Gurs: Euskaldunen kontzentrazio esparrua

  • Duela gutxi Auschwitzekin gertatu zen legez, laster Buchenwaldek edota Mauthausenek bereganatuko dute urtemuga borobilen arreta komunikatiboa. Izan ere, II. Mundu Gerra bukaeraren 60. urtemuga delarik, mass medien iparorratzak guda horrek izan zuen pasarte latzenetako batera garamatza behin eta berriro, kontzentrazio esparruetara, alegia. Testigantza liburuek, eleberriek, lan historikoek, filmek eta hainbat oroitarrik begien aurrean jartzen digute 1933az geroztik Europan eratu zuten «Kontzentrazio Unibertsoa». Hala eta guztiz ere, ez dira gauza izan errealitate horren atzean zeuden hainbat funtsezko galdera erantzuteko. Nola gauza zitekeen, XX. mendeko Europa garatuan, horrelako sare errepresibo orokor bezain gogorra? Edo nola kontzentrazio esparruetatik sarraski zelaietara zihoan heriotza katea, oso leku desberdinetan jarritako kate mailen bitartez eraiki zitekeen. Itaun potolo horiei erantzun gabe, ezjakintasunaren herdoil geruza kendu nahian, Euskal Herritik gertuen eratu zuten Gurseko (Biarno) kontzentrazio zelaiaren historiara hurbildu gara.

2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Espainiako Gerra Zibila amaitu baino lehen, milaka soldadu errepublikanok, 1939ko urtarrilaren azken egunetan, erbesterako bidea hartu zuten Katalunian. Horiekin batera, emakume eta ume askok, mugaz bestaldera jo zuten Le Perthusetik, Bourg Madametik eta ohiko pasalekuetatik. Hori dela eta, Frantziako gobernuak, Francorena onetsi zuen egunotan, Gerra horren ondorioz suertatu zen erbesteratu uholderik handienari aurre egin behar izan zion. Argelés sur Mer eta Saint Cyprien bezalako Roussilloneko hondartzetan, hesi, itsaso eta soldaduen artean milaka errefuxiatu kokarazi zituzten, hondarraren gaineko kanpalekuetan.

Horien masifikazio ikaragarriari aurre egiteko asmoz, Espainiako mugetatik gertu izanen ziren hainbat "Harrera Zelai" eraikitzea erabaki zuten agintari frantziarrek. Horrela, Sept Fonds, Le Vernet, Agde, Rivesaltes eta Bram kontzentrazio esparruekin batera, Zuberoatik 4 kilometrora zegoen Gursekoa hasi ziren eraikitzen 1939ko martxoaren erdialdean. Azken horrentzat aukeraturiko esparruak »Prechacq-Josbaig, Dognen eta Gurseko herri lurretako 80 hektareetan zabaltzen zenak» bi muga zituen. Alde batetik, Oloruetik Baionara doan errepidea, bestetik Hôpital Saint Blaisera Prechacqtik doana. Bi bide horiei jarraituz eta laukizuzen luze bat osatuz, hesi ziztadunek, barneratuen eta libreen mundua banatzen zuten. Tartean suertatu zen orube horretan, azkar oso eraiki zituzten 382 barrakoi, errefuxiatuak aterpetzeko eta beste 46 zaintza burutu behar zuten gordetzaileentzat. Zubiak eta Bideak enpresaren ingeniaria zen Elysée Larribauren agindutara, 42 egunetan altxatu zituzten, Barcarés kontzentrazio zelaian zeuden barrakoien eredura. 428 etxola horiek egurrez eginak zeuden erabat: egitura, hormak, gapirioak, behekoa eta gainekoa. 24 metro luze eta 6 metro zabal ziren barrakoietan 60 gizaki hala edo nola laketarazten zituzten. Etxola horiek amaitu orduko, 30eko multzotan hesi ziztadunez inguratu zituzten. Horrela kontzentrazio esparru horren barruan 13 barnezelai »A-tik M-raino zihoazen hizkiekin izendatuta» sortu zituzten, errefuxiatu talde desberdinak barneratzeko. Hasierako A, B, C eta D barrutietan, esate baterako, euskaldunak kokatu zituzten, Le camp basque deitutakoari izana eta izena emanez. E eta F multzoetan espagnols sartu zituzten; G, H, I eta J-koetan Nazioarteko Brigadistak; eta azken hiruetan, K, L, M hizkiak zeramazkiten barrutietan, aviateurs direlakoak. Bistan denez, kolektibo handienak euskaldunek eta brigadistek osatu zituzten. Lehendabizikoak, beraientzat esparrua atondu zutenean, 6.555 baziren ere, laster hasi ziren Gursetik kanporatzen, inguruko herrietan eta bereziki, Ipar Euskal Herrian edo Landetan lana edo bizilekua topatu zutelako. Brigadistak, aldiz, euren herrialdeak -Alemaniara, Austria, Txekoslobakia...- nazien menpe zeudenez, bueltatu ezinik zeudelako, berehala osatu zuten iraungo zuen talderik populutsuena.

Hesi ziztadunen barruan irautea

Hesien atzeko aldean Pirinioetako ortzemuga ederra zuten gurstarrek; barrualdean berriz, bizitoki latza. Barrakoi bakoitzean 60 gizakume sartu behar izateaz gain, egoera garratza zen oso. Haizea eta hotza, egur oholek uzten zituzten zirrikituetatik, barneratzen ziren lastairen gainean zetzatenen hezurretaraino. Era berean, ura eta itokinak lagun zituzten euria egiten zuen bakoitzean. Argia eta beroa kontrajartzen ziren etxola horietako bizimoduan. Hormetan leihoak irekiz gero, hotza galanta. Irekidurarik gabe jarraituz gero, iluntasuna eta egundoko kiratsa. Barrakoietatik kanpo, lokatza nagusi. Euriak lurra ziztrinatzen zuen ibiltezin eginez. Neguko bizi baldintzek horrelako lekuetan ohikoak ziren janari gabezia eta gosea larriagotzen zituzten. Oso latzak izan ziren aro horiek Gursen, baina bereziki 1940koa. Orduko azaroan eta abenduan 470 hildako suertatu baitziren. Adineko jendea izateak, elikadura eskasak, hotzak eragin zuzena izan zuten heriotz kopuru handi horretan. Beste sasoietan, barrakoietatik kanpo jarduteak, hesien artean bazen ere, barneratuen bizimodua eramangarriago egiten zuen. Alde honetatik, ekimen kulturalek leku oso garrantzitsua izan zuten Gurseko urte horietan guztietan. Espainiako Gerraren ondorioz errefuxiatuek jardun politiko eta kultural aunitz jarri zituzten martxan. Barrakoietako kanpoko hormak arbel bilakarazi zituzten, hizkuntz ikastaroak, matematikak, historia eta antzekoak irakasteko. Bide batez, horixek izan ziren eskuz burutzen zituzten egunkari antzekoak paratzeko lekurik ohikoenak. Argelésen eta Barcarésen egindakoen antzera, orkestrak, orfeoiak, hizkuntza ikastaroak eta eztabaida politikoak antolatzeari ekin zioten. 1939an bertan, hiru orkestra txiki eratuak zituzten: euskaldunena, Nazioarteko Brigadistena eta Compagnie de Travail direlakoen partaideena. Urte horretako udan, Frantziako Iraultzaren 150. urtemuga zela eta, uztailaren 14an, beste abesti batzuen artean La Marseillaise jo zuten, milaka ahots lagun zituztelarik. Egun berean hainbat euskaldunek Ikurriñaren Dantza erakusteaz gain, Julian Ramirez errefuxiatu donostiarrak, 1789ko iraultzatik ordura arte langileek eta iraultzaileek izan zituzten borrokak hizpide izan zituen eman zuen hitzaldian. Hilabete batzuk geroxeago, Europa osotik etorri ziren juduek eta deportatuek ere ekimen kultural anitz garatu zituzten, beraien nortasunari eusteko asmoz. Claude Laharie historiagilearen arabera, beraiek eratu zuten erlijio eta kuturaz arorik aberatsena. Kultu hebraikoarekin batera, Biblia, Talmud eta hebreoen historiaz ikasketa taldeak martxan jarri zituzten. Irakaskuntza ez zen mugatzen helduen taldetara, barneratuak zeuden umeek eskola saioak izan zituzten baita ere Gurseko barrakoietan. Oinarrizko ekimen kultural horiez gain, musika eta artelan adierazpide bikainak izan zituzten, 1942-1943ko deportazioek bertako bizimodua hankaz gora jarri zuten arte.

Gurseko bilakaera: Harrera zelai izatetik Auschwitzeko beste kate maila bat izatera

Hasieran, hau da, 1939ko apirilean, kolektibo guztiek Gurseko Harrera Zelaia behin behinekotzat jotzen bazuten ere, II. Mundu Gerrak sorrarazi zituen barneratze masiboek zelai horren jarraipena ekarri zuten. Are gehiago, Harrera Zelai izatetik jite errepresibo nabarmena izatera pasatzeko urrats latzak burutu zituzten Vichyko zein Berlingo agintariek. 1939ko azaroaz geroztik, Daladier dekretuetan "nazio defentsarako gizaki arriskutsuak" errepresioaren helburu ziren bitartean, Vichyko gobernariek "arraza judutarraren etorkinak", komunistak eta "indesirables" deitutako jende sorta zabal bezain malguan sartzen ziren guztiak, atxilotzeko eta barneratzeko agindu zuten. Horren ondorioz, Espainiako Gerratik etorritako errefuxiatuez gain, Frantziatik bertatik, eta baita Alemaniatik ere, atxilotu eta deportatu ugari hasi ziren Gurseratzen. 1939ko udaz geroztik Gurseko populazioa gainbehera joan bazen ere, beste konboi asko iritsi ziren Olorueko geltokira, hortik kamioikadaka Gurseratzeko. Vichyko poliziek egindako sarekadetan harrapaturiko juduez gain, Alemaniako Badeko eskualdetik 7.000 inguru deportatu, esate baterako, ekarri zituzten, Frantzia osoa zeharkatu ondoren. Nazien eta Frantziako gobernuaren arteko lankidetza estua izan zen honetan ere. Hitler eta Petain, Montoiren biltzen ziren uneetan, esate baterako, Alemaniako hegoaldetik, Mannheimetik, Karlsruhetik, Heidelbergtik eta inguruko hirietatik, milaka judu garraiatu zituzten Gurseraino. Horiei gehitu zitzaizkien, gendarme frantziarrek Parisen bertan Vel d'hiver deitutako kiroldegian barneratu zituzten milaka atxilotu judutar, gorri, susmagarri... Le Vernet edo Gurs bezalako kontzentrazio zelaiak izan ziren horien guztien hurrengo barneratze tokiak. Hegoaldeko kontzentrazio esparru hauek batzuentzat azken maila errepresiboa izan ziren bitartean, beste askorentzat, Auschwitz aldeko konboietan sartu arteko muga besterik ez ziren izan. Izan ere, Gurs, 1940ko urriaz geroztik, naziek pixka bat beranduago martxan jarritako Behin Betiko Amaiera bide infernutarreko gune nabarmenetako bat bilakatu zen. Alde batetik, Gursen bertan 1.176 barneratu hil zirelako. Bestetik, 1942az geroztik, heriotzaren trenen bitartez, 14.000tik gora gizaki, Gursetik abiatuta, Olorueko geltokian animaliak bezala bagoietan metatuta, Drancytik barrena, Auschwitzera heriotzera eraman zituztelako. Polonian zegoen esparru latz horretan bukatzen ziren Helmuga ezezagunerako Konboiak, Gursen ere antolatu zituzten. Bertako agintariek, Wanseeko Biltzarrean Himmlerrek martxan jarritako ekimenarekin bat eginik, 1942ko abuztuan hasi ziren Auschwitzeko Heriotz Zelaira Gursen zeuden makina bat judutar bidaltzen. Urte horretako abuztuaren 6an bidali zuten lehen konboia. Barrutietan barrena aukeratutako juduen zerrendak irakurri ondoren, Frantziako gendarmeak alboan zituztela, Gursetik Olorueraino eraman zituzten kamioiez. Geltokitik Frantziako iparraldean zegoen Drancyko zelaira zihoazen eta hortik itzuli ezinezko bidaia zuten Auschwitzeraino. Horrelakoak errepikatu ziren, abuztuak 8an, 24an, irailak 1ean eta 1943ko otsailak 27an eta martxoak 3an. Guztira, 3.907 deportatu izan ziren konboi horietan. Claude Lahariren arabera, guzti-guztiak juduak, haien artean alemaniarrak, austriarrak eta poloniarrak nagusi zirelarik. Horiei gehitu beharko genizkieke, Le Vernet, Rivesaltes eta Le Récébédou bezalako beste kontzentrazio esparruetara eraman zituztenak, eta geroxeago Auschwitzera bideratuak izan zirenak ere bai. Aipaturiko ikerlari horren arabera, 14.000 inguru gurstar izanen ziren, ziur aski, heriotz zigorra gasen bitartez pairatu zuten dohagabeak. Egun Pirinioetako ortzemuga eta elurren distirekin batera, hilerri txukun bat dugu Gursen bertan izan ziren heriotza horien seinale apal eta lekuko. Barrakoiak zeuden tokietan berriz, baso sendo batek estali ditu izan zitezkeen aztarna urriak. Esparru horren bidexka, etxola eta hesiak sasiek jan dituztenean, ahanzturak ez luke, inolaz ere, irentsi behar hainbeste sufrimenduren historia, Gurstarren-Gutarren historia, hain zuzen ere.

Ramon Agesta Irastorza: «Gursetik alde egitekotan, kanpoan barruan baino etsai gehiago izango genituela pentsatzen genuen»
Ramon Agesta irundarrak 1936an 22 urte zituen. EAJko kidea, Gerra Zibila hasi zenean, Irungo Defentsa Batzordekoa zen. Gursera, 1940ko maiatzean atxilotu eraman zuten, beste 800 euskaldun ingururekin. Nazioarteko Gurutze Gorriari esker askatu ondoren, Londresera iritsi zen. II. Mundu Gerra amaituta, Parisen EAJrentzat espioitza eta informazio lanak burutu zituen 1947-1959 bitartean. 1987an erbestetik itzuli zen bere sorterrira. Bertan bizi da Londresen ezkondu zen Claire Smithekin.

Nola gogoratzen duzu gerra?
Frankistek Arkale hartu zutenean eta Irun erortzear zegoenean, Doroteo Ziaurriz -EBBko lehendakaria zena- etorri zen hona eta Frantziara bidali gintuen Informazio Zerbitzutan aritzeko asmoz. Horrela ibili ginen gerra osoan eta geroago. Baionan biltzen genuen informazioa eta Bilbora eramaten genuen, barkuz. Horretarako Donibane Lohizunen edo Hendaian itsasoratzen ginen. Baionan lehorreratua zegoen Domayo arrantzontziko sotoa zen gure biltokia, geroxeago Mimosas eta Gochoki etxeetatik aritu ginen. Bilbon berriz, Lehendakaritzaren egoitzatik, Carlton Hoteletik, hain zuzen ere. Nahiz eta gerra galdu, jarraitu genuen horrelako lanekin 1940. urtea oso aurreratuta zegoen arte, Baionan atxilotu gintuzten arte.

Zu, beraz, ez zinen Gurseratu, Barcarésetik edo Argeléstik etorria, ezta?
Ez, ni beste asko bezala atxilotu ninduten, alemaniarrak Frantziaratzen ari ziren egunetan. Ibarnegarayk eta antzeko eskuindarrek giroa berotu zuten gure kontra. Horrek zioen errepublikanoak arrisku handikoak ginela, ondorio kaltegarriak baino ez genituela ekarriko eta abar. Baionako Prefeturatik deitu ziguten eta hara joan ginenean atxilotu eta zuzen zuzenean Gursera eraman gintuzten.

Euskaldunak euskalduna lagundu beharrean, salatu eta zigortu nahian dirudi.
Ibarnegarayrekin halaxe izan zen. Horrek Gerra Zibilak iraun zuen bitartean Francoren aldeko jarrera sutsua erakutsi zuen. Lotsagarria izan zen. Euskaldun baina eskuindar amorratua. Gero Frantziako kontuetan, Vichykoen aldekoen artean ere sutsuenetako bat zen. Horrek errepresioa ekarri zigun baita lotsa galanta ere, euskalduna zelako. Ibarnegarayk zioen Alemania irabaztera zihoala eta Frantziari zegokiola bigarrena izatea. Eta orduan, 1940 aldean, hala zirudien zeren AEBek ez zuten gerran sartu nahi. Ibarnegaray eskuin muturrekoa zen, Bizkaian zeuden Areilzaren tankerakoak, Falangearekin joan ziren horietakoen antzekoa. Beti, neurri errepresiboen alde azaldu zen. Alde batetik, gu ezkertiarrekin bat eginda geundelako. Bestetik, separatistak ginelako. Horiek nahiko arrazoi handiak omen ziren gu bezalako erbesteratuon kontra amorru handiz jarduteko.

Gursekoaz zer oroitzapen dituzu?
Zoritxarrez, Gursekoa ez da oso ezaguna, nahiz eta hortik milaka pertsona pasatu ziren... Bai, hala da. Frantzian hainbat saio burutu zituzten kontu horiek gogorarazteko baina hori egin dutenean, askotan bakarrik Antisemitismoaren eta arrazismoaren biktimak nabarmendu dituzte. Kontuan izan gabe, zelai horren hasieran, "Gernikaberry"tik -Barcarésetik alegia- ekarritako 6.000 euskaldun eta 20.000 errepublikano espainol ere izan zirela. Denbora gutxi eman nuen nik Gursen baina nahikoa ezagutzeko. Gogorra zen "gogorra"ren gainean lo egitea, lata zaharrei esker hala edo nola jatea, pulpito antzeko egurrezko komun ziztrinetan gure beharrak egitea. Dena den, gutxi izan zen guzti hori, gero juduekin egin zituzten "saca" horiekin konparatuta. Gu bederen bizirik atera ginen, Nazioarteko Gurutze Gorriak egindako gestioak zirela medio.

Nola lortu zenuten zuen askatasuna?
Gurutze Gorriari protesta bidali genion erranez gu Espainiako gerra errefuxiatuak ginela eta ez zegoela arrazoirik gu atxilotzeko. Alde egiteko ez genuen batere itxaropenik. Izan ere, Frantzia osoa Vichyrekin zegoen eta horiek bat egiten zuten naziekin. Gursetik alde egitekotan, kanpoan barruan baino etsai gehiago izango genituela pentsatzen genuen. Hala ere, Gurutze Gorriari esker, 48 ordu eman ziguten ateratzeko. Epe hori amaituta, berriro harrapatzen bagintuzten, berriro Gursera. Donibanera jo genuen eta txalupaz hurbildu ginen barku poloniar batera. Bere sotoan sartuta Britainia Handira joan ginen. Orduz geroztik mirakuluetan sinesten dut.

Olorueko geltokia
Espainiatik etorritako errefuxiatuak Olorueko geltokian jaso eta kamioietan eramaten zituzten Gurseraino.

Arlette Dachary, Ponts et Chaussées enpresako mekanografoa, Gurseko kontzentrazio esparruan: «Amerikarrek eta errusiarrek argazkiak erakutsi zituztenean, jakin genuen zer gertatzen ari zen»
Bordeletik Gursera, Ospitaleko idazkari izatetik kontzentrazio zelai bateko mekanografoa izatera. Bitxia ez al da?
Bordelen ez zegoen egoterik. Naziak etorri baino lehen, bonbardatu egin gintuzten behin eta berriro. Gero, sartu zirenean, eta bereziki "itsasurpekarien basea" eraikitzen hasi zirenean, Britainia Handikoen bonbardaketak etorri ziren. Jendeak uholdeka ihes egin zuen. Guk familia genuen hemen, Bearnen, eta demarkazio lerroa ezkutuan zeharkatuta etorri ginen. Uste genuen hilabete batzuetako gauza izanen zela. Baina udaberria igaro ondoren, ikusi genuen iraungo zuela. Beraz, lana bilatu behar genuen nonbait. Niri esan zidaten Ponts et Chaussées delakoan mekanografoak behar zituztela eta nire burua aurkeztu nuen. Horrela etorri nintzen Gursera. Jakina, Ponts et Chausséeskoek eraiki zuten zelaia. Baina bi urte igaro ondoren, berriro joan behar izan zuten, barrakoiak oso gaizki zeudelako. Orduan sartu nintzen ni eta horrela jarraitu genuen 1945a arte.

Zelaitik kanpo zeundeten, baina zelaian bertan egiten zenuten lan. Zer nolako harremana zenuten bertakoekin?
Guk lana egiten genuen, baina ez genuen harremanik zelaiko polizia buruekin. Barrakoien egoeraz arduratzen ginen, baita garraio kontuez ere. Suteena, suhiltzaileen ardura ere gurea zen, ura hornitzekoa. Horietan guztietan gabezia eta urritasuna nagusi ziren. Elikadura ere, den-dena, mugatuta zegoen. Esate baterako, iltzeak behin eta berriro erabili behar zituzten beharginek. Berotzeko egurra ere oso eskasa zenez, egurrezkoa zen edozein gauza hartzen zuten barrakoiak edo gure bulegoak berotzeko. Sarritan botatako edo hondatutako barrakoien egurrak besteak hobetzeko edo berregiteko erabiltzen genituen.

Garraioaz arduratzen zineten zuek. Deportazioez zer oroitzen duzu?
Bai, hala da, garraoiez ere arduratzen ginen, Prefetak agintzen zuelako. 1942tik aurrera, deportazioak hasi zirenean, Oloruen kamioiak errekisatzen zituzten jendea eramateko. Horiek gauez iristen ziren zelaira eta ordurako garraiatu behar zituztenak barruti batean kontzentratuta zeuden. Gero, sarreran zeuden bi estalpe handietara eramaten zituzten, eta hortxe bertan kamioietan sartzen zituzten Olorueraino garraiatzeko. Gau osoan jarduten zuten kamioiek joan-etorriak burutzen. Poliziek laguntzen zuten, zeren batzutan baten batek erresistentziari ekiten zion.

Gursetik atera behar zutenek ba al zekiten nora eta zertara zihoazen?
Ez, baina beldur ziren Alemaniatik deportatu izan zirenetik. Egundoko izua zuten. Pentsa, Alemaniatik, Belgikatik, Austriatik... deportatuak izan ondoren, horrelako kontzentrazio zelaietan barneratuta egon eta berriro nazien eskutara zihoazen! Ez zuten esperientzia onik Alemaniako agintariekin. Gainera, Badetik ekarritakoak oso zaharrak ziren, adineko jendea zen....

"Destination inconnue" edo Helmuga ezezagun hori horrelakoa zen edo sumatzen zenuten nora eta zertarako eramaten zituzten?
Guk ez dugu jakin Alemanian eta horrelakoetan gertatzen ari zena askapena iritsi arte. Orduan hasi ziren hitz egiten, 1945ean, Gerra bukatu zenean. Amerikarrek eta errusiarrek argazkiak erakutsi zituztenean, orduan jakin genuen. Oroitzen naiz, juduen zerrendak genituela deportatu ez zen judu batek, jendea Amerikara eramateko asmoz, izenak bildu zituelako. Horri esker berrosatu zuen deportatuen multzoa. Guk pentsatzen genuen Oloruetik Parisera eramaten zituztela.

Zelaia itxi zuten arte aritu zinen zu bulegari. Nola izan zen bukaera?
1945eko azken egunean behin betiko bukatu zen. Iraun zuen 6 urteetan gorabehera dezente izan zituen, baita bukaeran ere. 1945eko abenduan, "collaborationistak" eta soldadu alemaniarrak ziren zelaiko barneratuak. Azken horiek erresistentziarik gabe, ziur aski, gerraz asper-asper eginda harrapatu zituzten inguruko eskualdeetan. Ni beraiei egindako itaunketetan, mekanografo aritu nintzen. Noski, saiatzen ziren euren jarduna justifikatzen. Espainolen artean ere gertaera bitxiak, borrokak, suertatu ziren. Une batean gelditzen ziren zenbait errepublikanok eta Dibisio Urdinaren hainbat partaidek bat egin zuten Gursen. Pentsa zer nolako giroa! Errepublikanoen artean ere, 1944an oso iritzi desberdinak zeuden. Batzuk berriro Espainiara borrokatzera joan behar zela zioten; beste batzuk aldiz, ezetz.

Hilerria da Gurs zelaitik gelditzen den oroigarri duin eta bakarra. Ez duzue/ez dute borondaterik izan beste zerbait gordetzeko, jendeari gogorarazteko?
Gerra amaitu zenean nahi izan zuten gauza horiek guztiak deuseztatu. Udaletako lurretan landatu zituzten arbolak. Barrakoiak eraiki baino lehen landak zeuden tokietan, gaur egun, basoak dituzu. Orain bitxi samarra dirudi, baina jende guztia ados zegoen. Judua eta barneratu ohia zen Bastereck jaunak, esate baterako, esan zuen hoberena zela den-dena desagerraraztea. Beranduago, 1960 inguruan, hilerria txukundu zuten eta orduz geroztik beraiek arduratzen dira horretaz. Gainontzekoan, zuk ikus dezakezun bezala, basoak dena estali du.


Azkenak
2024-11-28 | Gedar
Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek mobilizazioei ekingo diete, lanpostuen defentsan

Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


2024-11-27 | Julene Flamarique
"Euskara ez den hizkuntza bat” erabili du Barakaldoko Udalak kanpaina batean

Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]


2024-11-27 | Leire Ibar
180 eragile baino gehiagok egin dute bat etxebizitzaren eskubidea bermatzearen aldeko mobilizazioarekin

Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.


2024-11-27 | Julene Flamarique
Gutxienez 2027ra arte atzeratu dituzte berriro ere AHTren obrak EAEn

2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]


Erretiroa hartuko du Benito Lertxundik

82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.


2024-11-27 | Mati Iturralde
Gogoan ditut

2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]


Valentziako ilargia

Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]


2024-11-27 | Castillo Suárez
Pertseberantziaz

Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]


Materialismo histerikoa
Zuekin nahi dut

Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude