argia.eus
INPRIMATU
Aterik ate
Joxerra Garzia 2007ko otsailaren 21a
Atzeratuta ohi dator azken aspaldion negua. Lehen, abenduan egiten zuen elurra; orain, otsailean. Beharbada horrexegatik dute hain gustuko otsailean ateak ixtea. Otsailez saiatu ziren Espainiako Kongresuko atea ixten, otsailez itxi zuten Egunkariarena. Eta orain, antza, Beneditarren komentuetako ateak itxi nahi dituzte, otsailez, hotz-hotzean eta hotsaren hotsez.
Gero, udaberri aldera, aurpegi estaliak eta metraileta ageriak elurrarekin batera desagertzen direnean, beste sumario bat irekiko dute, eta hari ere ezarriko diote lege-itxura emango dion zenbaki kabalistikoa: zero-bost barra bi-zortzi, esaterako. Beste sumario bat, efemeride tristeen bildumarako.
Hurrena zein izan litekeen, ez dakit nik, baina, ikusiak ikusita, nahiago nuke behar ez duenen batek nire libururen baten izenbururik ez jartzea bere erosketa-zerrendan, badaezpada ere. Antza denez, hori baino froga gutxiagorekin ere estaltzen baitira aurpegiak, bistaratzen metrailetak eta irekitzen sumarioak.
Bien bitartean, ate guztien atea omen den Europakoa irekitzeko baimena eskatzen ari zaizkigu, baina, nik behintzat, badut nahikoa lan etxeko ateei kontu egiten.