Gure bizimoduari abizena jarri beharko bagenio, ziurrenik "presa" hitza aukeratuko luke askok. Gero eta azkarrago mugitu gaitezke eta elkarren artean komunikatzeko gero eta bitarteko gehiago dugu. Hala ere, sarri menperatzen gaitu desio dugun leku guztietara ezin iristearen sentipenak. Giza harremanak pobretuz omen doaz. Eta erosotasunaren mesedetan, eskura ematen diguten hori onartu ohi dugu sarri, bestelako alternatibarik badagoen arren. Horren adibide gero eta arrakasta handiagoa duen fast food -janari azkarra- delakoa da. Presaka bizitzeak presaka jatea eskatzen baitu. Globalizazioaren ikur handienetakoak diren McDonalds eta gisakoak bazter guztietan ari dira agertzen eta bertan ahoratu ditzakegun hanburgesek-eta osasunari zein mesede kaskarra egiten dioten badakigun arren, sarri erortzen gara euren hatzaparretan. Dena den, honek guztiak kontrako efektua ere sortu du, gero eta herritar gehiago azaltzen baita bizitzeko -eta jateko- eredu honen aurka. Horietako batzuk Slow Food -Janari Geldoa- elkartean bildu dira.
Italian sortutako mugimendua
Slow Food elkartea 1986an jaio zen, Italiako Piamonte eskualdeko Barolo herrian eginiko bilkura batean, Carlo Petrini soziologo eta idazlearen gidaritzapean. Egun bost kontinenteetako 80.000 lagunek osatzen dute elkartea, gehienak italiarrak. Egoitza nagusia ere Italian du, Bra herrian.
Elkartearen web gunean (
www.slowfood.com) irakur daitekeenez, bere helburua "fast foodaren inbasio homogeneizatzaileari erantzutea da". Mugimenduaren jarraitzaileek diotenez, eurek "eko-gastronomia" bultzatzen dute. Etika eta plazerra uztartzen saiatzen omen dira. Zapore aniztasuna defendatzen dute, elikagai ekologikoak, nekazaritza txikia, abeltzaintza eta arrantza eredu jasangarriak, lekuan lekuko produktuak ekoiztea...
Conviviak topaleku
Slow Food elkarteko kideak Convivia izeneko egoitzetan bildu ohi dira. Orotara 750 daude munduan zehar barreiatuta, Euskal Herritik gertuena Bartzelonan. Besteak beste, taldekideek euren esperientziak trukatzen dituzte bertan eta hitzaldi eta mahai-inguruak ere antolatzen dituzte. Sarri, gainera, elkarrekin bazkaltzen dute. Bakoitzak prestaturiko plater desberdinez gozatzeko aukera izateaz gain, lagun giroan bazkaltzeko parada dute horrela. Carlo Petrinik dioen moduan, "zaila da bakarrik jatea baino zerbait tristeagoa imajinatzea".
Bra: aurreneko "hiri geldoa"
Slow Food mugimenduaren sustatzaileek otorduez haratago doazen hainbat ekimen bultzatu dituzte. Horietako bat Slow City edo hiri geldoak delakoa. Slow City izendapena 50.000 biztanle baino gutxiago dituzten Italiako 35 hirik daukate jada. Udal agintarien ekimenez, hiri horietan presarik gabe bizi ahal izateko baldintza egokiak bilatzea helburu duten hainbat neurri hartu dira. Izendapena lortu zuen aurreneko hiria Bra izan zen eta bertan, besteak beste, dendak ostegun eta igandeetan itxita egoten dira, erdialdean ezin da autorik ibili, etxean egindako bonboi, pastel eta gaztak saltzen dituzten dendei laguntza ematen zaie eta Slow Food mugimenduarekin bat egiten duten jatetxeak bultzatzen dira. Slow City ekimenari buruzko informazio gehiago
www.cittaslow.stratos.it web gunean aurki dezakezue.