Euskal Idazleen Elkarteko batzarretatik bueltan, Andolin Eguzkitzaren autoa gasolina edaten. Zergatik ez dakigula, irudi ustez bitxienek irauten dute sendoen memorian. Mendaro inguruan trikuharri bat osatu dute mendiek eta zeru berunkarak.
Andolinen Volvoa. Arinegi ez dabil, baina seguruena da berori. Hitzetatik jaio bai baina erritmoan, irudietan eta gaietan pausatuz adarrik adar doan negargura intimo bat begitandu zait beti Andolinen poesia. Eta Andolinen Volvoa, berriz, suediarren obsesio nazionalaren emaitza: karibu bat jo arren haustuko ez den diseinua.
Bat-batean, Zaldibarko tunelaren amaieran, adar bakarreko oreinandi bat guri begira. Adarraren puntan, oihal zati bat. Goma usaina zabaldu da, balazta usaina. Begiak ireki ditut eta Andolin ez dago. Oreinandia ere ez da, itxura batean, oreinandia. Adarra iruditu zaiguna Korrikako testigu euriak bustia da. Baina berrehun urte biziko bagina ere, ez al ginateke ondorio berberera iritsiko, ura bezala iragazten dela maitasuna gure ezpainek lehen hitza esan orduko?