argia.eus
INPRIMATU
Hiru Truku: "Ez duzu lurralde askotan topatuko hemen dugun entzuleen maila"
Jon Gurrutxaga 2021eko uztailaren 28a
Taldeak berehalakoan identifikagarria den estiloa lortu du. Horrez gain, ikerketan eta kultura zabaltzen lan aparta egin dute. Hona hemen trukurik gabeko galderoi Ordorika, Tapia eta Martínezek emandako erantzunak.

Euskadi Gazteako Top Gaztea zerrendan izan da asteotan Alejotxo kanta. Hiru Trukuk egiten duen musika, ordea, ez dator bat irrati kate publikoak eskaintzen duenarekin. Zein da kanta honen sekretua?
Jakin dugu, bai, Alejotxo asko eskatzen dela. Alde batera horrek baieztatzen du guk kantaldietan ikusten duguna: era guztietako entzuleak etortzen direla eta interesatzen direla gure emanaldiekin. Bestaldera, musikari guztiok izaten gara kritikoak komunikabideekin, oro har. Euskal musika nola tratatzen den eta, kasu honetan bereziki, kantu zaharraren tokia zein den ez dago batere argi. Joera handia dago komunikabideetan halako musikak bazterrean uzteko gaur egungoak ez direlakoan, behar bezain homologagarriak-edo ez direlakoan. Gure artean, esaterako, maiz eztabaidatzen dugu irrati eta prentsaren aurrean hartu beharreko jokabideaz… eta ez da gure esku Alejotxo zerrendetan sartuko den ala ez… Behin sartuz gero jendeari gustatzea ez da harrigarria. Gure esperientzia beretik esan dezakegu kantu hauek badutela gauza berezirik eta ederrik eta gu horixe ematen saiatzen gara.

Tradizioa dakarzue musikaren bidez eta tradizioa gazteok jasotzea ezinbestekoa da iraun dezan. Gazteok jarraitzen al dugu Hiru Trukuren musika?
Ez zaigu iduritzen gazteek multzo homogeneoa osatzen dutenik. Beste alor eta adinetan bezala musikaren alor honetan ere badaude era askotako gazteak: musika batere maite ez dutenak, heavya maite dutenak, Bisbal maite dutenak eta baita Hiru Truku maite dutenak ere. Musika jakin baten estimazioaren gorabeherak guk gehiago lotzen ditugu prestigioaren inguruko burutazioekin. Jende askorentzat kantu zaharra zerbait pintoreskoa da: ondo egongo da baina txokoan gordetzeko, igande goizetarako eta gastronomia azoketarako. Maila zabalagoan euskal musikarekin gertatzen da gauza bera. Eta ez da esan beharrik gazteak direla merkatuaren presioa zuzenen jasotzen dutenak eta gazteei zuzendutako irratiak eta abar. Gehien-gehienetan, salbuespenak salbuespen, zuzen-zuzen sartzen dira kontsumoaren aldeko katean.
Dena den, honetaz guk asko ikasi dugu Hiru Trukurekin. Euskal Herrian zaletasun handia dago herri musika zaharrarekin eta ez da adin batera mugatzen. Ez duzu lurralde askotan topatuko hemen dugun entzuleen maila.

Ohitura izan da bertso eta olerki zaharrak folk formatuan eskaintzea. Tradizioa jasotzeko estilorik egokiena berau dela uste al duzue?
Geure modura ematen ditugu kantuok. Ez dugu uste tradizioa hor nonbait geldirik dagoen ezer denik baizik eta etengabeko aldaketan heltzen zaiguna. Hiru Trukuk bere gustuz ematen ditu pieza hauek eta parte hartze horretan gozatzen du. Nork bere bidea. Dena da zilegi eta hemen denetarik egin da musika tradizionalean oinarrituta, baina guk era batera nahi dugu.
Zuk diozu ohitura izan dela folk formatuan ematearena, baina guk uste dugu aski gauza modernoa dela musika tresna akustikoekin-eta aritzea. Gurean abesbatzak eta konpositore klasikoak aspaldian hasi ziren halako eginkizunetan, halako erromantizismo musikalaren ondorioz (Guridi, Aita Donostia…) Kantu zaharrak eta doinu tradizionalak gaurko moldeekin ematea nahiko gauza berria izan da eta doinu tradizionaletan oinarrituriko lanak alor guzietan entzuten ahal dira: jazzean, garaikidean, rockean… Zenbat aldiz ez ote den sanpleatu Maurizia eta Leonen alboka eta ahotsa rock taldeen grabaketetan! Hori bai, sarritan maila sinboliko hutsean gelditzeko.

Zein pauso ematen dituzue olerki bati musika jartzerakoan?
Lehenengo, gustuko olerkia topatu edo sortu behar da, noski. Hiru Trukuren kasuan, kantutegi bat, altxor bat deskubritu genuen hemen eta han eta horren inguruan hasi ginen lanean. Intuizioak eta norberak duen esperientziak lagundu digu guztia atontzen: doinuak hautatu, pasarte musikalak asmatu... Zaila da teorizatzea doinuei buruz, hamaika ideologia dagoelako gai honen inguruan. Zer esanik ez moldaketei buruz, musika janzkera, instrumentazioa... Guk xumetasunean aurkitu dugu modu egokia kantu hauen mundua hobekien adierazteko. Sofistikazio harmonikoetatik eta birtuosismotik ihes egiten saiatu gara kantua ahal den gordinen gera dadin. Garai batean instrumentaziorik gabe edo instrumentazio oso xumeak lagunduko zituen seguruen. Gure hautua ideia horri jarraitzea izango litzateke beraz.

Zein izan ohi da publikoaren erreakzioa Euskal Herritik kanpo aritzen zaretenean? Disko berriarekin atzerrira joateko asmorik?
Batez ere diskoa argitaratzea izan da gure lehen asmoa eta ondoren Euskal Herriari ezagutzera ematea. Zentzu gehien hemen dutelako kantu hauek eta ederrak dira kantatzeko gainera. Guk gozatu egiten dugu emanaldietan eta feed backa nabaria da entzulearekin. Kanpoan noizbehinka eman ditugu kontzertuak eta ondo asko hartu gaituzte. Hala ere, folk jaialdi handi horiek interes komertzialagoak dituzte eta jende asko biltzeko izarrak behar izaten dituzte. Estilo aldetik exotikotasuna eta birtuosismoa nahi izaten dute, espektakulo deigarriak dituzte maite. Jendea aho zabalik uztea da musikarien eginkizuna.
Hala ere, parekotasun handiak daude Hiru Trukuren kantutegian Europako beste herrialdeetako kantu zaharrekin, bai gaietan eta baita kantatzeko moduan ere, garai bateko bizimodua, pentsamendua, kezkak agertzen dira kantu hauetan eta jende askorengan pizten du interesa mundu hark. Gugan ere nabaria da zaletasun hori. Gustatzen zaigu aurrekoen kezkak eta pozak gureganatzea, berritzea. Azken batean gaur egunekoetatik ez dira horrenbeste aldentzen. Eta ikuspegi berriak eskaintzen dizkigute gainera gure gaurko mundurako.

Euskal folka Euskal Herritik kanpo bertan baino baloratuagoa dagoela entzun nion behin musikari bati.
Askotan gertatzen da, bai, kanpotik datorrena nahiago izaten dugula hobea den ustetan eta bertakoak ez digu atentziorik eman ere egiten. Hala ere, Hiru Trukuren kasuan ezin esan dezakegu horrelakorik. Euskal Herrian sentitu izan dugu berotasun gehien. Gure emankizunetara jende asko dator eta gurekin batera gozatzen duela ematen du gainera. Gu eginahal guztian aritzen gara, ditugunak emanda, falta txikienik ere ez egiteko. Kantu hauek guztionak dira eta aldaera on bat osatzea izaten da gure erronka, aldiro kantuei mami guztia atera nahian. Ez dugu beti lortzen baina gehienetan konforme xamar gelditu ohi gara. Katalunian maite gaituzte baina Espainian gure lagunei gero eta gehiago kostatzen zaie gure kontzertu bat antolatzea. Ezagutzen ez bagaituzte ere gorroto gaituen jende asko dago hemengoak garelako eta "vasco" izena dugulako. Bestela, atzerrian ez dugu horrelako arazorik.

Antzinako kantak berreskuratzea al da Hiru Trukuren baldintzetako bat ala zuen hitzez osatutako lanik argitaratzeko aukerarik ikusten al duzue?
Bai aurreko bi diskoetan, bai oraingo Nafarroako Kantu Zaharrak honetan ere, Hiru Trukukook beti elkartu gara errepertorio zehatz baten inguruan. Kantu hauekiko zaletasunak batu gaitu, eta kantu hauek eman digute bidea eta aukera diskoak eta kontzertuak osatzeko, kantu hauekiko gure zaletasunari irteera emanez. Hiru Trukutik aparte, hirurok sarri egon gara azken urteetan harremanetan, gure beste proiektuetan elkarrekin kolaboratzen.
Etorkizunean zer egingo dugun? Auskalo! Baina Hiru Truku bezala nahiko seguru esan dezakegu zerbait gehiago egitekotan beti izango dela modu horretan, kanta jakin batzuen inguruan.

Kanta ezezagunak bildu dituzue disko berrian, beste hainbat, ahoz aho mantendu dira (Oi Peio Peio, Haika mutil...) A capella edonon kantatzeko joera hori galdu dela uste duzue?
Tabernetan eta kalean kantatzeko ohitura galtzen joan da azken urteetan, Hegoaldean ia erabat, Iparraldean ez hainbeste. Iparraldeko barnealdean oraindik mantentzen da leku askotan kantatzeko ohitura, tabernetan-eta. Gure teoria batek dioenez, hau honela da Hegoaldeko tabernek musika oso bolumen altuan jartzen dutelako eta Iparraldeko ostatuetan askotan ez da egoten musikarik ere. Ez genuke nahi, baina modernitateak » gure uste apalean askotan gaizki ulertua denak» horrelako galeretara eramaten gaitu. Kantu zaharrak bere garaian ez ziren ikuskizunen osagarri, baizik eta jende guztiaren espresiobide, elkarrekin ematekoa. Hori gaur galdu da eta kantu zaharra beste modu batean ulertzen du gizarteak, pasatako garai batzuen oihartzuna bezala eta ikuskizun baten barruan.

Kopla edo bertso eran abestuak daude kantak. Bestelako modulazio zein tempoekin kantatzeko grinik ez duzue izan?
Kantu hauek normalean beti izan dira a capella kantatuak, beraz, musika laguntzarik gabe, eta erritmikoki oso modu librean. Baina kanta hauek instrumentuekin ematen direnean beti egiten da nolabaiteko kantuen "zibilizazioa", onerako eta txarrerako. Lehen modu librean ematen zena orain harmonia eta erritmo baten barruan sartzen bada, nolabaiteko "estandarizazioa" edo "normalizazioa" ematen zaio kantuari. Hiru Trukukook instrumentu akustiko gutxirekin janzten ditugu gure kantak, honela maite dugulako, eta gure mentalitate modernoarentzat kantak honela ematea "puruago" ematen du, baina, egia esanda, aldaketarik funtsezkoena kanta hauek harmonizatzean eta erritmoan sartzean ematen da, ez hainbeste gitarra akustiko edo elektriko batekin erabiltzeagatik.