argia.eus
INPRIMATU
Osasuna: Urtero 1.000 biriketako minbizi diagnostikatzen dira EAEn
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 27a

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gabriel Inclan-ek adierazi bezala, urtero mila biriketako minbizi kasu inguru diagnostikatzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Biriketako Minbiziaren Espainiako Taldeak Bilbon egin zuen sinposioan eman zuen datu hori Inclanek, gaitza lehen mailako osasun-arazo definituz, kopuruagatik, heriotza-tasengatik, erabili behar diren baliabide ekonomiko nahiz sanitarioengatik, eta kasu bakoitzak duen garrantzia pertsonal, familiar eta laboral izugarriarengatik.
Sinposioan emandako datuen arabera, 2000. urtean 18.000 biriketako minbizi kasu izan ziren, eta heriotza-tasa 17.000 pertsonakoa izan zen. EAEn, esan bezala, 1.000 kasu diagnostikatzen dira, batez beste, urtero. Baina kasu horietan agerian utzi beharra dago tabakoaren garrantzia, berau baita biriketako minbiziaren erikortasunaren eta hilkortasunaren eragile nagusia, eta hori gutxi balitz, baita kardiopatia koronario guztien %30aren erantzule zuzena ere.
Tabakoa faktore kausal erabakigarria da aho-barrunbeko, laringeko eta biriketako tumoreetan, arrazoi sortzaile nagusia, lehen esan bezala, baina beste hainbat tumore gaiztorekin ere »hala nola hestegorri, maskuri eta giltzurrunetakoekin» lotura zuzena daukala frogatu dute ikertzaileek.
Horrexegatik, Inclanek argi utzi zuen "kontsumoaren aurrean, tabakoari erabat uko egitea beste neurririk ezin dela onartu", eta tabakoaren erabilera kontrolatzeko erakunde desberdinek »administratibo, politiko nahiz sanitarioek» hartutako neurriak erabat justifikatuak daudela gehitu zuen. Adibide gisa, zera azaldu zuen: heziketarako martxan jarritako ekimenei esker eta Lehen Mailako Arretan egindako jardun medikoei esker 1997. urtean %29 erretzaileak ziren bitartean, 2002. urtean pertsona horien kopurua %26ra jaistea lortu dela.