Julian Retegi: «Pilota artea zen lehen, gero kirola, eta orain negozioa»


2021eko uztailaren 16an
Eratsunen frontoia eskolaren ondoan zegoen. Frontoian ikasi beharreko guztia ikasi zenuen, eskolan zenbat ikasi zenuen?
Guk ikasterakoan problema handia genuen hemen, berandu arte ez baikenekien erdaraz hitzik ere. Erabat euskaraz egiten genuen; euskaraz pentsatu, euskaraz hitz egin, eta erdaraz ikasi. Beharbada ez ginen gainera oso argiak ikasketetarako. Herri txikietan ikasketak ahaztu eta erabat jolasten ibiltzen ginen. Horretaz, nahiz ikasketetan gaizki ibili, gazte denbora ongi pasatuta gaude.

Ongi pasatuta bai, baina beharra ezagututa. Zer da beharra?
Uste dut gure aurrekoek gehiago ezagutuko zutela beharra guk baino, baina guk ere norbere bizia aurrera ateratzeko gai izatea zer den ikasi genuen. Orduan ez zen oraingo aukerarik, bederatzi anai-arreba ginen etxean, aitak harrobian egiten zuen lana, eta usaia zen gazterik lanean hastekoa. Nire arrebak ere hamabi-hamahiru urterekin hasi ziren neskametzan, eta ni harrobian hasi nintzen hamalau urte eta erdirekin. Gero Leitzako paper fabrikan segitu nuen. Baina soldata etxean entregatzen zen. Hemezortzi urterekin, soldata hura gorde nahirik Alpeetara joan nintzen baso lanera.

Sufritzen jakitea ere lantzen den dohain bat da?
Bai, hori landu egin behar du. Nik, hain gazte lanean hasirik, eta batez ere Frantziara zortzi hilabeterako baso lanera joanik, etxetik kanpo ibiltzen eta gorputza zailtzen ikasi nuen. Gero beti entzun izan dut pilota oso gogorra dela, baina gezurra da. Kirola ez da gogorra, kirola kapritxo bat bezalakoxea da. Dohain bat eman, horrekin jaio, eta aprobetxatzen jakin. Zorte hau izan jaiotzatik eta ezin da bazterrera utzi.

Pilotarako jaioa zinela diozu, baina gazte garaian ez omen zenuen orain bezain garbi ikusten...
Hala da. Nik ez nuen asmorik pilotaren munduan segitzeko, batez ere arras txikia nintzelako. Baina Alpeetatik etorri nintzenean osaba buruz burukoa jokatzeko prestatzen ari zen. Entrenamendu batzuk egin nituen harekin eta berak garbi esaten zidan pilotan asko jokatzen nuela. Beste profesionalekin ere ibiltzen zela, eta nik haiek baino lan gehiago ematen niola. Hala pixkanaka-pixkanaka osabak eta Martin Ezkurrak animatu ninduten pilotan probatu nendin.

Eskerrak osabak animatu zintuen, debutatu eta urte gutxira batean utzi baitzenuen gizajoa; 22 eta 1 ilobak osaba txapeldunari. Eta zuk tanto bakar hura ere erreklamatu. Errukigabea izan behar du pilotariak?
Bai, errukirik gabe jokatu behar da. Nik hemezortzi hemeretzi tanto bitarte sekula ez nuen deus ere uzten. Ezta hemezortzi eta huts joanda ere. Behin hemezortzi eta huts irabazten joanez gero, orduan aurkakoari begiratu eta "bueno, hau joan duk, eta utziko diat ba batzuk egiten...". Erregalatu baino gehiago utzi berak egin dezan. Ez naiz behin ere izan galtzailea, baina bai besteari hiru, lau, bost tanto egiten utzi eta gero etxera joan zalea. Gainera aldageletara sartu eta batek baino gehiagok hori estimatu ere bai: "Eskerrik asko Julian."

Nola prestatzen da txapeldun bat?
Prestakuntza aldetik orain gimnasioa aipatzen da asko. Ni ez nago gimnasioaren kontra, baina pilota artea da, eta artea den aldetik, oso tentuz ibili behar da zer prestakuntza egiten den. Gaur egun hartzen zaitu mediku batek, prestatzaile fisiko batek, eta fenomenoak izango dira, baina hor aritzen dira pikoa gora eta pikoa behera. Ez dut ulertzen. Nik gailurra igual jotzen nuen finala jokatu eta ondorean. Beraz, prestakuntza kontu hori ez da batzuk esaten duten bezala. Ni mendian ibiltzen nintzen asko, errepidean lasterka ere bai. Zahartzera hasi nintzen gimnasioan sartzen, beraz, lehenago, pisuak altxa beharrean, gorputzaren kargarekin pektoralak eta egiten nituen. Luzaketa eta masaje asko ere bai. Hori izaten zen nire prestakuntza. Berez, kirolari gorputza baldin baduzu, nahikoa da hori.

Txapeldun izateko prestatu, eta hala ere, ez omen zitzaizun gustatzen txapeldun mundutxo hori. Zer dela eta?
Ez delako gustagarria. Txapela janztea eta txapelduna izatea izan litekeen gauzarik onena da, baina txapeldunaren inguruan sortzen den mundutxo hori ez zait inoiz gustatu izan. Ez nintzen lehen ere oso zalea, eta gero ere erreparo asko izan diot. Konturatzen ez bazara pixka bat galdua gelditzen zara gainera. Nik osaba ikusten nuen, eta banekien osaba oso gizon fina zela. Baina txapel hori burura igo ere egiten da, eta batez ere jende klase handi hori bizkarrean joka hasten zaizunean. Dena gonbidapena izaten da orduan. Baina ni oso behatzailea izan naiz, eta ez behatzailea bakarrik, behatu eta gero meditatu zalea. Eta nik ikusten nion osabari berak borondate onez egiten zuela dena, baina bazegoela hor zinismo puntu bat. Lagun onak zituen eta haiekin ongi konpontzen zen. Baina momentu bat iritsi zitzaion, buruz buruko txapelketa bat, lagun handienek hanka egin ziotena, eta ez hanka bakarrik, aurkakoarekin jarri ziren. Atzerapen bat eskatu eta ez zioten eman, final bat ez zuen jokatu, eta hor ez da mundua bukatzen, baina mundu horretan ibili eta hori egiteko kapaz dena beste edozer gauza egiteko ere kapaz da. Hor mafia txiki bat sortzen da, eta mafia izateko ere kategoriarik ez duen jendearen artean gainera. Mafian ibili diren eta gaiztoak izan direnei buruz, behintzat, esaten duzu: "Bueno, bazuten kategoria", baina izaten dira hor nahi eta ezineko batzuk..
Horrez gainera bada beste usaia txar bat gizarte honetan. Behin goiko mailara iristen zarenean lerrokatu egin behar duzu, zeinekin zaude? Nik alderdi horretatik badut gauza on bat, badakit zer nahi dudan, badakit non ibili naizen eta badakit non nagoen. Baina erakutsi gabe. Bestela sobera sartzen zara, eta sartzeko ere jakin egin behar da. Kirolaria, berriz, askotan ezjakina izaten da.

Bada datu kurioso bat: onena zinen, baina ez zinen ezertan bereziki nabarmentzen.
Batzuk nabarmenduko ziren beren kolpeagatik, beste batzuk gantxoagatik, ni berriz ez naiz ezertan nabarmena izan. Denetik pixka bat hartua nuen. Kantxazain batek hala esan zidan behin: "Zu asmatzailea zara". "Eta zer esan nahi duzu horrekin?" nik. "Beti egiten dituzu jokaldi ezberdinak eta beti berdin jokatzen duzula dirudi", esan zidan berak. Nik ez nuen ezer ezberdinik egiten, dena asmatua zegoen ni iristerako, baina banuen usaia partidatik partidara jokoa aldatzeko.

Eta aldatzen hasita, zergatik ez zenuen inoiz bi paretarik jotzen?
Ez naiz bi pareta zalea. Bi pareta egin daiteke aurkakoa pauso kontran harrapatu eta tantoa egiteko, baina zu bi pareta asko egitekoa baldin bazara ez didazu niri han tantorik sartuko. Oraindik ere askotan eztabaidatzen dut horri buruz. Jendeak erraz esaten du: "Egoera horretan bi pareta jo eta tanto". Jakina, txokoan preso bazaude bi pareta jotzeko angelu osoa zabalik duzu, baina nik esaten dudana zera da: "Bi pareta jo beharrean zabalera dejada bota bazenu, kalkulatu segundo hamarrenak, eta seguru bi paretan doan pilota baino lehenago iritsiko dela zurea zabalera". Gaurko pilotariak galdu egin du pikardi hori. Berea bakarrik egiten du, aurkakoarenak ez ditu pentsatzen. Nik ere bi pareta egin izan nuen, Beristainen kontra gazte denboran inoiz, baina goiko puntan zabiltzanean tontakeria horiek ahaztu egiten dira.

Maiz kexatzen zinen bi bitako txapelketan atzelari eskasa jartzen zizutelako. Deskuiduan atzelari hobeak jarri izan balizkizute zenbat txapel izango ziren gaur zuen etxean?
Ezin daiteke esan. Baina ni bi bitako txapelketa jokatzeari utzita ere egon nintzen enpresarekin haserreturik. Betegarri jartzen ninduten. Aurkariek ere txapelketan gehiago jokatzen zuten, eta nire laguna gutxixeago izanda ezin genuen maila horretan errenditu. Bikote ona jarri izan balidate zenbat txapel aterako nituen? Ez dakit, baina nik dakidana da nik bi bitara atera nituen txapelak hogeita hamahiru urtetatik aurrera atera nituela, eta ni hogeita hamabi urte bitarte izan nintzen izan naizen pilotaririk onena. Horrek nahikoa esan nahi du.

Eta zenbat txapela izango zenituen buruz buruko txapela irabazteko gaur adina partida jokatu behar izan balitz?
Orain partida gehiago jokatu behar direla esan egiten da, baina gero eguna iristen denean eta galderak egiten zaizkionean pilotariari, "lehen partida hori arriskutsua baita" esaten dute. "Eta zeinen kontra jokatu behar duk ba?" Eskasenaren kontra. Eta hura arriskutsua? "Konforme, orduan nik jarriko haut esperoan sofan eserita, eta etor daitezela onenak elkarrekin jokatuta, eta onena hire kontra. Ea zer iruditzen zaian". Erantzungo dizute: "Behintzat txapeldunorde izango nauk!". Ah, oso ongi, orduan zertan gelditzen gara? Zaila dela edo erraza dela? Oraingo ligaxka hori gogorra da, aitortzen dut, eta sistema zaharrak bazituen abantailak, baina nik berriz ere nahiago nuke eskasenaren kontra jokatzen hasi eta gero finalera joan. Partida bakarra jokatuta irabaztea zailagoa da. Hori garbi dago, zuk ere behar duzulako erritmo bat, konfiantza, eta hori kantxan hartzen da, ez entrenamenduetan. Dena den pilotaria ona bada, aterako zen txapeldun lehen, aterako da orain, eta aterako da gero.
Zenbat txapela izango nituen bestela izan balitz? Ez dago esaterik, eta nahiko delikatua ere bada erantzun hori. Baina buruz buruko txapelketa utzi nuenean ere nik segitu nuen buruz buru entrenatzen. Patxi Eugirekin ibili nintzen, txapeldun atera zen, Arretxerekin ere ibili nintzen, eta baita beste pilotari batzuekin ere. Hala, nik badakit 93tik aurrera segitu izan banu beste bi edo hiru final jokatuko nituela. Txapeldun ateratze hori... ez da erraza, beste puntu bat da. Baina finalak jokatuko nituela bai, konparatu bainintzen arestian esan dizkizudan pilotari horiekin eta ez nuen problemarik izan.

Buruz buru pilotari on askoren kontra jokatu duzu, baina onenaren kontra sekula ez: Julian Retegiren kontra jokatu gabea zara. Nola jokatuko zeniokeen Juliani?
Aurrena luze-luze jokatu, eta gero bukatzen asmatu. Kontrarioek ongi esaten zuten hori: "Juliani egin behar zaiok zortzian eduki ahal den guztia, eta gero, bera han gelditzen denean, dejada bota". Baina horretarako besteak ere konturatu behar du ni noiz nagoen zortzian eta noiz hiruan. Eta nik hanka onak nituen, uste dut horrekin ere pixka bat ikaratzen nituela. Izan ere nire teoria hala zen: "Aurkakoa ez badiat dominatzen, behintzat kantxa dominatu behar diat". Kantxa dominatzen baduzu, aurkakoa konturatzen da ez daukala zulorik.

Hankak ere ez ordea betirako izan. Noiz hasi zinen pentsatzen azken txapeletan zeundela?
Sobera agudo hasi nintzen ni beldurtzen. Gaur berriz jaioko banintz, eta berriz bide bera egin, erantzun txarrak eman beharko nizkioke bat baino gehiagori. Jende gaiztoa ibiltzen da inguruan. Tira, jendea ez, sei nahikoak izaten dira milaka mugitzeko. Eta nik zortzi bederatzi urte baneramazkien txapeldun, baina ordurako hogeita hamabost urte banituen eta txispa hura galtzen ari zitzaidala sumatu nuen. Horrelakoetan laguntzaile baino kontrario gehiago azaltzen zaizkizu, eta psikologikoki ni minatzen saiatu ziren. Inguruan entzuten nuen: "Bederatzi irabazi dizkik baina... hemendik aurrera zer egingo dik ba? Beste bat edo beste irabazi asko jota?". Eta pentsatzen nuen nik: "Ostra, hainbeste urte bizkarrean eta beste bat edo beste irabaztea ez al duk nahikoa?". Horrela pixkanaka buelta ematen hasi nintzen, ohartu nintzen oraindik Galartzaren eta besteen mailan nengoela, eta indarra galduagatik aurrera segi nezakeela.

Kirol denetan aipatzen da dopinga. Pilotan oso gutxi hitz egin da horri buruz, ez dago batere?
Hasi ziren kontrolak egiten. Nik bi aldiz egin izan dut antidoping kontrola, behin bi bitakoan eta beste behin lau eta erdikoan. Baina hori dena iritsi da karrera berri bat sortu zelako: kirol medikuarena. Egia esan nik ez dakit zer gai den hori. Baina hortik aurrera hasi dira pilotan kontrolak. Gogor jarrita daude gainera, baina ez dut uste pilotan hainbesteraino iritsi garenik eta ez dut pentsatu nahi ere.

Eta aldageletako koñak tragoa?
Egia da, lehengo zaharrek usaia zuten trago bat edo jotzeko, eta ni ere oroitzen naiz carajillo bat hartu izana partida aurretik. Bestela Optalidonak hartzen zituzten eta nik ere berdin. Baina gero galdetu: "Eta honek zer egiten du?" "Hau izerdia ateratzeko ona duk", esaten zidaten. Baita zera ere! Hartu edo ez hartu berdin-berdin! Esaten zutenez, Optalidonak dopinga izan behar zuen, eta baita koñakak ere. Baina nik beti esaten dut: koñaka baztertu zutenetik hasi direla arriskuak. Bistan hartzen den gauzarekin arrisku gutxi baitago, ezkutuan egoten da arriskua.

Kontrol antidopingak, enpresak, frontoi itxiak herrietan, pilotariak telebistako izar... Zenbat buelta eman du pilotak zu mutil koxkorra zinenetik hona?
Pilotaren mundua asko aldatu da. Lehen artea zen, gero kirola bihurtu zen, eta orain negozioa da. Nik ezagutu nuenean artea zen pilota. Artea zenez gero, jendeari gustatu egiten zitzaion, bat zen onena, eta artista bezala ikusten zen. Gure garaian pilota kirol bezala ikusten hasi zen, eta orain, enpresekin, negozioa bihurtu da. Negozio borobila gainera. Artea zerbait galdu egin da, kirol bezala ere ez dut uste hain serio hartzen denik, eta negozio bezala borobil-borobila da. Ez enpresarentzat bakarrik gainera, denentzat.

Oraingo artista handienetako bat Olaizola II. da. Zuk zure osabaren garaitik hona pilotari denak ezagutu dituzu. Aimar Olaizola bezalako asko ikusi duzu?
Pilotari bezala oso estilo ezberdinekoa da, lehengoetatik beste era batera jokatzen du. Baina Aimar bezalako pilotariak... bai, izan dira. Beste pilotari bat sekula aipatzen ez dena, adibidez, Oreja III. da. Hil zen, ahaztu zen, eta inork ez du aipatzen baina oso fina zen. Bazituen detaile berezi batzuk. Eta Aimarrek ere hori du, detaile batzuk. Ikusten zaio baduela gaia eta prototipoa garai bat markatzeko. Hala ere, konparazioak egitea zaila den arren, bai, Aimar bezalakoak mordo bat izan dira.

Aspaldian Mikel Goñiri buruz ez da asko hitz egin, hori zer da seinale ona edo txarra?
Ona. Azkeneko urteetako kontuekin konparatuz oso ona da ez hitz egitea. Nik Goñi txikitatik ezagutzen dut eta oso pilotari ona heldu zen. Laguntza faltarik ez du izan, baina nik uste pasa zaiola olatua. Ez dut uste lehen eman zuen mailara itzuliko denik.

Zure seme Julen ere afizionatuetan ari da. Zer bide ikusten diozu aurrera?
Hor dabil, eta nahiko maila polita ematen ari da. Baina denbora eman behar zaio, ikusiko da debutatzeko dina egiten den. Retegi abizena edukitzea karga izan lezake. Denek aitarekin konparatuko dute, batzuk bihotz onez eta beste batzuk punta sartzeagatik, baina berak mentalizatuta egon behar du, bere emaitzak eman behar ditu eta bere bidea egin. Gainera esan izan diot lehen ere, egunen batean aitarekin konparatzen hasten baldin badira, ez dela seinale txarra izango.

Xabier Euskitzek elkarrizketa egin behar izaten dionerako ikasiko al du euskaraz?
Ez dakit, baina hogei urte egitera doa, eta hemendik aurrera ikasten ez badu behintzat ez da aitaren kulpa izango. Hala ere nahiko lotsagarria da bai niretzat. Baina aita etxetik kanpo, eta emaztea erdalduna den etxe askotan bezala, azkenean haurrak erdaldunak. Uste dut konturatzen denean ikasiko duela.

Zuregana itzuliz, Asegarcen kirol zuzendaria zara orain. Lastima litzateke pilotari bezala jainko izan, eta enpresen arteko ika-mikaren erdian zure izena zikintzea.
Nahiko mina egin didate bai, eta saiatzen dira egiten ere, baina zaila da Julian luzera harrapatzen. Maingu bi hanketatik egiten dut. Hala ere luzera gauzak azaltzen dira eta azalduko dira. Ni hor nagoen bitartean nahi badute eta ez badute pilota gora atera beharko dute, eta gainerako kontuak beren etxean konpontzea aski dute.

Bukatzeko, jende askok dio ezagutu duen pilotaririk handiena Julian Retegi izan dela. Zuk ezagutu duzun pilotaririk onena Julian Retegi izan da?
Hori ez dizut erantzungo. Beste erantzun bat emango dizut horren ordez. Pilotan jokatzea niretzat beti izan da oso erraza. Ez berez erraza delako, egin kontu, pilota da kirol bakarra zuk tantoa dominatua daukazunean aurkakoa ikusten ez duzuna. Baina nik berezkoa nekarkien, eta orduan, gustura jokatu, eta disfrutatu egin dut pilotan. Onak asko izan dira, eta onena ni izan naizen edo ez, ez dago esaterik.

Nortasun agiria
1954ko urriaren 10ean jaio zen Eratsunen. Frontoian klasean baino ordu gehiago pasa arren, herriko eskolan ikasi zuen hamalau urterekin harrobian lanean hasi zen arte. Leitzako paper fabrikan ibili eta gero Alpeetara joan zen zortzi hilabeterako baso lanera. Handik bueltan profesional debutatu zuen 1974an eta ordutik hogeita bi txapel jantzi ditu. Hamabi buruz buru -bat bigarren mailakoa-, sei bi bitara, eta lau Lau t'erdiko txapelketan. 1.407 partida jokatu ditu profesional, eta 843 irabazi. 2000. urtean jokatu zuen azken partida, eta orain Asegarceko kirol zuzendaria da. Bi mutikoren aita da, eta Iruñean bizi da.

Angelusa

«Eztabaida sortu zen, angelusa bai ala angelusa ez. Jo dezagun jende asko zegoela alde, orduan gainera zaharreria asko biltzen zen frontoira, eta alde horretatik ulertzekoa zen angelusa. Baina partida erdian angelusa errezatzea kirolarientzat ez zen ona. Kasu horretan konponbide erraza zuen: 'Angelusa egin behar bada jarri hamabietan partida, hasi aurretik angelusa errezatu, -baina apaizari esan soilik errezatzeko eh, ez sermoia bota. Izaten baitziren sermoia botatzen hasten zirenak ere- eta partida hasi'. Horrela denentzako kunplitua zegoen. Azkenean kendu egin zen. Baina angelusa zegoen bitartean Galartzak beti esaten zuen apaizak ere alde izaten nituela nik. Beti tokatzen baitzen angelusa sakea nik nuenean».

Pilota mundura
«Pilota ez da euskaldunona bakarrik izan behar, nahasi egin behar dugu besteen artera. Pilotan euskaldunak bezala egin lezake afrikarrak, eta egun batean pilotari txapelduna euskalduna ez izatea penagarria litzateke guretzat, baina inportantea pilotarentzat. Nik posible ikusten dut orain pilota Euskal Herritik kanpora zabaltzea, batez ere merkea delako, baina ez dut uste aterako denik. Konturatu naiz interes handirik ez dagoela. Horrekin nahikoa esanda dago».

Lesioaren lezioa
«Hogei urterekin pilotan hasi eta mundu guztiaren ahotan nengoen, egunkari guztiak nire alde zeuden, sosa ere bai, eta dena ematen dizutenean txoratu egiten zara nahi gabe. Baina hogeita hiru urterekin belaun burua hautsi nuenean otsoari belarriak ikusi nizkion, pilota utzi beharko nuela ere pentsatu nuen. Eta ordura arte nahiko golfoa izan banintzen, orduan bai hartu nuela pilota serio. Beraz, epe luzera esango nuke lagundu ere egin zidala lesio hark. Ez da inori desiratzeko gauza baina horrelako bat ongi etortzen zaio kirolariari. Hor ikusten da, ikasten da, pertsonak bizia badaukala baina ez daukala, denak gaudela hari batetik zintzilik».

Bertsoa

Doinua: Lagundurikan danoi

Begirada zorrotza,
mingain punta berdin,
eskuaz pilota jo
eta hankekin min.
Aurkari askok etsi
izan du zurekin.
Frontoian eta kanpo
denek ezin jakin
tanto bat nola egin
irrifar batekin...

Atxikia
«Zer hipokrisia dagoen mundu honetan. Pilotari denak saiatu ziren atxikia ikasten, ez zen izango bat bera ere saiatu gabekorik. Eta ikasi ez zuena gero kexatu egiten zen. Beharbada ez nuen arrazoi izango, baina oraindik ere gauza bera pentsatzen dut: atxiki hura ez zen kendu atxiki zikina zelako. Hiru lagun ginen batez ere espektakularrak: Arroyo, ni eta Lajos. Orduan erraza zeukan enpresak: 'zuek hiruek egin, eta besteok fuera', esan besterik ez. Baina komentarioak entzuten nituen eta beti Retegi gora eta Retegi behera, Arroyok eta Lajosek ez zuten arazorik sortzen. Problema ez zen atxikia, problema Retegi zen».


Azkenak
Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-23 | Julene Flamarique
Vidalina Morales, nekazaria eta ekintzailea
“Kaleetan gerra tankeak ikustea normalizatu dugu, gerran egon gabe ere”

Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]


2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


Hegoaldean 222 milioi euro gastatu dira Espainiako Loterian, sarietan jasotakoa baino bost bider gehiago

Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Zaballako espetxeko funtzionarioek “ezkutuko greba” hasi dutela salatu dute zenbait presok

Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]


Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen: “Herritik sorturiko ekitaldiaren jabe egin da Udala”

Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]


2024-12-23 | Behe Banda
Barra warroak
Asko maite zaituztet, baina...

Ez dut maite aterkia partekatzen ez dakien jendea. Ez dut maite azkarregi ibiltzen den jendea, ni ez naizenean; ez eta polikiegi ibiltzen dena ere (tira, horiek pixka bat bai, baina pixka bat bakarrik). Ez dut maite autobusean pasilloaren aldeko eserlekuan esertzen den jendea... [+]


2024-12-23 | Irati Diez Virto
Ez naiz sagua, ezta satorra ere; lursagua naiz

Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak, edo urruneko lehoiak eta elefanteak. Ikusgarritasunak lehia irabazi ohi... [+]


2024-12-23 | Garazi Zabaleta
Ekin Dulantzi
Nekazaritzako elikagaien test gunea Dulantzin

Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]


2024-12-23 | Jakoba Errekondo
Ilarraren entzumena

Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun azken ilarrak ereiteko garaia orain hasten da. Eta oraintxe jango ditugu urria aldera erein zirenak.


Gabonetan tokikoa eta sasoikoa kontsumitu eta, bide batez, Israelgo produktuak boikoteatu

Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.


Eguneraketa berriak daude