argia.eus
INPRIMATU
Osasuna: Zaharrak eta gaixo kronikoak pneumoniaren kontra txertatzea gomendatzen dute adituek
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 27a

Hiru euskaldunetik bik ez daki zer-nolako gaitza den pneumonia eta biztanleen erdiak baino gehiagok ez daki nola gutxitu arnas infekzio hori harrapatzeko arriskua. Horiexek dira Respira Fundazioak egin berri duen inkestaren emaitza nagusiak. Inkesta horrek agerian jartzen du zein ezezaguna den hiritarrentzat 1.000 biztanleko 3-6 kasu urtean ematen dituen gaixotasuna. Eta pneumonia ez da nolanahiko gaixotasuna, ez alajaina, bere heriotza-tasa (%5,7) ez baita batere txantxetakoa.
Pneumonia »edo pulmonia» da 65 urtetik gorakoen heriotza-arrazoi nagusietakoa. Horregatik, Espainiako Pneumologia eta Kirurgia Torazikoko Elkartean bildutako euskal adituek oso beharrezkotzat jotzen dute informazio-kanpaina egokiak martxan jartzea, prebentzio neurriak eta bizi-ohitura osasungarriak ezagutzera emateko, gaixotasunaren eragina murriztu nahi baldin bada.
Adituen ustez, gripearen kontra txertatzeaz gain, 65 urtetik gorako pertsonak eta baita gaixo kronikoak ere »bihotzeko, giltzurrunetako edo gibeleko gaitzak dituztenak, edo baita immunologikoki gutxituak daudenak ere», pneumokokoaren kontra txertatu beharko lirateke. Pneumokokoaren kontrako txertoak Streptococcus pneumoniae bakterioarengandik babesten du, eta bakterio hau da adineko pertsonetan eta gaixo kronikoetan pneumonia sarrienik eragiten duena.
Euskadiko Autonomia Erkidegoan oraindik ez da ezarri pneumoniaren kontrako txertorik 65 urtetik gorakoen eta arriskuko biztanleen txertaketa-egutegian, gripearena ezarrita dagoen bezala. Adituek txertoa gomendatzen dute, baina EAEn oraindik ospitaletako espezialisten iritzia da kasu bakoitzean txertoaren komenigarritasuna erabakitzen duena. Dena den, Osasunaren Munduko Erakundeak jadanik gomendatzen du txertoa, eta horregatik berandu baino lehen EAEko egutegi ofizialean ere ikusiko dugu pneumoniaren kontrako txertoa.