar dena. Denbora pasa ahala igartzen duzu aldatzen ari dela jendeak zurekiko duen ikuskera. Jendeak inmigrantea nola pertzibitzen duen gauza askoren menpe dago. Kontuan hartu behar da zenbat inmigranteri buruz ari garen hitz egiten, nolakoak diren, non dauden... eta inmigranteak berak nolako jarrera duen eta inmigranteen kolektiboak ere nolako jarrera duen. Ez da gauza bera bertako norbaitek zer edo zer egitea (delituren bat adibidez) edo inmigranteak. Azken honen atzetik joango dira. Inmigranteak autoktonoak baino ahalegin askoz handiagoa egin behar du erakusteko besteekin bizi daitekeela, molda daitekeela gizarte honetan. Diferentziek, desberdintasun kulturalek talka egiten dute hemengo jendearekin. Inmigrantea hemen eta jaioterrian berdin bizi bada, jarrera bera hartzen badu, talka egingo du hemengo jendearekin eta hemengo jendearen pertzepzioa alda dezake horrek. Adibidez, har dezagun jende «progre»ak neurekiko izan dezakeen jarrera lehen kontaktuan: "Khalid progrea da, laguna dut... garagardoa ere edaten du". Baina Khalid gehiago garenean, taldean biltzen garenean, alkoholik edaten ez dugunean, jaioterrira joaten garenean emazte bila... Taldea osatzen hasten zarenean eta benetan zaren bezalakoa azaltzen hasten zarenean (zure kultura, jarrerak...) orduan jendearen pertzepzioa aldatzen da eta jendeak galdera ikurrak jartzen ditu: "Hau ez da guk ezagutu dugun Khalid, Khalid ez zen horrelakoa!". Nire burua adibidetzat jarri dut, baina jarrera hau orokortu daiteke. Bakarra datorrenean "integratzen" da (hitza komatxo artean jarrita), ez da ezer gertatzen, baina taldea datorrenean... San Frantzisko auzoko adibidea hementxe daukagu (Bilboko Alde Zaharrean egin genuen mahai-ingurua). 1994. urteaz geroztik parte hartu izan dudan betiko auzo elkartekoak inmigranteekin bizikidetza eta integrazioa, solidaritatea bultzatzearen aldekoak ziren. Galde iezaiezu orain auzo elkartekoei. Ez naiz ari harreman indibidualei buruz, auzo elkarteari buruz baizik, kolektiboari buruz. Orain ere jarrera solidarioa mantentzen du, noski, baina orain bestelako gertaera eta jarrera batzuk gertutik bizitzea egokitu zaio eta ez ditu onartzen. Eta auzokideak zera dio: "Ba ez, nik ez dut nahi horrelako inmigrantea. Auzo honetakoa naiz betidanik, auzoa horrela, horrela eta horrela mantendu dugu beti. Arauak baditugu eta zuk etorri eta arau horiek ezin dituzu aldatu nire auzoan".
Tekla ukitutakoan jendeak erreakzionatzen du. Jendea solidarioa da, baina berari egokitu zaionean, beheko solairuan bizi denean, kexatzen da goikoek zarata ateratzen dutelako edo bost edo hamar bizi direlako. Hori ez du onartu nahi hemengoak. Publikoki progre moduan agertuko da, baina sakonean, pertsona horrek ez du harremanik nahi horrelako jendearekin.

O. OKE. Gai oso konplexua da. Khalidek aipatu du inmigranteak nola ahalegin berezia egin behar duen onartua izateko. Emakumearekin gertatu denarekin konpara daiteke. Enpresa handi bateko exekutibo izatera heltzen bada lan bikoitza egin behar du. Inmigrazioarekin gauza bera ari da gertatzen. Norbanakoen arteko harremanak direnean hau da gertatzen dena: "Bai, hori ezagutzen dut, baina beste hori ez". Ezezagutzaren gaia mahai gaineratuko dut berriro. Ohikoa da auzokoa ez ezagutzea, auzotarra inmigrantea da, kolonbiarra, baina badirudi inmigranteak ez duela izenik bertakoek bezala. Etorkina ezagutzen ez duzunean bera zentsuratzeko moduan zarela erabakitzen duzu. Inmigrantea gertutik ezagutzen hasten zarenean berriz, konturatzen zara besteekin alderatuz desberdina dela.
Bestalde, Behatokiak egindako azterketan azaltzen diren datuek erakusten dute gauza bat, agian benetako errealitatearekin bat ez datorrena, baina hori ere bada errealitate mentala eta oso garrantzitsua. Errealitate mentala kontuan izan behar da gai honetan lan egiterakoan. Europako Batasunean edo Europako beste herrialde batzuetan hainbat gobernuk politika gogorra ezarri dute. Politika hori ez dute abian jarri gizartearen gehiengoak inmigrazioaren kontrako aldarria egin duelako, baizik eta populazioaren %10ak edo gutxiagok politika mota bati, ideia batzuei, pertzepzio batzuei babesa eman diolako. Talde honek gainerako politikoak bildu ditu eta beraien politikak hauenera moldatu dituzte. Beste modu batera esanda, adibidez, Frantzian inmigrazio politika gogortu da Le Pen agertu delako. Beste herrialde batzuetan beste hainbeste gertatu da. Politikan ari garenok, elkarteetan lanean ari direnek, errealitateari buruz bestelako ikuspegia dugunok, errealitate hau kontuan izan behar dugu gure estrategia definitzeko eta egoera hau aldatzeko. Egoera hau aldatzea ez da batere erraza izango. Eratu den pertzepzioa aldatzea posible dela uste dugunoi baliabideak falta zaizkigu, hedabideen boterea falta zaigu gauzak aldatzeko. Iritzi sortzaile diren guneak konbentzitu behar dira gutxieneko adostasunera heltzeko, hau da, inmigrazioaren fenomenoari buruz zer esan behar den adosteko. Hori egin behar da pertzepzio aldaketa lor dezagun, zeren jendeak hitz egiten du entzun duenari buruz eta ez bizi izan duenari buruz, ezagutu duenari buruz. Hori da arazoa. Nik uste dut posible dela adierazpide kultural anitzeko gizartea artikulatzea. Komunitate bakoitzak izan ditzala bere desberdintasunak, eta era berean, bat egin dezatela hainbat gunetan. Hori egin daiteke, baina zergatik ez dugu hori lortzeko interesik? Mahai gainean dagoen galdera da.

J. GALPARSORO. Presio mediatikoa azpimarratu duzu behin eta berriz (Aierberi begira). Hori horrela da. Baina bada hedabideen jarrera argitzeko modu bat: esperientzia. Zerk aldatu du herritarren jarrera? Inmigrantearekiko kontaktuak. Inmigrantea kontratatu nahi izan duenak ezagutu du egin beharreko prozesu guztia. Etorkinari buruz zuen irudia desmitifikatzeko aukera eta guzti izan dute.

P. AIERBE. Baina kontaktu horretan pertsona horrek duen aurreiritziak, irudiak ere eragiten du. Harreman hori abian jartzen badu aurreiritzien zakua beteta duela, esperientzia hori, berebizikoa dena, nahiko mediatizatua dago. Zuk esan duzunarekin ados nago, baina hori populazioaren zati txiki batek egin dezake, zeren hemen daukagun inmigrante kopurua, nahiz eta orain dela zortzi urte baino handiagoa izan, oso txikia da eta gune batzuetan bilduta dago. Jendeak ezin du aurrez aurreko esperientzia izan.

J. GALPARSORO. Baina beharra dago. Langilea behar duzu eta bertakorik ez duzunez aurkitzen atzerritarrarengana jo duzu. Horrela, pertsona horren mundua deskubritzen duzu, askotan baloratu egiten duzu, batzuetan txarrerako, hori ere egia da; esplotatzeko aukera ematen dizu. Bilboko goi mailako jende bat Atzerritarren Legearen aurka jarri da zailtasunen zerrenda izugarria delako. Jende honek beraien aurreiritziak eta etorkinekin izan duten harreman zuzena aurrez aurre jarri dituzte: "Baina gaixoa, oso jatorra da eta... eta nik ilegal egoeran daukat beste aukerarik ez dudalako".
Pertzepzio kontuak alde batera utzi eta botere harremanei buruz eta zuzeneko, eguneroko harremanetan sortzen diren talkei buruz hasi dira hitz egiten.

P. AIERBE. Ez dut kontrakoa esango, baina bestelako egoerak ere gertatzen dira. Enpresariak alde batera utzita, etxeko lanak egiteko edo adinekoak zaintzeko langileak kontratatu nahi dituztenen eta inmigranteen arteko harremanean, zoritxarrez, arazo handi bat dago. Zuk aipatu duzun harreman mota hori ez dut ukatzen, baina beste hainbestetan dagoen harremana botere harremana da. Zuk dirua ematen diozu besteari zuretzako lan egin dezan eta zoritxarrez, horrek esplotazio mundua eragiten du, harremana ez da maila berekoen artekoa.

J. GALPARSORO. Harreman mota hori bertako langileekin ere badago.

P. AIERBE. Noski baietz. Baina inmigrante askok jotzen du lan mota horietara eta gainera, norentzat egiten dute lan eta sekula neskamea izatea amestu ez dutenentzat! Ez gara hitz egiten ari auzo harremanari buruz, ezta elkar ezagutzeko harremanari buruz ere, botere harremanari buruz baizik.

J. GALPARSORO. Aitor dezagun askotan inmigranteak esplotazio horretara makurtu egiten direla.

P. AIERBE. Zer erremedio!

J. GALPARSORO. Bai, bai, zer erremedio! Baina kontuan izan behar dugu menpeko egoera horretan jasotzen duen soldata ministro marokoarrak kobratzen duena baino handiagoa izan daitekeela. Dirua aurrezten ari dira eta badakite beraien migrazio prozesuak bi edo hiru urte iraungo dituela. Esplotazioa ez dute salatzen. Egoera makurra bada ere, bizitzen segitzen dutela uste dute.

O. OKE. Lana eman diona salatu, ongi. Baina zer bermatzen diogu inmigrante horri?

J. GALPARSORO. Saria dago.

O. OKE. Zer sari eta noiz?
J. GALPARSORO. Legea idatzita dago, justiziarekin kolaboratzen duenarentzat, patera ekarri duen mafiosoa salatzen duenarentzat, esplotatu duen enplegatzailea salatzen duenarentzat...

O. OKE. Hurrengo egunean lana galduko du. Saria noiz dator? Eta saria heldu arte zer? Zertaz biziko da?

J. GALPARSORO. Eta orduan nola konponduko dugu hau?

K. AMZIR. Bi erako inmigranteak daude. Ezin dugu esan inmigrante horiek guztiek men egiten dietenik egoera horiei. Huelvan adibidez, marrubi garaian, marokoarrek egoera makurrari eutsi egiten diote eta behin paperak lortutakoan sindikatura joaten dira eta egoera salatzen dute. Baina egia da bestelakoak ere badirela, nahiago dute aipatu dugun bidea jarraitu baino, esplotazio egoeran egon arren, lana egin eta kito. Hori ere badago eta ezin dugu esan existitzen ez denik. Bizitzeko modua beste bide batzuetatik bilatzen dutenak ere badaude, azken hauek bezala.

O. OKE. Gizarte honetan inmigrantea onartzen da, baina maila sozial baxuenean egotea nahi da.

J. GALPARSORO. Ronaldo da inmigrantea! Maila sozial baxuenekoa?

P. AIERBE. Inork ez dizu esango Ronaldo inmigrantea denik.

O. OKE. Jendearen galdera izan ohi da: "Zer egiten du inmigrante horrek telefono mugikorrarekin?". Horretarako eskubiderik izango ez balu bezala! Jendeak aipatu izan du baita ere: "Nolatan ari dira txinatarrak lokalik garestienak bereganatzen? Ikertu beharko da, ezta!". Hori da errealitatea eta etorkinekiko ustezko onarpena. Medikuaren gelan sartzeko ilaran jendeak onartzen du gauza normal eta natural moduan atzetik edo aurretik bost inmigrante egotea? Galdera horiek egin behar dizkiogu geure buruari.

P. AIERBE. Botere harremana dago eta harreman horretan autoktonoaren ustez, jarrera xenofoboak edo solidarioak izan alde batera utzita, ia gauza guztietarako bera dago lehenengo. Behatokiaren azterketan xenofobiari eta inmigrazioari buruzko galderak irakurrita ikusten da Euskal Herrian jarrera nahiko solidarioak ditugula, beste hainbat tokitan baino solidarioagoak. Euskal Herrian ez da inmigrazioaren kopuru handirik izan eta ezta gatazka handirik ere. Baina eguneroko bizitzaren mailara jaisten zarenean, jarrera hori aldatzen hasten da. Omerrek esan duena: medikuarengana joateko ilara, gizarte zerbitzuak, etxebizitza... "Aizu, marokoar bati tokatu zaio etxebizitza!", zerrendan izen-abizenak irakurrita bai baitakigu marokoarra dela. Sentsazioa honakoa da: "Bai, baina banatzeko baldin badago". Ondasuna urria bada lehenengo etxekoak.
Legeriari begiratu besterik ez dago. Lanpostua eskuratzeko nazional batek eskatu ez duena izan behar du, salbuespenak salbu. Egoera horrek zeharo normala dirudi. Eta lehen Le Penek esaten zuenean "frantsesak lehenengo" kristoren oihartzuna zuen!

Beraz, etorkinen beharra daukagu, lanerako behar ditugulako, baina gero, egunerokoan ez gara elkarrekin ondo moldatzen.
P. AIERBE. Ikuspegia guztiz utilitarista da. (Gainerako mahaikideak ere ados dira).

J. GALPARSORO. Ezezagutzaren gaia atera behar berriro. Teorian erraza da, inkestak politegiak dira. Inkestak ikusita errealitatetik gertu xamar gaudela dirudiela esan duzu lehen, Peio. Baina erraza da ahoa beteta daukazunean, gu bezala mahaian eserita zaudenean, solidarioa izatea. Baina Omerrek eta Khalidek esan dutena: norbanakoaren esparrutik atera eta kolektiboari buruz ari garenean hitz egiten, etxebizitza ukituko didatenean, lankideak izango garenean, auzokoa izango zarenean, beste 15 zaratatsurekin batera biziko zarenean... Inkestarena oso ahula iruditzen zait, inkesten ontasunaz eta baita zorroztasunaz ere duda egiten dut.

P. AIERBE. Lan tresna da.

J. GALPARSORO. Bai baina erantzunak dira hau bai edo ez, aita edo ama, ona ala txarra. Grisaren tonu sorta denok ezagutzen dugu. Solidaritatera asko hurbiltzen garela? Baina zer da solidaritatea? Zure burua arrazistatzat edo xenofobotzat ez jotzea gaizki ikusia dagoelako? Ala medikuaren ilaran lau etorkin aurretik izanda ere onartzen duzulako laurek zure aurretik joan behar dutela? Ala Mustafari bezala, zuri ere babes ofizialeko etxebizitza egokitu zaizulako eta ez dizulako inporta?

O. OKE. Etikaren alorretik ere begiratu behar da solidaritatea. Jendeak esan egiten du solidarioa dela eta esan egiten du denok ditugula eskubideak. Horrek ondorio batzuk ditu: "Esan dut denok eskubide berberak ditugula, baina ni hemengoa naiz".

P. AIERBE. Ikuspegi utilitarista izaten jarraitzen du. Baina hala dela onartuta ere ez ditugu berdintzat hartzen ezta urrutitik ere! Guk esaten duguna zera da: "Integra daitezela!". Zer esan nahi du "integra daitezela" horrek? Ez daitezela etorri niri esatera nola pentsatu, errezatu... behar dudan. Kanpotik datorrenak "lan egin dezala eta integra dadila!". Barkatu, nola integra dadila? Berdinak gara ala ez? Gure artean onartzen da desberdinak izatea (pentsaeraz, jarreraz...), baina inmigrantearen kasuan... "horraino iritsi behar genuen!".

Integratzeko ahalegina inmigranteak egin behar al du?
J. GALPARSORO. Gu gara menperatzailea. Legeak hori dio. Zuk moldatu behar duzu gurera eta bestela kanpora. Hori da legearen planteamendua.

K. AMZIR. Legearena soilik?

J. GALPARSORO. Legeak atzerritarren eskubideak eta integrazio soziala aipatzen ditu, ez partaidetza edo kultur artekotasuna. Inondik ere ez gaude behartuta beraien bizimoduaren parte izatera.

P. AIERBE. Integrazioa, batez ere, populazio autoktonoaren esku dago. Autoktonoak harreman sarea osatuta dauka, legitimitatea dauka... zuk egin behar duzu ahalegina. Inmigrantea integratzen da, hobeto esanda, belarriak jaisten ditu eta saiatzen da gehiegi ez nabarmentzen.

J. GALPARSORO. Hori kultura menperatzailea kontuan hartu gabe. Bizi garen munduak, kapitalismoak, asko erakartzen du. Askoz ere errazagoa da marokoarra Europan bizitzera ohitzea alderantziz baino. Integrazio edo domestikazio hori askoz errazagoa da bizi garen ongizate estatuan.

O. OKE. Obesitateari buruzko azterketaren batean azaldu dute nola inmigrante dezente hona etorri eta obesitatea garatzen hasi den. Integrazioaren gaiari segituz, bai herritar autoktonoek eta baita indar politikoek ere, nahiz eta ez onartu asimilazioaren kontzeptua, azkenean, ikuspegi horrekin egiten dute lan. Inmigranteak iritsi eta sartu egin behar du eta atzean utzi bere gauzak, horiek gizarte menperatzailearekin talka egiten dutelako. Jokaleku politikotik, herrialde honetan hitz egin da integratu daitezkeen inmigranteei buruz eta ezin integra daitezkeenei buruz...

P. AIERBE. Amerikarrak «gure kulturakoak» direla esaten dute.

J. GALPARSORO. Sailkapen hori oso garrantzitsua da.

O. OKE. Ahaleginak bi norabidetakoa izan behar du. Eta, hala ere, inmigranteak ahalegin handia egiten du. Mugitzen ez dena edo nekez mugitzen dena populazio menperatzailea da. Ez naiz ari auzo bizitzari buruz soilik, baita egitura eta kudeaketa politikoei buruz ere. Integrazioa ez da etorriko sentsibilizazioaren edo hezkuntzaren ikuspegiarekin, espazio politikoan gaudenok eta iritzia sortzen dugun guneok badakigu populazioak zer egin behar duen talkak eta tentsioak saihesteko. Adibidez, auzo bat egituratzerakoan osasun zentroarekin akordatzen gara, agian liburutegiarekin ere bai eta baita elizarekin ere. Azken honek adierazten du errealitate berria ez dela kontuan hartu. Sinesmen katolikoa ez dena kanpoan utzi da, ahaztu da. Errenta aitorpena egiten dugunean ere Eliza Katolikoa dago presente, espero dut laster aldatuko dutela...

Zein alor (kultura, hizkuntza, heziketa...) dira ordea garrantzitsuenak integrazioa, elkarbizitza lortzeko?
O. OKE. Kudeaketa eta estrategiari buruz hitz egin dudanean integrazioaren alor horiek denak hor bildu nahi nituen: kultura eta nola ez hezkuntza. Hezkuntzaren gaia munstro handi bat da, eta... heldu egin behar zaio. Hizkuntzaren kasuan, egia da, bi hizkuntza ditugula, baina komunitate linguistiko batzuk ere baditugu. Kontua ez da 15 hizkuntza ofizial izatea. Babestu eta sustatu egin behar da komunitate hauen errealitate linguistikoa, baina biztanle autoktonoa hizkuntza horietara hurbiltzea ere lortu behar da. Besterik ez bada ere, eskolan hautazko hizkuntza moduan jar daitezke. Gizartea birpentsatu behar da. Nik ez daukat soluziorik, baina lan asko dago egiteko eta ardura handia ere bai.

K. AMZIR. Baina gauza bat da nik nolako errealitatea nahi dudan eta bestea nolakoa den. Zuek goitik (Omerri), politikook, era batera planteatuko duzue errealitatea, adibidez, telebistan, baina eguneroko bizitza? Zuk planteatzen duzuna eta benetan dagoena justu kontrako norabidean doaz. Zer gizarte nahi dugu? Nor ari da hitz egiten? Nork esango du nolako gizartea nahi dugun? PP gobernuan egonda badakigu nolako gizartea daukagun. Hemen nazionalistek Euskal Herrirako estatu eredu bat proposatzen dute, euskara hizkuntza ofizial nahi dute, euskalduntzea... Inmigranteen egoera goitik hartzen dituzten erabaki politikoen menpe egongo da. Indar politikoek beren bidea segiko dute eta inmigranteek beraiena egiten segituko dute. Marokoarren kasua behintzat hala da. Herbehereetako adibidea baino hoberik ez dugu aurkituko. Dena planifikatua zuten. Baina kontua ez da jaioko direnentzat eta etorriko direnentzat zer plan egin. Arazorik handiena bigarren belaunaldiarekin daukate eta baita hirugarrenarekin ere. Zergatik? Planteamendu politikoak norabide batean zihoazen eta etxeko, komunitateko, kolektiboko bizitza beste era batekoa zen.

O. OKE. Nik aipatu ditudan inmigrazio planak egoera zehatzei erantzuteko dira, baina normei begiratu behar zaie. Legeak ere kultura sortzaileak dira. Legea errealitatearen aurretik doa, Berdintasun Legea hor dago adibidez.

P. AIERBE. Euskal Herriko bereizgarriak kontuan hartuta, integratzeko nik esango nieke gizartean dauden dinamiketan parte hartu dezatela.

K. AMZIR. Bai, baina beraien erritmora.

P. AIERBE. Oinarrian ez dut uste inmigranteen fenomeno hau fenomeno autoktonoarengandik oso desberdina denik. Inmigrantea ikusten dugu gure identitatearentzako mehatxu edo arrisku moduan. Eta gauza bat, gure identitatea oso anitza da hizkuntzaren, pentsakera politikoen, erlijioaren alorretan. Adibidez, hizkuntzaren kasuan, gizarte elebiduna lortzeko esperantzarik handienetakoa hezkuntzan jarria dago. Eskolatik ikaslea bi hizkuntzak ikasita ateratzea lortu nahi da. Dinamika horretan sar daitezela inmigranteak. Baina esatea: "Jende helduari ere esan behar zaio euskara ikasteko!". Baina mesedez, autoktonoen zati garrantzitsu batek hizkuntza bakarra ezagutzen du eta!". Ez dut uste inmigrazioak gure identitatean distortsioa eragingo duenik. 60ko hamarkadan hemen ezagutu dugun inmigrazioa, estatutik etorritakoa, kopuruz askoz ere handiagoa izan zen. Orduan ez geneukan ez askatasunik, ez instrumentu politikorik, eta handik, neurri handi batean, oso modu positiboan atera ginen. Euskararen gaian adostasun handia lortu zen eta egoera askoz ere kontrakoagoa zen. Orain instituzioak dauzkagu, hezkuntza sistema bat... Orain zergatik pentsatu behar dugu euskararen gaiari heltzeko egoera okerragoan gaudela? Baditugu balore solidarioak eta adostasun zabalak gai honi aurre egiteko.

J. GALPARSORO. Eskola eredu horrekin, inmigranteen seme-alabak askoz ere errazago integratuko dira.

K. AMZIR. Hizkuntzari dagokionez bai, baina etxeko esparruan, tradizioen eta ohituren alorrean... hori beste mundu bat da.

P. AIERBE. Hizkuntza oso garrantzitsua da.

J. GALPARSORO. Hizkuntza oso garrantzitsua da eta hezkuntza ere bai. Euskadin jaio diren txinatarrak euskaraz oso ondo hitz egiten ikusten dituzu kalean...

P. AIERBE. Eta Athleticekoak eta Realekoak dira!

J. GALPARSORO. Beste kontu bat da neska-mutil horiek beraien hizkuntza mantentzen duten ala ez familian. Mantentzea ez zait batere gaizki iruditzen e! Gogoan dut Julio Flor kazetariak egindako erreportaje bat. 16-17 urteko gaztetxoei galdetzen zien kazetariak ea zer gogoratzen zuten beraien ohiturei buruz, beraien herriari buruz... eta gazteek erantzun zien haiek Euskadin jaioak zirela, euskaraz hitz egiten zutela... diferentzia bakarra asiar estiloko begiak zituztela.

O. OKE. Frantzian arazoak igarri zituzten kontu hau dela medio eta baita beste herrialdeetan ere. Ez dira inmigranteak, baina inmigrazioaren bigarren belaunaldia deitzen zaio. Hauek autoktonoak dira nahiz eta ezaugarri fisiko diferenteak dituzten. Belaunaldi honek zer aurkitu du etxean eta zer gizartean? Frantziako eskoletan porrot handia nabaritu dute. Etxean, gurasoek balore kultural batzuk transmititzen dizkiete eta eskolan beste batzuk jaso dituzte. Beraiek frantses sentitzen dira, baina gizarteak ez ditu hala hartzen, marokoarrak edo aljeriarrak izaten jarraitzen dute. Egoera hori izanda, gazte hauetako askok bizi diren gizartea mespretxatu dute eta baita etxean erakutsi diotena ere. Beraz, hezkuntza sistemaren ardura bakarra ez da hizkuntza ofizialak erakustea, (hori egin behar da elkar ulertu behar dugulako), errealitate desberdina bizi duten haur hauei erraztu behar zaie bestearengana hurbiltzeko bidea eta gurasoak bertakoak dituzten haur horiei ere beste haurren errealitatea gerturatu behar zaie. Euskaldun-txinatarra, arbaso txinatarrak dituen eta ezaugarri fisiko jakin batzuk dituen hemen jaiotako hiritarra da.

J. GALPARSORO. Beno, baina kontua da gutako (mahaikideak) inork ez duela uste Euskadiren iraupena arriskuan dagoenik, ezta? Usabiaga eta konpainiaren artikuluak hor daude. Esaten dute Euskadi bezalako herri txiki baten iraupena arriskuan jar dezakeela inmigrazio fenomenoak, inbaditu egingo gaituztela eta deuseztatu. Gai hori hor dago eta ezin dugu ahaztu.

O. OKE. Bai, bai gaia hor dago.

P. AIERBE. Baina gai honi heltzea ikuspegi agonikoarekin inondik inora ere ez dator bat datuekin, inondik inora ere ez.

J. GALPARSORO. Noski ezetz!

P. AIERBE. Ez dator bat datuekin eta ez dator bat jendeak gai honi buruz duen jarrerarekin, ezta jarrera instituzionalarekin ere (nahiz eta gaiari heltzerakoan mila arazo nabari diren). Ez dator bat ezta komunitate itxien sorrerarekin ere, toki beretik datozen eta ezaugarri kultural berberak dituztenekin. Egoera horretatik oso urruti gaude. Bestelako mezua zabaldu behar dugu: oso garaiz gabiltzala. Hor dauzkagu Frantzia, Herbehereak, Alemania, Britainia Handia... inmigrazio bolumen askoz ere handiagoarekin eta horiengandik ere ikasi beharko genuke. Nik esango nuke ia egoera pribilegiatuan gaudela gaiari heltzeko. Orain inmigrazioa Euskal Herria desnazionalizatzeko beste elementu bat denaren ikuspegia lantzea ez zait egokia iruditzen. Ikuspegi horrekin jendearen arteko gerturatzea problematikoa izango da, eta ez dator bat errealitatearekin.

O. OKE. Egia da badirela alarmistak esaten ari direnak arriskua dagoela. Baina hor dago etorkinaren aurka nabarmen egiten duen indar korrelazio hori. Gainera, etorkina oso anitza da, ez talde homogeneoa. Talde horrek ez du ez dakit nolako erabakirik hartuko, ez du matxinada egingo, ez du dagoen sistema arriskuan jarriko. Bestalde, komunitate hitza oso erraz erabiltzen dugu, baina ez dator bat errealitatearekin. Jaioterri berberetik datozen etorkinek ere ez daukate komunitate kontzientziarik. Adibidez, magrebtarrei buruz hitz egiten da unitate bat balitz bezala eta ez da hala. Taldeak nahiko iragazkorrak dira, nahiz eta ghettoari buruz asko hitz egiten dugun.

P. AIERBE. Ezarritako politikak badu eraginik horretan. Begira Frantziako adibidea. Auzo oso marginalak eraiki dira, inmigrantearen elementua bigarren edo laugarren belaunaldian ere identitatearen parte da. Belaunaldi horiek frantziartzat dute beren burua baina gizarte frantziarrak ez ditu hala onartu, nahiz eta ikasketa maila bera izan. Komunitarismoak gora egin du ez delako lortu, esan dezagun, lehen eta bigarren mailako hiritarrak ez egotea. Bigarren maila horretan edo hirugarrengoan, noski, autoktonoak ere sartzen dira, baina etorkinen edo etorkinen seme-alaben kopurua oso handia da. Gizartearen porrota da hori, ez dute lortu komunitateen gainbehera saihestea. Egoera hau inokulatua dator pixka bat, esaten delako beraiek sortzen dutela ghettoa.

O. OKE. Galdutako identitatearen bila dabiltza, baina nola aurkitu? Lehenengo belaunaldiak baditu identitate elementuak, baditu erreferentziak, baina beste hauek uste zuten beraien erreferentzia Fraternite, Justice eta Travail zirela, eta ez! Eta etxeko tradizioari ere muzin egiten diote.

P. AIERBE. Batzuetan uste dugu ardura kanpotik datorren kultura horrena dela eta ez da hala, baizik eta harrerako gizarteak nola erreakzionatzen duen.

O. OKE. Arraza anitzeko, kultura anitzeko, kulturarteko gizartera goaz eta kalean ikusi dugun beltz hori, agian, bertakoa izango da betidanik.

P. AIERBE. Eta euskaraz egingo dizu eta jokoz kanpo utziko zaitu!

J. GALPARSORO. Eta Athleticekoa?

O. OKE. Baina galdetzen badiozu nongoa den agian irainduta sentituko da. Adibide txiki bat da baina... Motzean ari gara jokatzen. Lehenengo belaunaldiaz gaude arduratuta eta ikuspegi ekonomizistatik. Ez gara ari luzera begira pentsatzen eta gizarte berria ez da helduko mende bat barru, 25-30 urte barru edo gehienez ere 50 urte barru baizik. Kontua ez da bazterketa sozialaren gaian lan egitea baizik eta hezkuntza sistemarekin zer egin pentsatzea, lege batzuk aldatzea... Legeak aurrea hartu behar du.

J. GALPARSORO. Legea beti dabil errealitatearen atzetik.

Espainiako Gobernuak hasi duen erregularizazio prozesuari buruz zer iritzi duzue? Zertarako balioko du? Nori egingo dio mesede? Etorkinari, enpresariari?
J. GALPARSORO. Kontuz hitz horrekin. Alderdien artean eztabaida ederra daukate besterik gabe gai honi nola deitu erabakitzeko. Erregularizazioa ez da normalizazioa. Nik ezagutu nituen aurreko erregularizazioak (hala zuten izena). Hura zer izan zen? Bada, paperak ematea hainbat baldintza betetzen zituztenei, horien artean lana zutenei. Langileak behar ziren eta dokumentazioaren ordez metroko txartela onartzen zen. Ergelkeria izan zen. Gobernuak behin eta berriz dio normalizazioaz hitz egiteko. Noski, normalizatu, orain ezkutuko ekonomia dena, gezurra!
Azaleko kontuetan jartzen dugu arreta. Khalid, gogoan dut oraindik duela ez hainbeste, Espainian Fatimaren zapia zela eta sortutako eztabaida. Hilabete igaro genuen Fatimaren zapia gora eta behera, eta aizu, inmigrazioaren munduan gauza garrantzitsuagoak baditugu hitz egiteko.
Azken urteotan egoera jasanezinera iritsi ginen eta ez zuen beste erremediorik. Aurreko erregularizazioetan baino kopuru handiagoetara iritsi gara. Legeen zailtasunak izugarriak dira. Lehen aipatu duzue ikuspegi laboralista hori, lana dutenak gera daitezela eta gainera hauek ez diezagutela guri lanik kendu. Beraz, premisa batzuetatik abiatzen gara eta ez ditugu onartuko bizitza proiektu horiek, arrazoi demografiko, politikoengatik etorritakoen egoera. Herri batek milioi bat irregular izateko luxua izatea lotsagarria iruditzen zait. Orain Europa errieta egiten ari zaigula esaten da eta hala da: "Nolatan egin duzue halako neurriko erregularizazio edo normalizazioa?". Nik esango nieke: "Zuek onartu duzue zuen herrialdeetan tamaina honetako irregular poltsak sortzea?". Hala bada, isilduko naiz. Seguru nago Frantzia, Italia edo Ingalaterran ez direla narriadura honetara iritsi. Hemen egoera oso ustela zen, etsigarria. Bizkaian lan baimena eskatzeko 20 hilabete behar ziren, legeak hiru hilabete behar direla dioenean. Jendearen ilusioa zen zenbat eta denbora gehiago igaro hemen, azkenean, bertan geratuko zela. Egonkortasunik ez daukate, baina nola ez zaien ezer gertatzen uste dute denbora pasa eta azkenean saria jasoko dutela. Beraz, egoera hain-hain larria ere ez da, botatzen ez nautelako. Baina, ezikusiarena egiten ari gara, ezkutuko ekonomian ari da jendea lanean (eta badakite!). Zergatik ez du eskua sartzen inspekzioak? Zergatik igande goiz batean parkean ez duzue inspekziorik egiten? Umeen, gaixoen eta zaharren karroak bultzatzen dituzten erdiak eramango dituzue! Inspektore batek erantzun zidan: "Horietako neska batek Alzheimerra daukan nire ama zaintzen duelako, ilegala delako eta ezin dudalako ezer egin neskaren egoera konpontzeko. Moralki indarrik ez dudalako". Bestalde, sinesgaitza da PPk esplotazio laboral egoera hau nola onartu duen. Errentagarria izan behar zuen honek. Milaka pertsona dauzkagu ezkutuko ekonomian lanean. Norbaiti interesatuko zitzaion egoera hau horrelakoa izatea, ezta?
Nori egingo dio on lege honek enpresariari ala etorkinari? Denentzako izan beharko luke ona. Enpresariak baldintza legaletan behar ditu langileak, ezkutuko ekonomia argitara aterako duen estatua behar dugu, zergak ordaintzea (2.000 milioi euro sartuko omen lirateke estatuaren kutxara). Nik uste dut gobernuari interesatu beharko litzaiokeela eta atzerritarrari noski baietz!

P. AIERBE. Berriz ere mahai-inguruan aipatu dugun lehenengo gaira itzuliko naiz, hedabideen garrantzia, alegia. Europakoek belarrietatik tira egin digutela diozu. Esan digute hau egingo dutela jende irregularrez osatutako poltsa desagerrarazteko. Prozesuaren bukaeran ikusiko dugu hori guztiz gezurra dela. Jende gutxiri eragingo dio honek. Irtenbidea topatzen duenarentzat oso ondo, baina prozesua ez dute egin inmigrantea gogoan dutela. Prozesua abian jarri dute ezkutuko ekonomia konpontzeko. Horregatik eman zaio giltza enpresariari. Beraz, enpresariaren bahetik igaroko den etorkinak lortuko du erregularizatzea. Erregularizazioa bukatutakoan ikusiko dugu nola zati batek erregularizazioa lortu duen eta beste zati oso inportante bat erregularizazio honek normalizatu behar omen zuen egoera horretan geratuko den. Legalitatetik kanpo egongo diren horien kopurua jasanezina izango da, baina estatutik ez dituzte botako, Europako inongo gobernuk ere ezin dituelako abian jarri horiek denak kanpora botatzeko mekanismoak.

J. GALPARSORO. Alabaina, zein da gobernuaren mezua? "Azkena da. Milioi erdi lan inspekzio egingo ditugu", mezu mediatiko mehatxagarri hori. Estatuak ez du ez indarrik, ez gaitasunik, ez borondaterik milioi erdi irregular kanporatzeko eta ezta milioi erdi lan inspekzio egiteko ere. Baina zabaldu den mezuarekin jendea izututa dago eta zera diote: "Etxera etorriko dira nire bila?".

P. AIERBE. Legeek beraiek eragiten dute modu estrukturalean etengabe gorantz doan irregularitate egoera. Egoera irregularrean geratu diren horiek lehen baino okerrago izango dira ezkutuko ekonomiari ere egurra eman behar diotela esan dute eta.

K. AMZIR. Erregularizazio hori ez da iruzurra. Badakit jende askori on egingo diola horrek eta guk hori txalotzen dugu. Baina jende asko geratuko da ezer gabe. Enpresari askok modu irregularrean lanean zituztenak erregularizazioen garaia heldu zenean lanetik bota zituzten. Marokoar etorkinentzat oso zaila da lan kontratuak aurkitzea. Lantegi batzuetan langileek eskatu diote lan kontratua lanean jarraitzeko eta... bota egin dituzte.

P. AIERBE. Marokoarren egoera izugarria da.

K. AMZIR. Marokoarren erdiek ere ez dute izango egoera erregularizatua, bi hilabete falta dira oraindik, baina nik uste dut ez garela erdira ere iritsiko. Orain arteko eskaerak gutxi izan dira, ezta Javier?

J. GALPARSORO. Bai, bai. Erabateko porrota.

K. AMZIR. Oztopo asko jartzen dituzte gainera paperak egiterakoan. Enpresari batzuk joan dira kontratazioak egiteko asmoz, baina dokumentazio eskaera baino ikerketa sakona dela iruditu zaie, galdera asko eta beren buruari esan diote: "Zertarako sartuko naiz saltsa honetan?". Batzuentzat onuragarria izango da erregularizazioa, baina gehienentzat ez.

O. OKE. Egia da batzuei lagunduko diela egoera konpontzen, baina irregularitatearen arazoak hor jarraitzen du. Erregularizazioak irtenbide dira horietako prozesu bakoitza abian jartzen denean irregularizazio putzu bat geratzen bada? Irregularrak egoera normalizatura iristeko prozesua egin behar da. Baina horretarako borondate politikoa behar da. Erabaki ausarta hartu behar du estatuko administrazioak. Badakite zenbat jende dagoen egoera irregularrean, badakite... badakite.

Mahaikideak
Peio Aierbe
Editorea eta SOS Arrazakeriako kidea

Donostian jaio zen Aierbe eta bertan bizi da. 54 urte ditu eta Gakoa argitaletxean egiten du lan. Duela hamar bat urte hasi zen laguntzaile moduan SOS Arrazakerian eta Arrazismoari eta xenofobiari buruzko Ikerketa eta Dokumentazio Zentroko bultzatzailea izan da. Orain zuzendaria da. Mugak izeneko aldizkariaren koordinatzailea ere bada. Saltsa askotako perrexila izan dela esan digu eta orain etorkinen «mundu baztertuan» murgilduta dabil, «gizarte maila baxuenaren munduan».

Khalid Amzir
AZRAFeko lehendakaria

Marokoko Rif eskualdeko Alhuceimas herrian jaio zen Amzir berberea eta 1991n Madrilera heldu zen. 1994az geroztik Bilbon bizi da. Gizarte zerbitzuetan egiten du lan familia hezitzaile moduan. Adin txikiko etorkinen gaian ere aritzen da. Euskadiko Etorkin Marokoarren Elkarteko lehendakaria da. 1964an jaioa dela uste du, ezkondua da eta zazpi hilabeteko haurra dauka. Lan kontuak eta haur txikia dela-eta, euskara ikastaroak bertan behera utzita dauzka, hirugarren urratsera iritsi bazen ere.

Javier Galparsoro
Abokatua eta CEAReko lehendakaria

Galparsoro 1956an jaio zen Valladoliden eta sei urterekin joan zen bizitzera Bilbora. Abokatua da eta lan horretaz gain, CEAR elkartearen zuzendaritzaz arduratzen da. Euskadiko Errefuxiatuari Laguntza emateko Batzordea 1979an sortu zen eta Galparsoro 1989az geroztik ari da bertan lanean. Urtero 5.000 errefuxiatu igarotzen dira bulegoetatik. Orain, perfil zehatzeko errefuxiatu politikoez gain, etorkin ugari atenditzen dute. Ezkondua da eta haurtxo bat adoptatu berri dute.

Omer Oke
Eusko Jaurlaritzako
Inmigrazio zuzendaria Boladji Omer Bertin Oke du izen osoa nahiz eta orain Omer Oke deitzen diogun. Boladjik «zoriontsu izateko jaioa» esan nahi du. Beninen jaio zen 1965ean eta 1991n Euskal Herrira etorri zen kazetari lanerako ikasi asmoz. EHUn Informazio Zientzietan lizentziatu eta Nazioarteko harremanen doktorego ikasketak egin zituen. Ezker Batuko militantea Inmigrazio zuzendaria da 2002az geroztik. Fon, goun eta mina hizkuntzak hitz egiten ditu, baita frantsesa eta gaztelania ere.

Nafarrak Nafarroako etorkinei begira
Nafarroako Gobernuak egindako iritzi ikerketan jasotako ondorioen entresaka. Inkesta 2002ko azaroan egin zuten.

Etorkinenganako tratua eta arrazismoari buruzko jarrerak

- Nafarrok etorkinei ematen diegun tratuari buruzko iritzia hiru multzotan banatzen da nagusiki: %37ren iritziz, adeitasunezkoa da, %31rentzat mesfidantzazkoa eta %21entzat indiferentziazkoa.

- Edonola ere, iritzi nagusia da nafarrak ez direla oso arrazistak (%52) edo batere arrazistak (%20), eta %25ek uste dute arras edo aski arrazistak direla. Bestalde, nafarren %4k bakarrik dauka bere burua arrazistatzat.

- Geografikoki, Iruñea hiriburuko eta Iruñeko eskualdeko biztanleak dira nagusi nafarrak arrazistak direla diotenen multzoan: %30era heltzen dira bi eremuetan. Kontrako iritzia dutenen artean, Tafallakoak (%14) eta Tuterakoak (%15) ageri dira gailen.

- Iritziak adinka sailkatuz gero, zenbat eta gazteago, hainbat eta errotuago dago nafarrak arrazistak diren ustea: %34k irizten diote horrela, 18 eta 25 urtekoen artean.

- Nork bere burua arrazismoaren eskalan ebaluatzean, %71k dio ez dela ia edo batere arrazista, %24k aski arrazista dela (4tik 6ra bitarteko puntuazioak, 10eko eskalan) eta %4k oso arrazista dela (7tik 10era bitarteko puntuazioak). Emakumeek eta gazteek arrazistagotzat jotzen dute beren burua gizonek eta helduek baino.

- Egiazki, gehienek (%72) badute harremana etorkinekin. Honako hauek dira erlazio-modu ohikoenak: %27k auzotarren arteko harremana dauka, %25ek lankidetzakoa eta %23k adiskidetasunezkoa. 55 urtetik gorako lagunek harreman gutxiago daukate etorkinekin, eta 26 urtetik 45era bitartekoak dira erlazio handiena dutenak.

- Oro har, baiezta daiteke nafarren jarrerak ez direla oso arrazistak, eta "abstenitu atzerritarrak" bezalako iragarkiak arrazistak direla biztanle gehienentzat.

Inmigrazioaren balorazioa

- Inmigrazioa ebaluatzean, biztanleen %41ek uste du ona dela Nafarroarentzat, %47k ez ona, ez txarra dela eta %12k kaltegarria dela.

- Gizonek, 36 eta 65 urte bitartekoek eta instrukzio-maila handikoek hobeto baloratzen dute inmigrazioa emakumeek, 18 eta 25 urte bitartekoek, 65 urtetik gorakoek eta instrukzio-maila apalekoek baino.

- Iritziak eremuka sailkatuta, ez da diferentzia handirik igarri: egia da, hala ere, Iruñeko hiriburukoak direla optimistenak eta Tafallakoak eta Tuterakoak pesimistenak.

- Elkarrizketatuen %88ren iritziz, inmigrazioak baditu alderdi onak. Hona hemen ardurakoenak: pertsona helduen zaintza bermatzea (%75), ofizio jakin batzuetarako langileak lortzea (%68), natalitatearen igoera (%66) eta Gizarte Segurantzako kotizazioen igoera (%64). Neurri apalagoan izan arren, aldekotzat jotzen dute, halaber, dibertsitate kulturalaren goititzea (%57).

- Elementu negatiboei dagokienez, %51 da inmigrazioak kontrako alderen bat baduen ustekoa eta %49 alde txarrik ez duela irizten diona. Inmigrazioaren alde negatiboen ebaluazioan, honako aldagai hauek ageri dira nagusi: etxebizitza (elkarrizketatuen %28) eta lana eta herritarren segurtasun eza (%28). Elkarrizketatu gutxiagok aipatu dituzte kontrako beste alderdi hauek: soldata eskasagoa kobratzea (%21), ospitaleetan luzaroago itxaron behar izatea (%20), hezkuntzaren kalitate apalagoa (%14) eta identitate kulturalaren galera (%13).

- Kontsultaren bidez, zehazki jakin nahi izan zen berebat, herritarren segurtasun ezak kezka sortzen ote duen eta herritarrek inmigrazioaren kausaz hazi egin dela uste ote duten. Gauzen kontrako delituen kasuan, %17k soilik daukate segurtasun ezaren sentsazio handia edo dezentea; pertsonen kontrako delituetan, berriz, %13k bakarrik. Nahiz eta Nafarroan, gaur egun, herritarren segurtasun ezari buruzko kezka hain apala izan, %43k erlazionatzen dute delinkuentziaren igoera inmigrazioarekin; %53k, aldiz, baztertu egiten dute faktore hori.

- Beraz, %43ren ustez, etorkinak heldu ahala egin dute gora delituek, beren herrietan. Iritzi hori errotuago dago Tuterako eremuan (%57) eta Iruñean (%51). Uste horretan, hala dirudi, zerikusi nabaria dauka udalerriaren tamainak: 10.000 biztanletik gorako udalerrietan (%51) eta Iruñean (portzentaje bera) lotzen dituzte gehien delinkuentzia eta inmigrazioa. Bestalde, ikasketa-mailak ere determinatzen du gai horri buruzko iritzia: ildo horretan, unibertsitateko ikasketen jabe direnek erlazionatzen dituzte gutxien delinkuentzia eta inmigrazioa.

Inmigrazioari buruzko kezka

- Egungo egunean, nafarrek ez dute kezka handirik inmigrazioari buruz. Adibidez, 0k "batere kezkati ez" eta 10ek "oso kezkati" adierazten duten puntuazioan, %63ri oso kezka apala nabari zaio, 0 eta 4 puntu bitartekoa; %22ri kezka moderatua, 5 eta 6 puntu bitartekoa, eta %15i kezka handia, 7 eta 10 puntu bitartekoa. Batez besteko puntuazioa 3,3koa da.

- Eremuka, honela adierazten da kezka, ondoz ondo: Tutera (%26k kezka handia eta %20k moderatua) eta Tafalla (%20k kezka handia eta %25ek moderatua). Lizarrako eremuan ere gainditu egiten dute kezkaren batez bestekoa (%14k kezka handia eta %31k moderatua).

- Iparreko eremuetan, Iruñea hiriburuan eta Iruñeko eskualdean askoz txikiagoa da kezka. Geografia horretan, dena dela, kezkatiago dira 18 eta 25 urte bitartekoak, instrukzio-maila apaleko pertsonak eta 5.000 eta 10.000 biztanle bitarteko udalerrietako auzoak. Iruñea hiriburuan, San Jorge auzoko bizilagunak dira kezkatuenak.

Inmigrazioaren geroari buruzko jarrerak

- Nafarren iritziz, etorkin landunei bakarrik utzi beharko litzaieke Espainian sartzen (%75).

- Nafarroan egoera ilegalean bizi diren etorkinei buruz agintariek zer neurri hartu beharko lituzketen galdetuta, erantzun hauek jaso dira: %35en iritziz, landunak soilik erregularizatu behar dira; %32ren ustez, hiru hilabeteko txartel probisionala eman behar zaie lana aurkitzeko, eta, bestela, kanporatu egin behar dira; %20k denak erregularizatzearen alde egiten du eta %6k denak zuzenean kanporatzearen alde. Ondorioztatzen denez, lan baten jabe egiten direnak bakarrik onartzearen aldeko iritzia nagusitzen da.

- Etorkinen eskubideei dagokienez, nafarrek uste dute denek hemengoen eskubide berak izan behar dituztela osasunean (%87) eta hezkuntzan (%75). Etxebizitzen kasuan, ordea, %51k irizten diote legezko egoeran bizi direnek bakarrik izan behar dituztela eskubide berak, %28k hemengoen eskubide berak izan behar dituztela eta %18k ez dagozkiela hemengoen eskubide berak.

Azken ondorioa

- Nahiz eta biztanle gehienek uste izan Nafarroan oraingoz ez dagoela etorkin gehiegi, gehienen iritzia da Nafarroak ez duela hartu behar lanik gabeko etorkin gehiago; hau da, Nafarroak etorkin landunak edo epe laburrean lortzen dutenak soilik hartu behar ditu.

- Gairen batean, hala nola etxebizitzaren kasuan, etorkinek hemengoek baino eskubide gehiago duten ustea hedatu da: gazteen artean batik bat. Era berean, biztanle-segmentu jakin batzuk (gazteak, langabeak eta Tafalla eta Tutera bezalako eremuetako auzoak) kezkati ageri dira gerta daitezkeen hiru fenomeno hauengatik: lan-eskasia, soldaten beheratzea eta delinkuentziaren goratzea.

- Zorionez, hala ere, onarpenezko sentimendua da nagusi oraingoz, eta inmigranteen etorreran aldeko elementu gehiago ikusten dira kontrakoak baino. Dena dela, biztanleen parte bati antzematen zaio dagoeneko nolabaiteko kezka hainbat gorabeheratan, hala nola, etxebizitzaren, lanaren eta delinkuentziaren igoeraren arloetan. Horrez gainera, osasunaren eta hezkuntzaren arloetan kalitateak behera egingo duen ustea ere nabari zaie eremu batzuetako biztanleei. Datu horien argitan, esan daiteke ezen, gertatuko balitz gure Komunitatean inmigrazioak gora eta gora egitea, litekeena dela tentsioak eta gatazkak sortzea. Prozesu hori galeraz liteke, beharbada, gure Komunitatera zinez modu sakrifikatuan eta saiatuan lanera datozen pertsonen kopurua kontrolatuz.

Inmigrazioari buruzko pertzepzioak, baloreak eta jarrerak EAEn
Eusko Jaurlaritzako Inmigrazio Zuzendaritzako Inmigrazioaren Euskal Behatokiak 2004ko abenduan aurkeztu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan egindako inkesta. Datuok inkesta horretan jasotako ondorioen entresaka dira.

ATZERRIKO INMIGRAZIOA

Pertzepzioa

- Euskaldunek EAEn bizi diren inmigranteei buruz daukaten pertzepzioa gorantz distortsionatua dago. EAEko atzerriko inmigrazio erreala %4 izan arren, benetan %11koa dela irizten diote.

- Euskaldunek diote etorkin gutxiko auzoetan bizi direla, eta gehienek era horretako auzoetan bizi nahiko lukete aurrerantzean.

Efektuak ekonomian

- Euskaldunek uste dute inmigranteen etorrerak efektu onak izango dituela euskal ekonomian. %60 eta gehiagoren iritziz, inmigranteek hobeto funtzionarazten dute ekonomia, zeren bertako biztanleek nahi ez dituzten lanpostuak betetzen baitituzte.

- Euskal biztanleek uste dute inmigrazioak kaltetu ditzakeela dagoeneko prekarizatuak dauden sektoreak, baina, aldi berean, baieztatzen dute ezen inmigranteak funtzionalak direla ekonomikoki nahiz laboralki, Euskal Herriko arlo ekonomiko horietan detektatzen diren beharrei buruz.

- Euskal biztanleak ez dira iritzi berekoak inmigranteek babes sozialeko sistematik onura gehiegi jasotzen dutela dioen baieztapenaren aurrean, eta kontrako jarrera ageri dute inmigranteek zergetan ordaintzen dutena baino gutxiago jasotzen dutela ordainetan dioen baieztapenaren aurrean.

Efektuak kulturan

- Euskaldunen aburuz, inmigrazioak aberastu egiten du kultura, eta gehienek (%70) uste dute ona dela gizarteak hainbat eratako kulturez, etniez eta erlijioez osatuak izatea. Azken buruan, pluralitate kulturalaren planteamendua defendatzen dute.

- Halaz guztiz, %80 eta gehiagok diote ona dela gizartean gutxienez hizkuntza bat elkarbanatzea.

- %70 eta gehiagok ez dute arriskurik ikusten etorkinen praktika erlijiosoetan.

Efektu sozial batzuk

- Gehiengo handi baten iritziz, positiboa eta aberasgarria izan daiteke ikasgeletan haur etorkinak izatea, eta %60 inguru ez dator bat horrelako haurren presentziak irakaskuntzaren kalitatearen galera dakarrela diotenekin.

- Euskaldunen erdiek baino gehiagok baieztatzen dute inmigranteen etorrerak herritarren segurtasuna kaltetzen duela.

Efektuak euskal identitatean

- Euskaldunen %63ren ustez, atzerriko inmigranteen etorrerak ez die erasango euskal nazionalismoaren aspirazioei, eta, %70 ingururen iritziz, ez du zerikusirik izango euskal identitatearen galeran.

- Euskal biztanleen %70 eta gehiagok uste dute atzerriko pertsonen etorrerak ez duela makalduko euskararen garapena, ez EAEn, ez eguneroko hizkuntza nagusia euskara den lekuetan.

Etorkinak hartzeko baldintzak

- Etorkinen jatorriaren arabera ezarri beharko litzaizkioke mugak atzerriko inmigrazioari. Jatorriz Europako Batasunekoak direnen kasuan, %51,3k irizten diote zirkulazio librea izan beharko luketela. Hortik aurrera, euskal biztanleek zorrotzago jokatuko lukete gainerako nazionalitate-taldeekin edo beste eremu geografiko batzuetako lagunekin. Zehazkiago esanda, Magrebeko jatorriko biztanleei muga handiak ezartzearen oso aldeko ageri dira.

- Inmigranteei gure herrirako sarbidea emateko erabakian, honako bi ezaugarri hauek baloratzen dira gehien: hemengo bizimodua bere egiteko erakusten duten nahia eta beren kualifikazioa lan-merkatu lokaleko behar laboraletara egokitzeko gaitasuna. Bi alderdi horien atzean geratzen dira hezkuntza-maila eta hizkuntzaren ezagutzaren faktoreak, baita antzekotasun kulturalak, erlijiosoak eta etnikoak ere.

Egonaldiaren eta bizilekuaren baldintzak

- Euskal biztanleen iritziz, egonaldia bertan behera utzi behar da atzerriko etorkinei, baldin delituak egiten badituzte, haien tipologia edo larritasuna zein-nahi dela ere.

- Aitzitik, langabe-egoera ez da etorkinak kanporatzeko nahikoa arrazoi, salbu inmigrante irregularrak ez badira, eta, legezko egoera horretan egonda ere, egokiago ikusten dute lehenbizi lana aurkitzeko epe bat ematea eta, aurkitu ezean, orduan kanporatzea, baina betiere inmigrazio irregularraren eta langabezi kronikoaren kasuan.

- Kulturaren arloan, euskaldunak, gehien batean, ez datoz bat inmigrantea erabat onartzeko hark bere kultura utzi behar izatearekin. Nolanahi ere, biztanleen %50en iritziz, etorkinek baztertu egin behar dituzte beren erlijiotik eta kulturatik indarrean dagoen legediarekin aurrez aurre dauden alderdiak.

Etorkinen eskubideak

- Gehiengo batek (%65) baieztatu du etorkin guztiek dutela osasun laguntza izateko eskubidea eta %55,4ren iritziz, hezkuntza publikoa jasotzekoa ere bai. Aitzitik, eskubide hauek murriztu egiten dituzte egoera legezkoan daudenentzat: laguntza sozialak (%57,3), familia batzea (%57), babes ofizialeko etxebizitza (%56,7) eta botoa emateko eskubidea (%63,3).

Inmigrazio politika

- Egoera irregularreko inmigranteen erregularizazioari buruz, herritarren %15,5 baldintzarik gabeko erregularizazio orokorra eskaintzearen aldekoa da, %3,9k zuzenean kanporatuko lituzke eta gainerakoek lanpostu baten jabe izatearekin edo ez izatearekin erlazionatzen dute erregularizazioa. Halatan, %31,2 lanpostu baten jabe diren guztiak erregularizatzearen aldekoa da, eta %46,8 lana aurki dezaten epe bat ematearen aldekoa. Behin aldia bukatuta, landunak erregularizatu egingo lirateke eta gainerakoak kanporatu.

INMIGRANTEEI BURUZ

- Euskal biztanleek inmigranteez dihardutenean, oro har, Magrebeko biztanleei (%42,1) egiten diete erreferentzia. Askoz atzerago geratzen dira latinoamerikarren taldea (%22,6), afrikar beltzena (%12,3) eta gainerakoak.

- Inmigranteekiko erlazioen eta kontaktuen arloan, euskal biztanleak arduratzen ditu beren seme-alabaren bat magrebtarren batekin ezkontzeak. Gainerako harremanetan, adierazten dute ezen ez diela inporta inmigranteak auzo, lankide edo nagusi izatea. Datuak arretaz irakurrita, ordea, ematen du horrelako egoera batzuek, benetan inporta ez izan arren, kezka behintzat sortzen diela.

- Magrebtarrak eta errumaniarrak dira talde baztertuenak. Harremanetarako onartuenak, berriz, Europako Batasuneko herrialdeetakoak, argentinarrak eta iparramerikarrak.

- Euskal biztanle askok (%70) benetan uste dute magrebtarrek ez dutela integratu nahi. Bestalde, jarrera berekoak izango lirateke errumaniarrak, txinatarrak eta afrikar beltzak, baina ehuneko txikiagoan. Aitzitik, integratzeko interes handia edo dezentea nabari diete kolonbiarrei (%54,6) eta ekuadortarrei (%64,5).

- Euskal gizarteak ez ditu oso gogoko magrebtarrak. Aitzitik, begiko ditu jatorriz Europako Batasunekoak direnak, Europako Ekialdekoak eta hegoamerikarrak. Arrazoiak alde batera utzita, azpimarratzekoa da, berebat, iparramerikarrak gogoko ez izatea.

- Euskaldunek uste dute Espainian baino adeitasun handiagoz eta indiferentzia gutxiagoz tratatzen direla inmigranteak Euskal Herrian. Hala Espainian, nola Euskal Herrian, kontsiderazio gutxiko tratuaren arrazoiek herritarren segurtasun ezarekin edo ezjakintasunarekin eta aurreiritziekin dute zerikusia.

Alazne Alonso (ELA sindikatuko Inmigrazio arduraduna): «Gehienek paper eta eskubide gabe jarraituko dute»
Otsailaren 7an, Espainiako Gobernuak atzerriko langileen egoera arautzeko prozesua hasi zuen. Prozesu hau hiru hilabetez luzatuko da. Hori dela eta, ELAn hausnarketa sakona egin dugu.

Ezin dugu ahaztu, Atzerritarren Legea garatzen duen araudia PPren eta PSOEren artean hitzartutako lege haren jarraipena besterik ez dela, antisoziala eta demokraziaren aurkako legea. Beraz, oraindik, araudiak ere eskubideak ukatu egiten dizkie Europako Batasunaren mugetatik at sortu eta hona iritsi diren milaka pertsonari. Espainiako administrazioarentzat jende hau "eskulan hutsa" baino ez da, zeren eta langile atzerritarra legeztatzeko bidea enpresaburua edo lana eman diona da: etorkinen egoera "normalizatzeko" bete behar diren paperak enpresaburuek bete eta aurkeztu behar dituzte, hau da, ahalmen hori, eurek baino ez daukate, etorkinak sei hilabeteko kontratua behar du... beraz, horrek erabateko menpekotasuna eta ahulezia dakar. Etorkizuna enpresarien eskuetan geratzen da, eta hauek ez dute oraingoz borondate handirik adierazi.

Inmigrazio politikari dagokionez ez dago aldaketa handirik, helburu berdinak mantentzen dira, PPren politikaren helburu berdinak: datozen etorkinen kopurua kontrolatzea. Nola? Lan merkatuaren beharren arabera, lehen aipatu dugun bezala, etorkina "eskulan hutsa" baino ez da.

Pertsona horien arautzeko prozesuak itxaropen handiak piztu bazituen ere, ez da nahikoa eta jende asko utziko du kanpoan.

Hego Euskal Herrian litekeena da paperik gabe 30.000 bat etorkin egotea, baina oso kasu gutxitan ari da egoera zuzentzen, oztopo ugari jartzen baitzaizkie, bai eskatzen diren baldintzak asko direlako, bai zehazgabeak direlako edo etengabe aldatzen dituztelako. Adibide gisa, prozesua hasi baino lehen esaten zen nahikoa izango zela errolda agiri arrunt batekin, baina praktikan hori ez da gertatu, agiri berezia eskatu dutelako. Gehiago esango genuke, pasa den azaroaren 11n, Caldera ministroak esan zuen egote denbora hori adierazteko, beste agiri batzuk onartuko zituztela, baina ez dira hori egiten ari.

Prozesua gauzatzeko Hego Euskal Herrian sei bulego zabaldu dira soilik, bi Bizkaian, bana Gipuzkoa eta Araban, eta Nafarroan beste bi, eta ordutegia oso murritza dute: arratsaldeko lauetatik zazpietara. Horietan gehien entzuten den esaldia zera da: "Zatoz bihar berriro, paper gehiagorekin...". Gainera, bulegoetan lan egiten dutenek, kasu askotan ez dakite zer erantzun eman, formakuntza falta zaielako. Dena dela, baimena lortzea ere, ez da behin-betiko irtenbidea, urtebeteko iraupena baitu. Beraz, etorkinek, oro har, pairatzen duten esplotazio egoera ez du konponduko. Inmigranteek jarraituko dute enpresaburuen interes eta borondatearen menpe.

Hortaz, benetako asmoa ez da egoerak arautzea, horretan ari direnaren plantak egitea baino. Jende askok legez kanpo eta ezkutuko ekonomian jarrai dezan nahi dute. Oso gutxik lortuko dute egoera administratibo eta laborala legeztatzea. Lehenengo hilabetean 3.000 pertsona inguruk lortu dute.

Inmigrazio politika Europako Batasunaren politika neoliberalaren isla da, eta lan esplotazioa errazten du. Etorkinen %42,5ak egoera ez erregularrean dihardu lanean, hots, astean 40tik gora ordu sartuz, lankideek baino soldata txikiagoen truke. Gainera, Europako itun konstituzionalak berresten du herritar europarrak ez direnak lan-, gizarte- eta politika-esparruetan eskubiderik gabe uztea, baita inmigrazioaren aurkako politika errepresiboen erabilera ere.

ELAk erabat arbuiatzen du egoera hau eta Euskal Herrian bizi diren eta lan egiten duten guztientzat eskubide osoak aitor daitezela eskatzen dugu, edonon jaio direla ere. ELAk salatu nahi du "arautzeko" prozesua etorkinen egoera ez arautzeko egina dagoela. Honen ardura Espainiako Gobernuarena da, eta berarekin prozesua adostu dutenena, hau da, CEOE eta UGT eta CCOO. Guretzat sindikatu hauen jarrera euren sindikalgintzaren beste adibide bat baino ez da. Bestela nola uler daiteke sindikatu batek horrelako hitzarmen bat sinatzea, eta etorkinen etorkizuna enpresaburuen esku, babes gabe, uztea?

ELAk arbuiatu egiten du Atzerritarren Legea eta hasitako "arautze" prozesua, etorkinak eskubiderik gabeko pertsona bihurtzen baititu:

- Ez ditu giza eskubideak errespetatzen.
- Etorkinak diskriminatzen ditu lan- eta gizarte-arloetan.
- Xenofoboa eta arrazista da.
- Migrazioen ikuspegi motza eta okerra du oinarrian, duen alde soziala ez baitu aintzat hartzen.
- Agiririk gabe dauden atzerritarren egoera "normaltze"ari itzuri egiten dio.
- Etorkinen «apartheid» juridikoa berresten du.
- Interes ekonomikoa beharrizan sozial errealen gainetik jartzen du.

Maruje Imaz (Ikastolen Elkarteko "Ikasle etorkinen eskolatzea" mintegi iraunkorreko koordinatzailea: «Euskal Herrian inmigrazioa»
Azken urte hauetan inmigrazio fluxuaren eraginez hezkuntza zentroetara iristen ari diren ikasle etorkinen kopurua nabarmenki gora egiten ari da eta datozen urteetarako norabide bereko joera aurreikusten da.

Hau dela eta, hezkuntza erakundeek edonoren hezkuntza eskubidea bermatzeko dugun erantzukizunean oinarrituz, ikasle eta familia hauen harrerari eta tokian tokiko hezkuntza komunitateen formazioari ekiteko konpromisoari atxikitzen ari gatzaizkio, geure zentroetako antolaketa ildoen egokitzeari ekinez eta errealitate konplexu honek planteatzen digun erronkari erantzuteko bideak jorratuz.

Hezkuntza mailako ildo hauen birdefinitze prozesuan murgilduak, garrantzitsua iruditzen zait aipatzea gizarte eragileek, hezkuntza komunitateak eta oro har, gizarte zibilak hezkuntzaren alorrean inplikatzearen aldeko jarrera azaltzeak duen garrantzia eta gogora ekarri nahi dut, zentzu honetan, Mendebaldeko Europan Hezkuntza Eskubideen ikuspegitik estatuei egiten zaien eskabidea, berdintasunaren, inklusioaren eta kohesio sozialaren helburuei erantzun diezaieten.

Baina zein neurritan kontuan hartu eta lantzen ditugu kontzeptu hauek Hezkuntza Erakundeetan? Eta zer esan nahi dugu hezkuntzan, berdintasuna eta inklusioa gure helburuak direla diogunean?

Axola zaizkigun arren, ez gara aukera berdintasunaz ari, ez emaitzen berdintasunaz ari, ez gara "kafea denontzat" ideiaz ari, ez gara homogeneotasunaz, ezta homogeneizatzeaz ari… Inklusioaz ari gara; esan baitugu gizarte zibila, gizarte eragileak eta hezkuntza komunitateak axola zaizkigula. Herritarrak axola zaizkigula. Eta herritarrak esaten dugunean, berdin digu haien jatorria, haien maila sozio-ekonomikoa, maila kulturala, haien hizkuntza...

Desberdintasunak zentzu bakar batean axola zaizkigu: hezkuntzaren esparruan, hauek konpentsatzeko planteatuko ditugun ekimenen akuilu izateko duten indar gisa ulertuak.

Nola bestela Hezkuntzaren mundutik, bazterketa egoeren eta jarreren aurka egin? Baztertze eta marjinazio joerak saihetsi nahi ditugu gure zentroetan ere, eta inklusioaren bidea agertzen zaigu argien, jendartearen edozein kideren eskubide eta betebeharren alde egiteko, are eta gehiago hezkuntza eskubideez ari bagara.
Inklusioaren printzipioa kontuan harturik, gaur egun ugariak dira egiten ari garen saiakerak ildo honetatik planteamenduak eta aurrerapausoak emateko.

Jendartean gertatzen den aniztasuna islatua dago gure zentroetan eta aniztasun honi eskaini behar diogun arreta eta erantzuna, une honetan nolakoa behar duen izan aztertzera eramaten ari zaigu, bultzada ezin bizkorragoan.

Zentro bakoitzak inklusioaren aldeko hautua eta jarrera erakutsita, praktika pedagogikoaren aurrean kokatzen gara bete-betean.

Eta ikuspegi honetatik, zer eskatzen ari gatzaizkie gure Plan Estrategikoei eta Hezkuntza Proiektuei kontzeptu honen zehaztapenari dagokionean?

Are eta gehiago, sinesten baldin badugu inklusioaren helburua gure Plan eta Proiektu horietan uztartua, kalitatezko eta bidezkoago den hezkuntza baten lorpenetik gertuago egongo garela, ez al da erronka honen aldeko apustua egiteko momentua?

Hezkuntza Sistemak gizarte kohesioa, integrazioa eta aukera konpentsatzaileak sustatu behar dituela sinesten badugu, printzipio honek isla zuzena eduki beharko du antolamendu irizpideetan eta berau garatzeko, tokian tokiko proiektuak diseinatzea eta lantzea ezinbestekotzat jotzen dut.

Nire ustez, proiektu hauek diseinatzeko garaian arreta berezia jarri beharko genuke, zentro bakoitzeko hezkuntza komunitateari egiten diogun eskaintzan, zeinak: berdintasunean, elkartasunean eta herritartasunean hezteko konpromisoari lehentasuna ematen dion.

Era berean, hezkuntza komunitateari egiten diogun eskaintza hau, gure helburu eta printzipio nagusi batean oinarritzen da: pertsona hauen eta edonoren normalizazioa jendartean gauzatzeko aukera ematean, hain zuzen ere.

Honezaz gain, kultur artekotasunaren erronka berriari prestakizunez begiratzen diogu, integrazioa eta gizarte kohesioa etengabe bultzatzeko dugun erantzukizuna berretsiz, denon bistan baita hezkuntza sistemaren kudeaketan, sistema bera osatzen dugun eragile guztien partaidetza eta autonomia areagotuz gero, proiektuaren onurak biderkatu egiten direla.

Beraz, hezkuntza erakundea edozein delarik, ikasle eta familia etorkinen integraziorekiko, eta batez ere, ikaslearen hezkuntza eskubidearen bermea sustatzeko duen ardurari ezingo dio ez muzin egin ezta eginkizun hau baztertu ere, ekimenaren garaia egokitu zaigu eta ezin ditugu ahantz, hezkuntzari zerbitzu publiko gisa atxikitzen zaizkion antolamendu irizpideak:

- Sarrera zuzena eta aukera berdintasuna hezkuntza eskubidea gauzatzeko.
- Aniztasunaren integrazioa bermatzea.
- Curriculum arloko gutxienezko helburuetara iristeko hezkuntza planteamendu egokia egitea.

Irizpide hauek, eta irekitasuna eta integrazio kontzeptuak, eguneroko praktika eta funtzionamendu pedagogikoaren oinarritzat hartzeko konpromisoa sustatu eta garatu nahi badira, nire ustez, hezkuntza erakunde desberdinek erabaki propioak hartu behar dituzte eta zentro bakoitzean ematen den egoeratik abiatuz, ikasle eta familien integrazio proiektuak landu. Hauekin batera, proiektu bakoitzetik eratorritako ekarpenak, Hezkuntza Administrazioak bildu eta baliabideez hornitu eta lagundu beharko lituzke.


Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Eguneraketa berriak daude