Joxe Mari Lopetegi: Irungoa, errepublikarra eta bertsolaria

  • Irungo bertsolari errepublikarra. Oraindik indarrean dauden hamaika mito hausten ditu Joxe Mari Lopetegiren figurak. Horrexegatik, gerrak eta herbesteak ahaztuarazi zuten lehenik eta geroztik bertsolaritza arakatzen aritu direnek «ixildu». Oso garbi du hori Joxan Elosegik, Lopetegiren bizitza eta lana biltzen dituen liburuaren egileak: «Ezinezkoa da Antonio Zavalak ez ezagutzea. Txirritak erreferentzia egin zion eta Basarrik ere bertsoak idatzi zizkion, bereei erantzunez. Arrazoi ideologikoegatik ixildu du, apaizak gehiegi maite ez zituelako».

2021eko uztailaren 19an
Orain 12-15 urte ekin zion artxiboak miatzeari Joxan Elosegik. Errepublikarren aldizkarietan esateko zuena bertsoz ematen zuen irundar ezagunaren produkzioa biltzen hasi zen. Familiarengana jo zuen material gehiagoren bila, baina bere bertso kaierak erbestean, Arruetako etxean galdu omen ziren. Bat-bateko bertso bakarra biltzea lortu du, Joxe Mari Telletxeak bere aurrekoei ikasitakoa. Bat-bateko bertsorik gorde ez denez, jende batek dudan jarri du Lopetegiren bertsolari izatea bera. Elosegik azpimarratzen duenez, ordea, «hori gezurra da. Kantatu egiten zuen, mitinetan. Berak bere burua ikusten zuen bertsolari eta bertsoak ahalik eta ederren eman nahia sumatzen zaio. Kontziente zen tabernan jardunda bakarrik alferrik dela, bazuen oso mezu argi bat». Ez dirudi garai hartako beste bertsolari ezagunekin kantatu zuenik. Tabernan eta soziedadean kaleko jendearekin, erdi bertsolariekin, egingo zuen bertsotan. Lopetegik ziurtatzen duenez, «Isildu badute ere, oso bertsolari ospetsua zen».

Bertsolari politikoa

Bakarka edo Andonegi mitinlari errepublikarrarekin aritzen zen bertsotan mitinetan. Bertsolari politikoa zen, zentzu modernoan, militante zentzuan. Ideia baten zerbitzuan jarri zuen bere sormena. Zergatik eman bertsoz mezuak? Elosegik azaltzen duenez, «nik uste Lopetegirengan berak egindako aukera dagoela. Agian izango zuen gaitasuna diskurtsoa hitzez egiteko, baina ez zuen nahi izan eta bere burua bertsolari ikusten zuen. Bertsolaria errespetuz hartzen zuen publikoak, eta aldi berean, entzuleak bertso bat jasotzean ‘gure hizkuntzan ari da, eta gure mailan jarri da’ sentitzen zuen. Apaizaren sermoiaren kontraposizioa da. Bertsoa hurbiltzeko, adierazteko modu zuzenena da eta gainera entzuleak nortasuna onartzen dio bertso emaileari, autoritatea, larderia. Eragina sekulakoa da».

Herritarrak identifikatzeko gaitasun hau dela eta, Elosegik ohartarazten du: «Askotan sumatzen da Lopetegi ez ote zuten erabili errepublikanoek berek ‘kaxerito’ moduan, nahiz bera baserritarra ez izan, nolabait esatearren, bertsolariaren funtzio diglosikoan: ‘Zu erdaraz ez dakien jende horrekin molda zaitez, esan beharrekoak esan, eta gero geuk egingo dugu gurea’». Hala ere, Elosegik azpimarratzen du: «Irunen behintzat, euskalzaleago agertu zen ezkerra eskuina baino. Prentsan ere sumatzen da begirune handiagoa euskarari errepublikanoen aldetik, eskuinaren aldetik baino. Eta eskuindarren barruan daude lehen nazionalistak».

Mitoak hausten dituen pertsona

Joxe Mari Lopetegik historia eta euskaltasuna birplanteatzeko bide ematen duela argi du Elosegik: «Fetitxe hutsa da lehen nazionalistek, bizkaitar sabinianoek zabaldu zutena: gure jatorria da baserria, gure euskararen tradizioa hortik dator... Hori gezurra da. Fetitxe horretaz baliatu da ideologia espainola ere. Gure jatorria baserria bada, horrela da XIX. mendean jende gehiena zelako nekazaria. Baina hori horrela da hemen eta Alemanian. Euskaldunaren jatorria ez da baserria, eta euskara ez da tradizioa. Bertsolaria, eta hizkuntza garbia baserritik etorri zaigula gezurra da. Eta Lopetegik hautsi egiten du eskema hori». Modernotasuna gaztelerarekin lotzea ekarri du horrek, Elosegik nabarmentzen duenez: «Gure benetako drama euskal hiria da. XIX. mendeko gure hiri txiki horiek euskaldunak ziren, Gipuzkoan, behintzat, guztiak. Gure modernotasunaren sorburua hortxe zegoen, eta moztu egin digute». Ideologiaz ere, ezker abertzalearentzat kontuan hartu beharreko erreferentzia da, Elosegiren hitzetan: «Nik nire aurreko politiko ideologikoen artean Lopetegi sartuko nuke. Historia abertzalean, Santa Kruz apaiza asko aipatzen da, eta karlistetatik zetozela lehen abertzaleak... Hori dena gezurra da. Gure arbaso politikoak ez daude hor. Beste zerbait ere gertatu zen. Kontuan hartu behar dugu gure aurretik gertatu den guztia, eta bizi izan ziren guztiak nolakoak ziren».

Txirritaren erretratua
Zenbait bezela alperkeriyan
ez da egoten oyian
mentendu ona kastatutzen da
oyen etxeko mayian
aste guziya lanian pasa
diskurtsuetan jayian
bere barrengo sentimentuak
adierazi nayian

1931ko abenduaren 13an Lopetegiri egindako omenaldia zela eta, Txirritak Bertsolariya aldizkarian jarritako sortako ale bat da goikoa. Txirritak bertsoz egindako erretratuak islatzen du ondoen Lopetegi, Elosegiren ustetan: «Lopetegi Txirritaren lagun handia zen. Beharbada, garai batean lanen bat edo emango zion, kontratista baitzen, eta oso gizon irekia».

Ekaitza
1936an erbestetik idatzitako sortak kontatzen du frankistek Irun nola hartu zuten, eta bukaera denetan suspiratzen hil zioten semea. Horra lehen eta azken bertsoak:

Uztaillaren emeretzia
egun beltz ta pozoitsua,
ezagutzen zan bazetorrela
ekaitzakin erasua;
berialaxe nabarmendu zan
tximista gaixtuan sua,
odol gorrituz gainbera asi zan
ugaldero Bidasua,
amaika amaren seme galdu da
ai, seme gizagaixua!

Falankistakin reketetarrak
zer gizarte indartsua,
beren laguntzaz zeukatelako
militar gaizto faltsua!
alkarrengana bildu dirade
bekaizkor ta xitaltsua,
aurrera goazen alkarturikan
anai pizkor bulartsua,
ama Euzkadik lagunduko du
aurrera seme gaxua!

1935, lehen Bertsolarien Eguna
Lopetegiren garaian bertsolarien irudia zarpail, mozkorrarena zen, bera kaletar kontratista zen arren. Testuinguru horretan ospatu zen lehen Bertsolarien Eguna. Elosegik azaltzen duenez, «Antolatzen, ideologikoki Aitzol ibiliko zen, alderdia ere bai, jakina, eta bitarteko erabili zuten Euskalzaleak Elkartea. Elkarte horretako kide zen Lopetegi. Baina nahi izan zituzten bertsolariak eraman zituzten, argi edukita nor bultzatu behar zuten: Basarri». Basarri gaztea zen, ikasiagoa, itxura zibilagoa zuen... Elosegik argi du, Bertsolarien Eguna antolatu zela «bertsolarien munduan ordena jartzeko, orduan hasi zen bertsolariaren irudi berria zabaltzen. Lopetegi bezalako bat ez zitzaien interesatzen».

Joxe Mari Lopetegi (1875-1942): Bizitza harrigarria
1875ean jaio zen, 7.000 biztanleko Irun euskaldunean. Lanbidez igeltsero eta kontratista, obra bukatu osteko afarietan kantatu ohi zuen, eta kantatu ez ezik, baita dramatizatu ere. Grazia handiz imitatzen omen zituen gizon-emakumeen ahotsak.

Ekintzaile errepublikano sutsua zen, eta 1912-1921 urteen artean Irungo zinegotzi aritu zen. Herri lur eta herri lanen ardura zuen, eta basoberritzea ere izan zen berak zuzendutako lana.

1931ko abenduaren 13an omenaldia egin zioten.

1931-1933 artean errepublikanoen mitinetako bertsolari ofiziala izan zen Gipuzkoan eta Nafarroako iparraldean.

1936ko irailaren 4an, 45 eguneko setioaren ostean frankistek Irun hartzeko bezperan, Hendaiara jo zuen familiarekin. Erlaitzeko frontean sei semeetatik bat galdu zuen. Otarregile aritu zen erbestean. Hendaiatik Lannemezanera jo zuten eta handik Behe Nafarroako Arrueta-Sarrikotara.

Arruetan hil zen, 1942an. Alarguna Irunera itzuli zen, eta frankistek 125.000 pezetako isuna eskatu zioten familiari, «erantzunkizun politikoak» zirela-eta. Alargunak Lopetegik utzitako bi etxeak saldu behar izan zituen ordaintzeko.

Bertsoz zabaldu zituen bere ideiak. Aldizkari hauetan argitaratu zituen sortak:
Irun Republicanon, lan gehienak, 1931-1933 urte artean.
La Frontera Republicanan, baina ale gehienak galdu egin dira.
Euzkadi en Catalunyan, erbestetik
Tierra Vasca ANV-EAEkoen egunkari abertzalean
El Bidasoan, gauza bakan batzuk.
Euzko Deyan, azken sortak.

Aipamen nagusiak:
Txirritak bertsoak jarri zizkion, bere omenaldiaren bueltan eta Buenos Airesko Euzko Deyan ateratako bertsoei bertsoz erantzun zien Basarrik.


Azkenak
Osakidetzan egiturazko eta egiazko konponbideak eskatu dituzte Gasteiz, Bilbo eta Donostian

Milaka pertsona kalera atera dira larunbatean, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari "konponbide errealak" eskatzeko, Osakidetzaren arazo estrukturalak konpon ditzaten.


Aroztegiari ezetz esan dio jende oldeak Iruñean, eta auzipetuen absoluzioa eskatu du

Milaka eta milaka lagun elkartu dira larunbat bazkalondoan Iruñean, Baztango Aroztegiaren makroproiektuari aurkakotasuna adierazteko eta maiatzean epaituko dituzten zazpi auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Bideoz grabatu dugu amaiera ekitaldiko hitzartzea [albistearen... [+]


Bonus track: non dago saria?

Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira,... [+]


Argia Sarien kronika
Galga azkartasunari

Gauzak bizi eta azkar aldatzen badira ere, zenbait kontu ez dira aldatzen: Argia Sarien ekitaldia da horietako bat. Horixe esan dio kronikagile honi beharrera etorri den kanpoko kazetari batek, ARGIA asko aldatu dela esatearekin batera, sari-banaketa hasi aurretik. Onerako ari... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Oroibidea

Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Banatu ditugu euskarazko komunikazioaren 2025eko Argia Sariak

Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]


2025-01-31 | ARGIA
ARGIAko lantaldearen mezua: Mundu ilunean, ARGIA gehiago

Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:

"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak

Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.


2025-01-31 | ARGIA
Entzunezko Argia Saria: BaDA!bil podcasta

Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura

EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]


Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Eguneraketa berriak daude