argia.eus
INPRIMATU
Gozakidetza
Koldo Izagirre 2021eko uztailaren 16a

Ez dago arranparik, baina badaukazu kadira elektriko bat. Ez dut martxan ikusi hilabeteon. Alabaina, atso-agure mordoa eskaileretan izuturik, makilak eta makuluak ahal nolaka tinkatuz mailaz maila, jendearen emanak ez ote dituen lur jo araziko. Bisitari asko ibiltzen baita sartu-irten ospitaletan, zer esanik ez probintziako nagusian. Edo kadira elektrikoa edo eskailerak, ez dago besterik. Heldu-lekuren bat balego bederenik. Ez ditugu epelkeriak maite, goi teknologia ala makulua.

- Hik ere hemengo aldi? Nik gaua artekoa zaukaat, aita.

Nire bisitatuaren leihoak bertara ematen duenez, kalkulu arin bat egin dut egunotan: oker handirik gabe esaten ahal dut 3.000 (hiru mila) euro uzten dugula bisitariok egunero bataz beste parkingean. Milioia eta zerbait urtean. Bidezkoagoa litzateke hainbesteko bat kobratzea kontsultako. Hori ere helduko da, baina ez dituzte haatik parkingak dohainik jarriko.

- Bostgarrenera noak, hurrengora arte!

Gutik egin du gamelu baten hankapera bota ez banaute. Lehiaketa, antza denez, solairu desberdinen artean: izarrak, artzainak, paperezko gorosti adarrak, naximentuak... okaztagarrizko Eguberriak hemen ere. Erituak alaitzeko izan behar du. Laugarreneko hauek irabazi dute eskulangintza mailakoa. Menturaz ohekoek berek egin dituzte panpinok, terapia berriren bat. Nahiago dut ez jakin. Nork bultza nauen eta... Baina zer egiten du hemen ohe honekin? Mekanikoak kamainari!

- Bota egin gintiztean fabrikatik, gizona. Ibili nauk batean eta bestean, baina hutsa. Azkenean aldi baterako lan-enpresa horietan eman behar izan nian izena, bestela jai daukak.

- Baina hau erakunde publikoa duk ordea!

- Eta? Ordezkapenak behar dituztenean ez ditek INEMera jotzen, administrazioa bera ere negrero horiengana joaten duk. Dena usteldua zagok.
Mandrinatzailea da, esku oneko ofiziala. Gizon hau bota badute, enpresek ez dute langilerik behar.

- Hemengo lana... Ohe honek ez zaukak deusik, baina erizainek deitu egin ditek, kentzeko hemendik. Gurpiletako bat zoro samar zabilek, koroa estutzea nahikoa zian baina... Berria igo behar izan diagu, eta hau almazenera.

Aulki elektrikoak ala eskailerak, hemen ez dagoela besterik.

- Lehengoan hasi nauk leiho bat konpontzen agindu zidaten lana amaituta... Kargu hartu zidatean lankideek berek, ea zer ari nintzen. Esplotazioaren alde ote nengoen. Hemen mundu guztia duk sindikalista, ikaragarria duk.

Onartuko ahal didate aholkuño bat osasuneko "lanarigoa" kontratatu behar dutenek. Jaitsi daitezela metalgintzara eta eraikuntzara, egin dezatela galde "Tornerorik zehatzena nor da hemen?", eta huraxe jarri kardiologiako buru, "Enkofratzaile azkarrena nor duzue hemen?", eta huraxe traumatologiako arduradun, jar ditzatela iturginak zainketa intentsiboetan, ontzigintzakoak biriketako sendalari eta bideginak neurozirujau.

- Lehendik lana kanpoan egin duenak ezin dik agoantatu, oso gogorra duk hau. Atzo despeditu egin zuan igeltsero bat, hilabete t'erdi zeramaan egunean lau axuleiu paratzen.

Bai, gure osasunaren arduradun teknikook, halako beharginak dauzkagu hemen, kanpoan, industrian: nahiago dute soldatarik gabe, lanik gabe baino.

- Hemen ez diat beste hitzik entzuten...

Produkzio kateara eramango omen lituzke, izerditzea zer den ikastera.

Utziko baliote, zimenduzko arranpa eder gozo bat eginen luke mekaniko honek sarreran, lau ordutan eta giltza ingeles batekin.

- "Estresa" entzuten dudan aldiro barrabilak eten artean egiten diat barre!

Horixe izan da bere agurra.

Debekatu egin diote, lepoa, aulki elektrikoa konpontzea. Parkinga bezala, ustiatzaile pribaturen batena izanen da.

Metalgintzan ohitutako langile honek lau ordutan gaztetuko lituzke sarrerako eskaileran ikara batean ibili behar duten atso-agureen belaunak. Lau ordutan eta giltza ingeles batekin.