argia.eus
INPRIMATU
Zer da: SPRI
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21

Industri Sustapen eta Birmoldaketarako Sozietatea, SPRI, Eusko Jaurlaritzak 1981ean sortu zuen agentzia da, xede duena EAEko enpresei garatzen laguntzea eta eremu horretako ehun industriala babestea. Horrez gainera, enpresa-proiektu baten ideia ernetzen denetik ezartzen den arte eskakizun diren erantzunak emateko egitekoa duen sozietate-talde baten burua da. Bestalde, gure enpresa txiki eta ertainei edo pymeei atal hauetan laguntzeko baliabideak ditu: informazioaren teknologiak eskura jartzeko, nazioarteko proiektuekin kanpora ateratzeko, sektore bakoitzaren behar partikularrekin bat datozen enpresa-inguru egokietan kokatzeko eta proiektu berritzaile eta estrategikoetarako finantzazioa arrisku-kapitalaren bidez lortzeko. SPRI Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismoko Sailari atxikia dago. 150 langile ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako elkarteetan. SPRIk lau jardun-lerro estrategiko ditu: berrikuntza, nazioartekotzea, garapen industriala eta informazioko sozietateak.
Beste sozietate batzuk ere baditu: SPRILUR, pabilioi industrial egokiak ematen dituena; parke teknologiko bana EAEko lurraldeetan; arrisku kapitaleko sozietatea eta enpresentzako eta berrikuntzarako zentroak EAEko hainbat lekutan.