EAEko liburutegien katalogoa on line
Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalaren (ELSN) funtsen katalogoa on line jarri du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ELSNren baitako hainbat udal liburutegirekin lankidetzan. Hirurogeitik gora liburutegitako 300.000 dokumentu daude katalogatuta. Katalogoaren web orrialdean sartuz gero (www.euskadi.net/katalogobateratua), erabiltzaileak gai jakin baten inguruko zenbat dokumentu dauden jakin ahal izango du eta baita zein liburutegitan aurkitu ahal izango dituen. Hemendik aurrera, irakurle-txartel bakarra izango dute proiektuan parte hartzen duten udaletako erabiltzaileek eta beren herrietan ezezik Sareko beste guztietan ere baliatu ahal izango dute. Horrez gain, norberaren herrian ez dagoen liburua beste liburutegi batean eskatzeko eta egun batzuk barru herriko liburutegian jasotzeko aukera izango du erabiltzaileak. Ea irakurleak gehitzeko lagungarri den.
San Telmo Oroitzaren Museoen Sarean
Akordioa lortu dute azkenean Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako San Telmo museoaren etorkizunaz. Hemendik aurrera San Telmo museoa Gipuzkoako Oroitzaren Museoen Sarean barneratuko da eta Gipuzkoako Diputazioa museoaren berrikuntza lanak lagunduko ditu. Akordioa gauzatze aldera, batzordea osatuko dute bi erakundeetako kultur arduradunekin, Xabide eta K6 enpresekin eta San Telmo Museoaren Adiskideen Elkarteko kideekin. Donostiako Udala Espainiako Kultura Ministerioko arduradunekin bilduko da hilaren 23an, museoaren berrikuntza lanen finantziazioaz hitz egiteko; izan ere, Ministerioa museoko klaustroaren eta dorrearen jabe da.
Korrika Kulturala badator
Martxoaren 10ean hasiko da Korrika Orreagan eta hamar egunez Euskal Herria zeharkatu ostean, Bilbon amaituko da. Horren aurretik, aurreko edizioetan egin bezala, Korrika Kulturala antolatu du AEK-k. Hala, hilaren 22tik martxoaren 11 bitarte, euskarazko 30 kultur emanaldi izango dira ikusgai Euskal Herriko hainbat txokotan. Andolin Eguzkitza idazleari egindako omenaldiarekin irekiko dute Korrika Kulturala eta pilota partidarekin amaituko. Tartean ikusgarri andana izango da: II. Korrika-AEK beka jasotako Euskararen 7 bekatu nagusiak (Pok) eta akzesita lortutako Ezequiel (Antzerkiola Imaginarioa eta Sagarroi) antzelanen emanaldiak, bertso-tramak, literatura jazz saioak, Afrika eta Fjorden kontzertuak, esaera zaharren txapelketa, hitzaldiak, Logelaren Klonk multimedia ikuskizuna...
Barakaldo eta Gasteiz, flamenko taula
Zortzigarren urtez XXI. Mendeko Flamenkoa zikloaren baitan, kultura flamenkoaren artista ugari »dantzari, kantari nahiz musikariak» arituko dira Barakaldo antzokiko eta Gasteizko Hegoalde gizarte etxeko antzokiko tauletan. Martxoaren 19a bitarte, hamabostean behin flamenko saioak izango dira. Joan den asteko Chano Lobatoren ikuskizunari, Cañeta, El Torta, Jeronimo Maya, María Toledo eta José el de la Tomasarenak jarraituko zaizkio.
Ekitaldi mordoa Lauaxetaren omenez
100 urte beteko dira abuztuaren 3an Estepan Urkiaga Basaratz Lauaxeta jaio zela. Lauaxeta poeta berritzailearen omenez ekitaldi ugari egingo dituzte urte osoan zehar, gehienak haurtzaroan bizileku izan zuen Mungian. Mungiako ehun herritarrek poetaren bizitzan eta obran oinarritutako herri opereta antzeztuko dute Carlos Paneraren zuzendaritzapean, Mungia inguruko artistek Lauaxetaren omenezko obrak erakutsiko dituzte, poesia lehiaketa egingo da, Euskaltzaindiak osoko bilkura egingo du Mungian eta olerkariaren gaineko hitzaldiak antolatu ditu... Halaber, Mungiako Udala poetaren obra CD-ROMean biltzeko aukera ari da aztertzen.
* * * * * * * * * * * * * * *
Artea eta berrikuntza teknologikoa uztartzeko helburua du aurten lehenengoz antolatuko den Divergentes lehiaketak. Hala, nazioarteko artistek egonaldiak egingo dituzte maiatzean Euskal Autonomia Erkidegoko zentro teknologikoetan eta enpresa berritzaileetan. Bertan sortutako obrak Zumaian paratuko dituzte, ekainetik irailera bitarte.
Iraganeko altxorren museoa da Lorentzo Altuberen bizitoki den Arrasateko Etxaluze baserria. 250 pieza ditu erakusgai guztira. Alde batetik, baserrian lan egiteko erabili izan diren tresnak daude: kardak, segak, karrakak... Bestetik Altubek berak egindako hainbat musika tresna: zurezko ereskina, hogeita bost txalaparta, toberak, xaramelak... Interesa duen edonori zabaltzen dizkio Altubek ateak eta museo publiko bilakatzea nahi luke.
Igela literatur aldizkaria. Deustuko Unibertsitateko Euskal Filologiako sei ikaslek Igela literatur aldizkaria plazaratu zuten estreinakoz uztailean. Bigarren zenbakia kalean da dagoeneko eta denetarik topa daiteke bertan: kritikak, sormenezko lanak, iruzkinak, Unai Elorriagari egindako elkarrizketa... Gogotsu hasi dira Igelako kideak; izan ere, asmo ugari dute: aldizkaria bi-hiru hilean behin kaleratzea, liburu kolektiboa argitaratzea, webgunea martxan jartzea...
Zinema non ikasi ez dakienari lagungarri gertatuko zaio Cómo hacer cine argitaletxeak kaleratu duen Guía dónde estudiar cine en España liburuak. Espainiako Estatuko berrogeitik gora eskolen berri ematen du lanak. Aktore eta ekoizleentzat zuzendutako gida bana ere atontzeko asmoa du.