argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21


Sakelako telefonoetan ere birusak

AEBetan detektatu berria da orain zortzi hilabete Filipinetan sortutako birus bat sakelako telefonoetan. Cabir deituriko birusa ez da oso kaltegarria, bateriak deskargatu baino ez baitu eragiten. Mundu osoko dozena bat estatutan azaldu dira jada birusak sakelako telefonoetan, baina adituak ez dira gehiegi kezkatu, telefono etxe ugari baitaude eta bakoitzak bere teknologia baitu eta, uste denez, teknologiaren desberdintasuna bera nahiko oztopo izan daiteke birusen hedapenerako. Hala ere, hasi dira sakelako telefonoetan instalatzeko antibirusak garatzen. Kaliforniako Santa Monican birusak detektatutako bi aparatuak sofistikatu samarrak ziren, zeren eta telefono izateaz gain e-mailak bidaltzeko eta Interneten nabigatzeko sistema garatuak ere bazituzten eta, uste denez, azken honetatik sartu zaizkie birusak. Beraz, irakurle, oraingoz lasai ibili.


Untxiaren arbaso zaharrenak, orain, 60 milioi urte izango zukeen

Ezagutzen den untxien arbasorik zaharrenak untxien antzera jauzi egiten zuen eta atzeko hankak oso luzeak zituen, Science aldizkarian Robert Asher eta lagunek argitara eman berri duten artikuluan adierazten dutenez. Ikerlari hauek Mongolian aurkitutako Gomphos elkemaren fosila aztertu zuten eta marraskari eta untxien familiakoa zela ikusi zuten. Gomphosek untxi eta erbiekin antz handia baldin badu ere, hainbat ezaugarri fisiko urtxintxen modura ditu, hala nola, isats luzea eta hortz txikiak. Hala ere, ikerketa molekularrei esker, urtxintxekiko hurbiltasuna baztertu egin da eta untxien familiarekin lotu dira Gomphosak.


Titanen krater erraldoia aurkitu dute

Cassini zundak radar bidezko irudi ugari ari da bidaltzen Lurrera. Titanen hartutakoetatik azkenek erakusten dute talka gogor batek eragindako krater erraldoia. Krater erraldoi honek ia 440 kilometroko diametroa du eta izugarrizko harridura sortu du ikerlarien artean zeren eta orain arteko irudi guztiek Titan leun bat erakusten zuten. Krater honek jarduera geologiko garrantzitsua adierazten du eta duen atmosferaren ezaugarriekin zerikusia izan dezake.
Aurkikuntza hau otsailaren 15ean egin zen Cassini Titanen inguruan hirugarren bira ematen ari zela 1.577 kilometroko altueran. Jakina da Titan Saturnoko ilargi bat dela eta hemendik aurrera datu gehiago izango dira bere ezaugarriak aztertzeko.