Enriqueta Benito: «Arabar gehienek Araba Euskaditik ateratzea bozkatuko lukete»


2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Arabaren euskaltasuna hizpide abiatu dugu elkarrizketa. Harluxet hiztegiaren arabera UAk Arabaren euskaltasuna ukatzen duela azaldu diogu Enriqueta Benitori: «Ez dut hiztegi hori irakurri, baina UAk ez du Arabaren euskaltasuna ukatzen, arabarrok ere euskaldunak gara. Guk euskaldun desberdinak garela esaten dugu, erkidegoko beste euskaldunak baino gaztelarragoak garela, bizkaitar eta gipuzkoarrengandik diferenteak. Guk euskaldun izateko homogeneotasun nahiari uko egiten diogu».

EAEko 2005eko aurrekontuek UAren aldeko botoa jaso zuten. Azalduko al diguzu UAren aldekotasun hori, arren?
Aurrekontuetan akordioa iristeko politika baikor eta efikaza erabili dugu. Gauza bat da hiruko gobernuarekin desadostasun politikoak izatea eta beste bat kudeatze politikan adostasunera iristea. Aurrekontuak herritarren bizi-kalitatea gestionatzeko egiten dira. EAEk aurrera egin dezala nahi dugu. Hartara, Eusko Jaurlaritzarekin gauzatu genuen negoziazioan zuhur aritu ginen »ez sekretuz baizik diskrezioz», arabar jatorren modura, azeri, eta bereziki arabarrentzako onurak geureganatzeko. Inor ez da harritu behar herritarren mesederako alderdien arteko akordioa lortzen denean. Gure botoa ez zen UAren mesederako, arabar guztion mesederako baizik.

Zer iritzi duzu bozketan izan zen gorabeheraz? Atutxaren jokabidea onesten al duzu?
Ez naiz ganberako lehendakaria eta ez dakit Juan Mari Atutxaren lekuan zer egin izango nukeen. Sinetsi nahi dut ez zela akats teknikorik izan, giza akatsa baizik. Bozketetan giza akatsak izaten dira eskuarki, denoi gertatzen zaizkigu. Jakina, ez da berdin gorabehera edo ezbeharra garrantzia txikiko bozketa batean edo aurrekontuen bozketan gertatzea. Atutxaren erabakia errespetatzen dut, baina Legebiltzarreko mahaiak erabakiko balu bozketa errepikatzea, UAk onartuko luke.

Ibarretxe Planaz mintzatuko gara jarraian. Rodriguez Zapaterok plana Madrilgo Diputatuen Kongresuan eztabaidatu dadila nahi du. Zer iritzi duzu zuk erabaki horretaz?
UAren ustez eztabaidak beharrezkoak eta onuragarriak dira. Politikan elkarrizketa eta akordioa falta dira. Hedabideetan baino parlamentuetan eztabaidatu beharra dago. Guri ez zaigu gaizki iruditzen Madrilgo Kongresuan plana eztabaidatua izatea, alabaina, gu planaren funtsarekin erabateko desadostasunean gaude, eta, nik, bistan da, plana ez onartzea espero dut. Espainiako alderdi nagusiak planari aurre egiteko ados jartzea espero dut, alegia. Azken finean Madrilgo Parlamentuak botoen bidez erabakiko du planak aurrera egingo duen edo ez.

PPk begi onez ikusten du plana Auzitegi Konstituzionalera eramatea? Nola ikusten duzu zuk PPren jarrera?
Ez naiz ados PPrekin. Gaur gaurkoz, Ibarretxe Plana proiektua da, ez legea. Auzitegi Konstituzionalera onetsiak izan diren legeek joan behar dute. Zertarako eraman plana Auzitegi Konstituzionalera? Auzitegiak esan dezan ezin duela ebatzi proposamen horri buruz? Zertarako gure indarrak xahutu? Espainiako Parlamentua da plana atzera bota behar duena.
Plana Eusko Legebiltzarrean onartua izateak harritu al zintuen?
Batere ez. Bozketaren egunean plana Batasunaren botoez onartuko zela aditzera eman nuen prentsan. Funtsean inor ez zuen harritu. Kontua zen Batasunak plana nola sostengatzen zuen eta nola "saltzen" zuen ikustea. Ikuskizun zegoen zein azalpen eta argudio erabiliko zituen bere militantziaren aurrean.

Zer iruditu zitzaizkizun Batasunaren azalpenak?
Batasunakoak puntako antzezleak dira, marketinean bikainak. Planari beren sostengua ondo baino hobeto saldu dute, maisuak dira joko horretan. Estrategikoki jakin izan dute jokatzen, nahiz nik beren jokoa ez dudan onartzen, begi-bistan denez.

Maiatzeko hauteskundeen aurrean nola ikusten dituzu Alderdien Legea eta Batasunaren egoera? Zuk nola nahiko zenuke hauteskundeak burutzea?
Ni pozarren nago Batasunak ezin izango duelako parte hartu hauteskundeetan. UAn zeharo ados gaude Alderdien Legearekin. Lege hori oinarrizkoa da gure demokrazian. ETA eta Batasunaren arteko lotura agerian geratu da berriz ere, Legebiltzarreko azken osoko bilkuran Otegik »Urrutikoetxearen eskutitza irakurtzean» hori berretsi zuen. Beraz, espero dut Alderdien Legea ez aldatzea eta Batasunak hauteskundeetan parte ez hartzea.

Maria San Gil da PPren lehendakari hautagaia. Nola ikusten dituzu PP eta bere lehendakarigaia?
PPk bitarteko asko dauka, beraz aukerak ere bai. Nik Maria San Gil Jaime Mayor Orejaren alternatiba izatea espero nuen, baina ez da horrela inola ere. San Gil Mayor Orejaren jarraipena da eta Mayor Oreja ez zen hautagai ona izan, ez PPrentzat ez EAErentzat. Mayor Orejak Madrilera begirako politika inmobilista egin zuen, lurrari atxiki gabeko politika. Baina ulergarria ere bada. PP da »PSOErekin batera» terrorismoaren eraso gogorrenak jasan dituen alderdia eta horrek sakon markatzen du. Bizipen horiek biziki eragiten dute politika egiteko orduan.

Patxi Lopez da lehendakaritzarako beste hautagai. PSE-EE oraingo gobernuaren alternatiba ikusten al duzu?
PSOE Espainiako Gobernuan izateak babes handia ematen dio PSEri. Nik alternatibak aurkeztea ondo baino hobeto ikusten dut, baina PSEren estatutu proposamenak alderdi sozialistaren hainbat printzipiori uko egiten die. Sozialistak, berriz ere, errorean erori dira. Euskal sozialistek autonomiaren aldeko zaletasuna aipatzen dutelarik beren konplexu baskista baino ez dute azalarazten. Gauzei bere izenez esateko sindrome pean ari dira politikan, eszenatokian diren bezala azaltzeari beldurra diote. PSEren jarrerak aurrerakoiak, autonomia zaleak eta sozialistak omen dira, baina sarritan bazterrean uzten dituzte eta baskismora lerratzen dira. Finean herritarrak nahasten ditu, herritarrek batzutan ez dakite PSE sozialismoaz edo nazionalismoaz ari den.

Proposamenak proposamen, zer da UAren Arabar Estatutua?
Arabar Estatutua, arabarrei nafarrek duten estatutua emango liekeena da. Bi hitzetan: Arabarrei Erkidego Forala ekarriko liekeen proposamena da. Euskaldunak izaten jarraituko genuke, baina EAEtik kanpo.

«Arabarrok zartagina kirtenetik hartua dugu eta EAEtik aterako ginateke» esan duzu berriki. Argituko al diguzu esana?
Esan nahi baita Ibarretxe Planari aurre egin diezaioketenak »Madrilgo Parlamentuaz gain, jakina» arabarrok garela. Ibarretxe Planari buruzko herri kontsulta egingo balitz eta arabarroi ea Euskadiko partaide izaten segitu nahi dugun galdetuko balitzaigu, gehiengoak ezetz esango luke. Halaber, Espainiako %68k Arabari »Nafarroa bezalako erkidegoa osatzeari» baietza emango liokeela esan du inkesta batek. Hori da gure esperantza.

Nola aurrikusten duzu Ibarretxe Planaz herritarrei galdetzeko aukera?
Ez dut aukera legalik aurrikusten. Alegia, euskaldunok Gernikako Estatutua itun bidez lortu genuen, akordioa lurraldeen artekoa izan zen, eta gaur egun Ibarretxe Planak akordio hura apurtu nahi du. 1979an lurralde bereiziak zirenek osatu zuten Euskadi erkidegoa. Egun itundutakoa apurtu nahi denez gero, erkidegoa legez desegin beharko luke.

Normalki plana atzera botako dute Madrilgo Kongresuan, baina Eusko Jaurlaritzak erreferenduma antola lezake.
Baina Madrilek ez badu baimentzen, kontsulta ez da loteslea. Galdera bestelakoa da, ordea.

Zein da galdera?
Ibarretxe jaunak zenbat erreferendum egingo luke: bat, bi, hiru? Lurralde bakoitzak esaten duena loteslea al da? Loteslea al litzateke arabarrek diotena? Bizkaitarrek eta gipuzkoarrek esaten dutenarekin lotu behar al da? Edo bakoitzak esaten duenak balio al du? Horra milioiko galdera.

Milioiko galdera izan daiteke ere ea zein den erabaki esparrua. Espainiako Euskal Autonomia Erkidegoa kontuan hartzen badugu, euskal herritarrek ezin dute erabaki Espainia esparru erabakigarria delako. Baina, era bertsuan, EAEko esparru erabakitzailea Euskadi bada, arabarrek EAEko euskaldun gehienen erabakiari men egin beharko liokete, edo ez?
Baina boterea »Konstituzioaren markoan» Madrilgo Kongresuak ematen dizu. Eta markoa puskatzen bada Kongresuak erabaki behar du. Ibarretxek ez du estatutuaren erreformaz hitz egiten. Ibarretxe Planak Gernikako Estatutua eta Ituna puskatzen du. Ibarretxe Planak Espainiarekiko harreman estatusa aldatu nahi du. Beraz, beste zerbaitetaz ari gara. Kasu horretan, Diputatuen Kongresuak arabarrek beren erabakia har dezaten erreferenduma baimendu beharko luke. Gernikako Estatutuaren markoa puskatzen bada, gu arabarrok libreak gara nahi duguna erabakitzeko, gu ez gara gipuzkoar eta bizkaitarren iritziaren menpe zertan izanik.

Nafarroa izan duzu hizpide. Nafarroako Amejoramendu legea ez da erreferendumean bozkatu.
Foru Amejoramendua egin zenean baieztatu zen. Ni Miguel Sanzekin ados nago Xedapen Gehigarria kendu behar dela esaten duenean. Ez du zentzurik Nafarroaren Estatutuan EAEko parte izatearen aukera izatea. Nafarrak oso gustura daude nafarrak izanda.

Badaude euskaldunak sentitzen diren nafarrak. Ezin al dute erkidego batua osatu beste euskaldunekin?
Baina, hori gutxiengoa da.

Egunen batean gehiengoa balitz nolako bitartekoak izango lituzkete beren eskubideak bermatzeko?
Horretarako ez da Konstituzioan Xedapen Gehigarria azaldu beharrik.

Xedapen Gehigarria kenduta ere, nafarrek »hala nahi izanez gero» eskubidea beharko lukete Aragoirekin batzeko, adibidez.
Bada, gehiengoa direnean, Nafarroako Foru erakundeetan gobernatzen dutenean eta EAErekin bat egin nahi dutenean, estatutuaren erreforma bultza dezatela Nafarroan legeak baimentzen dituen bideetatik. Bien bitartean, Nafarroa ondo dago dagoen bezala.

Araba EAEtik kanpo Nafarroarekin lotu al liteke geroan, zure gusturako?
Nik nahiago dut Araba bakarrik egotea. Baina tira, nafarrak oso lagun onak lirateke.


Azkenak
Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Eguneraketa berriak daude