argia.eus
INPRIMATU
Eta nafarrok, plan honetan
Bixente Serrano Izko @bixentesi 2021eko uztailaren 27a
Den-denak bertzeei mugitzeko aginduka norbera nola mugituko zain, Ibarretxe higitu zen ausarten. Gaurko kontua ez da. Bi burutako PPSE alderdi bakar hura eratu eta ezker abertzale hura sartu zenetik EAJk tresneria autonomikoa kosta ahala kosta gal zezalako estrategian »su-etena eten osteko EHren estrategia hartaz ari naiz», ezin erran EAJk jakin ez duenik mugitzen. Eta hara, interesatu zaionean eman dio amaiera legegintzaldi honi. Irteteko tiro-hotsa entzunda, nire antiojoekin erreparatuko diet korrikalarien abiapuntuei.

Kalerik onenean, bistan dena, EAJ-EA. Ibilera gihartsuarekin, ia bertze guztiak mugiarazi ditu koalizio buruak. Badakigu, jakin, koalizio batek gutxitan batzen dituena partaide denek banaka lortuko lituzketen boto guztiak. Baina gutxi horietan, aukera historiko deritzagun horietan, batu ez ezik, ugaritu ere egin daitezke fruituak. Madrilgo ikuskizunaren ondoren eta erreferenduma agindu, aukera historiko horietako baten irudia du koalizioak ikur. Sinesgarritasuna eman behar dio amuari, eta, oraingoz, bertze guztiek esku-eskuan jarri diote hori.

PPSE? Ikusteke dago soberan duen hasierako P hori erabat desagertu edo eranskin gisa gordeko duen, PSE(P) itxura halako bat ematen. Mementoz, PP ezertan ere mugitu ez denez, PSE bezala agertu nahi du Patxi Lopezek, bertze proposamen bat besapean, baina EAEn kale egin zuen konstituzioaren herdoilaz zikinduta. Ongi kokaturik? Bai, neurri batean: PPSEren aurreko botoetan, PSEk gehiago biltzeko egoeran; baina ez dut ikusten EAJ-EAren amuaren liluramendua lausotu eta abertzaleak "desengainatzeko" gai. Xelebre, gero, PSEren argumentu berria "desengainu" hori pizteko ezkerreko abertzaleengan: ez ote du bere egin nahi ezker abertzale ortodoxoaren argudio zahar hura, EAJ-EAk boto lapurretan hasi nahi duela alegia? Ba al du itxurarik amu horrek PSEren kanaberan?

Ezker abertzale ortodoxoa dugu urrats bereziak egin dituen bertze bat. Su-etena eten osteko estrategia burugabe harekin, amildegian behera irristan hasi zen. Legez kanporaketa ekarri ziolako ez, kanporaketa gora-behera baizik, nonbait: PPSOE, Garzon eta astakaiku enparauek mantsotu egin diote suizidioa. Bide horretan, Alderdi Legea ez da nahikoa ezker hori desagerrarazteko geografia elektoraletik: boto ezeztagarriak eta zuriak »eta abstentzioa bera ere, hurrengo koskan» debekatu beharko lituzkete Euskal Herrian, ezker abertzale ortodoxoaren isla ezabatuko badute. Baina txantxak aparte, mugitu, mugitu egin da ezker hori. Anoetakoa eta Gasteizko hiru botoak urrats agerikoak izan dira. Beranduegi, baina, apirilaren 17 edo maiatzaren 15erako: gehienez ohorezko kalea izanen du korrika-toki, erakustoki hutsa. Ezusteko bertze urrats bat eginez, PSEren garaipenean ikusiko ote du aukera, hurrengo batean benetako korrikalari izateko? Hauteskundeak geldiarazteko proposamenaren arrakasta jakinda, zein du egiazko A plana?

EB? Kritikak kritika, leku duina irabazten jakin zuen eta badu orain ongi ateratzerik, Llamazares eta Errori federalismoa zer den irakasteko neke latzak dituen arren. Inkognita zailagoa dugu Aralarrena. EAren apustuak kale erosoagoa utzi dio, beti ere Ibarretxeren agindua betearazteko asmoari eusten badio ezker abertzale heterodoxo horrek. Eta ortodoxo batzuek, Anoetakoarekin sinestekotan, Aralarrena ikus dezakete euren kalerik egokiena. Inkognitaren balioa aurkitzeari alferrik ekinen nioke nik. Ezezaguna ez ezik, aldagai ere izan daiteke. Artean, nafarrok, plan honetan. Euskaldun izan nahiko nuke!