argia.eus
INPRIMATU
Landareak: M... M... M... Makatza
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21

Elurmen artean idazteak argitasun punttu bat emango zidalakoan nengoen, baina ingurura begira betiko bihurtzen ari den gai horietako bat datorkit bueltaka, zurrunbiloan burura. Txertu sasoia dator eta horra gai garaikidea. Etxeko sailetan antigualeko erako sagasti bat egitekotan nabil, sagarrondoak txertatzeko basoko sagar-makatza edo sagar-basaka mentu-oin gisa erabilita, alegia. Ez dago erraza, baina dema-harria baino egoskorrago jartzen badakigunez lortuko dugu...
Antzeko lanetan dabil herriko sagardotegi bateko lagun bat. Sagasti handi bat sortu nahi du eta sagarrondoak zein mentu-oini txertatu galdezka nuen lehenxeago. Gaia zurrunbiloan.
Gero eta bertako sagar barietate gehiago galtzen eta kanpokoak ekartzen ari garenean, mentu-oin aukera gero eta zabalagoa da. Sagarrondoa lurrari lotuko duena eta beharrezko dituen elikagaiak emango dizkiona da oina. Lur-sail bakoitza berezia da eta denetan sagarrondoak landatu eta ondo bizitzeaz gain fruta oparo ematea nahi izaten da. Buztin-lurretan, arbel gainean, lur gazietan, kisua nagusi denetan... Lur bakoitzerako mentu-oin egokiak daude eta mentu oin bakoitzak tamaina bateko sagarrondoak haztea ahalbideratuko du: bi-hiru metroko nano-ttikietatik hasi eta hamar-hamabi metroko galantetaraino. Lur eta klima bakoitzera ondoen egokitzen direnek emango dituzte handienak; geurean makatzak, milaka urte baitaramatzate geurera egiten... Hain handiak egin behar eta hamabost-hogei urte behar dituzte sagarra lodi emateko, baina ehun urtetik gora aise emango dute. Nanoak aldiz, hirugarrenerako ematen ari dira, baina hogeitabosgarrenerako bereak emanak izango ditu.
Frantsesak eta ingelesak sortu dituzte mentu-oin klon erabilienak. Izenik ere merezi ez nonbait eta hizki bat eta zenbaki ziztrin batez bataiatuak dituzte: M-2, M-7, M-9, M-26, M-27, MM-106, MM-111... Finean, denak m... m... m... makatzetik datoz.