argia.eus
INPRIMATU
Osasuna: Lo gutxi egitea obesitatearen kausa izan daiteke
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21

Behar baino gutxiago lo egiteak apetitua handitu egiten duela frogatu du AEBetako Chicagoko Unibertsitatean egindako ikerketak. Annuals of Internal Medicine aldizkari ospetsuan argitaratutako lanean, zientzialariek diotenez loaldia gutxitzeak asaldatu egiten ditu gosea erregulatzen duten hormonen odoleko mailak eta honek apetitua gehitzen du. Pertsonak, egoera horretan, gehien desio dituen jakiak eduki kaloriko altua duten eta karbohidratoetan aberatsak direnak dira.

Ikerketa horren emaitzekin, loaren galera obesitatearekin lotu nahi izan zuten. Esperimentuan aritutako pertsonek lau ordu besterik ez zituzten lo egin bi gauez jarraian, eta leptina izeneko hormonaren maila %18 jaitsi zen pertsona horietan. Hormona horixe da garunari janari gehiago behar duela "esaten" diona, eta beraz, jaten jarraitzeko irrika eragiten duena. Aldi berean, gosearen sentsazio subjektiboa gehitzen duen grelina izeneko hormonaren maila ere %28 gehitu zen pertsona horien odolean.

Esperimentuetan aritutako pertsonak gizonezko osasuntsuak ziren, gazteak, borondatez sartu zirenak. Eta esperimentuan loaldi baldintza bereziak jasan ondoren, beren apetitua %24 gehitu zen, eta gustukoenak janari gozoak izan zituzten -gozokiak, galletak-, gaziak -patata frijituak eta fruitu lehorrak-, eta karbohidrato asko zituztenak -ogia eta pasta-.

Ikerketak hainbat gauza frogatu dituen arren, adituen ustez, oraindik ere argitzeko dago ea bi joera horiek, obesitatea eta lo falta, benetan lotuak ote dauden gizakietan. Lorik egiten uzten ez zaien arratoiek, normal lo egiten dutenek baino gehiago jaten dute laborategian. Eta ikerketa epidemiologiko ugarik erakutsi dute gutxiago lo egiten duten pertsonek gainpisurako joera handiagoa izaten dutela. Chicagoko unibertsitatean orain arte egindako ikerketek beste hainbat zeinurekin lotzen zuten gutxi lo egitea: zahartze-zeinuekin, intsulina-erresistentziarekin, eta baita gorputzak infekzioei aurre egiteko duen gaitasuna gutxitzearekin ere.

Loak atseden fisiko eta mentala esan nahi du. Lorik ez egiteak ondorioak ditu egunean zehar: nekea, logura, suminkortasuna, hipersentikortasuna. Eta, itxura guztien arabera, baita obesitaterako joera ere, azken ikerketek frogatu bide duten bezala.