argia.eus
INPRIMATU
Europa
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Modan dagoena. Ba omen gara ere, alegia, aitortuak ez garenak gurean. Euskalduna naiz eta puntu, eta horregatik hain zuzen naiz europarra esan du itun honi baiezkoa ematera bultzatu nahi gaituenak. Espainiak eta Frantziak ordezkatuko gaituzte espainolak eta frantsesak ez garelako aspaldion egurra jasotzen ari garenak. Eta Espainia eta Frantzia jasaten ditugulako ez ditugu onartzen, Europak ez bagaitu onartzen, jasan behar bada baina onartuko ez dugun bezalaxe. Bi auzo estatu ezagunen estrategietan lekurik ez badugu, nola demontre izan gaitezke euskaldun aitortuak egitura berri horretan? Eskizofrenikoa dirudi. Eta hondar asteetan jasan errepresioak ditut arrasto, sintoma. Tortura etengabean. Gazte konprometituenak inperioaren hatzaparretan zanpatuak, terroristak bailiran. Gure gazte garaiak begi bistan. Eta orain frankistarik ezagutzen ez dudan bezala, gazte hauek ez dute oraingo demokratarik ezagutuko bihar. Orain euskararen aurkakorik ezagutzen ez dudan legez, nahiz eta euskararik ezagutzen ez duten, gazte hauek ez dute aurkakorik ezagutuko bihar, orain iraintzen dituzten gehienak barne. Denboraren epaian dut esperantza jarria. Bitartean, kideez eta lagunez goza. Eta Europa hau, arrotza zait.