argia.eus
INPRIMATU
Hitz bitan
2021eko uztailaren 27a

Helena Taberna zinema zuzendariak Euskonews & Mediari esanak: «Olerkari batek esaten zuen bezala, norbera nolakoa den, horrela maitatzen du. Zinemaren kasuan, nolakoa zaren, horrelako zinema egiten duzu. Ez zait zinema politiko edo militantea interesatzen. Niri historia onak interesatzen zaizkit, panfletorik gabeak».

Joxan Sagastizabal idazleak honakoa zioen Deian: «Arrakasta izan eta jendearengana iritsi nahi baduzu, euskaldunen artean nekez lortuko duzu horrelakorik ulertzeko zail samarra den hizkuntz eredua edo hizkera erabiliz, edota mezu sakon eta aldrebestuak erabiliz ere (...) Erdaraz oro har entzuten diren gauzak ulertzeko gaitasunaren parera oraindik ez gara iritsi euskarazkoen kasuan, eta antzerki lanetan hori kontuan hartu behar da».

Et Incarnatus orkestako zuzendari Migel Zeberiok musika klasikoaren egoera zuen hizpide El Paísen: «Zoritxarrez, oso gutxi programatzen da, eta gure areto handietan (Baluarten, Kursaalean edo Euskaldunan), dela konplexuagatik, dela talde horiek duten kalitate ukaezinagatik, normalean talde atzerritarrak ekartzen dira. Oso polita geratzen da».