argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21

Hipopotamoak eta baleak lehengusu

Anatomiaz hipopotamoa eta balea desberdinak dira erabat. Balea zetazeoa da eta hipopotamoa artiodaktiloa. Ageriko antzekotasun bakarra itsas azpian murgiltzeko ahalmena da. Hala ere, egin berri den azterketa genetikoaren arabera, uste baino antzekotasun handiagoa dago bi animalien artean. Honen arabera, bi animaliek aitzindari bera omen zuten.
Poitiers-eko (Frantzia) unibertsitateko Jean-Renaud Boisserie, Fabrice Lihoreau eta Michel Brunet paleontologoek hipopotamo eta baleen hainbat fosil alderatu dituzte eta Pakistanen topatutako baleen aitzindari batek hezur bat zuen oinean, astragaloa, eta hezur hau artiodaktiloen ezaugarri da.
Beraz, orain 50 edo 60 milioi urte, lehorrekoa zen animalia batetik bi talde sortu ziren, zetazeoak edo itsas ugaztunak eta antrakoteroak, lehorreko ugaztun ungulatuak.
Hipopotamoak egun desagerturik dauden antrakoteroen ondorengoak lirateke ikerlariek Proceedings of the National Academy of Sciences-en azaltzen dutenez. Gainera, eta urte askotan uste izan denaren aurka, hipopotamoek ez dute antzekotasun hurbilik Tayassuidae izeneko artiodaktiloen familiarekin.


Itsasotik etorritako armadurak

Algak jaten dituen itsas barakuiloaren oskola eredu, San Diegoko Kaliforniako (AEB) unibertsitateko ikerlariak balen aurkako armadura garatzen ari dira. Zientzialariak harrituta daude oso, aipatu oskolak talka gogorren aurka duen erresistentziarekin.
Itsas belarri gorria bitxitegietarako nakar-iturri da, baina ikerlariek propietate mekanikoak aztertu dituzte. Ikerlari nagusiak argitara eman berri duen artikuluan, xehetasun handiz eta lehen aldiz azaltzen da animaliak nola eraikitzen duen %95 kaltzio karbonatoa eta %5 proteina den bere oskola.
Gauza jakina da kaltzio karbonatoa (klariona) oso hauskorra dela, baina moluskuak sortutako ordenamendu molekularrak erabat iraultzen du hauskortasuna.
Gertaera hau oso interesgarria da biomimetikan, hots, natura imitatzen saiatzen den zientzian. Kasu honetan materialak baino egiturak du garrantzia, hau da, AK47 baten bala ez zukeen moluskuaren oskolak geratuko, baina ezta aluminioz eta beste materialez egindako armadurek ere. Ikerketa burua den Meyers-en ustean, moluskuak oskola eraikitzeko ematen dituen urratsei so eginez, armadura askoz arinagoak eta sendoagoak lor daitezke.
Antza denez, armaduren teknologia agortzeko bidean zegoen, ez zen ikusten armaduraren propietateak hobetzeko biderik, baina aipatu ikerlanarekin badirudi itsas belarriaren oskolak duen xafla egiturak bide berriak zabal ditzakeela ikerketa lerroetan. Izan ere, itsas belarriaren oskolak duen ezaugarri nagusietakoa oskolaren pisuaren eta zabaleraren arteko erlazioa da. Hau da, ohiko armaduratan gogortasuna lortzeko zabalera handitu behar da eta ondorioz pisua ere bai. Moluskuak eskema hori apurtzen du bere egiturarekin.