argia.eus
INPRIMATU
Zer da: Arrisku kapitaleko beste funts batzuk
Daniel Udalaitz 2021eko uztailaren 27a

Eusko Jaurlaritzak sektore estrategikoetan inbertitzeko duen SGECR sozietatearen mendeko arrisku-kapitaleko gainerako funtsak hauek dira: Suztapen FCR, Elkano XXI FCR, Inversión en Empresas Digitales FCR, MCC Desarrollo SPE S.A. eta MCC Innovación SPE S.A. Suztapenek, 2003ko abenduaren 31n, 26,3 milioi euroko kapitala zeukan gestioan, eta finkatuta edo hedatze lanetan dauden enpresetan dago espezializatua. Data horretan, hiru enpresatan partizipatzen zuen, 14 milioi euro baino gehiagorekin. Elkano XXI FCR goi-mailako teknologiako enpresetan aritzen da, eta ia 12 milioi euroko funtsa zeukan baliatzeko. Aldea Domótica S.L. eta Esociosonline S.L. enpresetan partizipatzen du. Enpresa digitaletan inbertitzeko funtsak enpresa partizipatu bakarra dauka, Diana Tecnología S.L., hizkuntza prozesatzeko teknologia garatzen duena. Azkenik, beste bi funtsak Arrasateko MCC korporazio kooperatiboarekin daude erlazionatuak. Batak, MCC Desarrollo SPE S.A.k (enpresak promozionatzeko sozietatea), 2003ko abenduaren 31n, 48 milioi euroko kapitala zeukan kudeatua, eta Eusko Jaurlaritzak dauka haren %30a, Socaderen bitartez. Besteak, MCC Innovación SPE S.A.k, ia sei milioi euro ditu, eta han ere sartua dago, Socaderen bitartez, ia %50arekin.