EHUk (Euskal Herriko Unibertsitateak) 25 urte bete ditu. EAEko unibertsitatearen irudia sustatzeko DVD bat plazaratu du erakundeak. Santiago de Pablo eta Koro Rubio irakasleak erakundearen historiaren gaineko liburua prestatzen ari dira.
M.A.K. (Mikrofon Addikt Klan) talde ziburutarrak estraineko diskoa karrikaratu du Metak diskoetxearekin: Suari darion kea. Hip- hopa frantsesez, katalanez, euskaraz eta gaztelaniaz jorratzen duen taldeak hamabost kanta bildu ditu.
Agerre Teatroak Eujenia ardiaren bidaiak haur antzezlana estreinatu berri du. Ardi bidaiari baten eta marrazkilari baten arteko harremanaz dihardu lanak.
Arriola antzokiak (Elorrio) disko-liburua argitaratu berri du, Arriolako Jazz-Blues Jaialdiaren hamabosgarren urtea ospatzeko; Arriola Jazz Blues 15 Urte.
Arantxa Iturbe eta Agurtzane Intxaurraga (Ixa), Ramon Agirre eta Joserra Senperena ( Zazpi gezur txiki) eta Patxo Telleria (Sonata segundu batean... eta piku) dira Max sarietarako finalistak euskarazko egileen atalari dagokionez. Sariok martxoaren 14an banatuko dira Guadalajaran.
Itxaro Bordak lan berria argitaratuko du hilabete honetan: Zeruetako erresuma (Susa). XX. mendeko historia kontatzen du Bordak liburuan, fikziozko hainbat pertsonaiaren istorioen bidez.