Aurrekoaren hariari kiribilduta, askatu ezinik gaurkoa. Landareak bere horretan mugitzen direnari, alegia. Mugimendu batzuk latinetik datorren "circadiano" hitzarekin ezagutzen dira, "gutxi gora-behera eguna" adierazten du eta eguneroko edo sasoieroko zikloari lotutakoak dira: landareek, aurrez, jokaera biologiko batzuk lotuta dituzte eta ingurumeneko baldintzen sustapenaren arabera aldaketak garatuko ditu. Ingurumeneko eragile nagusiak argia eta tenperatura dira. Hauen aldaketak medio, landareak hostoak mugitu egingo ditu, loraldia abiarazi, loreak ireki edo itxi, haziak erne edo ez... Ekiloreak (Helianthus annuus) egunsentiko argimugatik arratseko ilunbistara arte eguzkiari jarraitzen dio. Gau-loreak (Mirabilis jalapa) uda gorrian, argi itsutik ihesi, ilunpe gozoan irekitzen ditu lore lurrintsuak eta eguna argitu orduko itxi; zenbait tokitan "putitas" deitzen diote...
Nastia da beste higitze baten izena. Landare intsektujaleek, adibidez, hostoaren gainean edo lorearen barruan haietakoren bat sentitu orduko iheserako bidea galaraziko dion mugimendua burutuko du ondoren lasai-lasai jateko. Eraso batetik babesteko landareak gauzatzen duen erantzuna ere izan daiteke, mimosa barietate batena da adibide ezagunena: mainontzi eta lotsatia da, Mimosa pudica, eta hostoa ukitu eta di-da bere gainean biltzen du; berde eskasagoa azalduz hostoak jatera inguratu den animaliari ziria sartu eta limurtzeko, apika.
Mimosa aitatu eta oraingoxeko neguaren bihotza datorkit gogora. Urte berriko jaietako katolikoen erregeen pastelaren azahar usain artean loratu da aurten ere, dagoenerako, bestetxeko edo etxekoneko mimosa. Urrutira gabe ere Sanjose lore laruak harro zabalduta. Honi udaberri-lore goiztiarra ere deitzen zaio, negu-neguan izanagatik udaberria iritsia baita. Eguna luzatzen ari da eta geuk baino lehenago igarri diote landareek. Hori bai mugimendua!