Euskal paisaiak atzerriko zineman


2021eko uztailaren 20an
Askok gogoan izango du oraindik Pierce Brosnan Hollywoodeko izarra eta gainontzeko lan taldea duela urte batzuk Bilbon eta Bardeetan James Bonden abenturetako bat filmatzen aritu zirenekoa. Hau ez da New York eta ez gaude ohituta zinema-estudio handiak gure kaleetan barna errodatzen ikustera. Dena den, batik bat duela hamarkada batzuk, ugariak izan ziren hemen filmatutako atzerriko pelikulak. Ziurrenik, Zalacáin el aventureroren aurreneko bertsioa dugu lehenengoetakoa, 1929an Euskal Herrian errodatua. Euskadiko Filmategiko zuzendari Peio Aldazabalek kontatu digunez, Espainian ekoiztutako film hori desagertua dago. Dirudienez, Metro Golden Mayer estudioek aspaldi erosi zuten eta arrastoa hor bukatzen da. Pelikula bitxia da, Zalacáin el aventureroren idazle Pio Baroja ere agertzen baita.

Urtebete beranduago, 1930ean, Euskal Herriari buruzko Au Pays des Basques dokumental frantziarra filmatu zuten Jean Faugeres eta Maurice Champreux zuzendariek. Pelikula garrantzitsua da, kanpoaldean filmatuta soinu zuzena duen lehenengoa delako eta euskal abestiak entzuten dira bertan. 30eko hamarkadan ere, René Barberisek Ramuncho film frantziarra filmatu zuen Iparraldean. Pilotari batekin maitemindu eta ihes egin duen neskatoaren istorioa da Ramuncho.

40ko hamarkadan, berriz, Metro Golden Mayerrek ekoiztutako eta Richard Thorpek zuzendutako Fiesta lana estreinatu zuten. Zezenketen inguruko kontakizuna da eta La Bamba edo Las Mañanitas bezalako soinu-bandak lagunduta, Morales familia mexikarraren komeriak azaltzen ditu, Mexikoko kaleen ordez Euskal Herrikoak agertzen badira ere. Eta Mexikoko hondartza zoragarriak ordezkatzeko Donostiako Kontxa aukeratu zuen filma Le chanteur de México dugu. Bertan, Luis Mariano abeslari irundarra, Iparraldeko artzain baten paperean, Erdialdeko Amerikako kostaldera joango da arrakasta bila. Filmeko lan taldeak, ordea, nahiago izan zuen Gipuzkoako hiriburuko toldo zuri-urdinen azpian geratu.

San Ferminetan

Alderantzizkoa gertatu zen Henry Kingek 1952an errodatutako The Snows of Kilimanjaro lanean. Ernest Hemingwayk idatzitako Fiesta liburuan oinarrituta, Tyrone Power, Ava Gardner, Mel Ferrer eta Errol Flyn izarren eskutik San Ferminak mundu osora zabaldu zituen, baina Mexikon filmatu zuten pelikula eta ez Iruñean. Filma girotzeko festa ezagunaren benetako irudiak grabatu zituzten arren, aktoreek Mexikon egin zuten lan eta horrek sinesgarritasuna kendu zion emaitzari. Hori bai, gutxienez Tyrone Powerrek film amaieran atseden hartzeko aukeratzen duen hondartza Miarritzekoa da. Henry Kingek San Ferminei buruzko bigarren film bat errodatu zuen 1957an, The Sun Also Rises, baina ez zuen aurrekoaren maila gainditu.

Urte haietan film aipagarri dezente ditugu. 1955ean, esaterako, Thunderstorm estatubatuarra estreinatu zen. Bertan, ekaitzak yate misteriotsu bat dakar arrantzale herri batetaraino. Herria egun surfagatik ezagunagoa den Mundaka dugu. Urte berean, Orson Welles zuzendari handiak The Basque Country eta Pelota Vasca dokumentalak egin zituen Around the world telebista saiorako, Nafarroan eta Iparraldean hainbat irudi hartuz. Hemengo giroa gustuko izan zuen nonbait, 1965ean, Falstaff (Chimes ant midnight) lana filmatzeko Orson Welles Euskal Herrira itzuli baitzen. Errodatutako irudiak Astoriako pantaila handian proiektatzea gustatzen zitzaiola dio Peio Aldazabalek.

Zerrenda kronologikora bueltatuz, 1957an Cary Grant, Sofia Loren eta Frank Sinatra aktore ezagunak Nafarroan izan ziren The Pride and the Passion laneko pertsonaia nagusiak interpretatzen. Urtebete beranduago, The Thunder in the sun pelikula bitxia zuzendu zuen Russel Rousek. Napoleonen inbasio garaian, Ipar Euskal Herriko familia batzuek Kaliforniara egingo duten bidaia du ardatz. Duela bizpahiru urte filma Euskal Telebistan ikusi zuenak gogoan izango du euskaldunetaz ematen den irudi xelebrea. Familiak gurdietan doaz, cowboyen antzera, eta denek txapela daramate. Kanpaldiaren eszena, adibidez, berezia da benetan: sua egin eta txaloak jotzen eta flamenkoa dantzatzen hasiko dira euskaldunak. Bat-batean, Ameriketako indioek erasoko dituzte eta euskaldunetako batek zesta-puntako saskiarekin sekulako harria botako dio indioetako bati, seko utziz. Beste cowboy batek irrintziaren bidez laguna ohartaraziko du gezi bat saihestu dezan. Izan ere, irrintziari esker komunikatzen dira eta filmeko euskaldunak irrintzika arituko dira gurdi batetik bestera, ulergarriak egiten zaizkien mezuak erraz interpretatuz.

Xelebrea da baita ere Sara Montiel aktore espainiarra gona estu batekin euskal jota dantzatzen ikus dezakegun filma. La Reina de Chantecler du izena eta 1962koa da. Bertan, Sara Montiel Oiartzungo festetara hurbilduko da eta pilota partidu bat ikustera joango da. Bitxia ezbairik gabe Espainiako aktoreak bere gazte garaian Oiartzungo estrak nola liluratzen zituen ikustea.

Gudarako aproposa

Chanteclerreko erregina paseatzeko leku aproposa izateaz gain, gerra-eszenak errodatzeko ere Euskal Herria toki egokia zela pentsatu zuten 60ko hamarkada bukaerako hainbat zine zuzendarik. Hala, Diego izeneko komunista bati buruzko La guerre est finie filma, esaterako, Hendaian kokatu zuten. Garai hartakoak dira baita ere Urbasa plato bilakatu zuten Battle of the Bulge, Patton eta Cromwell ekoizpenak. Tankez eta borrokalariz bete zituzten Nafarroako zelai zabalak. Cromwellek Karlos I.aren garaira garamatza eta beste biek II. Mundu Gerra dute gaitzat. Battle of the Bulgen, gainera, Henry Fonda aktorea azaltzen da. II. Mundu Gerrari buruz urte haietan estreinatutako beste filmetako bat The Battle of Britain ingelesa dugu. 1940an Ingalaterra nazien erasorako gertu dago. Etsai alemaniarren kuartela Donostian dagoela ez dakite, ordea. Filmerako, behintzat, Getaria kalea eta Askatasunaren hiribidearen artean dagoen eraikina esbastikekin apaindu eta nazien kuartel bilakatu zuten. Parean, metrorako sarrera irudikatu zuten eta estra donostiarrak makurtuz sartzen ziren gezurrezko metro geltokira. Naziek ere, dena den, arazoak izango zituzten Ingalaterra inbaditu nahi bazuten mapan kokatzeko. Urte gutxi batzuk lehenago estreinatutako Geheimnis des schuarzen spinnen film alemaniarraren arabera, Londoneko kaia Euskal Herrian bertan baitzegoen. Portugaleteko portuaz baliatu ziren hiriburu ingeleseko giro lainotsu eta misteriotsua irudikatzeko.

70eko hamarkadan murgilduz, lanen bat aipatzekotan Schaffnerren Papillon nabarmendu beharko genuke. Dustin Hoffman urte batzuk gutxiagorekin agertzeaz gain, Hondarribiako alde zaharreko txoko ugari eta portua argi ikus daitezke filmean, Deabruaren Irlara eramango dituzten presoen eszenan edota Papillonen ametsetan, esaterako.

80ko hamarkadan eta 90eko lehenengo urteetan, ugariak izan ziren Euskal Herriaren inguruko atzerriko dokumental eta pelikulak. Pilotari buruzko dokumental norvegiarra, Chillidaren inguruko dokumental ingelesa, Pierre Boutronen Fiesta filma edo Arthur MacCaig eta Stephane Gilletek zuzendutako Euskadi hors d'etat lan politikoa horren adibide dira. 1989ko beste Espainiako ekoizpen bitxi bat La blanca paloma izan zen. Gizarte gaiak jorratzen ditu eta Sestaon dago kokatua. Antonio Banderasek arazoak dituen gazte abertzale baten rola betetzen du. Banderas manifestazioetan Euskal Herriarentzat independentzia eskatzen ikustea bezain harrigarria gerta daiteke Paco Rabal aktore espainiarra euskaraz hitz egiten entzutea. Hizkuntzetarako gaitasunaz gain, Athletic-eko ezkutua ere erakutsi zuen Rabalek Estatu Batuetan errodatu zuen A time of destiny izeneko lanean.

Bond, James Bond

Azken urteei dagokienez, Espainiako hainbat produkzio-etxe Euskal Herrira batik bat ETAri buruzko filmak errodatzeko gerturatu diren arren (El viaje de Arián edo Lobos lekuko), bada besterik ere. Dudarik gabe, Michael Uptedek zuzenduriko The world is not enough superprodukzioa da zalaparta gehien sortu duenetakoa. 1999an estreinatu zen film honen hasieran, 007 agenteak salto egiten du bosgarren pisutik, atzean Bilboko Guggenheim eta Puppy txakurra dituela. Garabiak, udaltzainak eta Pierce Brosnan ikusteko irrikitan zegoen jende multzoa ez zen kamera aurrean agertu, baina egun hartako protagonistak izan ziren. Are ikusgarriagoak dira pelikula bererako Bardeetan errodatutako eszenak. Azerbaijaneko txoko ezezagunen bat irudikatuz, petrolio-hodia eta ikerketa nuklearrerako gordelekua leherrarazi zituzten. Oraingoan, 450 estrek parte hartu ahal izan zuten eta udaltzaingoaren ordez guardia zibila aritu zen lanean. Gainera, Nafarroara Denise Richards aktore ederraren konpainian hurbildu zen Brosnan.

Hala ere, hori ez da izan agente ingelesak Euskal Herriarekin izan duen lehenengo harremana. 1964ko Goldfinger delakoan, orduan Bond jauna Sean Connery zelarik, Euzkadi hitzaren graffitia ageri da filmaren hasierako tabernan. Lan taldeko euskaldunen batek egina, agian? Antzeko zerbait ikus daiteke sagu txiki bati buruzko Stuart Little ekoizpen estatubatuarrean. Pelikula honetan, ikurrina azaltzen da beste hainbat banderen artean.

Ziur, gisa honetako xehetasun ugari bidean utzi ditugula, baina ez da erraza Euskal Herriko paisaiak dauzkaten filmen pista jarraitzea. Batzuk, gainera, desagertuta daude edo ezezagunak dira. Duela urte eta erdi, adibidez, 15 minutuko pelikula alemaniar ezezagun bat Euskadiko Filmategiaren eskuetara iritsi zen. Txofre auzoko zezenketa bat eta Lasarteko auto lasterketa azaltzen dira bertan eta baita Konstituzio plazako Kasino ohian jendea dantzan eta afaltzen. Peio Aldazabalek kontatu digunez, filma zaharberritzen ari dira eta urtea zehazteko 1924az gerokoa ez dela badakite behintzat, urte hartan jokoa debekatu baitzuten eta zintan Kasinoa agertzen da. Dirudienez, aspalditik dira hemengo parajeak plato bilakatzeko egokiak. Euskal Herriko estrak presta daitezela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-11-27 | Onintza Enbeita
Aran Calleja. Filmetako musika egilea
“Musikan, emakumeok lan handia egiten ari gara ikus gaitzaten”

Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]


Fermin Muguruza
“Aldatzeak eta mugitzeak pizten dit grina”

Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]


‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


Bazterkeria egoeran dauden pertsonen inklusioa lantzen duen zinema festibala abian da Bilbon

Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.


2024-10-23 | Julene Flamarique
Zinebik 44 herrialdetako 132 film proiektatuko ditu Bilbon astebetez

Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.


2024-10-21 | Zuzeu
47. Euskal Zine Bilerak aurtengo Urrezko eta Zilarrezko antzarak eman ditu

Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-14 | Leire Ibar
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 47. edizioa du aste honetan

47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]


2024-10-11 | Uriola.eus
Ezkutuan dagoena pantailetara ekarriko du Bilboko “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak

Urriaren 10etik 17ra garrantzi eta gaurkotasun handiko gai sozialen inguruko hausnarketa era kontzientzia kritikoa sustatzen duten 81 film erakutsiko ditu Bilbon Zinema Ikusezinak. “KDC” (Kultura, Komunikazioa eta Garapena) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak... [+]


2024-10-11 | Sustatu
Nostalgia baino gehiago: Son Goku euskaraz hasi zenekoa

Joan den astean bete ziren 35 urte Son Gokuk euskaraz lehen aldiz egin zuenekoa. 1989ko urriaren 4an izan zen ETB1n Dragoi Bola ematen hasi zirela (1984an abiatu zen anime hau Japonian) eta hura gogoratzeko ekitaldia egingo da Donostian urriaren 20an, igandearekin, lehenbiziko... [+]


2024-10-09 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Euskal

Donostiako Zinemaldiak euskal zinemaren ospakizun ekitaldian euskal zinemak euskara gutxi duela esan zuen Edurne Azkaratek eszenatokiaren mikrotik, ozen. Esaldiak burrunba egiten du egiazkotasunagatik. Arkitekturaren eszenan antzerako lema errepika daiteke eta ziur naiz beste... [+]


‘Irati’ pelikula EiTBren Primeran plataformara heldu da

Euskarazko film batek inoiz zineman izan duen ikusle kopururik handiena du Irati filmak: 160.000 pertsona.


Eguneraketa berriak daude