argia.eus
INPRIMATU
Aukera koiunturalak
2007ko otsailaren 21a
Etorkizunean ere iritsiko dira aukera koiunturalak, baina lastima da oraingoak ez aprobetxatu izana, paregabeak dira eta.

Aukera ezin hobea zen Ezker Abertzalearen hauteskundeetarako ordezkaritza berriro lege barruan jartzeko. Aukera paregabea zen ekinbide armatua eskenategitik kendu eta eskenategi guztia ekinbide politiko eta sozialari uzteko. Biak batera, berdin zait sekuentzializazioa, kasurako, zein lehen eta zein ondoren. Bata zein bestea ezinbestekoak izango dira gure gatazkari beste abiabide bat emateko.

Ez nabil sinplekerietan. Ez ditut bata eta bestea parekatzen, ezta ere trukean jartzen. Badakit jakin aurretik klabe politikoak aldatzeko borondatea dela. Alegia, ontzat ematea estatutu zaharra agortuta dagoela -Euskal Autonomia Erkidegoan behintzat- eta berri baten beharra onartu beharra dagoela. Berri horren ezaugarri politiko nagusia euskal herriari nazio izaera aitortzea dela, eta nazio bezala bere buruaz erabakitzeko eskubidea berari dagokiola eta ez beste inori. Baina honen guztiaren parte bat, azkena, eztabaidako gai izanda ere, aurrekoa, zaharra berritu beharra, eta hain zuzen aitortza nazionalaren bidetik, emanda dagoela uste nuen.

Nola interpretatu bestela, Anoetan Ezker Abertzaleak esandakoez geroztik gertatutako guztia? Nola interpretatu ezker abertzalearen eta PSOEko buruzagien -Rodriguez Zapatero bera besteak beste- artean gurutzatutako mezu publikoak?

Hori guztia gertatu ondoren, hauteskunde autonomikoetako hau aukera paregabea zen. Edonoren begien aurrean argi izan arren ere hauteskundeen fetxa aurreratu izanak ez duela trantzea gainditze aldera erraztasunik ematen, egia da aukera paregabea zela.

Agian ez nuke iraganean hitz egin behar eta nahiago nuke datozen asteek nire pesimismoari arrazoia kentzea. Ziur naiz, bestalde, Ezker Abertzaleak Gasteizko Legebiltzarrean Ibarretxeren planaren inguruko eztabaidan gertakari politikoen norabidea ezusteko moduan aldatu zituela, horrela egingo duela ETAk ere, hau da, prebisibilitatearen aurka. Baina eztabaida politiko publikoan aurkitzen ditugun aztarnek ez dute koiuntura berezi honetarako berrikaririk iragartzen. Ezta ere Aberri Egunaren inguruan adierazpen publiko garrantzitsurik egongo bada ere. Ala bai?

Egoera honetan, eta beste koiuntura batzuen zain geratu beharko bagara, guztiz ezinbestekoa da Ezker Abertzaleak, ordezkaritza legalik izango ez badu Legebiltzarrean, boto kopuru handia, esanguratsua, erdiestea. Kopuru horren arabera onartuko zaio legitimitate politikoa besteen aldetik. Marrazoen legeak baino agintzen ez duen eskenategi honetan ez da ezer oparitzen.

Boto kopuru hori, bestalde, ez da Ezker Abertzalearentzat bakarrik garrantzitsua. Egoerari irtenbidea aurkitzen interesatuta dagoen ororentzat ere bai. Alegia, ordezkaritza aitortu bat beharko dutelako Ezker Abertzalean.

Ez dago orijinaltasunik planteamendu honetan. PSOE-PSE-EEko Jesus Egiguren buruzagiak hala zioen oraintsu Gara egunkarian egindako elkarrizketan. Berak ziurtzat ematen zuen Ezker Abertzalearen ordezkaritza hori, baina argi dago lortu beharra dagoela.

Eta ez da ariketa erraza izango. Gauzak honela direla jakin arren ere, Ezker Abertzalearen uretan beste batzuk ere ibiliko baitira arrantzan.

Edozelan ere, hauteskunde garaiko garraztasunek ez dezatela inor itsutu. Ez behintzat gero ere urratzeko modukoak izan daitezkeen bideak estaltzeko haina.