argia.eus
INPRIMATU
Fito Rodriguez: «Egungo idazkerak irudia eta beste erreferentziak jaso behar ditu»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
Martin Ansok liburuaren hitzaurrean dio pasarte batzuetan nobela itxura baino gehiago saiakerarena duela zure lanak. Zer diozu zuk?
Neronek ere ez nuen oso argi hau nobela bat ote zen. Orain, Martinek esandakoekin, seguruago sentitzen naiz nobela bat delakoan.

Azalduko al zenuke gehixeago esan nahi duzuna?
Zinematografikoa ere beste idazkera mota bat da. Gaur ezin dugu idatzi zinematografoa existituko ez balitz bezala. Egungo idazkerak irudia eta beste erreferentziak jaso behar ditu. Nik ekin nion idazlan honi literatur-dokumentu bat egin nahian. Idazlan honek, hasiera batean, beste gehigarri bat zuen, duela hogei urte La Habanan Munduko Zientziaren Historiaren lehenengo bilkura egin zenean Elhuyar anaiei buruz nik aurkeztutako ikerketa. Gero Mexikon argitaratu zen hura, La Pueblako unibertsitatean. Bada, euskaratu nuenean, pentsatu nuen idazlan honetarako egokia zela; baina dokumentuegia zen, eta hemen agertu dut fikzioaren partea bakarrik. Dokumentua, bere osotasunean, abenduan argitaratuko da Uztaron, Udako Euskal Unibertsitateak argitaratzen duen ikerketa aldizkarian.

Beraz, nola definituko zenuke zure lan hau?
Nire ikerketa horren gainean egindako zeramika gisa, istorio ezberdinak txirikordatzen dituena, XXI. mendean beste modu batez idatzi behar delako. XX. mende hasieran Azorinek, Unamunok eta gainerakoek sortu zuten «nivola» edo nobela filosofiko txikien bidea. Antzeko gauza bat egin dut nik liburu honetan.