Marimuki. Aiba!!! Arrautza egin dut!
Antton Dueso
Ibaizabal
24 orrialde
5 euro
Arrautza errun zuen neskatoa
Ibaizabal argitaletxearen eskutik Antton Duesok plazaratu duen gazteenei zuzendutako komiki honen protagonista Marimuki da, izendatzen duen gai likitsa etengabe sudurretik zintzilik eramateaz gainera, bere inguruko guztiak erotzeko moduko gauzak egiten dituen neskatoa. Aiba!!! Arrautza egin dut! alean, mendian gora abiatu orduko sentitzen duen kakagura asetzen ari den batean, hara non ikusten duen arrautzatxo bat berak oroigarri gisa utzitako mokordoaren alboan. Arrautza bat errun du, neskatoa ziur da. Gurasoak saiatuko zaizkio arrautza hura Marimukik kaka egiterakoan alboan zuen zuhaitzetik eroria behar duela azaltzen, baina ezin izango dute alabaren buruan sartu arrautza jarri ez duenik. Nola, psikologoak ere ez du hori lortuko-eta!
Peironcely, San Sebastián y el ferrocarril de los Alduides a mediados del siglo XIX
Carlos Larrinaga
Kutxa
131 or./ 9 euro
15 euro
Manuel Peironcely eta Aldude mendiko trenbidea
Aspalditik datorkio Carlos Larrinagari Aldude mendiko trenbideaz duen interesa. Liburu honetan, XIX. mendearen erdialdera Espainia eta Frantzia Euskal Herritik barrena lotuko zituen trenbidea egiteko orduan nagusitu ziren bi aukeren berri ematen du. Batetik, Nafarroa-Zumarraga-Ordizia-Irun bidea egin zezakeena zegoen, eta bestetik, Nafarroatik Aldude haran piriniarra zeharkatuz joango zena. Ubide eta portuetako ingeniari Manuel Peironcelyk donostiarren interesak babesten zituen aukeraren alde egin zuen, eta haren esku-hartze garrantzitsuaren berri izango du Carlos Larrinagaren azken lan hau irakurtzen duenak, Peironcelyren txostenaren mamia eta huraxe irabazle suertatu izanaren arrazoiak ezagutuz.
Zer da nazioa?
Ernest Renan
Euskal Herriko Unibertsitatea
134 orrialde 8 euro
Limes bildumaren lehen alea
Euskal Herriko Unibertsitateak euskararen normalizazioa bultzatu eta bermatu asmoz egindako ahaleginetako bat da Limes bilduma, mugaz bi aldeetatik isurtzen diren pentsamenduaren eta literaturaren urak euskaraz edango dituen iturria. Ernest Renanen Zer da nazioa?arekin ematen dio bere bideari abiada. XIX. mendeko frantziar intelektualik garrantzitsuenetakoa izan zen Ernest Renan, eta historialari, filosofo, orientalista, filologo eta literatur kritikari honek 1882an emandako hitzaldia jasotzen du Zer da nazioa? liburuak. Bere testuinguru historikoan nahitaez kokatu beharra dagoen haren teoriaren arabera, nazio baten existentzia egunero gauzatu behar den plebiszitua da, gizabanako baten existentzia bizitzaren aldeko betiereko baieztapen etengabea den bezalaxe.
Lapurdum. VIII
Batzuen artean
Iker Zentroa
527 orrialde
23 euro
Lapurdumen azken zenbakia
Baionan bere egoitza duen Iker zentroaren agerkaria dugu Lapurdum, euskal ikerketen berri emanaz urtean behin argitaratzen den aldizkari sendoa. Bere zortzigarren zenbakian garaturik aurki daitezkeen gai anitzen artean, Bernard Etxepare eta Arnaud Oihenarten maitasun-poesiak, 1936-1940 urteetan Frantzian zein Belgikan errefuxiatu ziren euskal umeak, Martin Goyhetchek (1791-1859) lapurterara itzuli eta egokitutako La Fontaine eta Florianen alegiei buruzko eskuizkribuak, musulmanak Euskal Herriko lurralde ezberdinetan, euskararen gaineko hainbat gai, Artzeren poesiaren pentsakizuna, euskal antzerki garaikidea, baladen itzultze eta moldatze moduak eta euskara berpizteko politika Ipar Euskal Herrian aztertzen dituzten lanak daude.
Arraioa hau da hau abentura
Manel Alonso i Catalá
Gero
60 orrialde
8,50 euro
Irakurtzea gorroto zuten gazteen ezustea
Mari Eli Ituartek euskaratu duen Manel Alonso i Cataláren lan honetako protagonistek ez dute batere gustuko irakurtzea. Telebista, zinea eta kontsolarako jokuekin txora-txora eginda daude neska-mutil hauek, baina nahiago beren buruak errekara bota, ikasturtean zehar irakasleak etxean irakurrarazten dien ipuin liburuetakoren bat begien aurrean edukitzea baino. Halako batean, ordea, Kultur Etxean giltzaperatuta aurkituko dira. Handik ateratzeko laguntza eman diezaiekeen bakarra nahitaez irakurtzera derrigortuko dituen iratxo bat izango denez, uste ez dutela, batek piraten mundua ezagutuko du, besteak detektibeena, hirugarrenak sorgin berezi bat eta laugarrenak maitasuna.
Hizpide
Batzuen artean
Habe
130 orrialde
5,09 euro
Euskaltegi-kurrikuluak egiteko jardunbidea aztergai
Hizpide euskalduntze-alfabetatze aldizkariaren azken zenbakiak Lourdes Elosegi eta Pello Esnalek hainbat euskaltegiko irakasleekin batera landu duten gai monografikoa eskaintzen du: Euskaltegi-kurrikuluak egiteko jardunbidea. Oinarri linguistikoak, soziologikoak, psikologikoak eta ikuspegi didaktikoa kontuan harturik garatu dute egileek jardunbide hori, ekintza komunikatiboan, ikasleek idatzitako testuen barne-arkitekturan, erabilitako diskurtso-tipoetan eta modalizazioan erreparatzeaz batera.
Bideko prosak: Mundu zabalean
L. M. Mujika Urdangarin
Hiria
239 or. / 18 euro
Mujika poetaren azken aurreko prosa bidaia
Luis Mari Mujika Urdangarinek amaiera jarri nahi izan dio bere Bideko prosak bildumari Mundu zabalean deritzan lanarekin. Nafa- rroan hasi zuen bost liburu horietan eskani digun ibilbidea, Irun saria saiakeran eskuratu zuen Poeta baten narrazio nagiak idazlanarekin. Gero Gipuzkoan osoki osatu zuen, jarraian Bizkaia eta Arabako aldarteak erakusten zituena, eta laugarrenean Euskal Herriko Iparraldean barrena abiatu zen. Oraingo liburu honetan, berriz, Gaztelatik ekin dio Luis Mari Mujikak bere ibilbide poetikoari, Gaztela Zaharra eta Berria, Kantabria, Galizia, Aragoi eta Katalunia aldeak kurrituz, lurralde bakoitzeko arima eta bertako harrien zentzua ere jasotzen ahaleginduz. Horretarako, hangoekin eginiko elkarrizketetan gaztelania eta katalana ere erabili ditu maiz. Baina poeta egona da beste leku askotan, hala nola Italian (non ikasle garaian Joanes XXIII.a ikusteko aukera izan zuen), Austrian (non Schönbrunn jauregiarekin txundituta gelditu zen), Turkian, Alemanian edo Frantzian. Eta azken honetako bi konstatapen animiko ematen ditu, ikasle izan zen garaiakoa, eta handik urte batzuetakoa.