Orain arte ezagutu dugun telebista analogikoaren amaiera gainean da. Tokiko telebistak izango dira Espainian digitalerako jauzia egingo duten lehenak. 2004ko martxoaren 12an onartu eta abenduaren 3ko Errege Dekretuaren bidez aldatu zen Espainiako Tokiko telebista Digitalen Plan Teknikoak abian jarri du prozesua, eta 2008a hasi bezain pronto, estatuko telebista lokal guztiek digitalean emititu beharko dute. Eta horretarako, beste guztiek bezalaxe, Bortziriak, Baztan eta Malerrekan emititzen duten Ttipi-ttapa eta Xaloa telebistek ere emisio digitalera egokitu beharko dute. Baina Etxalar eta Elizondoko egoitzetan inbertsio digitala ez da kezka nagusia: aipatutako Plan Teknikoari esker etorkizuneko tokiko telebista digitalen mapa osatu dute eta euskarazko bi kate nafarrak kanpoan geratu dira.
Tokiko telebisten mapan tokirik ez
Jauzi digitala bideratzeko eta tokiko telebistak erregularizatzeko Plan Teknikoa iragan urteko martxoaren 12an onartu zen Errege Dekretu bidez. Planaren arabera, estatu osoan 266 eskualde edo demarkaziok izango zuten tokiko telebista digitalak garatzeko aukera. Eta eskualde bakoitzeko batez beste lau emisio frekuentzia erabiltzeko aukera zabaldu zen. Nafarroan, ordea, bost eskualde besterik ez ziren onartu (Iruñerria, Zangoza, Tafalla, Lizarra eta Tutera) eta horietako bakoitzeko lizentzia bakarra onartu zen, gainerako autonomietan batez beste lau onartu zirenean. Plana onartu eta hurrengo egunean, PSOEk Espainiako hauteskundeak irabazi eta Gobernu aldaketarekin batera, Plan Teknikoa ere aldatzea erabaki zuten. Irailean eskaera berriak egiteko epea zabaldu zen eta azaroaren 11n Nafarroako Parlamentuak Espainiako Industria Ministerioari gutxienez bi demarkazio berri (Sakana eta Bidasoaldea) eskatzea erabaki zuen. Abenduaren 3an lege berritua onartu zen. 15 eskualde berri onartu zituzten orduan, 281 osotara. Baina Nafarroak bere bost eskualde eta bost kontzesiorekin jarraitu zuen. Aldea izugarria da EAErekin alderatuz gero, esaterako: 15 eskualde eta 60 kontzesio. Nafarroako 225 udalerritatik 47 soilik daude onartutako eskualdeen barruan. Beraz, udalerrien %83ak ez du tokiko telebista digitalik izateko aukerarik. Populazioari dagokionez, %31 geratzen da kanpo (Andaluzia osoan, adibidez, %8a soilik bizi da aukeratutako eremutik kanpo). Nafarroako kasua are larriagoa da, eremu euskaldun guztia lizentziarik gabe geratu dela, eta lehenagotik dauden euskarazko bi kate lokalak lizentziarako aukerarik ez dutela kontuan hartuz gero.
Espainiako Industria Ministerioak epe berrian jasotako eskakizun berri guztiak onartu zirela jakinarazi zuen. Zergatik ez orduan Nafarroakoak? Nafarroa Bai-ko Uxue Barcosek egindako galderari erantzunez, Jose Montilla Industria ministroak eskakizunik ez zela egin erantzun zuen. Hortaz, Nafarroako Parlamentuak hala eskatuta ere, UPNko gobernuak, Francisco Iribarren Ogasun kontseilariak hain zuzen, ez zuen berau Madrila bideratu.
Kopuru mugatua, baldintzak ere bai
Legea Espainiako Gobernuak egin du, kasu honetan Industria Ministerioak, berak markatu ditu oinarrizko arauak, baina haren garapena autonomia erkidego bakoitzeko gobernuari dagokio. Nafarroako demarkazio eta kontzesio kopuru mugatuaz jardun dugu, baina kontzesio eskaera egin nahi dutenei ezarritako baldintzak ere berak ipini ditu. Nafarroako tokiko telebistek egunero gutxienez zortzi orduz emititu behar dute, astean 56 orduz, beraz. Barne produkziori dagokionez, 20 minutuko bi tarte besterik ez ditu eskatzen egunean (%10 baino gutxiago). Euskararen erabilera ez du eskatzen eta tokiko telebista kate nazional handien parte izatea edo ez, ez du aipatu ere egiten.
Alderatu dezagun Galizian ezarri duten baldintza agiriarekin: kate nazional batek ezin du tokiko telebistaren parte izan; barne ekoizpenak %60koa izan behar du, gutxienez; astean 32 ordukoa da emisio minimoa; eta galegoaren erabilera derrigortzen du.
Joxe Manuel Irigoien Ttipi-ttapa telebistako koordinatzailearen hitzetan, «bi telebista lokal eredu daude mahai gainean. Bata, tokiari errotuta dagoena, bertako agenteek bertako merkatuari egokituta ekoizten duten produktua. Bestea: komunikazio talde handiek publizitate lokala biltzeko helburuz sortzen dutena. Nahikoa eduki badute, entretenimendu saioak berdin-berdin egiten dituztelako Almeriarako edo Nafarroarako. Gu lehenengo taldean gaude eta Nafarroako Gobernuak bigarren ereduaren aldeko apustua egin du».
Gobernuak, bere erabakiak azaltzeko, tokiko telebistak kudeatzen dituzten enpresen bideragarritasunarekin kezkatuta dagoela azaldu du. Baina, «zortzi urtez biziraun badugu -dio Joseba Igarabide, Xaloa Telebistako zuzendariak- eta bideragarriak izan bagara, ez dago zertan pentsatu hemendik aurrera ez garela izanen».
Arrazoi teknikorik ere ezin da argudiatu lizentzien kopurua murritza izateko. Egun hamar tokiko telebista daude Nafarroan eta ez da inolako saturaziorik sortu espazio erradioelektrikoan. Are gutxiago etorkizunean, sistema digitalak seinalearen igorpena askoz ere zehatzago egiteko gaitasuna daukanean.
Zer zentzu dute orduan Nafarroako Gobernuaren erabakiek? Ttipi-ttapako Joxe Manuel Irigoienen ustez, «interes politiko eta ekonomikoak daude atzean. Baldintzak ikusita, kontzesioak kate eta talde handiek eskura ditzaten pentsatuta daudela dirudi. Eta zergatik kontzesio bakarra eskualdeko? Sortuko den berri horrek konpetentziarik izan ez dezan, merkatu publizitarioa lehian jar ez dadin». Xaloako zuzendaria bat dator, eta pasa den otsailaren 7an pentsatzen dutena agerian geratu zela dio. Data horretan telebista proiektu bakoitzak bere agiriak aurkezteko epea amaitu zen eta soilik bi eskaera iritsi ziren, biak Iruñerriko eskualderako, bata Diario de Navarra editatzen duen Información S.A. enpresak eskatua eta bestea Cadena Cope-ri lotua dagoen Popular TV-k. Gainerako lau eskualdeetan ez da proiektu bat bera ere aurkeztu.
Zentzugabekeria eta lege haustea
Xaloa eta Ttipi-ttapako arduradunek, Nafarroako Gobernuak Plan teknikoaz egin duen garapena zentzuzkoa ez dela salatu dute. Baina baita, parlamentuak azaroaren 11n erabaki bezala, eskakizun berriak Espainiako Gobernuari helarazi ez izana ere. Gainera Plan teknikoak Nafarroan izan duen garapenak legea hausten du hizkuntzari dagokionez, bai Eurokartak eta bai Euskararen Legeak berak euskarazko komunikabideak bermatzea eskatzen baitu.
Argudio horiek guztiak lagun, biak hala biak ahalegin guztiak egiten ari dira euren eskakizunak bidera eta entzun daitezen. Orain arte oposizioko talde parlamentario guztiekin bildu dira eta egunotan UPNko ordezkariekin biltzekoak dira. Eta badirudi orain arte guztiek bat egiten dutela Ttipi-ttapa eta Xaloako ordezkarien iritzi eta eskakizunekin. Hala utzi zuten agerian, bederen, EAk eskatuta Nafarroako parlamentuan otsailaren 15ean burututako lan saioan. Saio horretan bi kateetako ordezkariak eta euren emisio eremuko udal eta mankomunitateetako ordezkariak bildu ziren parlamentariei irtenbide bat eskatzeko. Xaloako Joseba Igarabidek azaldu duenez, «gogor egin genuen, erran genuen gure telebistek, filosofiaz, edukiz, betetzen zutela tokiko telebistek izan behar dutena eta hori zaindu beharreko gauza dela. Hitz politak entzun genituen, badirudi entzun gintuztela, gaia sentsibilitatez hartu zutela. Talde guztiek, UPNk barne, esan zuten zazpi demarkazioak lortzeko borrokatuko zutela, salbuespena egiteko eskatuko zitzaiola Espainiako Industria Ministerioari. Baina ez dakigu esandakotik zenbat egingo duten».
Bi irtenbide
Demarkaziorik gabe eta kontzesiorik lortu ezean, Xaloa eta Ttipi-ttapa telebistak ilegal izatera pasako lirateke. Orduan Nafarroako Gobernuak bi kateen itxiera agintzeko eskubidea izango luke. «Ez dut uste Guardia Zibila ixtera etorriko zaigunik -dio Irigoienek- ez baitiogu inori trabarik egiten. Baina itotzeko modu asko daude». Batetik, orain erabiltzen dituzten frekuentziak ez dira legez eurenak, eta frekuentzia aldatzera behar ditzakete. Bestetik, legaltasunetik kanpo egonda, diru-laguntza deialditik kanpo geratuko dira printzipioz. Igarabideren ustez, «Nafarroako Gobernuak ez du diru asko ematen, baina kopuru hori beharrezkoa dugu».
Hau guztia saihesteko bi alternatiba ikusten dituzte euskarazko bi kateetako arduradunek. Batetik, Espainiako Industria Ministerioak salbuespen gisa, demarkazio berriak onartu eta kateei euren eskaera egiteko epea zabaltzea. Beste irtenbidea orain arteko alegaltasun egoera 2008a arte luzatzea litzateke. 2008ko urtarrilaren lehenean, eskakizun berrietarako epea irekiko litzateke eta Xaloak eta Ttipi-ttapak hor izango lukete aukera. Aukera eta arriskua, ederki baitakite kontzesioen lehiaketa berri batean, euren ahalegin eta borroka guztiaren ondoren, kanpoko talde handi batek eurek nahi duten lizentzia eskura dezakeela.
Euren eguneroko lanean jarraitzen dute Xaloa eta Ttipi-ttapa telebistako langileek, Baztan, Malerreka eta Bortzirietako biztanleei eduki lokalak euskaraz eskaintzen. Eta euren egoerari irtenbidea aurki emango ote dioten zain. Joxe Manuel Irigoienek esan duen bezala, «Nafarroan, euskara tartean dela, ezin duzu inoiz jakin zer gertatuko den».