Gabi Mouesca: «Kartzelarik gabeko gizarte bat agertzen da ene ametsetan»


2021eko uztailaren 20an
Nola oroitzen duzu zure gaztaroa?
Haurtzaroari buruz biziki oroitzapen guti dut. Ene lehen oroitzapen garbiak gaztarokoak dira, adoleszentziakoak, hamabortz urte nituenekoak. Bi urtez Akizen eskolan izan nintzen, bestalde xarean aritzen nintzen, pilotan. Mendeberri elkartean ere banintzen, eta Gernika aldizkariaz arduratzen ginen. Hamabortz hamasei urtetan hori izan zen abertzaletasunean eman nuen lehen urratsa. Hamazazpi urtetan Ezker Berrin sartu nintzen.

Lanean hasteak erakutsi omen zizun nolakoa zen mundua.
Angelun, Chiky Toys, jokoak egiten zituen lantegian, hasi nintzen lanean. Bertze langile anitz bezala, gauzak gaizki joaten hasi zirelarik sindikatu nintzen, lantegia itxia izan zelarik 1981ean. Ene klase kontzientzia gatazka sindikal horretan hartu nuen. Zinez gatazka gogorra izan zen, lau hilabetez okupatu genuen enpresa. Baina beti erran izan dut okupazioko horiek izan direla ene bizitzako lau hilabeterik politenak. Anaitasun eta borrokako espiritu izugarria bizi izan genuen. Geroztik ez dut horrelakorik bizi.

Iparretarraken sartzeko urratsa noiz eta nola eman zenuen?
Eferbeszentzia garai bat zen, idealismo iraultzaile eta errealitate dramatikoaren artean bizi ginen. Sozialismoaz hitz egiten genuen, gaur egun modaz pasatuak diren kontzeptuetaz, nahiz eta arazoaren mamiak berdin dirauen. Ene engaiamendua euskal nortasunaren kontzientziarekin eta kontzientzia sozialarekin lotua zenez, ene lekua naturalki aurkitu nuen IKn, IK herri askapenerako erakunde sozial bat baitzen. Gainera ikusten nuen borroka legalak bere mugak zituela, eta beraz kontsideratzen dut gizaki euskaldun bezala armak hartzea arras legitimoa zela, bizi genuenaren aitzinean oldartzeko manera bat.

Kontziente zinen hartu zenuen bide horrek ororen buru zein irteera zituen?
Borroka armatuan sartzen delarik, batek badaki azkenean bi alternatiba izanen dituela: heriotza edo kartzela. Nik ezagutu nituen IKko militante guziak arrisku horiek jakinki sartu ginen erakundean. Bagenekin zer irtenbide ziren bidearen bukaeran, asumituak genituen hasieratik.

Beldurrez bizi zenuten klandestinitatea?
Ez, bestela ezinezkoa zitekeen aitzina egitea. Hala ere klandestinitateko bizitzaz oroitzean bi beldur heldu zaizkit gogora: beldurra lotarakoan, eta beldurra iratzartzean.

Fite preso sartu zintuzten. Lau paretaren artean aurkitzean zer erraten du buruak?
Kartzelako hirugarren egunean, kalkuluak atera, eta ene buruari erran nion: "Hire bizitzako hamar urte emanen dituk presondegian". Denborak erakutsi dit pronostikoak egiten txarra naizela, hamazazpi urtez gelditu bainaiz preso. Batetik preso nintzen garaian ez nuelako arras jarrera otzana izan, ene energia militanteak produktibo izaten segitzen zuen, eta bestetik bazelako estatuaren borondate bat adibide beldurgarriak eman eta ondotik heldu zen gazteria ikaratzeko. Horregatik hil zuen estatuak boluntarioki, bereziki Didier Lafitte dut gogoan, eta horregatik atxiki naute luzaz presondegian.

Tartean ihes egitea lortu zenuen. Presoak etengabe pentsatzen du nola ihes egin?
Kartzelan zarelarik, ihes egin nahi izatea askatasun aztarna bat da, eta ene barnean beti egon da nahi hori. Presoak askatasunaren desio hori galtzen duelarik funtsezko zerbait galdu du. Preso batek egun batean bizi dezakeen esperientziarik eta urratsik ederrena da ihes egitea. Arazoa da zailena ez dela ihes egitea, baizik eta gero kanpoan egotea. Berriz ere zure bizia jokoan ezartzen baituzu.

Berriz atxilotu eta isolamendu osoan eman zintuzten hamaika hilabeterako. Orotara hiru urte eta erdi iragan dituzu isolamenduan, 1.000 egun baino gehiago. Nola iragaten da isolamenduko egun bat, ordu bat, minutu bat...?
Aste batzuen buruan zaila zaizu irakurketan kontzentratzea, zaila telebista ikustea, eta denbora guzia pasatzen duzu zure ziegan joan jinak egiten, sei pauso eta sei pauso, ehunka aldiz, milaka aldiz, orduetan eta orduetan. Animali jarrera bat ukatera iristen zara. Horren aurka diziplina bat ezarri nion ene buruari, eta ene egunerokoa, hamazazpi urtez, goizetik arrats, beti izan da berdina. Iratzartzea, lotaratzea, kirola egitea, beti izan da berdina, sekula hautsi gabe. Hogeita hamabi eguneko bi gose greba egin nituelarik ere hamabortzgarren egunera arte goizeko sei orenetan iratzartzen nintzen, ohea egiten nuen, plegatzen, zaintzaileek goizik, zutik, bizarra egina, eta garbi ikus nindezaten. Diziplina kartzelak sortzen duen gaizki horren aurka defendatzeko manera bat da.

Kirola aipatu duzu, baina isolamenduan debekatua zaizu kirola egitea. Nola moldatzen zinen?
Hiru oren laurdenez edo oren batez lasterka egiten nuen egunero. Egin izan ditut oren bateko lasterketak bortz edo sei metro karratu zituzten ziegetan. Alde batera lehenik, eta bertze aldera gero, gelditu gabe lasterka. Hori guzia goiko zaintzaileei erakusteko lasterka ari nintzela, eta zutik nintzela. Eta elurra egin edo euria egin, beti ateratzen nintzen kanpora, promenara. Atera eta ikusten nuelarik zaintzailea bere postu finkoan hotzak hiltzen, garaipen bat zen ene alde, eta garaipen bat bere kontra.
Bestalde izerditzen duzularik senditzen duzu zure gorputza bizirik. Eta presondegian zure gorpua ez da deus, pareta bat da; sexualitatea debekatua zaizu, intimitatea debekatua, ez duzu goxotasunik. Beraz erran izan dut presondegian ukan ditudan bi goxotasun iturriak astean nituen hiru dutxa beroak, eta gorputza iduzkitan etzatea zirela. Sentitzea ur beroa gorputz gainean lerratzen, edo gorputza iduzkitan berotzen, goxotasun iturri bat zen, eta hor duzu sentitzen zure humanitatea, zure gorputza bizirik dela.

Eta ez duzu nehoiz zure burua hiltzerik pentsatu?
Kartzelan egon naizen denboran ez dut segundo batez ere suizidioan pentsatu, nahi hori arras ezezaguna izan da enetzat. Dena gainditzen ahal da kartzelan zarelarik, baldin badakizu zergatik jasanarazten dizuten hori. Jakin behar duzu zergatik entseatzen diren zu umiliatzen. Hautsi nahi zaituztelako da. Hori ulertua duzularik dena jasaten ahal duzu. Nik beti jakin izan dut zergatik inposatzen zizkidaten baldintza gogorrak, gertatu zaidan guzia politizatu dut, eta bistan dena ene erreakzioa horren araberakoa izan dela. Beraz, ez dut morala apaldu zaidan garairik ezagutu. Aldiz, badakit ez nintzela horrela zutik geldituko hamazazpi urtez baino gehiago, ateratzeko garaia zen. Espezialistek diote hamabortz hamazazpi urteren buruan arraildura bat gertatzen dela. Nik hamazazpi urteren buruan sentitzen nuen nahiz ene determinazioa hunkitu gabea zen, ene kemenaren parte bat erortzen ari zela. Usu konparatzen ditut presondegia eta ozeanoa, presondegia eta labarraren aurka hausten den itsasoa. Uhainek egunero jotzen dute labarra, jo eta jo, eta iristen da egun bat labarra erortzen dena. Ez dakizu zergatik ez zen egun bat lehenago, edo aste bat berantago, baina afera da erortzen dela. Eta presondegia berdina da, egunero-egunero kosk egiten dizu, egunero puska ttipi bat kentzen dizu, eta egun batez amiltzen zara. Zure izate guzia amiltzen da.

Alta errana duzu Che duzula eredutzat, berak erakutsi baitzizun pertsonaren borondatearen indarra mugagabeko itsaso bat dela. Pertsonaren barne indarrak, beraz, badu edo ez du mugarik?
Enetzat argi da gizakiak badituela bere baitan mugarik gabeko indarrak. Baina bistan da horretarako beharrezkoa dela faktore batzuek ukatea. Ezin zara bakarrik izan, eta ni ez naiz sekula hala izan, beti ukan dut familiaren eta militanteen sostengua. Alde horretatik preso abertzaleak pribilegiatuak gara. Presondegian bakarrik ez zara deus, eta hor zara erortzen. Horregatik salatzen da hain maiz dispertsioa, abertzale bat Strasbourgen, Clairvaux-n, edo Parisen emanik, ez duelako soilik kartzela bizi, erbestea ere bizi baitu, bere sustraietarik moztua da.


Horrelakoetan presondegi barnean atzeman behar duzu familia berri bat. Bertze presoekin nolako harremana zenuen?
Ez dut sekula ezberdintasunik egin presoen artean, edozein izanik ere kartzelara eraman dituzten arrazoiak. Pertsona humanoen artean harreman arras normalak ukan ditut, bai oso ekintza larriak, ez errateko krudelak, leporatzen zitzaizkien pertsonekin ere.

Zuretzat bai, baina kartzelarentzat berdinak dira preso guziak? Berdin hartzen ditu Alain Juppé lehen ministro ohia eta droga saltzaile gaztea?
Badira artetan aberats bakar batzuk preso emanak direnak. Denbora gutirako bistan dena, eta hainbat hobe haientzat, nik ez baitiot presondegia nehori opa. Baina haien tratu judiziala eta kartzelako zaintza ezberdina da bertze preso pobre batenarekin konparatuz.

Hamazazpi urteren ondotik libre utzi zintuzten. Anitz aldatua ikusi zenuen kanpoa?
Gehien markatu ninduena indibidualismoa izan zen. Urte gutiz indibidualismoak gizartea pozoitu zuela sumatu nuen. Eta bistan dena indibidualismoa errateak erran nahi du zenbait erreakzio kolektiboren bukaera, zenbait mugimenduren bukaera...
Maila pertsonalean, sumatu nuen ene gorputza ez zela karrikako erritmoan. Presondegian erretretatu baten erritmoa duzu: emeki ibiltzen zara, emeki jaten duzu, informazio guti duzu jasotzeko... Karrikan dena abiadura handian doa, gainera ni Parisera atera nintzen, non dena speed den, non momentu oro badituzun mila informazio jasotzeko: informazio bisualak, entzumenezkoak... Kartzelan minutuko informazio bat duzu gehienik. Beraz erritmo berri horrek akidura izugarri bat sortzen zidan, asteak biziki akituak pasa nituen, buruko minez, ene burmuina bertze abiadura batean ibilki zen.

Bizitza erritmoaz gain zenbat aldatu zintuen zu kartzelak?
Presondegitik pasa dena, nahiz egun batzuetarako bakarrik izan, bizitza guzirako markatua da. Nik ukan dudan xantza izan da, presondegian euskalduna sartu nintzela, eta atera naizela euskalduna eta unibertsala. Mundu guzia gurutzatu dut kartzelan, bereziki hirugarren mundua, eta laugarrena. Hori ene pertsonarentzat garrantzitsua izan da, irakurtzen nuenaz haratago, diskurtso ideologikoaz haratago, ene presondegiko bizitzan ezagutu ditudan pertsonek lagundu naute euskaldun unibertsal bilakatzen.

Kartzelan ere zure munduko bidaia egin duzu beraz?
Bai, bidaiatu dut, eta gainera kasik urririk.

Ateratzean libre sentitu zinen?
Ateratzeko momentuan zaintzaileak zera erran zidan: "Beraz Mouesca, zer efektu egiten du libre izateak?". Eta nik arrapostu: "Baina, zaintzaile jauna, ez al naiz ni beti libre izan?". Eta harritua egon zen. Baina egia da, ikuspuntu filosofiko batetik beti sentitu izan naiz libre.

Alta errana duzu presondegitik azken presoa aterako delarik izanen zarela zu libre.
Ezin gara zoriontsu izan badakigularik jendeak segitzen duela presondegian bizitzen, eta bereziki zure bizitza ildoa eta ildo politikoa konpartitzen duen jendeak. Atera nintzelarik errefusatu nuen ospakizunak egitea, erran nuelako ospakizunak eginen ditugula, bakarrik, azken presoa aterako delarik. Ez nuen zentzurik ikusten ene askatasunarentzat besta egitean, bertze ehunka abertzale preso direlarik. Agian laster ospatzen ahalko dugu azken abertzalearen ateratzea.

Orain Presondegietako Nazioarteko Behatokiko zuzendaria zara. Gizarteak nola ikusten ditu presoak?
Gizarteak ez ditu presondegiak ikusi nahi, jendearen kontzientzia txarraren parte dira. Eta gure lana da gizartea errealitate sinistro horren aitzinean ematea. Normala baita gizartea informatua izan dadin bere izenean eta bere sosaz egiten denaz. Horretarako kartzeletako errealitate gordea ilunpetik atera eta zabaltzen dugu. Komunikabideen bidez presondegietako paretak gardenak bilakatzen entseatzen gara. Bestalde presoei beren eskubideak bete daitezen bideak jartzen dizkiegu, eta politikoengana ere zuzentzen gara, senadoreengana, diputatuengana... eskubidea garatu dadin. Sinesten dut eskubidearen indarrean, eskubidea gure arma delako PNBn.

Gaurko presoetarik zenbatek egon behar lukete kalean?
Presondegietako zuzendariei galdegiten diegularik egun Frantzian zenbat preso arriskutsu badiren, erraten digute mila direla. Eta oroitarazten dut Frantzian kasik 60.000 preso badirela. Erran nahi du, errepresioaren logika segituz, mila pertsona badirela egun gizartearentzat arriskutsu direnak. Afera da ere gero jakitea nola atxikitzen diren presondegi barnean, ez egun bezala, hasteko. Bertze 59.000rentzat, kartzela ez den bertze erantzun sozial bat eman behar da. Konpontzen ahal den neurrian, egin dutena konpontzeko bidea eman behar zaie, eta ez errotik moztu bergizarteratzeko dituzten aukera guziak. Pertsona bat preso ezartzea pertsona horrek berriz gizartean bere lekua aurkitzeko xantza guziak kentzea baita.

Hiltzaileak kartzelan sartzen dira. Eta kartzelak zenbat pertsona hiltzen ditu?
Presondegiak Frantzian hiru egunetik behin suizidio bat probokatzen du, eta urtean bertze 130 heriotza, heriotza naturalak deitzen direnak. Orain dela hogei egun baliogabetu diote kondena nik Pauen 1985ean ezagutu nuen mutiko bati. Geroztik kartzelan egon da. Hiesa du, eta bada bulta bat bere askatasuna eskatzen genuela. Baina tematu dira mutikoarekin, eta orain arte ez dute askatu. Azkenean atera da, baina hemendik bizpahiru astera hilko da. Horrelako gehiago, eta bere buruaz beste egin duen jendea ere hurbil ezagutu dut.
Egia erran kartzela sistema duinenen Europako zerrendan Frantzia eta Turkia dira azken bi herriak. Izan Frantzian, Espainian, Belgikan edo bertze nonbait, seguritateko logika batean sartuak gara. Irailaren 11z geroztik, terrorismoaren kontrako borroka delako horrekin legeak gero eta gogorragoak dira, eta ondorioa da gure gizartean presondegiak gero eta leku zabalagoa duela.

Bada herri eredugarririk alde horretarik?
Badira herriak, Kanada adibidez, edo Europako iparraldea, non egitura eredugarriak sortuak diren. Baina maiz aurpegi bikoitza duten sistemak dira. Sistemaren alde bat errepresiora itzulia da, eta beste aldetik esperimentu positiboak egiten dira. Zoritxarrez esperimentu horiek gutiengoan dira. Kortsikan ere bada presondegi bat, Casabianda, non egoera arras ezberdina den bertze kartzela frantsesekin konparatuz. Baina esperimentu gisara hartua da, eta gainera Casabianda da Frantziak bere kartzela sistemaren adibide bezala mundura erakusten duena.

Presondegirik gabeko mundu bat ikusten duzu?
Kartzelarik ez lukeen gizartea beti agertu izan da ene ametsik ederrenetan. Eta uste dut eraikitzen ahal ditugun gizarte baterako baldintzak, non tresna barbaro horren beharrik ez genukeen izango. Lehenik, naski, delinkuentziaren oinarria den injustizia soziala da desagerrarazi behar. Iturria moztu behar da.


Eta zergatik ez da entzuten, kartzelarik gabeko mundu hori, ez jendeen eta ez alderdien aldarrikapenetan?
Hori manipulazio politiko mediatiko baten fruitua da. Barne ministroak loreak bota dizkio poliziari erranez delinkuentzia jaitsi dela. Baina bada hor kontraesan bat. Zeren eta delinkuentzia jaitsi dela dio, baina gero eta jende gehiago da preso. Gaizkile gutiago izanen balitz preso gutiago izan beharko litzateke, eta alderantziz gertatzen da. Egun jendea beldurrarekin mantentzeko borondate bat bada, beldur horrek laguntzen baitu politika errepresibo eta arduragabeak martxan ematen. Egungo baldintzetan norbait preso ematea, bihar berriz eroriko den bat fabrikatzea da. Estatu frantsesaren buruzagitzan direnak inpunitate osoz eta herritarren diruarekin biharko bortizkeriari habia egiten ari dira.

Eta biharko presoak nolako baldintzetan egonen dira?
Ikusten dira zantzuak erakusten dutenak, bihar, presondegiak egun ez bezalakoak izanen direla. Ez dakidana da bihar hori hemendik urte batera, bortz urtera, edo hamar urtera izanen den. Baina ez dut uste egungo egoera okertzen anitz joaten ahal den.

Ametsak ere preso
«Kartzelako lehen urteetan kalea agertzen zaizu ametsetan. Etxeko jendea ikusten duzu, etxeko paisaiak. Baina urte batzuen buruan ez duzu gehiago kanpokoaz ametsik egiten, barruan gelditzen dira zure ametsak. Luzaz ene ametsetan egunero presondegian gurutzatzen nuen jendea baizik ez da azaldu, paisaia ere eguneroko ateraldikoa zen. Ametsen mundua ere preso gelditzen da».

Palestina
»Euskal Herrian, errepresioak eta bortizkeriak, hunkitzen dituen ertzak hunkiturik ere, ez du gizartearen osotasuna hunkitzen. Palestinan, haur ttipitik hasi eta aitatxi-amatxi zaharreneraino, denak hunkitzen ditu. Denek bizi dute arriskua hilik edo preso bukatzeko. Nehor ez da salbu. Palestinan izan nintzelarik, aitatxi batek erran zidan, bere etxean preso izan ez zen bakarra zaldia zela. Eta etxe anitzetan horrela gertatzen da. Beraz bada diferentzia han eta hemen jasaten den bortizkeriaren eta errepresioaren artean. Baina horrek ez du kentzen gure erresistentziaren legitimotasuna».

Gorrotoa
«Uste nuen ene baitan ezezaguna zen sentimendu bat zela, baina bi aldiz heldu naiz gorrotoa sentitzera. Gogoan dut isolamenduan zortzi bederatzi hilabete pasa ondotik piztu zitzaidan herra. Ametsetan gauza beldurgarriak ikusi nituen, bortitzak, eta beti isolamenduan atxikitzen ninduen instrukzioko jujea agertzen zen. Hori isolamenduan egotearen fruitua da, zeren eta sentimendu negatibo horiek arras ezabatu nituen isolamendutik atera nindutelarik».

Nortasun agiria
Gabi Mouesca 1961eko irailaren 7an sortu zen. Baigorrin bizi izan zen bederatzi urte arte, eta handik landa Baionan. Baionako CES Marracq ikastetxean ikasi zuen lehenik, eta gero Akizen osatu zituen zorroztaile ikasketak. Gaztetarik mugimendu abertzaleetan ibilia, Iparretarraken sartu zen 80ko hamarkadan. 1984an atxilotu zuen poliziak. 1986an Paueko presondegitik ihes egitea lortu zuen. 1987an berriz harrapatu eta preso sartu zuten. Orotara hamazazpi urte iragan ditu preso, horietarik hiru eta erdi isolamenduan. 2001ean atera zen kartzelatik, baina presoen eskubideen aldeko lanean segitu du, nola profesionalki hala militanteki. Ofizioz Gurutze Gorriko presoen ordezkaria izan da orain arte, eta ordu libreetan Presondegietako Nazioarteko Behatokiko zuzendaria. Liburu bat idatzia du, Prison.net. Journal d'une longue peine (Kartzela.net. Kondena luze baten egunerokoa) eta bertze bi idaztekotan da. Parisen bizi da, Euskal Herrira sartzea debekatua baitu.

Gutunak
«Zure atea zabaltzen delarik, eta zaintzaileak gutun bat luzatzen dizularik, arnasa oparitzen dizu. Preso bati idaztea oxigenoa igortzea da. Nik hamazazpi urtez hiruzpalau gutun ukan ditut egunero, eta hamazazpi mila gutun baino gehiago ditut orotara bizkar gainean».


Azkenak
Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


Teknologia
Oinak lurrean

Interneten Willow hitza bilatzerakoan oraindik txikitan ikusi nuen pelikula baten izenburua agertzen da. Fantasiaz beteriko pelikula hartan, Willow izeneko gizon txiki batek, protagonistak, mundua eraldatu zuen, erresuma zapaltzaile batetik herritarrak askatuta. Google-k Willow... [+]


Materialismo histerikoa
Zuentzat

Araiak esan dit zuei idazteko. Esan dit, utzi baino lehen (aurten egingo dut), nire testu bat eraman nahi dizuela, nik ez dizuedala inoiz eraman, eta merezi duzuela, harro sentituko zaretela nitaz. Ezin da horrelako aukera bat galtzen utzi. Ez dakit jada esan ez dizuedan zer... [+]


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


Alerta laranjak

Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]


Jendetasun zolatik, Kittof gogoan

Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]


2024-12-18 | Jesús Rodríguez
Borroka aro berria Herrialde Katalanetan

2011. urtean M-15eko mugimendu indartsua lehertu zen, Kataluniako Gobernua ataka estuan jarri zuena. Besteak beste, orduko hartan Polizia Bartzelonako Katalunia plazako kanpaldi suminduari oldartu zitzaion, eta parlamentua setiatu zuten ekintzaileek, Artur Mas presidentearen... [+]


Izar Mendiguren. Saltsa berrietan beti
“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]


Eguneraketa berriak daude