argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21a

Itsaso izoztuen aztarnak
Planeta gorriaren ekuatore inguruko eremu lauan Ipar Itsasoa adinakoa omen zen ozeano izoztuaren aztarnak topatu dituzte. Aipatu eremuan inoiz ura jariatu zen eta azkar izoztu ere bai, eta horrela, posible izan daiteke bizia izatea lurrazalean edo honen azpian, Mars Express-eko ikerlari den John Murray-ren arabera. Iritzi honen oinarria orain bi aste Mars Express espaziontziak bidalitako irudien analisia da.
Murrayk dioenez "eremu horretan ura eta izotza milioika urtetan izan dira". Murray Ingalaterrako Milton Keynes-en dagoen Open University-ko ikerlari eta bulkanologoa da eta azpimarratu duenez "aztertzen segitu behar dugu, bizia topatuko baitugu".
Beste ikerlari batzuk ez dira hain baikorrak eta diotenez itsaso honetan laba eta ura nahasturik izango ziren garai batean, bizi-aukerari trabak jarriz.
Murray ez dago ados iritzi hauekin eta kraterren tamaina nabarmentzen du uraren teoria sostengatzeko. Oso krater txikiak direnez, ezingo zen labarik egon, zeren eta laba isurtzen den kraterretan laba bertan finkatzen baita mendi garaiak sortuz. Kraterrak dauden mendien altuera 30 eta 45 metro artekoa da eta horrek adierazten du ez dela material solidorik bertan finkatu.

Toutankhamon ez zuten erail
Toutankhamoni egin berri dioten eskaner baten arabera, eta uste zenaren aurka, ez zen eraila izan. Orain arte ezker belarriaren atzean zauri baten aztarnak zeudela zioten egindako hainbat erradiografiek, baina eskanerrak ezeztatu egin ditu emaitza horiek eta itxuraz, osasun ona zuela baieztatu du.
Beraz, 8 urterekin faraoi izatera iritsi eta 18rekin hil zen Tutankhamonen heriotzak misterio izaten jarraituko du.

Gihar artifizialak
Urteak dira gihar artifizialak deiturikoak ikertzen ari direla. Ikerketa hauetan beste urrats bat eman nahi da, robot besoaren eta giza besoaren arteko pultsua jokatuz.
Hiru diseinuk aurre egingo diote 17 urteko gizaseme bati. Ez dakigu txanda honetan nor aterako den garaile, baina garbi dago zein den helburua: giza besoa baino indartsuagoa den beso artifiziala sortzea.
Erronka orain sei urte planteatu zen. Garai hartan Jet propulsion Laboratory-ko Yoseph Bar-Cohen fisikaria polimero elektroaktibo deiturikoekin lanean hasi zenean, ez zuen emaitzarik espero gutxienez hamar urte igaro arte, baina teknologiak uste baino azkarrago egin du aurrera eta hil honetan hiru ekipo aurkeztuko dituzte bere besoek. Bat Nuevo Mexikokoa da, bestea Suitzakoa eta azkena Virginiakoa. Lehen biek plastiko eta polimeroetan oinarritutako teknologia erabiltzen duten bitartean hirugarrenak gel eta zelula elektrokimikoetan oinarritutako zuntzak erabiltzen ditu.
Ea hil honetan bertan emaitza emateko moduan garen.