Egurretako basoak: izaki lerrokatu, uniforme, industrialak

  • EAEko basoen %80a jabegoz pribatua da, eta gehienek errentagarritasun finantzieroa bilatzen dute. Horrek dakar monolaborea, baso osoa pinu, pago edo eukaliptu izatea. Ordea, asfaltoa zabaltzen joan ahala, eta ingurumenarekiko larritasunak jota, gizarteak gero eta gehiago eskatzen ditu begia gozatzeko baso bariatuak. Batik bat gestioaz hitz egin dugu diru pribatua basogintzara bideratzen duen Basoa Fundazioarekin. Jose Ramon Olarieta injineruak ikuspegi kritikoa eskaini digu. Azkenik, basoen aniztasunaz ohartzeko sartu gara Zegamako Egur Interpretazio Zentroan.

2021eko uztailaren 27an
Pinua da finantzetan oraindik ere baso errentagarriena, ez bakarrik asko hazten delako, baizik, egurrarekin lan egiten duen industria espezializatuta dagoelako espezie honetan. Sorgin gurpila da, ditugun baso asko eta asko industriaren araberakoak dira, eta era berean, ezin da industria espezie askotara egokitu, ez duelako ziurtatuta urte osoan lehengairik izango duenik. Gainera, merkatuak gehiago ordaintzen du pinua, mantsoago hazten diren beste espezieak baino. Horregatik jotzen dute jabe gehienek pinua sartzera. Gizarteak ez dio maitasun handirik zuhaitz honi, baina Gipuzkoako Baso Elkarteko zuzendari den Fernando Otazuak nabarmentzen du: "Batik bat pinuari esker pasatu gara lurraren %20 basoa izatetik %60 izatera, jabe pribatuak basoberritzen jarri dituelako". Etekinik handiena helburu, espezie bakarreko basoak dira nagusi. Monolaborearen abantailak agerian jarri dizkigu Jorge Askasibar, Basoa Fundazioko lehendakariak: "Espezie bakarreko ekoizpena askoz errazagoa da gestionatzeko, landaketatik bertatik hasita. Espezie anitzeko basoa lantzeko eta gero, mozteko, bereizi egin beharko litzake zuhaitz bakoitza, eta merkatu desberdinetara bideratu egurra. Posible, posible da, baina lana da". Monolaboreak, ordea, bere arriskuak baditu, Jose Ramon Olarietak, Leridako Unibertsitateko irakasle den injineru agronomoak gogorarazi digunez: "Gaixotasun eta suteak aiseago zabaltzen dira zuhaitzetik zuhaitzera. Gainera, zenbat eta maizago egurra atera, elikagai gehiago ateratzen zaio lurrari. Ikusteko dago zenbat eutsiko dion lurrak erritmo horri". Industriari begira egiten da egurretarako basoen gestioa: begirik gabeko oholak ateratzeko moduan inausten dira zuhaitzak. Eta ebakitzeko ere, garai biologikoari begiratuta hiltzeko zorian denean moztu beharrean, normalean errendimendu kurbari begiratzen zaio, goia jo duenean, eta hortik aurrera etekin handiagoa emango ez duenean mozten da. Industriak erabakitzen du zuhaitz espezie bakoitzaren bizitza tartea: Intsinis pinuan egur zurixka eta bigunagoa apreziatzen da »cambium esaten dena», erretxina pasatzen duena. 35-40 urtetik aurrera gogortu egiten da egurra »duramen gehiago egiten zaio-, eta hau ez du industriak maite. Beste espezie batzuetan kontrakoa gertatzen da, eraikuntzan eta zutabeak egiteko erabiltzen den egurra »alertzeak, duglasa...- gogorra izatea komeni da, beraz, gehiago itxaroten da mozteko.

Lur publikoetan, berdin

Baso jabe gehienak pribatuak dira, baina zer gertatzen da publikoekin? Hemen ere, pribatuetan bezala, denetik dago. Badira, batez ere parke natural izendapenarekin, espezie aberastasuna bilatzen duten basoak. Baina asko dira, egurretarakoak. Olarietak gogor salatzen du hau, erakunde publikoak baitira sarri legea urratzen dutenak. Interes pribatua duten baso askotan bezala, lurra txikitzen duen makineria erabiltzen omen dute.

Egurretarako basoak jasangarriak ote?

EAEn 28.000 hektareak dute PEFC, Baso Kudeaketa Iraunkorreko Ziurtagiria, 118 jabego publiko eta pribatuk alegia, iaz bertan lortua. Mundu osoan, berriz, 54 milioi hektareak dute izendapena. Ziurtagiria deforestazioari aurre egiteko sortu da, eta kontsumitzaileei adierazten die egur horrek jasangarritasun neurriak betetzen dituela. Basoen gestio jasangarria izendatzeko, Helsinkiko 1993ko Hizarmenaren definizioa hartzen da oinarri: "Basoak zaindu eta erabiliko dira bioaniztasunari eusteko moduan, baita produktibitatea, birsortzeko gaitasuna, bizitasuna eta orain eta etorkizuneko funtzio ekologikoak, ekonomikoak eta sozialak eskaintzen jarraitzeko moduan ere, herri, nazio eta mundu mailan, beste ekosistema batzuk kaltetu gabe". Baso jabeei, gestioa eta irudia hobetzen laguntzen die. Olarietak, ordea, duda egiten du gure ingurumenaren behar besteko informaziorekin jarri dituen ziurtagiriak neurriak. Jasangarritasunaren gaian, beste behin ere, bi joerekin egin dugu topo. Basoa Fundazioko Askasibarrek ziurtatzen du, etekin ekonomikoak bateragarriak direla jasangarritasunarekin, eta Olarietak, aldiz, etekin ekonomiko eta finantzarioa bereizi behar direla ohartarazi du, dirutan bakarrik neurtzen den etekin finantzarioa, ez dela jasangarria azpimarratuz.

Belaunaldi etenak dakarkeena

Egurretarako basoak nagusi badira ere, jabe denen interesa ez da etekin finantziero altuena lortzea. Are gutxiago, egun baso jabeak egurra salduta ezin direla bizi ikusita, izan ere, jabegoa oso zatitua dago »Gipuzkoan batez-beste 9 hektarea ditu jabe bakoitzak, Bizkaian zerbait gutxiago». Gero eta gehiago, basoa beste errenta baten osagarri da. Basoa Fundazioko lehendakari Jorge Askasibarrek kontatzen duenez, "basozale heldu asko etortzen da angustiatuta, seme-alabek ez dutelako segidarik ematen, ez dituztelako mugak ezagutzen...". Honi erantzuteko, Basoekin elkartea sortu du Euskadiko Baso Elkarteen Konfederazioak, gestio profesionala eskaintzeko. Horrela, basoko lanetaz ezer gutxi dakien pertsonak, bere aurrekoek utzitako jabetza mantenduko luke, eta elkarteak gestionatuko lioke basoa. Etorkizuna hori izango dela aurreikus liteke. Askasibar lehendakariak uste du horrek basoen izaeran ere eragina izango duela: "Gizartetik datorren eskaria betetzea errazagoa izango da, alegia, hostozabal gehiago jartzea basoan, adin guztietako zuhaitzak...". Olarieta profesionalizazioarekin ezkorragoa da: "Jasangarritasunerako arazo nagusia makineria gogorrak dira, eta gero eta gehiago esku lana falta denez, makineria honetara joko dute basoak gestionatzeko". Nola lortu liteke baso anitzak ugaritzea? Fernando Otazua Gipuzkoako Baso elkarteko zuzendariaren iritziz, "espezie anitzekoa ugarituko da, gizartea prest dagoen heinean basoak sortzen dituen onura denak apreziatu eta ordaintzeko. Aldundiek diru asko mugitu beharko dute, eta jabeei laguntzak eman".

Zer motako basoa dugu?

- %52,9 konifera da EAE-n eta %47,1 hostozabalak.

- Araba:
Ametza, haritza eta erkametza %25,4
Pagoa %21,2
Artea %13,5
Radiata pinua %11

- Bizkaia:
Radiata pinua %45
Artea eta nahasketak %9
Pagoa eta haritza %5
Eukaliptua %5

- Gipuzkoa:
Radiata pinua %40
Pagoa %14
Artea eta haritza %11

- Nafarroa:
Pagoa %37
Haritza %17
Artea %9
Pinu klase denak %31

Gure basoetan, alde atlantiko eta mediterranearra bereizten dira. Araban, klima mediterranearrean, bertako espezieak ditu basoen %65ak. Bertako lur publikoak espezie horiek bultzatzera daude bideratuta, horrela, zuhaitz zaharrak mantentzen dituzte, landaketetan bertako espezieak erabiltzen dituzte, eta abar.

Alde atlantikoan (Bizkaia eta Gipuzkoan), Intsinis pinua da nagusi, eta gestioa ere produkziora dago bideratua Foru Aldundian.

Nafarroak bietatik du, eta iparraldean pago eta hariztiak dauden bitartean, hegoaldean eta ekialdean pilatzen dira pinudiak.

Basoen merkatua
2002ko datuen arabera, EAE-n 20.000 jabe daude, eta egurra lantzen duten 803 enpresa. Urte berean, ekoizpenaren balioa 327 milioi euro izan zen. Ateratako egur gehiena zurgai da (958 mila metro kubiko), zerrategietara bideratzen dena ondoren altzariak egiteko. Aldiz, ia honen erdia da (436 mila metro kubiko) peia edo papergintzan bukatzen duena. EAE-n eta Galizian daude Espainiako estatuko zerrategien %40. Aldiz, altzarien industria Valentzia, Katalunia, Madril eta Andaluzian mugitzen da. Espainiako estatuan kontsumitzen den koniferen %37 kanpotik dator. Ondorioz, basoaren merkatuak dependentzia handia du kanpoko lehengaiekiko, eta beraz, eragin handia dute atzerriko gora-beherek.
Azken urteetan eskaintza asko ugaritu da egurraren merkatuan, herrialde hauek egur ona eta merkea exportatzen baitute: Zeelanda Berria, Txile, Argentina, Uruguay, Brasil eta Hegoafrika, besteak beste. Hondamendi naturalek ere eragina izan dute merkatuan, batez ere 1999ko abenduan Frantziako basoak txikitu zituen haizeteak. Arrazoi hauek direla eta, pinuaren prezioak behera egin du azken lau urteetan. 1999an jo zuen goia, metro kubikoa 9.444 pezeta kobratuz. 2003an, berriz, 7.596ra jaitsita zegoen.
Eskariari dagokionez, Europan batez-beste 203 kilo paper kontsumitzen du urtean biztanle bakoitzak, eta Amerikako Estatu Batuetan, berriz, 324. Aldiz, gorantza datorren Txinan, biztanleek 28 kilo urteko bakarrik kontsumitzen dute.

Zenbat baso dugu Hegoaldean?

- %27a basoa da mundu osoan: 3.500 milioi hektarea inguru.

- %36 Europako Batasunean, alegia, 130 milioi hektarea inguru. Europan baso gehien duten Suezia eta Finlandiarekin parekatu daiteke Euskal Herria.

- %54a Euskal Autonomia Erkidegoan basoa da, alegia, 722.500 hektarea inguru.
%47 Araban, 143.506 hektarea
%58 Bizkaian, 128.244 hektarea
%60 Gipuzkoan, 118.255 hektarea

- %64 Nafarroan, alegia, 664.174 hektarea inguru.

Gure basoen historia
- Kristo aurreko azken mendeetan, lurraren %70-80 basoa zen.
- Erromatarren garaian, asentamentu intentsiboekin baso asko soro bihurtu zituzten. Toponimiari eta Akitanian aurkitutako erromatar garaiko harlanduetako inskripzioei jarraiki, haritza, artea, pagoa eta pinua ziren nagusi Euskal Herrian.
- Erdi Arotik XIX.mendera, eraikuntzarako eta ikatza (burdinola eta fundiziorako) egiteko erabilitako egur mordoak basoak urritu zituen.
Burdinolen kontsumoa oso intentsiboa izan zen XVI. mendean eta hurrengoetan, batez ere Gipuzkoa eta Bizkaian: Gipuzkoan, 1650-1814 artean, urtean 20.000-25.000 hektarea baso kontsumitzen zituzten.
- XVI-XVIII. mende artean, itsasontziak eraikitzeko kalitatezko haritza erabili zuten.
- XIX. mendean galdu zen baso gehien: gerra ugari izanik, administrazio publikoak zorretan erori ziren eta zorrei aurre egiteko, Desamortizazio Legeekin lur publikoak saldu zituzten. Lur jabe berriek berehalako etekin ekonomikoa bilatu zuten, basoak masiboki ebakiz.
- XX. mende hasieran basoen egoera oso larria zen, mendi gehienak soilduta zeuden. Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek basozaintza zerbitzuak sortu zituzten, eta hauen lehen misioa basoberritzea izan zen.
- Gerra Zibilaren etenaren ondoren, 40-50 urteetatik aurrera basoberritze masiboa hasi zen, intsinis pinua erabiliz era guztietako lurretan, publiko eta pribatuetan. Urtero hazkuntza handia sortzen zuen, eta "urre berdea" esaten zitzaion. 1956ko izotzak geratu arazi zuen landaketa masibo hau, Gipuzkoako intsinis gazte asko izorratu baitzituen. Ordutik hona, batez ere lurralde honetan, koniferen dibertsifikazioa bilatu da basoberritzerakoan eta beste espezie batzuk erabili, esaterako Korsikako larizioa, Japongo alertzea eta Douglas abetoa.

Basoa Fundazioak enpresetako dirua baso lanetara bideratzen du
Euskadiko Basogintza Elkarteen konfederazioak sortu zuen 2003an Basoa Fundazioa. Fundazio honek finantziazio pribatua erabiltzen du baso lanetarako. Enpresen ikuspegitik, berriz, erakargarri da fundazioari emandako laguntzarekin lortzen duten zerga-salbuespena, eta irudi korporatiboa hobetzea.

Jorge Askasibar da bertako lehendakari: «1977tik 2003ra Gipuzkoako Foru Aldundian Basoen arduradun ibili, eta erretiroa hartzeko laneko azken bazkarian etorri zitzaidan Fernando Otazua -Gipuzkoako Baso Elkarteko zuzendaria-, 'gauzatxo bat dugu zuretzat...' esanaz». Askasibar, Aldundian erretiroa hartu orduko, Fundazioan hasi zen lanean, beraz. Basoak Foru Aldundiaren konpetentzia direnez, «Udaletxeen lurrekin egiten dugu lan, eta beraz, hirigunetik hurbil daudenetan aritzen gara, ez Aldundiak gestionatzen dituen mendietako lur publikoetan. Foru Aldundien lana osatzeko modu bat da» azaltzen du Askasibarrek.

Besaide mendia basoberritzea izan zen lehen proiektua, Mendiko Euskal Federazioarekin elkarlanean. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako mugan dagoen gainaldea hautatu zuten, sinbolikoki. Kutxarekin beste proiektu batzuk ere egin dituzte, esaterako, Zeraingo minen ingurua basoberritu, eta Legazpiko Urtatza Parkea osatu. Fundazioaren lana da interes orokorreko proiektuak diseinatu eta sponsorrak bilatzea. Behin proiektuak bere aurrekontua duenean, Konfederazioko teknikoak aritzen dira lanean. Horrela, fundazioak egituraz lehendakaria eta patronatoa soilik ditu -konfederazioko hiru lehendakariek, Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkaria eta fundazioko lehendakariak osatua-.

Bazkide fundatzaileak, Basogintza Elkarteen Konfederazioko baso jabeak dira. 5.000 bazkide inguru dira konfederazioan. Aldiz, fundazioak «basozale» bazkideak ere baditu, alegia, basoen jabetzarik izan gabe ere, basoen aldeko lanetan bere dirulaguntza ematen dutenak. Egun «basozale» gutxi dago, enpresekin lotu baitituzte orain arteko proiektuak, baina aurrera begira, herritarrek lagundutako proiektuak abiatzea espero dute Basoa Fundazioko kideek.


Azkenak
Raimundo el Canasterori babesa adierazi diote 230 musikarik, eta musikaren bidez boterea kritikatzea zilegi dela aldarrikatu dute

Belako, Chill Mafia, Eñaut Elorrieta, Fermin Muguruza, Ibil Bedi, J Martina, ØDEI, Olaia Inziarte, Nøgen eta Tatxers daude sinatzaileen artean. 237 musikariren zerrenda argitaratu dute.


'Itzal(iko) bagina'
Hemen gezurra nagusi

Itzal(iko) bagina
Taldea: Lokatz Loreak.
Aktoreak: Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao.
Zuzendaria: Iraitz Lizarraga.
Noiz: otsailaren 2an.
Non: Usurbilgo Sutegi aretoan.

-------------------------------------------------------
 
Bertsoa bertsolaritza,... [+]

Behe Bidasoako eraso faxistak eta Devenir Europeo

Eraso faxistak, xenofoboak edo homofoboak gero eta ugariagoak dira Euskal Herrian ere, eta kezka barreiatu da han-hemenka. Behe Bidasoa da eraso horiek pairatzen dituen eremuetakoa, eta hor, zehazki, eraso edota ekintza gehienak Devenir Europeo (Europaren bilakaera) izeneko... [+]


Argitaratu gabeko 36ko gerrako bideoak eskura jarri ditu Los Angelesko Unibertsitateak

Donostiako eta Gipuzkoako beste udalerrietako irudiak ikus daitezke unibertsitatearen webgunean.


2025-02-07 | Aiaraldea
Amurrioko Udal Gobernuari entregatu dizkiete Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza berrezartzearen aldeko 1.700 herritar eta eragileen atxikimenduak

Komunikabideko hainbat langile eta bazkide bertaratu ziren duela astebete Amurrioko Udaleko plenora, dirulaguntza bigarren urtez ezabatu dela salatzeko. Txerra Molinuevo alkateak ez zuen inolako erantzunik eman.


Erorien Monumentuko sinbologia faxista duten elementuak kentzeko eta interpretazio zentroa sortzeko lege proposamena aurkeztu dute

PSN, EH Bildu eta Geroa Bai talde parlamentarien sinadurarekin aurkeztu da gaur eta onartua izateko babesa izango du.


2025-02-07 | Gedar
Txantreako Eunate ikastetxeko irakasle erasotzaileak alde egitea lortu dute ikasleek

Iruñerriko IAk azaldu duenez, irakasle horrek ikasleak sexualizatu eta bortxaketak justifikatu zituen. Aurreko ostiralean eserialdi bat egin zuten eta sinadura bilketa bat izan dute martxan, irakaslea botatzeko.


2025-02-07 | Uriola.eus
Bi gizonek eraso homofobikoa salatu dute Bilbon

Lauzpabost pertsonak osatutako talde batek jo egin zituzten baita irain homofoboak egin ere.


2025-02-07 | Euskal Irratiak
Ximun Fuchs
“Euskal irainak baitezpadakoak zaizkigu, elbarritu emozionalak ez gaitezen izan”

Le Tampographe Sardon enpresak salgai ezarria du 24 laidoko zigilu-kutxa. Sarean eskuragarri da. Ximun Fuchs aktoreak du hautaketa lana egin, irainak "lan tresna" baitira beretzat.


Aktibismoan osasun mentala zaintzeko zenbait tresna

Aktibisten ezinegonak bildu, eta horiek kolektiboki lantzeko gida bat sortu dute zenbait aktibistek. Besteak beste, estresa, beldurra, frustrazioa eta nekea landu dituzte.


47 urteko gizon batek bere ama hil du Irunen

Atzo eguerdian labanaz eraso zion bere amari Irunen eta Donostiako Ospitalean hil da. Erasotzailea epailearen aurrean deklaratzeko esperoan dago.


Ipar Euskal Herriko lehen indarra izaten segitzen duela ohartarazi du ELBk, botoen %48 jasorik

Otsailaren 6 honetan zenbatu dituzte departamenduko laborantza ganberarako bozak. Biarnoa eta Ipar Euskal Herria biltzen dituen departamenduan lehen indarra izaten segitzen du agroindustriaren sustatzailea den FDSEAk baina indarra galdu du: %54tik %46ra pasa da.


2025eko urtarrila, mundu mailan inoiz erregistratu den urtarrilik beroena

Aurtengo urtarrila 1850. urteaz geroztik beroena izan dugu. Gainera, aurreko hilabeteen joera mantentzen du, azken hemeretzi hilabeteen artean, hemezortzigarrena da bero erregistroak apurtzen. 


Ehunka emakume hil eta bortxatu dituzte Kongoko Errepublika Demokratikoko espetxe batean

Nazio Batuen Erakundeak adierazi duenez, Goma hiria hartu ondoren hango espetxe batean zeuden ehunka emakume bizirik erre zituzten M23ko matxinoek, eta denak hil. Herrialdearen ipar ekialdean borrokan diharduten talde armatuek sexu indarkeria "arma gisa" erabili dutela... [+]


EITBko Euskara Batzordearen adierazpena

Idatzi honen bidez, EITBko Euskara Batzordeak eta azpian sinatzen duten EITBko organoek euren kezka eta gaitzespena agertu nahi dituzte azken hilabeteetan EITBko zuzendaritza-postuetarako abian ipini diren hautatze-prozesuak direla eta, gutxietsi egin baita euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude