argia.eus
INPRIMATU
Hauteskunde aurreko gogoetak
Xabier Gurrutxaga 2007ko otsailaren 21
Datozen urteetarako euskal politikaren nondik norakoak apirilaren hamazazpian egingo diren hauteskundeetako emaitzek argituko dizkigute. Gau horretan jakin izango dugu Ibarretxeren egitasmoa bezala ezagutu dugunak berezko ibilbiderik duen ala ez. Hau da, egungo Autonomia Estatututik harantzago jaurtiketa erradikala egiteko masa kritiko nahikorik baden. Abenduaren hogeita hamarrean euskal parlamentuak onartu zuen Estatutu Berria negoziaziorako tresna baliagarria izango da baldin eta gaurko hiruko gobernua osatzen duten alderdiek gehiengo absolutua lortzen badute. Kontuan izanik euskaldunon erabakitzeko eskubidean oinarritutako autogobernu berri baten alde jeltzaleek duela urte batzuk hartutako erabakiak zailtasun politiko handiak dituela errealitatean gauzatu dadin, ezinbestekoa zaio abertzaletasun horri gehiengo oso hori lortzea Estatuko ordezkariekin modu eraginkorrean negoziatu ahal izateko.

Baina estatuko ordezkariekin baino lehenago elkarrizketa eta negoziazioa Euskadin eman beharko da oraingoan bertako herri ordezkarien artean. Emaitzek esango digute zein izan beharko lukeen akordioaren eduki nagusia. Eduki horri dagokionez bi joera nagusi nabarmen ditzakegu gaur bertatik. Abertzaletasunaren eta Ezker Batuaren garaipen argi batek posible egingo luke Jesus Egigurenek ordezkatzen duen sozialismoarekin elkarrizketa eta negoziazioa euskaldunon erabakitzeko eskubideari buruz. Beste gauza bat litzateke herritarrek gehiengo osoa sozialisten eta popularren emaitzen esku utziko balute. Hipotesi hau konfirmatuko balitz hauteskundeetan euskal politika beste koordenada batzuetan mugituko litzateke sozialisten zuzendaritzapean eta autogobernuaren eztabaidak beste norabide bat hartuko luke. Aipatu aukera hori emango balitz kolpe ikaragarria suposatuko luke abertzaletasunarentzat eta, batez ere, Ibarretxe lehendakariak azken lau urte hauetan eraman duen estrategiarentzat. Aldaketa sakonen premia begi-bistakoa litzateke ustezko egoera horretan, nahiz eta gaur egun Ibarretxek babes osoa izan jeltzaleen munduan.

Probabilitate hori posible al da egungo errealitate elektoralean? Galdera honen erantzunak Batasunarengana garamatza zuzen zuzenean. Batasunak ordezkatzen duen ezker abertzaleak ez badu lortzen hauteskundeetan modu legalean egotea, uste dut orduan bakarrik izango litzatekeela posible sozialisten eta popularren arteko emaitzen baturak gehiengo osoa lortzea, eta hori gainera konfirmatuko balitz sozialisten igoera handiagoa dela popularren jaitsiera baino. Ez da erraza, baina, Batasuna Legebiltzarrean ez badago, posible da. Eta zer ondorio izango lituzke besteengan Batasunak hurrengo legegintzaldian ordezkaritza parlamentarioa izateak? Behin baino gehiagotan esan ohi dudan bezala, bere ordezkaritzaren pisu politikoa baino askoz ere pisu eta eragin handiagoa izango luke euskal politikan. Hau da, politikaren nondik norako bat baino gehiago baldintzatzeko moduan legoke. Gehiengo absolutuaren posibilitatea itxirik geldituko litzateke PSOE-PP bikotearentzat eta, segur aski, baita gaurko hiruko gobernuarentzat, eta horrek aukeren eta alternatiben mundua zabalduko luke. Besteak beste, euskal politika bi ardatz nagusien arabera taxutzeko aukera azalduko litzateke. Bata, jeltzaleek eta agian EAkoek sozialistekin osatu dezaketen ardatza. Bestea, ETArik gabeko ezker abertzaleak PNV-EA bikotearekin hitzartu dezakeena. Bi eszenatoki guztiz diferenteak, bietan jeltzaleak barneko eztabaida bat baino gehiago egitera behartuak.

Eta Batasuna prest al dago politika eraginkor hori egiteko, hartu behar dituen erabakiak hartzeko? Alegia, prest al dago Anoetako proposamenaren arabera etxeko lanak egiteko etxekonekoei pilota ate aurrean utzi baino lehen? Txomin Iturbek aspaldi esan omen zien, esan behar zienei, Aljerreko elkarrizketak zirela-eta, negoziatu dezagun negoziatzeko zerbait dugun bitartean. Alperrik, ordea. Gizona baita harri berdinean estropezu egiten duen animalia bakarra.