Hogeita hamabost berrogei urtetik gorako askok entzun izango dute noiz edo noiz Egoki da eta zuzen eliz kantu-otoitz hori, eta herri txikietakoak garen gazteago batzuoi ere tokatu zaigu horren berri izatea. Egoki da eta zuzen. Gure fedearen kalitatea ez zen izugarria izango seguru asko, gaurko gazteek omen duten euskera kalitatearen paretsukoa hor nonbait. Euskeraren kalitate eta egokitasun kontuak dezenteko indarra hartzen ari dira bazterretan, eta poztekoa da gure arteko eztabaida amaigabeetarako beste kontzeptu eta hausnarketa bat gehiago izatea. Drogekin eta euskerarekin beti gazteek problemak. Ez daukat dudarik arazo hori planteatu dutenak egoki ez ezik zuzen dabiltzanik. Baina, ez harritu handik edo hemendik beste ziurtagiri bat gehiago etortzea. Kalitatea, ordea, gaur egunean Q-z idazten da eta egokitasuna ere kontzeptu irristakorra da, eta ez du zertan beti garbi garbia izanik. Beste zenbait disziplinetan ere bidea egin nahian dabil. Bertsolaritzan adibidez, txapelketa nagusirako epai irizpideekin. Kontuak kontu eta ebindentziak ebidentzi, ez dezagun behintzat geure bururik engainatu: hizkuntza eredu sortzaileak direnek -pertsonak, aginte-erakundeak, medioak, guneak, giroak...- euskeraz egin ezean, alper xamarrik ariko gara kalitate eta egokitasun bila. Ez dakit hizkera egokirik baden. Nik hizketan egokiak direnak ezagutzen ditut, eta ez dira hainbeste ere.