Euskaldunen bekatuak oholtzara


2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Amorrua, haragikeria, zuhurkeria, inbidia, nagikeria, harrokeria eta tripazainkeria dira zazpi bekatu nagusiak eta horiexek ditu oinarri Pok konpainiak taularatu berri duen antzezlanak. Bekatuak euskararen testuinguruan kokatu ditu, euskaldunok egunerokoan bizi ditugun hainbat egoera azaltzeko eta, zergatik ez, haien gainean barre pixka bat egiteko. Seguru batek baino gehiagok bere burua ikusiko duela islatuta pasarteren batean.

Zazpi bekatu nagusi izaki, zazpi esketxetan banatu dute obra. Olatz Beobide eta Edi Naudóren zuzendaritzapean, Lierni Fresnedo »txalo zaparrada jaso zuen», Mikel Laskurain eta Niko Lizeaga aktoreak sendo ageri dira esketx horietako pertsonaia ugari eta askotarikoak gorpuzten: Romeo eta Julieta euskaraz »inoiz ikusi ahal izango dugu osorik?» antzezteko zailtasunak dituzten aktore amorratuak izango dira, hitanoaren erotismoak lotutako euskaltegiko ikasle eta irakaslea, Xiberolandia parke tematikoa sortu nahi duen enpresari bergararra eta haren aurka egiten duen artzain zuberotarra, bilera ele bitan egin dadin eztabaidan ari diren herritarrak, ahaztua izateaz kokoteraino dagoen kulturgilea...

Zazpi esketxek bekatua dute abiapuntu, baina aitzakia da gure eguneroko egoera batzuk mahai gainean jartzeko eta umorez begiratzeko. Hain bekatari ote garen galdetu diogu Aitzpea Goenagari: «Kulpa oso barneratuta daukagu eta erru horren jatorria bekatuak dira. Kulpak garbitu egin behar dira, gainetik kendu eta esan zer arraio!, herri honetan gauza on asko egiten dira. Zergatik ibili behar dugu egun guztia gure burua zigortzen eta aieneka? Bada garaia umore pixka batekin hartzeko eta esateko: ez dago bekaturik ez ezer, guk egiten duguna ahal duguna da. Gehiago egin daitekeela? Dudarik gabe». Olatz Beobidek zera gaineratu du: «Euskara etorkizuneko arma ez balitz, etorkizunerako balio izango ez balu ezingo genuke umorea egin, zer egin pentsatzen arituko ginakeelako. Umore guztiarekin, baina Romeo eta Julieta euskaraz egin dugu, hiru minutuz bada ere, eta horrek esan nahi du egitea posible dela. Eta hori ikusita, nola ez gara ba baikorrak izango!».

Arin eta martxa onean

Esketx guztiak arin doaz, aktore eta zuzendarien lanari esker. Aktoreen arteko elkarrizketa pipertsuek ere laguntzen dute horretan. Esketx batzuen bukaerak doituz gero, obra hazi egingo da hurrengo emanaldietan. Pascal Gaignek obrarako propio egin duen musika eta Pokekoek Alkiza, Ondarru eta Oztibarre eskualdeko haurrei egindako bideo grabaketek »euskarari buruz eta bekatuei buruz hitz egiten dute bertan» lokailu lana egiten dute. Estreinaldiaren egunean bideoak ez ziren ondo entzun. Olatz Beobide zuzendariak esan digunez, bideo grabaketa nahiko modu artisauan egin zuten eta pixka bat sufritzen ari dira horregatik. Soinu arazoak konpontze aldera ari dira orain lanean.

Edi Naudók diseinatutako eszenografia xumea da: bi panel zeharrargik osatzen dute. Esketx bakoitza lekutze aldera, panelak mugitu egiten dituzte eta itzalen teknikaren bidez eta argi koloretsuen bidez taxuz lortzen dute asmoa. Erabiltzen dituzten elementuen artean harriak indar berezia du. Esketx guztietan agertzen da, batzuetan »nahita» traba izan dadin eta beste batzuetan aktoreen lagungarri moduan. Azkenean, hizketagai ere bilakatuko da. Beobidek esan digunez, harriarena autorearen «harrikada» bat da. «Badakit absurdoa dela harria eszenatokian sartzea eta absurdoa delako gustatu zitzaidan. Harria pisua den zerbait da guretzat. Irudi polita da: estropezu egiten duzu harri berarekin, harriak altxatzen dira herri honetan, momentu batean ‘harrizko herri hau’ esaten da... Bukaeran dialogo bat dago harriari buruz: zer da okerrago zuloan erortzea ala hura estaltzen duen harriarekin estropezu egitea? Ez dakigu, baina hortxe dago harria erdi-erdian. Obra sortzerakoan harriak arazoak eman zizkidan, zeren irekita utzi nahi nuen, ez nuen sententziarik egin nahi».

Euskara aberatsa

Hizkera eta euskalki ugaritan mintzo dira pertsonaiak obran: hika, berorika, Bergarako euskara, Zuberoakoa... Ongi erabilita daude esketxetan eta halako nahasketa ez da batere artifiziala suertatzen. Aitzpea Goenagaren ustetan, «ezin duzu batua eta zuka bakarrik erabiliz hitz egin. Euskarak duen aberastasuna eta kolorea taula gainean ikustea luxua da eta askotan baztertu egin izan dugu. Ez du zertan beti horrela izan behar, baina lan honek hori guztia taula gainean jartzeko aukera ematen zuen eta gozatu egin dut».

AEKri esker ona

«Ez da erraza garaiotan euskarazko obra bat montatzea eta beraz, laguntza handia da Korrika-AEK beka, bai ekoizpenari eta banaketari dagokionean», esan digu Beobidek. Aurten gainera beste antzezlan batek, antzerkiola Imaginarioak eta Sagarroik sortu duten Ezequiel lanak, bekaren akzesit saria jaso du. Duela bi urte banatu zen lehen beka eta Tentazioak konpainiak eskuratu zuen Koldo Izagirreren Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak liburuan oinarritutako Metxa antzezlana muntatzeko. AEK-k eta Korrikak euskal kulturari ekarpen bat egiteko asmoz sortu zuten beka, bai bertoko sortzaileen alde egiteko bai euskal kulturatik sortutako ikuskizun propioak bultzatzeko. Lehen edizioan askotariko »zinema, antzerkia eta beste arteen uztarketa, antzerki hutsa» hamar lan aurkeztu ziren; bigarrenean, aldiz, hemezortzi proiektu. Bertako kulturgileek interes handia duten seinale.

Korrika Kulturalarekin biran

Hamar emanaldi eskainiko ditu Pok taldeak Korrika amaitu bitarte eta beste sei bat-edo lotuta ditu dagoeneko. Donostiako eta Altsasuko plazen ondoren, honako herrietan izango da Korrikaren eskutik: Bilbo (otsailak 7), Getxo (otsailak 10), Andoain (otsailak 11), Gasteiz (otsailak 23), Elorrio (otsailak 25), Iruñea (martxoak 4), Azkoitia (martxoak 5) eta Luhuso (martxoak 6).

Euskarazko antzerkia pattal
Azken urteetan euskarazko lanen estreinaldiek behera egin dute. Euskarazko emanaldietara erdarazkoetara baino jende gutxiago joaten da. Arrazoi asko egon daitezke hori azaltzeko, alabaina euskarazko emanaldiei egokitzen zaizkien egun eta orduak onenak ez izateak badu pisurik. Geroz eta talde gutxiagok egiten du lan euskaraz bakarrik, programatzaileek gehiago programatzen dituzte erdarazko bertsioak... Gai hauxe izan du hizpide Ritxi Lizartzak Jakin aldizkariaren azken alean: «Azken bolada honetan euskaraz egiten den antzerkigintza alboratua geratzen ari da. Hori egiaztatu ahal izateko, nahikoa da azken hiruzpalau urteotan egin diren estreinaldiak modu zehatzean aztertzea. (...) Arrazoiak era askotakoak dira. Euskarazko estreinaldietarako (Eusko Jaurlaritzak) ematen dituen laguntza horiek oso txikiak direlako, antzerkigintzan jarduten duten konpainien etorkizuna gaztelaniaz antolatzeak bermatzen duelako, bi hilabetez gaztelaniazko bertsioa txukun prestatu eta azken bi astetan korrika eta presaka prestatzen zen euskarazko bertsioa traba galanta zelako, eta taldeek nahiago izan dutelako hipokrisiari muzin egin eta gaztelaniaz egindakoari bakarrik heltzea, eta beste hainbat arrazoi. Nahiz eta behin baino gehiagotan gertatzen ari den Euskal Herrian bertan emanaldi gehiago lortzea euskaraz gaztelaniaz baino. Ezin ukatuko dugu oraindik ere hainbat talde euskaratik abiatzen direla beren muntaiak prestatzeko orduan, baina gero eta gutxiago dira. Eta, haur antzerkia eta arrazoi logikoengatik beste hizkuntza batean muntatu ez daitezkeen lanak alde batera utzita, desagertu arte murriztu dira euskaraz bakarrik estreinatu diren lanak». Ildo horretatik, zera adierazi zuen Eneko Olasagastik abenduan Berrian: »Erdarazko obra baten euskarazko bertsioa egitea konpainien borondatearen baitan dago. Baina euskarazkoekin ez dugu aukerarik. Ez dira numeroak ateratzen. Formato ertaineko lanak egitera kondenatuak daude konpainiak. Taberna guztiak bakarlariz beteta daude, eta kultur-etxeak bi-hiru laguneko konpainiekin. Euskara sentzilloaren manifestuarekin adibidez, saio mordo bat ari dira egiten Patxo Telleria eta Mikel Martinez». Olatz Beobidek zera zioen euskarazko lanez: «Batzuetan euskaraz estreinatu ahal izaten da baina gehientsuenetan pisu handiena erdaraz doa. Denbora askoan kanpoko zuzendariekin egin dugu lan eta horiekin erdaraz aritzen ginen. Gero korrika eta arrapaladan euskarara pasatzen genuen lan guztia eta dudarik gabe, ez zitzaion behar beste denbora eta esfortzu eskaintzen eta hori aktoreentzako izugarrizko buruhaustea zen. Batzuetan ez da hori egiten, badaude konpainiak euskaraz lantzen dutenak. Kontuz ibili behar dugula iruditzen zaigu eta horrexegatik hitz egiten dugu horri buruz Euskararen zazpi bekatu nagusiak lanean».

Lizartzak programatzaileen arduraz dihardu: «Ahalegina, ordea, ez dute taldeek bakarrik egin behar. Programadoreek ere egin behar dute, orain arte kontratatutako egunetatik komertzialak ez direnetan jartzen baititu euskarazko bertsioak». Olatz Beobideren aburuz, «errealitate elebidun honetan, erakunde eta programatzaileen aldetik diskriminazio positiborik egiten ez bada, erdarazkoa gailentzen da». Olasagasti programatzaileen joerez mintzo zen: «Estandarretara jotzeko joera dago. Eta euskaraz zer esanik ez: ez baduzu komedia bat egiten ez dituzu 15 emanaldi baino gehiago egiten. (...) Antzerki obrei buruz komunikazio lan hobea egin beharko litzateke. Gure betiko eskaera ondokoa izan da: arriskatzen uzteko. Hemen ezin dugu arrakastarik izan! Zeren eta emanaldiak banaka programatzen dira. Ez dizute uzten antzokia zuk zure kontura emanaldi bat eskaintzeko. Donostian eta Bilbon hiru egunetan soilik erabili dezakezu antzokia, ez dizute egun gehiagotarako uzten. Saiatzen garenean ikusleekin harreman zuzena izaten, ezin». Iritzi berekoa da Olatz Beobide: «Erabaki behar dutenek, programatzaileek, gehiago begiratzen diete zifrei, pausoak emateari baino eta erabakitzen dute erdarazko funtzioekin nahikoa dela. Denek ez dute horrela jokatzen, baina hori gertatzeko arriskua dago. Euskaraz bakarrik egiten baduzu lan bat, hartzen duzun arriskua bikoitza da».

Eneko Olasagasti baikor ageri zen ikusleei dagokienean, bere ustez bada euskarazko emanaldietarako ikuslerik, baina ez da aurrera egin: «Pentsa Kutsidazu bidea, Ixabel ikustera zenbat joan diren! Baina hamalau urte eta gero, Ama begira zazu-z geroztik, berdin jarraitzen dugu. Nire sentsazioa da ez dugula aurrera egin. Hor badago eten handi bat, eta beharbada, neurri batean, errua gurea da. Ez dugu asmatu jendea erakarriko duen antzerkigintzarekin». Beobidek dioenez, «Espainiakoarekin alderatuta, Euskal Herrian ez dago publiko arazorik, nahikoa eusten dio, baina euskarazko lanen kasuan arazoa dago».

Aitzpea Goenaga, Euskararen zazpi bekatu nagusiak lanaren autorea: «Obra baten bizitza paperetik taularakoa da»
Makina bat alditan ikusi dugu antzezle, zuzendari eta idazle donostiarraren lana antzerkian, telebistan eta irratian. Obra mordoxka du idatzia eta horietako batzuk »Zu(t)gabe, Hau Paraderoa!» agertokietan ikus ahal izan ditugu zorionez, bertako autoreen lanek taularaino iristea gaitz duten herri honetan.

Ez da sari makala bertako idazle batek sortutako obra taula gainean ikustea. Are gehiago, euskarazkoa izanda.
Luxu handia da, dudarik gabe. Badakit zein zaila den norberaren antzezlan bat taula gainean ikustea eta oso pozik nago halako aktoreekin eta produkzioarekin taularatu delako. Esker ona besterik ez daukat AEKrentzat beka eman digulako. Nahiz eta herri honetan profesional handiak egon eta maila handiko produktorak, Eusko Jaurlaritzak ematen dituen diru laguntzak nahiko eskasak dira, eta iniziatiba pribatu batek horrelako neurriak hartzea eta bekak sortzea oso interesgarria da.

Jo eta su ari zara idazten azkenaldian. Hor ditugu Agur betiko (Artezblaik argitaratua eta 2003ko Serantes saria jasotakoa), Joetuta ( Café Bar Bilbao teatro gidoi laburren saria jaso berri du) eta Euskararen zazpi bekatu nagusiak.
Dena batera gertatzen ari da, Café Bar Bilbao saria jaso nuen duela gutxi, Euskararen zazpi bekatu nagusiak estreinatu da orain, Tramankulua estreinatu dut oraintxe aktore gisa... Horrek ez du esan nahi orain egin dudala guztia, atzetik datorren lana da.

Pokekin beste antzezlan bat ere prestatzen ari zara: Ongi ibili.
Duela hiru urte-edo idatzi nuen obra da, Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntza baliatuta. Ekoizpenerako diru laguntza ere eman digute eta eskertzekoa da. Azken finean, obra baten bizitza hori da, paperetik taularakoa.

Zerbait aurreratzerik bai?
Ez da komedia, nahiz eta umorea duen. Ustekabean hiru emakume eta taxi gidari bat egoera bitxi eta absurdoan aurkituko dira. Gau batean, paraje galdu batean daudela, bizitzaren inguruko gogoetak egingo dituzte.

Joetutan ere emakumeak dira protagonista.
Normala da nire mundutik hitz egitea eta nire protagonistak emakume izatea. Ez du zertan horrela izan beharrik, baina nik gertuagokoak ditut. Ez dago beste arrazoirik. Irakurtzen ditugun nobela gehienen protagonistak gizonezkoak dira eta normala iruditzen zaigu. Nahiko aktibista naiz kontu hauekin.

Pok
Zineman, antzerkian eta musikan egiten du lan Pok konpainiak. Kris Barcok, Pascal Gaignek eta Olatz Beobidek osatzen dute. Euskararen zazpi bekatu nagusiak euren bigarren antzezlana da. Théâtre des Chimères taldearekin elkarlanean landutako Kaukasiar klerazko zirkulua (Bertol Brecht) eta Aitzpea Goenagak idatzitako Ongi ibili taularatuko ditu aurten.


Azkenak
2024-11-28 | Leire Ibar
Tolosan Ertzaintzak pilotakadaz zauritu zuen gaztearen kasu artxibatu dute, biktimak deklaratu aurretik

Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.


2024-11-28 | Julene Flamarique
Bi presa kendu dituztenetik, izokina Bidasoatik Baztanera heltzen hasi da

Hobekuntza horiekin izokinak eta beste espezie migratzaile batzuek erruteko eremu optimoak lortzea eta bizirik irauteko aukerak handitzea espero da. Europako funtsekin finantzatutako jarduera da, Life Kanturibai proiektuaren baitakoa.


2024-11-28 | Leire Ibar
Jasotako isun bakoitzeko helegiteak aurkeztu dizkio Ernaik Eusko Jaurlaritzari, guztira 133

Epaiketa prozesua abiatu du ostegun honetan gazte antolakundeak. 2023an egindako bi ekimenen ondorioz 290.500 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Eusko Jaurlaritzak. Ekonomikoki "ito eta desagerrarazteko" mekanismoa dela salatu du Ernaik.


94 urteko emakume bat hil dute Gasteizko IMQ Igurko zahar-etxean, eta gizon bat atxilotu

Adinekoen egoitzako egoiliarra da asteazken gauean hildako emakumea. Larriki kolpaturikoa ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen emakumea. Bertako egoiliarra den 68 urteko gizon bat atxilotu dute, indarkeria matxista leporaturik.


2024-11-28 | Leire Ibar
Nabarmen igo da antsiolitikoen eta depresioaren aurkako botiken kontsumoa gazteen artean

Hego Euskal Herriko gazteen osasun mentalaren egoera “kezkagarria” da, Gurea Geroa atari digitalak egindako txosten batek agerian utzi duenez. Inkestaren arabera, gazteen erdiek ondoez emozionala pairatzen dute, eta hamarretik seik pentsamendu suizidak izan dituzte... [+]


“Petronorrek eraldaketa hitza darabil, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten”

Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]


2024-11-28 | Julene Flamarique
‘Feminizketak’ seriea eta ‘Ikusgela’ proiektua: aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza sarien irabazleak

Asteazkenean banatu dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoainen. Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak jaso du, eta Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestarani eman dio... [+]


Munstro aplikazioak izaki beldurgarriak batzera eramango gaitu puzzle joko frenetikoan

Threes! edo 2048 klasikoen bertsioa prestatu dute Julen Irazokik eta Ibai Aizpuruak, Mikel Dale musikagilearekin batera. Android-en doan deskarga dezakegu euskarazko bideojokoa.


Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre militanteak atxilotu dituzte Baionan goizaldean, eta eguerdian askatu

Urtarrilean salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta horrekin lotuta egon daitezke atxiloketak. Goizeko seiak aldera atxilotu dituzte, "atea kasik hautsiz eta esku-burdinak segidan ezarriz", Ostia sareak... [+]


2024-11-28 | Jon Torner Zabala
Gehiago Gara jaia egingo dute Antzuolan, hil diren haurrak “bizipozetik” gogoratzeko

Hil Argi elkarteak antolatuta, Bizipoza egitasmoaren laguntzarekin, Gehiago Gara jaia egingo dute abenduaren 15ean Antzuolan. Haurrak galdu dituzten familiak, lagunak, eskolako kideak eta, oro har, hil diren umeak "bizipozetik" gogoratu nahi dituzten herritar guztiak... [+]


Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


2024-11-28 | Gedar
Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek mobilizazioei ekingo diete, lanpostuen defentsan

Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.


Sindikalismo eraldatzaileaz eta lanaz eztabaidatzeko nazioarteko kongresua Leioan

Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Eguneraketa berriak daude