Emakumezkoak errepideko sugean

  • Emakumeek kaskoa jantzi zutenetik errepideen kolorea aldatu egin da. Neskek ere lehiatu nahi dute, eta bizikleta gainean, munduari bira emateko gai direla frogatu dute askok. Baina beste arlo askotan bezala, txirrindularitzan ere alde handia dago gizonen eta emakumeen artean. Neska gutxi aritzen da txirrindularitzan eta taldeak ere gutxi dira. Euskal Herrian Elite mailako bi talde daude, Debabarrena eta Sabeco, profesionala edo Elite UCI mailakoa, berriz, bakarra, Bizkaia-Panda Software-Durango. Talde horietan dauden nesken berri jakin nahi izan dugu. Zuzendariek alderdi teknikoen berri eman digute, neskek, berriz, txapelketetan gizonezkoen aldean izaten dituzten desabantailak kontatu dizkigute.

2021eko uztailaren 19an
Mutilek betidanik izan dute txirrindularitzan aritzeko joera Euskal Herrian eta hari horretatik makina bat talde dago. Nesken errepideko txirrindularitza taldeak, berriz, gutxi daude, eta horien berri jakin nahi izan dugu. Elite mailan emakumeen bi talde daude Euskal Herrian, Debabarrena eta Sabeco. Talde horiek nazionalak dira eta beraz, talde horietako txirrindulariek estatuko proba eta lasterketetan har dezakete parte. Goragoko maila bat ere badago ordea, Elite UCI deiturikoa. Maila horretan talde bakarra dago Euskal Herrian, Bizkaia-Panda Software-Durango izenekoa. Badira baina, talderik ez duten neska txirrindulariak ere. Eneritz Iturriagak, esaterako, agur esan berri dio bi urtez babestu duen Italiako taldeari, "etxean" korritu nahi duelako. Talderik gabe dago durangarra eta estatuan beste hiru neska ere egoera bertsuan daudela esan digu. Euskal Herriko taldeen egituraren eta antolamenduaren berri badu baina nahiago izan du bakarrik, marka batek babestuta ekin. Orbea etxeak babestuko du Eneritz Iturriaga. Talde batean ez egoteak lasterketaren batean parte hartzea eragotziko dion galdetu diogu baina "estatuan nahi beste lasterketetan" parte har dezakeela esan digu, eta "estatutik kanpo Espainiako selekzioarekin" jardungo duela.

Entrenatzeko saioetan ere neskek mutilekin jarduten dute, izan ere, Debabarrenan eta Sabecon nesken taldea osatu aurretik mutilena osatu zuten. Horrela, bateko eta besteko neskak mutilak bezalatsu entrenatzen direla esan digute. Txapelketetan nabaritzen da, baina, bi sexuen arteko alderik handiena. Nesken txirrindularitza probak oso urriak dira Euskal Herrian eta horregatik atzerrira joan behar izaten dute askok. Eneritz Iturriagak, esaterako, bi urte egin ditu Italiako talde batean lehiatzen. Horrez gain, materialean eta instalazioetan ere aldeak handiak dira oraindik. Nekane Lasak esan digunez, orain dela pare bat urte, lasterketa askotan neskentzako ez zen aldagelarik izaten. Eneritzek esan du Italiara joan aurretxoan Euskal Herriko lasterketetan alde handia nabaritzen zela mutilen eta nesken artean, hala sarietan nola lasterketetako azpiegituran oro har.

Talde bateko eta besteko arduradunekin egon gara, nesken ibili herrenak jakiteko. Asmoak eta egiturak erabat ezberdinak dira talde batetik bestera. Debabarrenan herri mailako lasterketak izango dira helburu nagusi, Bizkaia-Panda Software-Durango taldearen asmoak, berriz, harago doaz. Bi zuzendariak gogotsu daude, emakumeek bizikleta gainean egiten dituzten pedal kolpeei begira.

«Neskekin diru gutxi inbertitzen da»

Juanjo Sebastian Debabarrenako zuzendaria da, eta orain hamabi bat urte osatu zuen mutilen taldea. Nesken errepideko txirrindularitza taldea beste kirol batzuetako jendearekin osatu dute, besteak beste, neska gutxi daudelako oraindik espresuki txirrindularitzan jarduten dutenak. Orain hiru urte ezagutu zuten Nekane Lasa. Ziklokros lasterketetan bakarrik aritzen zen Nekane eta neska gazteari mutilen aukera berak emateko gogoz ekarri zuten Debabarrena taldera. "Mutilen taldea osatuta geneukan eta ez zitzaigun batere inporta taldean neska bat sartzea", esan digu Juanjok. Nekane bakarrik aritzen zen lehiatzen, inolako babesik eta laguntzarik gabe eta gutxieneko azpiegitura eskaini zion Juanjoren taldeak. Izan ere, txirrindularitzan aritzeak kostu asko ditu, materialaz gain, lehiatzeko lizentzia behar da, eta lasterketa batetik bestera mugitzeko azpiegitura ere bai. Nekane bi urtez ibili da mutilekin eta orain Debabarrenak osatu berri duen nesken taldean dago Zumarragakoa. Nekane taldera ekarri ostean, 2004an jakin zuen Juanjok Maria Gallastegiren berri. Eibartar neskak bakarka egiten zituen duatloiak -bizikleta eta oinezko lasterketa uztartzen duten probak- eta hura ere taldera ekarri zuten. Hari horri tiraka, inguruan bizikletan ibili zale diren neska ugari hurbildu zaie eta 10 laguneko taldea osatu dute. "Gure proiektua egin ondoren, Gipuzkoan antzeko talderik ez dagoenez, interes handia piztu da. Federazioak interesa du, Aldundiak ere bai eta asmoa kudeatzen ari gara", esan digu Juanjok. Hala ere, gauzak pixkanaka egin behar direla uste du. Korrikalari bakoitzaren egoera ezberdina da oso, ez baitira errepideko txirrindularitzan bakarrik jarduten. Nekane Lasak, esaterako, ziklokrosean eta mendi bizikletan jarduten du, Maria Gallastegik, berriz, duatloi eta errepideko lasterketetan. Emakumeen eta gizonezkoen arteko aldeaz ere galdetu diogu. "Oraindik diskriminatutako sexua da neskena eta baldintzak ez dira berdinak. Kirola ikuskizuna da eta oraindik ez da onartzen nesken lehiaketak mutilenak bezain onak eta entretenigarriak izan daitezkeenik. Horregatik, neskekin mutilekin baino askoz ere diru gutxiago inbertitzen da".

Etorkizunerako zein asmo duten galdetu diogunean begiak alaituta erantzun digu Debabarrenako zuzendariak: "Osatu dugun nesken txirrindulari taldea landare txiki bat da. Urte gutxiren buruan fruitu onak emango dizkidala uste dut, baina orain zaindu egin behar dut. Izotza datorrenean berotasuna eman eta lehortean ura bota. Lehenengo loreak ateratzen direnean, ondo landu beharko ditugu".

«Nesken sakrifizioa eta entrenamendua berdinak dira»

Bizkaia-Panda software-Durango taldeko zuzendari Jon Elorriagarekin ere hitz egin dugu. Nesken bi txirrindularitza talde gidatzen ditu; Elite mailako Sabeco eta Elite UCI mailako Bizkaia-Panda Software-Durango. Talde gorena Elite UCIkoa da, eta zortzi txirrindularirekin osatu dute. Hala ere, taldea hamarrera zabaldu nahi dutela esan digu zuzendariak. Bi taldeak Durango txirrindularitza elkartearen barnean daude eta Jonek esan digunez aspaldi hasi zuten neskekin ibilbidea. 1978an osatu zuten nesken lehenengo taldea, Elite mailakoa, ez profesionala, korrikalari amateurrekin eratua. "Ondoren pare bat urtez talderik gabe egon ginen, inguru honetan neskarik ez zegoelako ia", esan digu. Baina garaiak aldatu eta 1995etik gaur arte nesken taldeak izan dituzte. 2000. urtera arte Cafe Baque etxeak babestu ditu eta ondoren Sabeco izan da sustatzaile nagusia. 2003. urtean sortu zuten Elite UCI talde profesionala, Joane Somarriba eta beste hainbat txirrindulari handirekin. Bizkaia-Panda Software izan zen lehenengo babeslea eta 2004tik Durangoko udalak ere indartu du Euskal Herriko nesken txirrindulari talde profesional bakarra.

Mutilen taldeez gain, nesken bi talde kudeatzen ditu Jonek eta bi sexuen arteko aldeez hitz egin digu. "Diferentzia handirik ez dago, batzuk neskak dira eta besteak mutilak, baina entrenamenduetan ez dago alderik. Lasterketetan bai, lasterketetan aldea handia da", esan digu. Probetan esaterako, normalean nesken profila leunagoa izaten da, kilometro gutxiago egin behar izaten dituzte eta mendateak ere leunagoak izaten dira. "Baina horretara iristeko entrenamendu berdinak egin behar dituzte. Egunero atera behar dute errepidera", gaineratu du. Alde nabarmenena, baina, sarietan dagoela esan digu durangar zuzendariak; "Elite UCI mailan mutilen sariak neskenak baino lau edo bost aldiz handiagoak izaten dira eta kanpora joaten garenean ere, mutilak bost izarreko hoteletan egoten dira, neskak, berriz, hirukoetan". Antolatzaileak arduratzen omen dira txapelketetako azpiegiturez eta neskei beti tokatzen zaizkie instalazio eta garaikur apalagoak. "Diruaren arabera antolatzen da dena, mutiletan ikuskizuna handiagoa da eta diru mugimendua ere ezberdina da. Horrek baldintzatzen du bi sexuen arteko alde nagusia", amaitu du Jonek.

Aurtengo denboraldian hainbat lasterketan hartuko du parte Bizkaia taldeak. Besteak beste, Munduko Kopan, Gaztela Leongo itzulian, Italiako Giroan, Frantziako eta Italiako itzulietan eta Euskal Herriko lasterketetan.

Nekane Lasa. 2004ko Espainiako ziklokros txapelduna eta mendi bizikletako txapelduna (Debabarrena): «Lehen, lasterketak herri txikietan egiten zirenean, mutilentzat bakarrik egoten ziren aldagelak»
«Aldeak nabariak dira oso. Joan den urtean ziklokrosean aritzen garen zenbait neska elkartu eta gure kexak idatzi batean bildu genituen. Komunikabideetan zabaldu genuen eta Federazioa berehala jarri zen gurekin harremanetan, arazoa konpondu nahian. Urtero denboraldia hasi aurretik araudiak aztertzeko egiten duten bilerara joateko eskatu ziguten eta 2004-2005 denboraldirako hainbat gauza aldatzea lortu genuen. Joan den urtean esaterako, lasterketak herri txikietan egiten zirenean mutilentzat bakarrik egoten ziren aldagelak. Gainera, neskok ez geneukan ez saririk ez sailkapenetan azaltzeko aukerarik. Horiek guztiak kexatu ginelako aldatu dira. Ziklokroseko eta mendi bizikletako lasterketetan neskak eta mutilak batera aritzen gara, baina errepidekoetan ez, neskak eta mutilak bereiz lehiatzen dira. Horietan baina aldea ere nabaria da. Euskal Herrian mutilen lasterketa asko daude, neskek, berriz, oso lasterketa gutxi dituzte hemen eta kanpora jo behar izaten dute. Babesleak lortzea ere askoz ere zailagoa da neskentzat. Niretzat zorte handia izan zen Debabarrenan sartzea. Hasieran neska bakarra nintzen eta orain gehiago daude, baina bai lehen eta bai orain, oso ondo tratatu naute».

Maria Gallastegi. Ibilbide ertaineko Euskadiko duatloi txapelduna (Debabarrena): «Duatloietan egoera nahiko ona da, mutilen eta nesken arteko alderik ez dago ia»
«Duatloietan egoera nahiko ona da, mutilen eta nesken arteko alderik ez dago ia. Sarietan esaterako, lehenengo bostentzako sariak baldin badaude berdinak izaten dira normalean. Hala ere, askotan mutiletan lehenengo hamarrei ematen diete saria eta nesketan lehenengo bostei bakarrik. Instalazioei dagokienez ere oso ondo antolatzen dituzte beti, bai neska eta bai mutilentzat. Eragozpen nagusia lasterketetan neskok mutilekin atera behar izaten dugula da, hau da, denok batera».

Eneritz Iturriaga. Joko Olinpikoetan korritu du eta etapa asko irabazi ditu hainbat lasterketa handitan (Orbeak babesturiko txirrindularia): «Neskok ere emaitza onak lor ditzakegula erakutsi dugu eta garrantzia ematen hasi dira»
«Aldea handia da bai. Nik 24 urte ditut eta 14 daramatzat bizikletan eta azken aldian ikusi dut urtetik urtera txirrindularitzan, eta kirolean oro har, zabaltzen ari dela emakumeak ere kirola egiten duenaren diskurtsoa. Normala ikusten dut oraindik baldintzak berdinak ez izatea, aldaketa ezin delako egun batetik bestera gertatu. Mutilek ez eze, neskok ere emaitza onak lor ditzakegula erakutsi dugu eta garrantzia ematen hasi dira. Hiru urte egin ditut Italian eta orain Euskal Herrian geratzea erabaki dut. Hemendik joan nintzenean emakumeen egoera oso bestelakoa zela badakit, eta egoerak hobera egin duela. Talde gutxi egon arren indartsuagoak dira eta babesleek ere badute interesa. Niri, esaterako, Orbeak asko lagundu dit, ez nago talde batean, baina ez eskaintzarik ez dudalako, horrela erabaki dudalako baizik. Beste bi neska ere ni bezala daude, baina ez dago lehiatzeko arazorik, Espainiako lasterketetan parte har dezakegu eta kanpora Espainiako selekzioarekin joaten gara. Eguneroko harremanari dagokionez, mutilekin ez dago alderik, orain esaterako, Benidormen ari naiz entrenatzen, 30 mutilekin, eta ni beste edonor bezala entrenatzen naiz».

Agurtzane Elorriaga (Bizkaia-Panda): «Mutilek etorkizunari begira irtenbide gehiago dituzte, babesle gehiago dituztelako eta maila hobetzeko ere lasterketa gehiago dituztelako»
«Ezin da konparatu. Mutilek etorkizunari begira irtenbide gehiago dituzte, babesle gehiago dituztelako eta maila hobetzeko ere lasterketa gehiago dituztelako. Egia da gu une honetan inoizko laguntza handiena ari garela jasotzen Foru Aldunditik, baina oraindik mutilen parera iritsi arte alde handia da. Antolatzaileek ez dute horrenbeste konpromiso hartzen neskekin. Sarietan ere aldea handia da. Giroan eta Tourrean esaterako, nesken saria ez da mutilenaren laurdenera ere iristen. Mutilena berrogeita hamar milioi ingurukoa bada, neskena ez da milioi batera ere iristen».


Azkenak
LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


Segi dezala akelarre antifaxistak

FERMIN MUGURUZA  40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.

-------------------------------------------

Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]


Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz

NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Eguneraketa berriak daude