argia.eus
INPRIMATU
Abertzaletasuna versus Nazionalismoa?
Imanol Alvarez 2007ko otsailaren 21
Betidanik badakit jakin "-tasunak" eta "-keriak" daudela. Baita lehenak onesgarri -edo kasurik txarrenean neutro- diren neurrian, bigarrenak gaitzesgarri direla ere jakin dut.

"-Ismoak" egon bazeudela ere banekien, baina ez, aldiz, "-ismo" horiek "-keriak" bezain arbuiagarriak omen direnik.

Aurreko artikulutxo batean aipatzen nuen nola hainbatek zioen, Madril aldetik batez ere, laikotasuna errespetagarria litekeela, laizismoa ez, ordea. Nire ustez astakeria galanta, mendetan ofizialki konfesionala izan den -eta de facto oraindik den- gizarte batek laikotasunera heltzeko ezinbestez pasatu behar baitu laizismoaren geralekutik. Artikulu berean nazionalismoarekiko paralelismoa egiten nuen, nazio bezala aitortua ez dagoen nazioaren alde borrokatzen duenari nazionalista esan ohi zaiola gogoratuz.

Batzuen iritziz, alabaina, gauzak ez dira horren sinple.

Lehengo egunean katolikoen buruak, hots Aita Santuak, ustez idatziriko bosgarren liburuko pasarte batzuk irakurri nituen eta baita nahiko gauza bitxiak aurkitu ere.

Memoria eta Identitatea du izena eta, besteak beste, Gaizkia Europako demokrazietan ezkutaturik dagoela dio. Hirugarren Reich-a, esate baterako, demokratikoki hautatua izan zela eta milaka lagun hil zituela oroitarazten digu lasai asko. Antza denez, elizak nazismoarekiko izan zuen oldarkortasun eskasa eta faxismoarekin oro har izan zuen inplikazio eskandalagarria ahaztu egin ditu. Gero, parekidetasun nabaria adieraziz, oraingo demokraziek ere milaka lagun hiltzen dituztela diosku, jaio zein jaio gabeak, abortua, eutanasia, maitasun librea, antisorgailuak eta ezkontza homosexualak legeztatzean. Era berean, lehen Espainia izan zen bezala, orain erreserba espirituala ekialdeko Europa dela ere esaten du. Beraren iritziz, burugabekeria hauen guztien erruduna Descartes gaixoa izan zen, zeren berak esan baitzuen esaldi famatua: "Pentsatzen dut, beraz banaiz". Horra hor bekatu larria: ez omen gara pentsatzen dugulako, baizik eta ez dakit zein jainkok sortu gintuelako.

Geroxeago, gaur hizpide dugun harira, aberri eta nazioez hitz egiten du liburuan. Berezko duen senaz, eta gure harridurarako, abertzaletasuna oso onesgarria dela dio -"Familia bezala, nazioa eta aberria ez dira ordezkagarriak"-. Herri txikiek egitura supranazionalen hedaduraren aurrean erne egon behar dutela eta nazio kontzeptuak gizarte baten nortasun kultural eta historikoa babesten duela ere esaten du Wojtylak, baina -nonbait egon behar beti bainaren bat- norberaren herria maitatzea "ezin da nazionalismora degeneratu". Akabo! Badirudi esan nahi duena ulertzen hasten garela, ezta? Ba, ez pentsa: "Nazionalismoak norberaren nazioaren onura baino ez du bilatzen (...), abertzaletasunak, aldiz, beste nazioei ere eskubide berdinak aitortzen dizkie". Hara! Hau ez nuen espero: abertzaletasunak zeru bidean jartzen gaitu, nazionalismoak, berriz, betiko sura bidali. Kontuz gero EAJko jendeok!

Abertzaletasuna versus Nazionalismoa! Egia esan, ez dut piperrik ere ulertzen. Aurrekoan laizismo eta laikotasunarekin gertatzen zitzaidan bezala, ez dut batere kontraesanik aurkitzen bi kontzeptuon artean. Diferenteak direla bai, badakit, baina ez kontrakoak, askotan nahitanahiezko hurrenkeran doazen kontzeptuak baizik. Hau da, norberaren herria maite badu batek -abertzalea- bere herria beste batek zapaldua dela ikustean beti izango da nazionalista, bere herri hori askaturik eta beste nazioekiko berdintasun mailan ikusi arte.

Izan ere, Wojtyla jainko batek lur planetan duen ordezkaria bada, normaltzat jotzen dut berak esandakoa ezin ulertzea, gizaki xumea bainaiz. Berdin lidake, gainera, ez balitz hainbat elizgizon eta politikarik diskurtso hori euskal nazionalismoa erasotu eta espainiarren txobinismo imperialistaren aurrean ezikusiarenak egiteko erabiltzen dutelako.