Virginia Imaz: «Egoskor eutsi diogu pailazo sudurrari hasi ginenetik»

  • Hogei urte daramatza pailazo sudurra sudur puntan jarrita. Hogei urte honetan, bere burua gehiago maitatzen ikasi du. Pailazo da, eta ipuin kontalari. Oihulari Klown taldea sortu zuen eta bertoko eta aparteko bazterrak ibiliak ditu noiz barre algara noiz irribarre sotila eragiten. Serio darabil umorea eta, lehenengo-lehenengo, bere buruari egiten dio barre. Eta, barre egin arren, gizarte kritikatik ere asko du Virginia Imazen antzezpenak.

2021eko uztailaren 12an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Bada esaera bat: "Ez dira poesia egiteko garai onak". Bide berean, eta inguruan hainbeste zarata dabilenean, umore egiteko garai onak bizi ditugu?
Beti dira garai onak. Batzuetan, egoerarik okerrenean, orduantxe azaltzen da umorea. Baina ez du nahitaez horrela izan behar. Edo beti ez da sintomarik onena. Asian gertatu den itsasikarak egin dituen kalteak hain izan dira handiak, nola-halako ordaina behar du, baina ez dugu horren lepotik barre egin nahi! Hala ere, ordaina behar dugu, bestela depresioak joko gintuzke: txiki-txiki egingo gintuzke. Zenbat eta zentsura handiago, zenbat eta beldurrago, zenbat eta tragedia gehiago, orduan eta beharrezkoa da umorea ateratzea, balantza orekatzeko besterik ez bada ere.

Zertan da umorea? Txistea ongi kontatzea baino areago izan behar duelakoan nago...
Bai horixe. Nik grazia izatea eta komiko izatea bereizten ditut. Grazia duenak, Jainkozko dohaina du: egiten duena egiten duela, harrera ona izango du. Arrakasta. Jaiotzen denetik hiltzen den arte, bedeinkazio guztiak izango ditu. Beste batzuek, aldiz, lan handiago dute. Kultura gorabehera ere bada. Andaluziarrak, adibidez, guk baino grazia handiago ei dute. Fama hori dute. Metafora gehiago erabiltzen omen dituzte, exajeratzeko joera handiago, azentu berezi bat... guri grazia egiten diguna. Hemen txisteak du grazia, batez ere; burura jo behar du, intelektualtasunari loturik dator, esanahi bikoak... irribarrea eragiten du, eztarritik gora eragiten du. Nik, berriz, komikotasunera jotzen dut, sabelean jotzen zaituen ukabilkada egin nahi dut nik, arnasa galarazten dizuna, eta, horrekin batera, hunkitzen zaituen umorea, malkoa eragiten dizuna. Hori da nire asmoa. Komikotasuna tragediari loturik dago. Komikoa eta tragikoa, elkarren kontra-kontra daude, elkar ukitzen dute. Bizitza tragedia da, eta, beraz, baliabide bat behar dugu tragedia horren pisua arintzeko. Umoreak geure buruak birkokatu eta aurrera egiteko gogoa izateko balio du. Nik esatera, grazia duenak besteren lepotik egiten du barre. Komikoak, nork bere buruaren kontura egiten du. Grazia handirik ez dudala iruditzen zait, oraintxe ari naiz txiste ikasten kontatzen!, baina ez naiz batere ona horretan: txistea ahanzten zait, edo amaitu aurretik hasten naiz barrez, edo luzatu eta luzatu egiten naiz... desastrea! Baina ikasten ari naiz, behintzat. Uste dut, saiatuaren poderioz lortuko dudala. Komikotasuna besterik da, hala ere. Aspaldi ikasi nuen neure buruari barre egiten...

Nola ikasten da umore egiten?
Nik neuk frantses eskola batekin hasi nintzen, Bataclow-ekin. Eskola hori nor bere baitako klowna aurkitzen saiatzen da. Lehenengoan joan nintzen Bataclown-a, eta agindua eman zidaten: "Esan iezadazu, bost hitzetan, nor zaren!". Eta ni: "Euskalduna!" (Kanpoan zaudenean orduan eta euskaldunago zara eta). Gainera, "maistra!", orduan irakasle nintzen eta; askotan, lanbidea erabiltzen dugu geure buruak definitzeko; bestalde, zaletasunek ere definitzen gaituzte nola edo hala, eta esan nuen: "antzerkia gustatzen zait, are, antzerki tragikoa", ze Oihularin hasi baino lehen era horretako antzerkia egin nuen nik. Hurrena esan nuen: "Gizena", itxura fisikoari zegokion ezaugarria ere baliatu behar genuen eta. Halako batean, irakasleak: "Eta ez zaizu iruditzen emakume zarela?", eta nik: "bai, jakina, baina hain begi bistan dago hori!". Eta berak: "Baina bazara ala ez zara?"... eta hortik abiatu zen Oihulari Klownen lehenengo lan hura, "Modelo contrapublicitaria" izenekoa; bertan, 70eko hamarkada inguru hartan furi-furian zegoen 10 emakumea ereduari barre egiten nion, emakume izateak nire bizitzan duen garrantzia azpimarratzeko eta, batzuetan, izate horrek ekartzen dizkigun minak adierazteko. Lan askatzailea eta terapeutikoa izan zen niretzat, eta niretzat ez ezik, baita ikusleentzat ere. Hain harrera ona izan zuen, hamazazpi urte baino gehiago daramatzat egiten, ezin emanaldi hori erretiratu. Zoritxarrez, indarrean dago oraindik. Baina dagoenekoz nik ez dut eredu horri barre egin beharrik...

Emakume "perfektuaren" eredu horri ez, zeri egiten diozu barre orain?
Orain amatasunari egiten diot barre, lanordu bikoitzari: bizitza publikoaren eta pribatuaren arteko kontziliazioa esaten zaion horri; horrekin batera, euskaldun izateari ere barre egiten hasita nago, mestizaia nagusi den garaian, euskaraz hitz egin nahi eta ezinari, kultur kolonizazioa jasateari... eta pusketaka egindako kulturari... Denborak gai berrietara zaramatza, batzuetan ikuslea identifikatuko da, eta beste batzuetan ez...

Emanaldia egiten duzunean, zenbateraino da bat-bateko jarduna, eta zenbateraino prestatutako lana?
Oihularin ez dugu emankizuna prestatzen. Geure buruak lantzen ditugu, prestaketa lanak egiten, bertsolariak bezala. Ariketak. Bat-batekotasuna bat-batean jardunez lantzen da. Plazan hogei urte daramatzan bertsolariak ez du kantatuko plazan urte bat daramanak bezala: errima gehiago dakizki, batzuetan isilik gelditu delako, eta "berriz gertatzen bazait hemendik joko dut!", esaten du. Berdintsu egiten dugu guk: prestaketa lanak egiten ditugu, geure buruak gero eta hobeto ezagutzeko, pertsonajeak, erregistroak... eta, azkenean, bertigoa onartu. Horrek balio du gehien: bertigoak. Antzokira edo dena delako lekura heldu eta zer egingo duzun ez jakitea. Horrexek balio du.

Hori da bertigoa, hortaz: joan eta hasi...
Koilondu beharrean, amore eman: alegia, ez aurreusteen kontra jardun "ez du funtzionatu behar!", ez. Horretarako balio du prestaketak. Denek ez dute horretarako balio. Niri dagokidanez, berriz, oraintxe, hortik jotzen dut, eta balio dit. Bizitza bat-batekotasuna da, eta klownaren eginkizuna ere bai. Ez da aurrez prestatutako emanaldia bezain perfektua izango, akatsik gabea, baina, aldiz, behin ere errepikatuko ez den zerbaiten balioa du. Egin orduko desegin da. Joan da! Eta jendeak barre egiten du, badakielako orain eta hemen gertatzen ari dela.

Zuen web gunera jo eta gabonetan ikastaroak egin dituzuela irakurri dut. Nork bere buruari barre egiten ikasten erakusten diozue klown ikasleari?
Hori da. Zentsurak ikasi. Garai batean esaten ziguten: "Ez egin txorakeriarik! Ez egin pailazokeriarik! Neska handia zara honezkero!". Hamaika kontu. Zentsurak ditugu abiapuntu, eta zentsuratzen ikasitakoa ezikasi behar dugu. Umorez betiere.

Ikasi beharrean, "ezikasi". Horrelakorik egiten den ikastaro asko ez dira izango, horratik!
Horixe da gure bidea. Zentsuretatik ikasi. Eta jendea etortzen da, eta nahi du ikasi, eta nahi du barre egin. Eta barre egiten du ikastaroetan. Espresiobide ikastaroak dira, eta txantxa dute oinarri. Batzuetan lotsa ematen die, besteetan ez dira ausartzen, baina aurrera egiten dugu denon artean...

Atzerrian ere izana zara, izana da Oihulari Klown, narratzaile lanetan eta pailazotan, ahozkotasunak indar handia duen zenbait lekutan: Guadalajara (Mexiko) eta Buga eta Pereira (Kolonbia) aipatuko nituzke...
Bidaiazale handia naiz. Zuk aipatu dituzun lekuetan, eta beste batzuetan, hobeto egin dugu bidaia, umorea baino. El Salvadorren izan ginen, taldean, eta hirian, hor nonbait, elkar ulertzen genuen, haiek ere kultur kolonizazioa jasan dute eta, globalizazioa eta beste. Neurri batean, behintzat. Ulertzen ziguten "hizkuntza". Baina herri txikiagoetara joan, barnealdera, eta ez genion bata besteari ulertzen. Hizkuntza ez ezik, kultur erreferenteak ere oso ziren ezberdinak. Hamabost bat egun behar izan genituen haien artean, elkar ulertzera iristerako: haiekin batera egon, haiek dauden lekuan egon, lan egiten ikusi, haiek jaten dutena jan -edo jaten ez dutena-, eta beste. Horrela lortu genuen identifikazio gutxieneko bat; ez erabatekoa, baina bai lehenengo astekoa baino handiagoa, ordukoa txarra izan zen: erabateko porrota! Hamaika lagun ginen, hiru antzerki taldetakoak, hemen irribarrea franko eragindakoak. Hara heldu eta surrealista zen egoera: estralurtar ginela ematen zuen.

Ez dut dudarik egiten...
Zoazen lekura zoazela, belarriak erne izan, eta bertakoekin bat egiten saiatu behar duzu. Bestalde, kontuan hartu behar da beti ez gaudela barre egiteko aldartean. Zenbaitetan, irribarrea eragiten duzu, eta ez da gutxi. Baina giroan min handia dagoenean -heriotza, gosea, etxerik eza, hondamendia... -, irribarrea nahitaezko da, baina ez da seguru lortuko duzuna. Hori ere bazen El Salvadorren, bertako gerra zibil lazgarria tarteko. Ipuinak kontatzen genituenean ez zen horrelakorik. Zenbait elementu egokitu besterik ez genuen egin behar izan. Erraz jaso zituzten leku guztietan. Ipuinek magia dute, ez zen barre eragin beharrik, kontatzea zen koxka, nahiz eta hiztegia bertako hizketa posturara egokitu. Beraiek ere esaten ziguten: "Kontatu duzun istorio hori hemen ere kontatzen dugu". Istorio beraren bertsioak, alegia, urteetan eta urteetan kontatu izan direnak. Hori magia da.

Umorea ez zizuetela ulertu esan duzu. Erreferenteak eta beste. Umorea aldatu egiten da herrialdetik herrialdera? Alegia, esana da badela ingeles umorea. Zer diozu gure umoreaz?
Hemen gure umore modua dugu, baina Euskadi bat baino gehiago dago. Kostaldeko umorea eta barnealdekoa ez dira berdin. Herri girokoa eta baserrikoa ere ezberdin dira. Zenbaitetan, jendeak ez du irribarre egiten, errespetuagatik. Uste du antzokira joan eta ez duela barre egiterik. Batzuek ez diote uzten bere buruari barne egoera hori adierazten. Oraindik bada nik "Euskadi sakona" izendatzen dudan zerbait: eragin txikia jaso duten toki bazter eta gordeak, emozioei eusteko joera handia duen jendea bizi da horietan. Hori ez da ona, sentitzen duzuna adieraztea da ona. Beharbada, garai batean izateko postura gordeak -erreserbak, mesfidantzak-, lagundu egingo zien bizitzen, baserri giroan batik bat, baina gaur egun bestela da egoera. Gaur egun, nor izateko aukera dugu, eta horrek, besteak beste, sentitzen duguna adieraztea esan nahi du. Denok sufritu dugu, eta herri honek ere bai, gogotik, gainera: inbasioak, konkistak, eta, batez ere, izatea galarazi diote. Horixe aipatu zidan behin emakume maputxe batek, Beatriz Pichimalen-ek. Pertsona aparta, benetan. Hego Amerikako indioen kontra egin den genozidioaz ari zen. Maputxeak, Andeetako bi aldeetan bizi dira, Argentinan eta Txilen. Esan zidan: "Zuek, hemen, gu han bezala zaudete. Mendilerroak banatuta bizi zarete, Pirinioak. Guk, Andeak ditugu tartean: alde batekoak argentinarrak omen gara, bestekoak txiletarrak. Baina guk badakigu maputxe garena". Izatea galarazi diete, eta digute, eta horixe da galarazpenetan okerrena: nor izatea galaraztea, hitz egiten duzun hizkuntzan hitz egitea galaraztea... Nor izatea galarazten dizutenean, gorde egiten duzu zeure burua, nostalgia handi batek hartzen zaitu, eta ortopediaz baliatzen zara zure barruko kontuak komunikatzeko, zeure kultur erreferenteek ez dute eta balio, besterenak erabili behar! Mestizaia ari da nagusitzen, hortik ari da jotzen mundua, baina nor izatea ez dizu inork galarazi behar.

Eman dezagun batean eta bestean kaltetuen alde egiten diren kanpainak eta egiten dituzuen emanaldiak: errefuxiatu eremuetan, herrialde azpigaratuetan... Antzezleak sasoiko, entzuleak hondoa jota. Eta alderantziz denean? Alegia, porru eginda egon arren, antzezleak jendaurrera irten behar duenean, zer gertatzen da orduan?
Mito hori ere bada, alegia, pailazook traiektoria tristeko pertsonak garela, deprimituak, eta horregatik ari garela besteak alaitzeko ahaleginetan. Ez dut uste horrela denik. Lanean ari zarenean, distantzia hartu eta lan egiten duzu. Baina minez zaudenean, barruan jota zaudenean, ez da erraz distantzia hartzen, eta pailazoa ez da ageriko: baliabideak erabiliko ditu, eskarmentua... baina ez da gauza bera izango. Behin edo behin lan egin behar izan dut hileta baten aurretik, edo ondoren. Eta egoera ez da erraza. Edo Madrilgo atentatuen sasoian, adibidez, zenbait emanaldi egitekoak ginen, baina bertara hots egin eta emanaldiak bertan behera utziko genituela esan nien; ostiralean eta larunbatean, behintzat. Igandean ere ez egiteko prest ginen gu, baina antolatzaileek, berriz, igandean egiteko eskatu ziguten, hauteskunde eguna zela, ez zituztela bertan behera utzi, eta guk ere antzezpena egiteko... Dena dela, jendea doluz dagoenean, utzi doluz egoten, ez du balio esatea: "Alaitu hadi, motel!". Ez. Haserre nagoenean, utzi haserre egoten. Pasatzen zaidanean, konponduko gara. Ereiteko garaia eta uzta biltzekoa, biak behar dira. Umore kontuan, berdin. Ezin dugu beti barrez lehertzen egon. Dolu garaiak errespetatu egin behar dira.

Virginia Imazek, izen hori ez ezik, beste bat ere badarama: Oihulari Klown taldearena...
Zaharrena naiz, sortzailea, zuzendari artistikoa...

Taldeko alma mater zaituzte...
Bai, ez da gezurra. Nirekin batera, Karmelo, nire senarra, ia sortze beretik ari da taldean. Nik ezagutzen dudan klown pailazorik onena da, ni bezain pentsalaria ez, baina klown bikaina. Eskola porrotaren ondorio da eta, hala ere, umorea lantzen hasi eta aparta da. Ni alma mater banaiz, bera alma pater da Oihularin. Talde profesionala gara 96tik. Seriotasunez ari gara lanean, garrantzia emanez. Klown da gure espezialitatea, ahozko narrazioarekin batera. Badira zenbait talde, batean klown ikuskizuna egin dutenak, gero komedia, hurrena bestelako antzezpen mota bat... guk, egoskor, sudurrari eutsi diogu hasi ginenetik. Gauza berriak ikasi ditugu, baina beti sudurrari egokitu nahi izan dizkiogu. Jakina da ez duguna gure ikerketa bidea amaitu, eta ez dakit behin ere amaituko dugun, mugarik ez du eta: bizitza bera bezala da. Konturatzen gara gero eta hobeak garela klown lanean, ardoa bezala ari gara ontzen. Gure klown era zirkoari baino areago dago bizitzari lotuta. Gizarte laguntzaileak dauden bezala, gizarte pailazoak gara gu. Ikusleak askotan ez daki ikuskizuna egingo dugula, eta, izan, helburua ere ez da beti hori, solaskidetza lana egitea baizik, gizarte lana.

Sudurra aipatu duzu. Pailazoaren sudurra, noski. Zuk beti duzu, jakina, sudurrean...
Etengailua bezala da niretzat. Edo ipuinetako heroia bezala. Sudurra jantzi eta energiaz betetzen zara. Gaur egun, hainbat pailazok ez du pailazoaren sudurra erabiltzen, nahiz eta komiko peto-petoak izan. Beste batzuek, berriz, komiko izan gabe ere, sudurra janzten dute, dela inauterietan edo semaforoetan, autoetako kristala garbitzen. Ertamerika eta Hego Amerikan makina bat horrelako ikusten da. Ez dira pailazo, ez dira klown, baina sudurra jantzi eta bestela egingo ez lituzketen zenbait gauza egiteko askatasuna dute. Zer egiten du jendeak inauterietan? Maskara jantzi, ezagutuko ez dutelakoan, nahi duena egiteko. Antzeko egiten dugu guk ere: baina urtean behin ez ezik, inauterietan ez ezik, urte osoan zehar egiten dugu. Nik nahiago dut pailazo sudurra jantzi. Gustatu egiten zait aurpegian duen efektua. Baina onartzen dut zenbait kidek ez janztea, haurren munduari edo, bestela, zirkoari oso lotuta dagoelako. Sudurra janzten ez dutenek horixe nahi dute, komiko direla aldarrikatu bai, baina pailazo ez direla ere bai. Leo Bassi, adibidez, pailazo da, bufoia, giro honetan ari da lanean, baina sudurrik gabe.

Nortasun agiria
Donostia (1962). Irakasle ikasketak egina. Hamabi urtez jardun zuen irakasle Euskal Herrian barrena. Azken helmuga, Bergaran, eta bertan bizi da geroztik. Hezkuntza giroko jardunaldi eta biltzarretan emanaldiak egiten hasi zen orain hogei urte. Harrezkero, publizitate kontrako modelo izan da hainbat urtean, beste rol asko interpretatu duen arren. Eta beti, grazia ez baina komikotasuna lantzen. 1997tik 2000. urte bitarte Cirque du Soleilen jardun zuen lanean eta, semea ere, Cirque hartako ume dute.

Umorearen indarrez
"Ni ez naiz iraultzailea, ikara ematen didate manifestazioek. Ekintzak beldurtzen nau. Nire senarra bai, kateatu izan da han edo hemen eta hebain-hebain egin arte jipoitu du poliziak. Giza portaera bortitzek aztoratu egiten naute erabat: orroek, borrokek, ostikoek... beldurtu egiten naute, beharbada neure barruko bortizkeria dardarazten dutelako. Nik hitzaren balioan sinesten dut, umorean, mundua aldatzeko, Heidi izan gabe ere. Hitzek, armek mugitu ez dituzten gauzak mugitu izan dituzte. Klown umoreak irauli egiten du egoera, baina inor akabatu gabe. Are gehiago, gure kode deontologikoan ageri da: 'Salbatu ezin dugun inoren lepotik ez barre egin'".

Umorea, haurren kontua
"Sistema oso azkarra izan da. Umorea haurren kontua balitz bezala jokatzen du. Aldiz, umorea da gizarte kritikak duen elementurik baliotsuenetakoa: txotxongiloa, ipuinak eta pailazoak dira jendearengana errazen iristeko moduak. Eta, 'harrigarria!', hirurak ere haurretara baztertuta daude. Hiru arlo artistikoak ere, kritikarako hain baliagarriak, baztertuta, helduen mundua primeran erakusten duten arren. Indar handiko kritika bideak dira".

Perfekziorik ez
"20 urtean horixe ikasi dut: neure burua gehiago maitatzen, porrotik ez dagoela onartzen. Borondate onean, gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzen zarenean, nahiz eta norberak nahi ez bezalakoa izan emaitza, ongi dago, ez da gutxi. Okerrenean, aztertu, hobetzen saiatu, eta aurrera. Klown ikasbideak nor bere barrua aztertzen erakusten du eta, askotan, autoexijentzia maila aztertu behar dugula esan nahi du horrek, gauzak super perfektu egin behar hori ikaragarria da eta".

Bertsoa

Doinua: Zer da gaur Donostian

Hitzetik sortutako
barrearen alde
esan ona dela ta
gainera debalde.
Baina egiten bada
"Zertarako?" galde,
geratu behar duzu
erantzunik gabe,
barrerik ez egiten
ikasita gaude.


Azkenak
Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


2024-11-28 | Leire Ibar
Tolosan Ertzaintzak pilotakadaz zauritu zuen gaztearen kasua artxibatu dute, biktimak deklaratu aurretik

Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.


2024-11-28 | Julene Flamarique
Bi presa kendu dituztenetik, izokina Bidasoatik Baztanera heltzen hasi da

Hobekuntza horiekin izokinak eta beste espezie migratzaile batzuek erruteko eremu optimoak lortzea eta bizirik irauteko aukerak handitzea espero da. Europako funtsekin finantzatutako jarduera da, Life Kanturibai proiektuaren baitakoa.


2024-11-28 | Leire Ibar
Jasotako isun bakoitzeko helegiteak aurkeztu dizkio Ernaik Eusko Jaurlaritzari, guztira 133

Epaiketa prozesua abiatu du ostegun honetan gazte antolakundeak. 2023an egindako bi ekimenen ondorioz 290.500 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Eusko Jaurlaritzak. Ekonomikoki "ito eta desagerrarazteko" mekanismoa dela salatu du Ernaik.


94 urteko emakume bat hil dute Gasteizko IMQ Igurko zahar-etxean, eta gizon bat atxilotu

Adinekoen egoitzako egoiliarra da asteazken gauean hildako emakumea. Larriki kolpaturikoa ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen emakumea. Bertako egoiliarra den 68 urteko gizon bat atxilotu dute, indarkeria matxista leporaturik.


2024-11-28 | Leire Ibar
Nabarmen igo da antsiolitikoen eta depresioaren aurkako botiken kontsumoa gazteen artean

Hego Euskal Herriko gazteen osasun mentalaren egoera “kezkagarria” da, Gurea Geroa atari digitalak egindako txosten batek agerian utzi duenez. Inkestaren arabera, gazteen erdiek ondoez emozionala pairatzen dute, eta hamarretik seik pentsamendu suizidak izan dituzte... [+]


“Petronorrek eraldaketa hitza darabil, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten”

Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]


2024-11-28 | Julene Flamarique
‘Feminizketak’ seriea eta ‘Ikusgela’ proiektua: aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza sarien irabazleak

Asteazkenean banatu dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoainen. Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak jaso du, eta Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestarani eman dio... [+]


Munstro aplikazioak izaki beldurgarriak batzera eramango gaitu puzzle joko frenetikoan

Threes! edo 2048 klasikoen bertsioa prestatu dute Julen Irazokik eta Ibai Aizpuruak, Mikel Dale musikagilearekin batera. Android-en doan deskarga dezakegu euskarazko bideojokoa.


Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre militanteak atxilotu dituzte Baionan goizaldean, eta eguerdian askatu

Urtarrilean salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta horrekin lotuta egon daitezke atxiloketak. Goizeko seiak aldera atxilotu dituzte, "atea kasik hautsiz eta esku-burdinak segidan ezarriz", Ostia sareak... [+]


2024-11-28 | Jon Torner Zabala
Gehiago Gara jaia egingo dute Antzuolan, hil diren haurrak “bizipozetik” gogoratzeko

Hil Argi elkarteak antolatuta, Bizipoza egitasmoaren laguntzarekin, Gehiago Gara jaia egingo dute abenduaren 15ean Antzuolan. Haurrak galdu dituzten familiak, lagunak, eskolako kideak eta, oro har, hil diren umeak "bizipozetik" gogoratu nahi dituzten herritar guztiak... [+]


Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


Eguneraketa berriak daude