Dena prest dago Ikertzeren egoitza barruan, Donostiako Puion: Ikertzeko arduradunak, proiektu honetako kolaboratzaileak eta Anton Mendizabal eskultorea, «Pilotaz» izenburuko erakusketako obrak eta guzti. Kanpoan, autobuskada bat haurren burrunba. Aitor Ikastolako haur hezkuntzako 40 ikasle dira eta hiru egunetan Anton Mendizabalen «Pilotaz» eskultura sorta ezagutu, bide batez pelotaren munduan barneratu, eta eurak ere sortzaile bilakatuko dira «Pilotaz haur artean» izeneko egitasmoari esker. Play Stationa nagusi den garaian, 40 haur eskulturekin jolasean?
Berritsua eta isila
Gela batean eseri dira haur guztiak. Parean, mahai gainean «Pilotaz» erakusketako piezak, tamaina txikian. Eta egilea, haurrak adi adi dituela, azalpenak ematen hasi da. Eskultura sorta hiru multzotan banatzen da. Lehena frontoiei dagokie. «Baina frontoiak sortu baino lehen non egiten zuten pilotan?» galdetu die Anton Mendizabalek. «Belardietan, zelaietan...» erantzun dute, egun batzuk lehenago ikastolan ipini dieten bideoa adi ikusi duten seinale. Eskultura batek bi puntu ditu agerian eta haurretako batek «horiek pilotak izan al daitezke?» galdetu du, eta Mendizabalek baietz, «bakoitzarentzat artelana norberak ikusten duena» dela. Nabari du Mendizabalek 25 urte irakaskuntzan eman dituela, gustura dago haur artean, eta haurrak ere gustura berarekin. Artista, isila ala berritsua izan daitekeela azaldu die, artelan batean elementu asko erabiltzen dituenean berritsua dela, eta isila, nahi duena modurik sinpleenean, ahalik eta elementu gutxien erabiliz, adierazten duenean. «Orduan, pieza hau zer da? Isila ala berritsua?» bota du eskultore oiartzuarrak frontoietako bat seinalatuz. «Berritsua!» denek batera. Eta segidan beste guztiak asmatu dituzte, berehala ulertu baitute kontzeptua.
Sormenaren magia
Pilotan egiteko tresnen txanda da orain. Haurrek erraz ikusi dute helduoi gehiago kostatzen zaiguna, hots, eskultura bakoitzak zer irudikatu nahi duen. Egurrezko pieza batek hutsune borobila du; pilota da. «Baina benetan hemen pilota al dago?» eskultorearen galdera. «Badago eta ez dago», erantzuna. «Eta hori zer da? Magia!» esan die Antonek, sormenak misterioa ere baduela gaineratuz.
Hirugarren multzoan, pilotariaren posturak daude irudikatuak eta Mendizabal sorkuntza prozesuaz ari da. Prozesu horretan eskultura bizitza hartzen hasiko dela dio, eskulturak hitz egiten duela, eta entzun behar zaiola.
Azalpenak amaituta, haurren txanda da, haiek izango dira hemendik aurrera sortzaile. Baina lehenago aholku bat eman die: «Sortzaileak askatasun osoa du, nahi duena egiten du. Zuek ere berdin, nahi duzuena egin dezakezue». Bi taldetan banatu dira haurrak. Erdiak tailer grafikoan jardungo du lehenik eta, bitartean, beste erdia musika tailerrera joango da. Amaitutakoan, alderantziz egingo dute.
Tailer grafikoan, lehenik, egitasmoaren afitxa egin beharko du haur bakoitzak. Horretarako lehenik eskultura batzuk aukeratu eta tailerrera eraman beharko dituzte. Pieza gainean hartu eta nahi adina uki dezakete, eta lehenago Antonek esan bezala, esaten duena entzun. Gero eskultura horren irudiak izango dituzte eskura, edozein tamainatan, eta pilotaren argazkiak, eta letrak... Guraizeak eta kola eskuan, nahi duen kartela sortuko du bakoitzak, Jone Bergara eta Itziar Oria kolaboratzaileen laguntzarekin. Apurka-apurka, emaitzak mahai gainean pilatzen doaz eta haurretako bat »«hau berritsua da, hau isila, hau ere bai...»» bere ikaskideen lanak deskribatzen hasi da. Baita asmatu ere.
Bitartean soinu tailerrean Andres Doñate eta Oihana Picos Baschet musika tresna berezien aurkezpena egiten ari dira. Haur bakoitzak tresna bat joko du. Juantxo Egaña argazkilariak «Pilotaz» egitasmorako eginiko lanari soinua jarri behar diote. Soinu banda berezia asmatu ondoren, entseatu eta prest dagoenean grabatu egingo dute.
Datozen egunotan soinu tailerretik frontoira joango dira, bertan soinuak sortu eta grabatzeko. Eta azken egunean dena bilduta irudi eta soinu konposaketa osatuko dute.
Tailer grafikoak ere frontoira eramango ditu haurrak, postura eta keinu ezberdinetan argazkiak ateratzeko eta gero haiekin jokaldiak grafikoki irudikatzeko. Azkenik soinu tailerrean sortutako CDarentzat azala diseinatuko dute tailer honetan.
Balantzea egiteko ordua
Egitaraua amaituta, gurasoei emaitzak ikus eta entzun ditzaten gonbitea luzatu zaie, baita gehienek erantzun ere. Zuriñe Adrada Ikertzeko koordinatzaileak egindako guztiaren berri eman die eta berehala, emaitzak ikustera joan dira gurasoak haurren eskutik. Aurkezpen laburraren ondoren, eurek hartu baitute artelanak erakusteko erantzukizuna, egindako lanak ematen dien harrotasunez. Egin dutena erakusteaz gain, batzuek Mendizabalen eskulturen azalpenak eman dizkiote aita edota amari, beste batzuk pelotaren inguruan ikasi dutena irakasten saiatu dira... Artista naiz, ama!» esaten ere entzun dugu mutiko bat.
Haurrak joan dira eta isiltasuna itzuli da Ikertzera. Proiektua prestatzen eta etengabe fintzen egindako lan luzearen emaitzak dastatzeko ordua da. «Horrelako uneak oso bereziak dira artistentzat -dio eskultoreak-, gaurkoa ezustekoa izan da niretzat. Harrituta geratu naiz nola barneratu duten dena, nolako ahalmena duten hiru egunetan egur zati batzuren aurrean kokatu diren bezala kokatzeko».
Zuriñe Adrada ere gustora dago: «Ahozko transmisiotik harago, jokoan sartzen direnean, bizipenak dituzte, hori barneratu egiten dute, eta ezagutza sakonagora iristen dira horrela. Galdetu egiten zaie, helduak bezala tratatzen ditugu, prozesuaren protagonista dira eta hori oso positiboa da, bestela ez dituzten erantzukizunak hartzen dituztelako. Irakaspen prozesuan objektu eta subjektu bihurtzen dira une horretan».