argia.eus
INPRIMATU
Edurne Elizondo: «Herriak eta etxeak galdu dituzten pertsonak dira protagonista»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 28a
Zein dira lanaren nondik norakoak?
Itoizko urtegiaren kontra ia hogei urtez aritu diren herritarren eta taldeen berri ematen du liburuak. Txalaparta argitaletxeak berak egindako enkargua da. Artozkin hamabost egunez sortu zen erresistentzia mugimenduan erabat murgildu zen argitaletxea eta handik sortu zitzaion han gertatutakoaren berri emateko grina.

Zer aurki daiteke 'Itoitz. Porlanezko gezurra'n?
Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideak Artozkiko etxeak defendatzen egon ziren bi astez, azkenean hondeamakinek herria bota zuten arte, Itoitzen egin zuten bezala. Solidarioek pisu nabarmena dute liburuan, baina, oro har, hogei urteko ibilbideari egiten dio so. Gogora ekartzen ditu proiektuaren hastapenak, jada Francoren garaian mahai gainean baitzegoen inguruan urtegi bat egiteko asmoa. Epaitegietan egindako bidea eta Itoizko Koordinakundeak betetako rola aztertzen ditu, halaber, eta hogei urteok eman dituzten gainontzekoak ere: Agoizko herritarren beldurra…

Ikerketaren arlorik azpimarragarriena?
Lan honetan, batez ere, pertsonak dira protagonista. Herriak eta etxeak galdu dituzten pertsonak, eta hogei urtez horma handi baten itzalpean bizi izan diren pertsonak. Urtegiak erabat baldintzatu du haien bizitza. Urtegia beharra balitz saldu digute nafarroi eta hori da Itoitzen atzean dagoen gezur nagusia. Gezur horren izenean herriak galdu ditugu. Nafarroako Gobernuak eta urtegia bultzatu dutenek noizbait horren erantzukizuna beren gain hartuko ote dute?