Telebista
Julian Iantzi aurkezlea
Aurkezle lanerako castingak egiten hasi omen zen lagunek eta familiak animatuta eta hartu ahala kameraren aurrean jarri eta lan egin. Nahikoa estuasun ba omen zuen kameraren aurrean jarri zen lehenengo aldian. Iruñeko Canal 4 telebista kateko arduradunak mutila larri ikusita zera esan omen zion: «Jar zaitez kamera aurrean eta gozatu!». Orduz geroztik egin dituen lanetan horixe izan du gogoan: kamera aurrean gozatu, gustura aritu, normal, natural, eta Iantzik uste du horretaz ohartzen dela ikus-entzulea, igartzen duela natural ari zaren ala ez.
Canal 4 katean hasi zenetik mota askotako lanak egin ditu: tertuliakide, kale inkestak, lehiaketak, realityak, dokumentalak, elkarrizketak... Programa hauetan denetan ikusi dugu Iantzi kamera aurrean: Sorginen Laratzan, Begia Gosen, Basetxean, La flecha amarillan, El conquistador del fin del mundon, Europa Euskarazen (Atenaseko atala), Bietertarrak eta Idaho-Kalifornia, Bidaia mendebaldean barrena dokumentaletan, udan hiriburuko jaietan, Kanpotarrak hemen saioan eta Agur Ben Hur lehiaketan. Iantzi gustura dago hainbat programa mota egiteko aukera izan duelako, zer egiteko gai den erakusteko aukera eman zaiolako, asko ikasi duelako batean eta bestean.
Hainbeste programa egin ondoren une batzuk gogoan geratu zaizkio Iantziri, Iñaki Perurenari elkarrizketa egitera joan zeneko aldia adibidez. Begia Gose programarako lehenengo atalerako ari zen eta nahikoa kezka bazuen ea Perurenaren hitz jarioa gobernatzeko gai izango zen ala ez. Basetxeako azken edizioan berriz, Ibon lehiakideak Iantzi hunkitzea lortu zuen eta gaizki pasatu zuen aurkezleak. Nonbait lehiakide horrek alabatxoa ikusteko gogo handia zuen eta programa utzi nahi zuen. Iantzik alabaren argazkia erakutsiz zirikatu zuen aita, baina programan segitzeko argudioak ere eman zizkion. Azkenerako Iantzi bera hunkitu zen aurkezleak ere alabatxoa baitauka. Une larriak, nerbioak eta sufrimendu fisikoa ere pairatu du. Arnas batean esan dizkigu: «Izaban 25 gradu zero azpitik, Monegrosen 54 gradu, Patagonian hotza eta AEBetan ibili nintzenean Golden Gate-n hotza! Eta 3, 2, 1... eta ezer ere ez balitz bezala grabatu egin behar!».
Jite askotako programak aurkezteaz gain bi hizkuntzatan aritu da, gehienetan euskaraz. Berari galdetu diogu ea nola moldatzen den ondoen: «Euskara eta ingelesa nekizkiela etorri nintzen Ameriketatik eta gero ikasi nuen gaztelera. Baina gazteleraz egiten nuen eskolan, lagunekin eta azkenean baita amarekin ere. Berrikasi egin behar izan dut euskara. Batzuek esaten didate gazteleraz arraro sumatzen nautela. ‘Euskarakada’ ederrak botatzen ditut batzuetan, egia esan. Dena dela, bi hizkuntzetan zer hobetua badut».
Prentsa idatzia
Iñigo Aranbarri
Berria egunkaria hurbildu zitzaion Iñigo Aranbarriri Hizlandia izena hartuko zuen atala igandero egingo zuen galdezka. Baietz erantzun zion idazleak gonbiteari, jakin gabe atalaren eboluzioa nolakoa izango zen: «Hasi bai, baina lehenengo lau astetan gai denak agortu izan banitu zer?». Ez da hala gertatu eta bere bidea egin du atal berezi honetan. Berezia diogu Aranbarrik esan duen moduan, Espainian ere gutxi lantzen den estiloa delako. El Paísek du Irakurlearen defendatzailea izeneko atala eta beste egunkari gutxi batzuetan lantzen dute antzeko estiloa. Berria egunkarikoek etxeko adibideak hartu eta lantzeko eskatu zioten eta askotan hala egiten du Aranbarrik. Hizkuntza eta kazetaritzarekin jokatzen du, kontu gramatikalak albo batera utziz. Kazetariok (irratiz, telebistaz, idatziz) aukeratzen ditugun hitzak, titularrak, albisteak egiteko moldeak zergatik hautatzen ditugun aztertzen du edo bederen galdetu. Adibidez, elurtea zela-eta Burgoseko bidean 400 kamioilari eta 500 marokoar geratu omen ziren ez atzera ez aurrera. Zergatik erabili du kazetariak marokoar hitza? Zer dago horren atzean? Zirikatzaile lana egiten du Aranbarrik. Autokritikarako balio omen die Berriako kazetariei eta eztabaidarako bide ematen die Aranbarriren lanak behin baino gehiagotan. Iganderoko Hizlandian noiz arte jarraitzeko asmoa duen galdetu diogu eta hara erantzuna: «Uda arte behintzat jarraitu egin beharko, saria eman didazue eta...».
Irratia
Mikel Bujanda
Nafarroako Gobernuak euskararekiko duen setakeriari «esker» Mikel Bujanda askotan entzun dugu Euskalerria Irratiaren egoerari buruz hitz egiten. Emititzeko lizentziarekin duten afera aspaldikoa da eta Bujandak zuzendari gisa azalpenak askotan eman ditu, eta sarriago, babesa eskatu du. Zuzendari izateaz gain ordea, kazetaria da eta lan horregatik jaso du saria. Informazio alorrean aritu izan da ia beti lanean eta orain ere hala ari da. Lehen orduan, 7:25ean eta 7:55ean egiten ditu albiste tarteak. 8:30etatik 9:00etara aritzen da hurrengo eta 13:30etatik 14.00etara eskaintzen du azken albiste saila. Denetariko gaiak lantzen ditu Bujandak: politikoak, instituzionalak, sozio-ekonomikoak... kultura eta euskalgintza ere bai, noski. Gertukoak dira albisteak, Iruñekoak bertakoak, Iruñerrikoak eta Nafarroa osokoak. Lehen mailako informazioa azkar eta ondo emana. Ez dira albiste soilak, nabari da kazetaria eguneroko gertaeren gainean dabilela eta entzuleak igartzen dio horri.
Urte luzeko esperientzia du Bujandak kazetari lanean. Euskalerria Irratian zuzendari adina urte daramatza kazetari lanean, alegia, 1988az geroztik. Lehenago, ikasle zela eta Arturo Campion euskaltegiaren inguruan zebilela Radio Requete-n aritu zen lanean. Bertako Jabier Pagolak euskaraz arituko ziren esatariak nahi zituen eta besteren artean Bujanda ibili zen.
Gerardo Bujanda aitak, Venezuelatik emititzen zuen Radio Euzkadiko Jon de Igueldo ezkutukoak, irratirako leziorik eman al dion galdetu diogu eta zera erantzun digu: «Aita disimuluan zebilen irratian, baina irratirako zaletasunean, joeran izan du eraginik».
Internet
Uztarria.com
Urtarrilean hiru urte bete ditu uztarria.com web guneak. Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadorak hilero ateratzen du Uztarria izeneko aldizkaria, baina elkarteko kideek maizago herriko berri emateko modua aurkitu nahi zuten. Sarean aurkitu zuten soluzioa. Aldizkariak segi zezala Azpeitiko berri eskaintzen hilero eta uztarria.com arduratuko zen egunero-egunero herriko bizitza sozialaren kezkak, eztabaidak eta informazioa biltzeaz. Leire Larrañaga Uztarriako kideak adierazi digunez, herri atari dinamikoa egin nahi zuten eta oso pozik daude hiru urteko ibilbidearekin. Helburua azpeitiarrek web gunean parte hartzea zen eta ez kazetarien txokoa izatea soilik. Hala, esaterako, foroan, gutxitan bezalako eztabaidak, aniztasuna eta ekarpenak aurki daitezke. Atal dezente ditu web guneak (albisteak, argazkiak, euskara, aldizkaria, agenda...) eta behin eta berriz azpeitiarrek eta herrikoak ez direnek ere, edozein ataletan parte hartzeko gonbitea egin dute uztarria.com-etik. Berriren bat eman nahi duela herritarrak, bada idatzi dezala uztarria.com-era, iritzia eman nahi duela, mendi taldeak irteerei buruz informatu nahi duela...
85 harpidedun dituzte eta harpidedun horiek egunero beren e-postan jasotzen dituzte web gunerako sortutako albisteak. 85 harpidedun, eta egunero 1.000 bisita, batez beste. 6.000 orrialde ere erakusten dituzte. Zergatik hurbildu da ordea, hainbeste internauta web gunera? Herrian pil-pilean dauden gaiek jokoa ematen dute nonbait web orrialdean eta herrian somatzen den berotasun hori Internetera heltzen da. Bestalde, Leire Larrañagak nabarmendu digu kirol zaletasuna nabaria dela Azpeitia aldean eta beraz, herrikoak ez ezik ingurukoak ere sartzen dira kirol probetako emaitzak jartzen dituztenean. Behobia-Donostia lasterketako eta bizikletako Quebrantahuesos lasterketako sailkapenak jarrita jende mordoa sartu zen.
2003ko abenduan berritu zuten gunea eta egitasmo berriak gogoan dituzte. Besteren artean, batetik, artxiboa (Azpeitia edo azpeitiarrei buruzko liburuak, artikuluak, hautes emaitzak...) sendotu nahi dute eta bestetik, blogak modan jarri direla aprobetxatuz herritarrei horretarako aukera eskaini nahi diete.
Uztarria.com-eko editorea, eta langile bakarra, Kepa Urbieta da. Inguruan ditu hamar bat boluntario eguneroko lana osatzeko. Hamaikakoak uztarria.com famatu egin du Azpeitiko internauten artean eta baita azpeitiar ez direnen artean ere.
Merezimenduko Saria
Gorringo Taldea
Komunikazioa lantzeko moduak asko dira, irratia, telebista, Internet eta prentsa idatzia aipatu ditugu orain arte, baina Gorringo Taldeak euskaldunak bere sarean harrapatu ditu antzezlan baten bidez, Kutsidazu bidea, Ixabelen bidez.
Villabonan (Gipuzkoa) egin zuten lehenengo emanaldia 2003ko martxoaren 15ean. Duela gutxira arte gelditu gabe antzeztu dute obra. 95.000 ikusle izan dituzte 174 emanalditan eta 150 bat herritatik igaro dira. Euskal Herri osoko hainbat antzoki, eliza, frontoi eta idi probetako plaza ezagutu dituzte. Behin izan ezik gainerako emanaldi guztietan jendea sartu ezinik geratu da eta batek baino gehiagok behin baino gehiagotan ikusi du antzezlana. Ezin esan arrakasta izan ez duenik.
Gorringo Taldeak haurrentzako antzezlanak prestatzen zituen orain arte, baina bazuen gogoa helduentzat zerbait egiteko. Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Ixabel liburuari erreparatu zion Gorringo Taldeak, alegia, Anjel Alkain, Ainere Tolosa, Mikel Sarriegi, Ixabel Agirresarobe, Egoitz Lasa eta Iñaki Agirrezabalek. Anartz Zuazua izan da zuzendaria eta lanaren gidaritza Anjel Alkainek egin du. Berak azaldu digunez, asmoa helduentzat umoreari lotutako antzerki obra egitea zen, «planteamendu xumearekin, pretentsio handirik gabea, eta batez ere, hasiera-hasieratik euskaraz pentsatua». Antzezlanaren arrakastaren gakoa horixe izan omen da, hasieratik euskaraz lan egitea eta Alkainen ustez, «horrek sinesgarritasuna eman dio lanari eta jendeak igarri du». Baserri giroan kokatutako obra da Kutsidazu bidea, Ixabel, baina protagonista euskaldun berri urbanita da eta Alkainen iritziz, horrek eragin du ikusle mota asko harrapatzea. Errezilen (Gipuzkoa), adibidez, eszena batzuetan soilik egin omen dute barre. Euskaldun berriak ezagutzen dituztenek edo giro hori bizi izan dutenek berriz, kristoren barreak egin omen dituzte antzezlan guztian zehar. Hainbeste emanaldi eta hainbeste ikusle izanda, Alkainek batzuk baditu gogoan. Donostiako Trinidade Plazan 2.300 pertsona bildu ziren obra ikusteko. Baionan berriz, kezka bazuten hizkera ulertzeko arazorik izango ote zuten ala ez, baina primeran moldatu ziren nahiz eta ikuslea desberdina zela igarri. Alkainek bere kapritxoa betetzeko aukera ere izan zuen: Kutsidazu bidea, Ixabel Ernio mendi magaleko Zelatungo zelaian antzeztea. Halaxe egin zuten iazko iraileko azken igandean.
Euskal literaturaren historian ale gehien saldu duen liburua hartu zuten oinarri obra egiteko eta 174 emanaldirekin bukatu dute antzezlanaren ibilaldia. Errematea DVDak eman dio hor jaso baitute obra eta baita Zelatungo zelaiko antzezpena ere.