Lauaxeta filmeko pasarte batean, Mungiako poeta (Xabier Elorriagak antzeztua) egunkari bateko erredakzioan dago, Durangoko bonbardaketako argazkiei begira. Halako batean, kazetari ingeles bat atetik sartu eta zigarro bat eskatzen dio Lauaxetari; ondoren, tabernara joatea proposatzen dio. Hona euskaldunaren erantzuna: «Mesedez, ez alferrik jarri zeure burua arriskuan. Timeserako idazten duzuna beharrezkoa dugu».
Kazetari ingeles hura George Steer zen. Pasartearen kontakizuna Crónica desde Guernica (George Steer, corresponsal de guerra) liburutik atera dugu. Gaur ia inor ez da Steerez gogoratzen, baina pertsonaia garrantzitsua izan zen Espainiako Gerra Zibilean (eta baita beste gerra batzuetan ere). Kronika mordoa bidali zuen Iberiar penintsulatik Times egunkarira, beti ere egiaren bila baina sekula ez objektibotasunari men eginez. Euskal Herrian izandako denboran, Steer argi eta garbi lerratu zen euskal abertzaleen alde.
Faxismoaren aurkako abenturazalea
George Steer Ingalaterratik kanpo jaiotako ingelesa zen, XX. mende hasieran, britaniar inperioak artean zutik zirauela, ohikoa zenez. Hain zuzen, Hegoafrikako East London hirian munduratu zen, eta Afrikan bertan eduki zuen bere lehen lana gerra korrespontsal gisa, Etiopian, bertakoen eta italiarren arteko gatazkan. 1935 urtea zen. Aurretik, ordea, Ingalaterrara bidali zuten ikasketak egitera, hamaika urte baino ez zeuzkala; halaxe lortu zuen, geroago, lanpostu bat Londresko Times ospetsuan. Bere lehen gerra hartan, Steer etiopiarren alde agertu zen. Faxismoaren aurkakoa zen erabat, eta bere lehen kronikek italiarren zenbait jardun salatu zituzten; besteak beste, nazioarteko hitzarmenek debekatutako gasak erabiltzea. Afrikan ikusi zituen gerra taktiketako asko inoiz Europan erabil zitezkeela igarri eta iragarri zuen, batez ere abioiak erabiltzea hirietan bonbardaketak egiteko.
George Steeren bigarren gerra -korrespontsal modura- Espainiako Gerra Zibila izan zen. Timesek Euskal Herriko Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko mugara bidali zuen lehenbizi, behatzaile gisa jardun zezan. Lehen borrokaldiak, gerra hasi berri zegoela, Biriatuko hotel batetik ikusi zituen, beste zenbait lankiderekin batera. Hilabete bat geroago, Timesekin zeukan kontratua eten zuen, Caesar in Abyssinia, Etiopiako gerrari buruzko liburua, amaitzeko denbora behar zuela argudiatuta. Liburu hori Espainian amaitu zuen, «nazionalen» eremuan hain zuzen, eta hantxe eman zituen gatazkako lehen hilabeteak »1936ko azkenak», hara eta hona bidaiatuz eta gerraren sarraskiak bere begiz ikusiz. Azkenik, alde egin zuen, edo frankistek bota zuten, hori ez da lar argi geratzen Crónica desde Guernica liburuan. Kontuak kontu, Steer benetan eroso zegoen lekura joan zen: errepublikazaleen menpeko Euskal Herrira.
1937ko urtarrilean, George Steer Bilbora heldu zen, itsasontziz. Bera izan zen Bizkaiko hiriburura »artean «nazionalek» guztiz inguratutakoa» sartu zen lehen atzerriko korrepontsaletakoa. Hainbat hilabetetan zehar, kronika ugari idatzi eta bidali zituen Timeserako, baina Gernikako bonbardaketari buruzkoak izan ziren, ezbairik gabe, entzutetsuenak.
Heriotz zaparrada
Steer Gernikatik hurbil zegoen Legión Cóndor delakoak foruen hiria suntsitu zuenean. Berak ere, beste kazetari batzuekin batera, bere burua babestu behar izan zuen airetik zetorren heriotz zaparradaz, bonba batek egindako zuloan ezkutatuta. Baina artean ez zekiten zer gertatu zen. Kazetariak Bilbora itzuli ziren, eta Steerek, orduan idatzitako kronikan, garrantzi handiegirik eman gabe aipatu zituen frontean izandako bonbardaketak.
Apurka-apurka, Gernikan jazotakoaren berri zabaldu zen Bilbon zeuden atzerri korrespontsalen artean. Afaritan, hiri osoa sutan zegoela jakin zuten, eta denak abiatu ziren harantz ziztu bizian. Albistea lehenbailehen bidali nahi zuten. Steer izan zen itxaroten jakin zuen bakarra. Erasoaren biharamunean, Bilbora iristen ari ziren errefuxiatuekin hitz egin zuen, eta gero Gernikara itzuli zen, hiria egunaren argitan ikusteko. Bonbardaketaz idatzitako kronika Gerra Zibileko polemikoena izan zen, Nicholas Rankinen esanetan.
Alemaniarrak salatu zituen
Askoren ustez, Steerek beste inork baino hobeto asmatu zuen hiriak bonbardatzeak ekar zitzakeen ondorioak agertzen. Bestalde, ez zuen zalantzarik eduki Gernikaren aurkako erasoaren egileak nortzuk ziren adierazteko. Hurrengo egunetan, George Steerek alemaniarren parte-hartzea frogatzen zuten hainbat artikulu argitaratu zituen; alderdi frankistatik bidalitako informazioek sarraskiaren erantzukizuna gorriei leporatzen zietela ikusita, Timesek telegrama bidali zion Steeri, bere tesiaren aldeko froga sendoagoak bidal zitzan. Halaxe egin zuen.
Gernikako suntsiketaren gainekoak George Steerek Timesentzat igorritako azken kroniketakoak izan ziren. Azkenean, agertzen zituen iritziak deseroso suertatu zitzaizkion egunkariko zuzendaritzari »askoren ustez, Francoren garaipena nahi zuten haiek». 1937an Euskal Herritik alde egin zuen, Hegoafrika sorterrira itzultzeko; hiru urte geroago, kazetari lanak utzi eta soldadu sartu zen ingeles ejertzitoan. Indian hil zen, 1944an, 35 urte besterik ez zituela, auto istripuan. Kronika mordoa ez ezik, sei liburu utzi zituen ondare. Bigarrenak The tree of Gernika du izena.