argia.eus
INPRIMATU
Bero-beroan
2021eko uztailaren 27a

Iztueta, 157 irakasle eta sinbolismoa

Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako mamuetakoa .izan da Brunete mediatikoa deitu izan den horren begietara. Ibarretxe lehendakaria beraren ondoren, Eusko Jaurlaritzako pertsonarik zigortuena. Azken ika-mika gogorra, orain arte hizkuntz eskakizuna lortu ez duten 157 irakasleen auziarena da eta halako gai arantzatsuetan sarri gertatzen ez den bezala, erronkari eutsi dio eta, oro har, hizkuntzarekin konpromisorik sendoena duten euskalgintzaren sektoreak pozik agertu dira arazoaren kudeaketan erakutsi duen jarreragatik. Euskalgintzan dihardutenek ez dituzte datu gehiegirik behar irakasle talde honek eta euskal gizarteko zenbait sektorek euskararekiko duten jarrera ulertzeko, baina, gizarte osoari begira, bistan da datuok berak lehen lerrotik eskaintzean asmatu egin duela. Hizkuntz normalizazioa hizkuntz gatazka da ezinbestean, eta halako auzia dagokion bezala defendatzea sinbolikoki funtsezkoa da, urratsak eman bai, baina egoera oso zaila bizi duen euskararen berreskurapen prozesuarentzat.


Garai berrien usainean

Hauteskunde atarikoak apirilaren 17tik haratagoko eszenatokia desitxuratzen du, baina denak ematen du aditzera datozen hilabeteak azken 20 urteotako garrantzitsuenetakoak izango direla. Ibarretxe Plana, Anoetako Proposamena, herri kontsultaren inguruan egituratutako abertzaleen foro berria, distentsio eskaerak, Batasuna eta PSOEren arteko harremanak, Zapatero presidentearen adierazpenak, euskal presoak lehen lerroetan jartzeko egiten ari diren ahaleginak... eta oraingoz, propaganda mediatikoak kontrakoa erakutsi nahi badu ere, ETAk ez duela ez inor hil, ez inor modu gogorrean zauritu. Horra hor osagai mordoxka. Horrek guztiak ez du adierazten gatazkaren konponbidearen ateak batetik bestera zabalduko direla, baina bai garai berriak datozela, nahiz eta zaila den zehaztea zer nolako garaiak. Aberri Egunari begira eta batez ere hauteskundeen ostean, seguruenik hobeto irudikatuko da hau guztia.


PSNren ele-meleak

Euskararen gaiak eta Konstituzioaren 4. Xedapen Iragankorraren gaiak (EAEkiko nahi dituzten harremanak nafarrek zehaztuko dituztela zehazten duena) PSNren etengabeko norabide desberdinen adierazle esanguratsuenetakoak dira. Euskararenean, egungo zuzendaritza UPN atzean uzten ari da zenbait gaitan, nahiz eta bere baitako sektore batzuek proposamen interesgarriak egin dituzten (batez ere D eredua Nafarroa osora zabaltzeko aukerarena). Xedapenari dagokionez, ‘orain ez‘ dio, eta aldaketa bultzatzeko une aproposenaren bila dabil.


Marbella eta Murtzia, zenbait parekotasun.

Europako herrialde desberdinak lotzen dituen diru zuriketarako sare erraldoia desegin dute Marbellan. Diru beltza bere kaxa barra-barra mugitu da bertan, eta hori bakarrik gerta daiteke sistemaren estamentu askok, dauden berme eta kontrol neurriekin malgutasun handiz jokatzen badu. Javier Ortiz kazetariak, El Mundoko bere zutabeetako batean Murtziako kasua aztertzen du eta hausnarketarako gai interesgarria eskaintzen du: Murtziako hiru sektore klabetan »eraikuntza, nekazaritza eta zerbitzuak» langile inmigranteen erregularizazio prozesua gelditu egin da, enpresarien oso sektore garrantzitsuak hortik etekin handiak ateratzen dituelako. Horren ondorioz, azken urteetan Murtziak hazkunde ekonomiko oso handia izan du. Enpresari askok etekin handiak egiten dituzte, eta agintariak ere »nagusienak PPkoak» pozarren dira egoerarekin. Baina agintari hauek, hautesle askoren sostengua ere badute eta, besteak beste, herritarrak beldur dira legearekin zorrotz aritzeak ekar dezakeen ekonomi moteltzearekin. Non da moraleja? Batez ere klase ertainetako hautesleriaren multzo handi baten konplizitaterik gabe, agintariek ezingo luketela horren arin ibili, horrenbeste diru beltz sortzen duen sistema babestu eta, beraz, delinkuentzia zurirako humus aproposena sortu.


Ikasle etorkinak gaztelania ikasi gabe geratuko diren beldur

EAEko Auzitegi Nagusiak indarrik gabe utzi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2003an jarritako plana. Eskolan epez kanpo ikasten hasten ziren haur etorkinei B eta D ereduak gomendatzen hasi ziren. Auzitegi Nagusiak esan du orain, bide hori jarraituta A eredua baztertu duela Hezkuntza Sailak, alegia, ama hizkuntza gaztelania ez duten haur etorkinak hizkuntza hori ikasi gabe geratzeko arriskua dagoela. Anjeles Iztuetaren sailak abian jarritako planak hautsak harrotu zituen bere garaian, ez hizkuntz eredu kontuengatik, Espainiako autonomia erkidegoetatik etorritako haurrak izendatzeko «etorkin» hitza erabiltzeagatik baizik.


UPNrentzat ez dago hizkuntz normalizaziorik normalizazio demokratikorik gabe

Alderdiaren VII. kongresuan onartutako txostenak dio lehenengo oinarrizko eskubideak bermatu behar direla, hala nola, berdintasuna, justizia eta askatasuna. Hizkuntza bigarren mailako eskubidetzat jo du. Euskararen normalizazio kontzeptua ez zaio batere gustatzen UPNri, gizartearen eta herriaren gehiengoaren borondatea ez delako hori, eta beraz, horien eskubideak urratzen ditu. Euskara nazionalismoak bahituta daukala dio alderdiak eta askatu egin behar dela. Kontuak kontu, UPNk dio euskararen alde eta herritarrak euskara ikasteko duen eskubidearen alde dagoela.


Blogak eta Garagardoak topaketa Elgetako Kafe Antzokian

Elgetako Espaloia Kafe Antzokiak pentsatu du euskaraz ari diren bloglariek elkartzeko premia badutela, nahiz eta hasiberriak izan. Apirilaren 17an, hauteskunde egunean, egin dute hitzordua eta noski, Internetez emaitzak jarraitzeaz gain, blogosferari dagokion edozeri buruz hitz egiteko astia izango da. Blogs&Beers (Blogak eta Garagardoak) izeneko topaketak egiten dituzte munduko bloglariek, eta Elgetakoa, euskaraz aritzen direnen lehenengoa izango da.
Euskaldunduko duen eskola


aldarrikatu dute Iparraldeko irakasleek

62 irakasle elkartu dira; eredu publikokoak, pribatukoak eta Seaskakoak, denak bigarren mailakoak. «Zenbat euskaldun sortzen ditu eskolak?». Funtsezko galdera horri erantzutea uko egiten omen zaio. Arduradun politikoak baikorregi sumatzen ditu irakasle taldeak eta errealitatea bestelakoa omen da. Hainbat neurri eskatu dizkio botere publikoari: euskararen ofizialtasuna, ikasleak benetan euskaldunduko dituen eredua garatzea, euskarak ordu kopuru berezia izatea, besteak beste. Irakasle taldeak Frantziako Hezkuntzako ordezkaritzarekin eta Euskara Erakunde Publikoko arduradunekin elkartu nahi du datozen asteetan.