Abian da lehen euskal banku etikoa

  • Datorren apirilean abian jarriko ditu lehen euskal banku etikoaren oinarriak FIAREk, Inbertsio eta Aurrezki Erantzuleen Fundazioak, Banca Popolare Etica, BPE (Padua) Italiako bankuaren eskutik. Bere helburu nagusia da gizaki orok kreditua izateko duen eskubide unibertsala ahalbidetzea, batez ere, ohiko bankuen krediturik jasoko ez luketen kasuetan. Horretarako, hasieran banku italiarrak agentzia irekiko du Bilbon, bultzatzaile euskaldunek autonomo izan nahiko luketen arren lau urteren buruan, norbere fitxa sortu eta Euskal Herriko hiriburuetara zabaltzeko. Banku etikoaren fenomenoa duela hogeita hamar urte abiatu zen Hegoaldeko herrialdeetan, Bangladeshen, gerora Hego Amerika eta Europara hedatzeko. Euskal Herrian, PTM Mundubat euskal Gobernuz Kanpoko Erakundea, FIAREko kide eta euskal banku etikoaren sustatzaile dena, aitzindaria izan da mikrokreditu famatuen kasuan, 1995 urtetik Nikaragua eta El Salvadorreko hainbat proiektu sozial finantzatzen dituela.

2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Euskal Herriko lehen banku etikorako ekimena Bilbon jarriko da martxan datorren apirilean. Hasieran Italiako Banca Popolare Eticaren agentzia moduan abiatuko da, lau urteren buruan erakunde autonomo bihurtu eta bere izenpeko fitxarekin jarduteko. Hala ere, honezkero urte bete da BBK aurrezki kutxak Bilbon "inbertsio etiko"ari hasiera eman ziola BBK Solidarioa ekimenaren bitartez. Euskal Herrian, ordea, ez da banku etikorik, oraingoan FIARE euskal fundazioak abiatuko duenaren modukorik. FIAREk bost urte daramatza lanean hirurogei erakunde inguru, GKE eta euskal mugimendu sozialekin. Fundazioaren lehendakaria Angel Toña da, Deustuko Unibertsitateko Zientzia Politiko eta Soziologia Fakultateko dekanoa. Ibilbideari ekiteko, lehen euskal banku etikoak Paduako Banca Popolare Eticaren laguntza izango du, bere banku-fitxaren bitartez abiatuko baita proiektu berriaren garapenerako lehen atala. Lehen euskal agentziak "FIARE, Agencia de Banca Popolare Etica de Padua" izena izango du eta Bilboko Alde Zaharreko Santa Maria kalearen 4. zenbakian kokatuko da (www.fiare.org). Hasieran lau langile izango ditu.

Nahiz eta euskal sustatzaileek banku etikoa Euskal Herriaren osotasunari erantzuteko sortu nahi zuten hasieran, egia esateko, ekimena bizkaitarra da hein handi batean, bere sorreran parte hartu duten erakunde sozial eta pertsona gehienak Bizkaian daudelako. Edozein kasutan, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako erakundeak ere badira. Bere sustatzaileek, ordea, Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetara jo nahi dute pixkanaka.

Banca Popolare de Padua erakundeak 300 milioi euroko gordailuak kudeatzen ditu

Paduako BPEaren kaudimenaren berri haren datuek ematen dute. Duela zazpi urte sortua, egun hamar sukurtsal ditu hiriburu transalpetar handietan kokatuta; 300 milioi euroko gordailuak eta 200 milioi euroko kredituak kudeatzen ditu. Nekazaritza biologikoa, etxebizitza, enpresa txikiak eta energia alternatiboak dira bere arreta-puntu nagusiak, baina arrisku egoeran dauden taldeei eta baliabide urriko etorkinei funtsak mailegatu izan dizkie ere.

Italiako elkartasun erakundearen Administrazio Kontseiluaren lehendakaria, Fabio Salbiato, Bilbon izan da lehen euskal banku etikoaren hitzarmena sinatzeko FIARE euskal fundazioarekin. Salbiatok egindako adierazpenen arabera, Europako Batasuneko berrogeita bi milioi biztanlek ez ditu ohiko finantza-sistemara jotzeko eskatzen diren bermeak. "Gainera, »azaldu zuenez», diru xederik gabeko enpresa onuragileak arrisku handiko bezerotzat hartzen dira orokorrean eta ez dira gai izaten baliabideak lortzeko". Ondorioz, banku etikoek konponbide komunitarioak proposatzen dituzte pobreziaren aurka eta administrazio, instituzio eta erakundeen koordinazioa ezinbestekoa iruditzen zaie. Lehendakariak adibidetzat hartu zuen bere banku etikoak, obligazio jaulkipenen bidez, etorkinek etxebizitzak eskuratzeko edo mikrokredituak emateko sistemak kudeatzen dituzten fundazioen sorrera bultzatu duela.

Hirurogei mugimendu sozial baino gehiagok bultzatutako euskal ekimena

Euskal banku etikoaren ekimena FIARE fundazioak bultzatu du. Fundazioa duela lau urte sortu zen eta hirurogei mugimendu sozial eta euskal GKEk osatzen dute. Mugimendu sozialon artean, Elizarekin lotutako mugimendu ugari dago: EAEko Apezpikutzak, Caritas elkarteak, zenbait erlijio-ordena, ikastola edota Elizaren gidaritzapeko heziketa-zentroak. GKEen artean PTM Mundubat ageri da. Mugimendu sozial horien gehiengoa bizkaitarra da. Hala ere, FIAREk mugimendu sozial horien partehartzea zabaldu nahi du Euskal Herri osora eta oraingoen bikoitza lortu. Gizarte mugimendu horiek guztiak FIAREren bazkide-sortzaileak dira; bakoitzak 3.000 euro eman behar izan ditu fundazioa martxan jartzeko, 200.000 euro denera.

Askori arraroa egingo zaio Elizaren, erlijio-ordenen edo haren inguruko hainbeste mugimendu sozial ikustea halako elkartasunezko banku-ekimenean. Erantzuna argia da, sustatzaileek diotenez: euskal GKEeetako boluntario eta militanteen %60 baino gehiago Eliza katolikoko kideak dira.

FIARE kide diren mugimendu sozialetako 20 ordezkariz osatutako Patronatu batek zuzentzen du. Lehendakaritzako kideak dira Angel Toña (lehendakaria), Joseba Segura (adjuntua), Jorge Morquecho (diruzaina) eta Maria Gomeza (idazkaria). Era berean, patronatuko kideetako bederatzi pertsonaz osatutako batzorde exekutibo bat dago. Batzorde honetako lehendakaria ere Angel Toña da.

Helburua: 40 milioi gordailu eurotan hiru urtetan

Italiako erakundearekin egindako hitzarmenaren arabera, euskal banku etikoa agentziaren gidaritzapean egongo da. Kudeaketa guztien erantzukizuna erakunde italiarrak izango du, bereak baitira euskaldunari ezinbestekoak zaizkion banku-fitxa eta hasierako garapen-faseari aurre egiteko sendotasuna. Lehen fasean, Italiako finantza-erakundearen agintepeko euskal agentziak epe baterako gordailuak eskainiko ditu. Testuinguru horretan, FIAREk 40 milioi euro-gordailu abian jarri nahi lituzke hiru urteren buruan. Euskal fundazioak egindako inkesta baten arabera, pasibo eskuragarrien %5 inguru lortzera irits liteke. Hurrengo lau urteetan, euskal banku solidarioak berezko kapital soziala, lantalde profesionala eta sinesgarritasun nahikoa lortu nahi ditu, estatu osora zabaltzeko besteko kreditu-kooperatiba izatera irits dadin.

Zer da banku etikoa?
Banku etikoa termino berria da. Bere sustatzaileek ere ez dute gustuko, banku solidarioa edo alternatiboa aukera hobeak iruditzen zaizkiela. Gutxi gorabehera badakigu banku eta etiko hitzek zer esan nahi duten. Eta ez dira gutxi izango banku eta etika hitzak ezin bat daitezkeela, lehenengoaren interes lukurariak direla eta. Hain zuzen ere, bankuari nahitaezkoak zaizkio aktiboak eta funtsa ekonomikoak etorkizuna ziurtatzeko. Besteen moduan, banku honek ere kredituak ematen ditu. Hala ere, gainontzekoekiko diferentzia nabarmena da: ohiko bankuek ez diote kreditu bat ematen edonori, zenbait abal exijitzen dituzte eta edozein pertsonak ezin ordain ditzakeen interesak ezartzen dituzte. Alde horretatik, ez da batere erraza, ezinezkoa ez esatearren, pobreek eta gizartearen bazterketa pairatzen dutenek kreditu bat lortzea lan-jarduerarik abian jarri, pobre izateari utzi eta gizarteratzea errazteko. Gizarteak baztertuta edo baztertzear dituen pertsonak dira; ondasunik izan ez eta ezin dute ohiko finantziazio-sistemara jo, horretarako ezinbestekoa baita pertsonek abalik izatea.

Banku etikoak, batez ere Euskal Herrian aurrera egin nahi duen banku-ekimen sozial eta solidarioak, pertsona orok krediturik lortzeko duen eskubide unibertsala ahalbidetzea du helburu, arreta berezia eskainiz ohiko bankuetan krediturik jasoko ez luketen kasuetan. Azken batean, gizartean eragin onuragarria izango duten jarduera ekonomikoak finantzatzean datza asmoa; hau da, baztertutako pertsonaren egoera eta inguramenean ondorio positiboak izango dituzten ekintzak bultzatzea. Alde horretatik ekimen eta proiektuek arlo ugari biltzen dituzte: hezkuntza, kultura, gizartea, ingurumena, merkataritza zilegia, zailtasunak dituzten kolektiboen laneratzea, etorkinei harrera egitea, gutxiengoen gizarteratzea, teknologia herrialde txiroetara hurbiltzea, etab. Era berean, banku etikoak bideragarria izan behar du eta hazkundea, inbertsioa, berrinbertsio soziala, modernizazioa eta ezustekoen estaldura ahalbidetuko dituen soberakin ekonomikoak lortu behar ditu, oinarrizko irizpide etiko batzuk errespetatuz.

Bi helburuak ukaezinak dira. Lehena errespetatuko ez balitz, honezkero ezagutzen ditugun bankuen moduko beste bat baino ez genuke izango mintzagai. Bigarrenari ez balitzaio behar duen arreta eskainiko, denboraren poderioz bankua izateari utziko lioke.

Mikrokredituak hegoaldean jaio ziren eta iparraldean moldatzen ari dira
Banku etiko edo solidarioa ez da Iparralde aberats eta boteretsuan jaio. Hegoalde txiro eta babesgabean jaio zen hain zuzen ere. Zehazki, pobreentzako mikrokreditu edo mikrofinantzen lehen esperientziak Hegoaldean asmatu eta garatu ziren, gerora Iparraldean moldatzeko. Lehen esperientzia hartako eragile nagusia Muhamad Yussuf izan zen, Bangladeshen, hirurogeita hamarreko hamarkadan: badira hogeita hamar urte baino gehiago Graneen Bank ekimena abian jarri zuela, batez ere emakume txiroei mikrokredituak emateko. Bultzatzailea, Muhamad Yussuf, Bilbon izan zen duela zenbait urte BBKren egoitzan hitzaldi bat emateko gai honen inguruan. Bere tesiaren arabera, pobrezia behin betiko ezabatzea ez da adituek azaltzen diguten bezain korapilatsua. Globalizazioa geldiezina dela aitortu zuen, bide onera egokitzea guztion zeregina dela azaldu zuen arren. "Ahalegin handirik egin ezean, okerreko bidetik joango da, gaur egun gertatzen ari den bezala".

Banku solidarioen prozesuak Hego Amerikara jo zuen gerora, azkenik Iparraldeko herrialdeetaraino iristeko. Une hartan politika neoliberalaren garapena gailurrean zegoen eta ongizatea, berriz, maldan behera. Egoera haren ondorioz, hainbat pertsona, kolektibo eta erakundek begi onez ikusi zuten mikrofinantza eredu berria aplikatzea bizi-maila aurreratua zuten herrialdeetan, haietan ere sistema ekonomikoak pertsona ugari baztertzen zituelako. Halako esperientzia izan da Holandan Triodos-ekin edo Italian Paduako Banca Populare Italiana-rekin bizi izan dutena. Frantziako estatuan ere halako esperientzia bat izan dute Finasol-en inguruko produktu solidarioekin. PTM Mundubat euskal GKEa aitzindaria da 1995etik mundu osoko hainbat herrialdetan finantziazio-mikrokredituen sisteman, arreta berezia eskainiz Nikaragua eta El Salvadorri.

Gaur egun, Europan bada erakunde bat mota honetako esperientzia guztiak koordinatzen dituena: Inbertsio Etiko eta Alternatiboen Europako Federazioa. Federazioa hamabi erakundek osatzen dute »BBK Solidarioak, besteak beste» eta euskal banku etiko berriak dagoeneko partehartze-eskaera burutu du. Federazioak izaera sozialeko finantziazio-jarduerak bultzatu nahi ditu sistemaren orekarako. Federazioa honako banku etiko europarrek osatzen dute: La Nef, Credit Cooperatif eta Caisse Solidaire du Nord (Frantziako estatua); Hefboom eta Gredal (Belgika); Tise (Polonia); Femu Qui (Korsika); Charyty Bank (Britainia Handia); Cassa Centrale eta Banca Popolare Etica (Italia); eta Bank für Sozialwirtschaft (Alemania).


Azkenak
Gure gorputza gudu zelai bat da

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]


“Irtenbidea Polizia kopurua handitzea balitz, arazoa jadanik konponduta legoke”

Albiste izan da Gasteizko Errota auzoa azken asteetan, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak burutzen baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]


2024-11-25 | ARGIA
A-25: mugimendu feministak gizonei dei egin die konplizitatea eta justifikazioa desagerrarazteko konpromisoa hartzera

Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Mugimendu feministak Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Baionan mobilizazioak egingo ditu. Mugimenduak argitaratu duen manifestuan, 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu dituzte. Aurtengo... [+]


Udazkena agurtzen negua besarkatzeko

Abenduak hostoen kolore marroia dauka: lurrean, intxaurrondo biluziaren azpian, geratu diren hostoena. Intxaurrondoak bukatu du bere zikloa. Atseden hartzera doa: zuztarrak indartuz, elikatuz, nutritzea du helburu. Barrura begira, barrenak osatzeko garaian dago, orain arte egin... [+]


2024-11-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Sugandila bat “ezer ez dagoen lekuan”

Asko hitz egiten da basoaz azken aldian. Basoak berreskuratzeaz, basoak sortzeaz eta basoaren hedadura zabaltzeaz entzungo duzu sarri. Eta ekintza ona izan daiteke zalantzarik gabe, ekosistema moduan duen balioa handia delako. Baina, basoari jartzen diogun atentzio eta indar... [+]


2024-11-25 | Jakoba Errekondo
Birigarroak zirinetan heriotza

Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko dira.


2024-11-25 | Garazi Zabaleta
Gaztaina feria basaburuan
Gaztainadiak eta gaztainaren kultura protagonista

Nafarroako beste zenbait herritan bezala, duela lauzpabost urte hasi ziren Basaburuan gaztainondoen inguruko lanketarekin. “Bertako gaztain barietateei lotutako ikerketa abiatu zuen Nafarroako Gobernuak, eta orduan hasi zen hemengo herrietan ere gaztainaren historia... [+]


Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


Eguneraketa berriak daude