argia.eus
INPRIMATU
Argitalpenak
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 27a
Jonasek arazo potolo bat du
Juan Kruz Igerabide, Mikel Valverde
Aizkorri
48 orrialde
8,25 euro

Ohean pixa egitearen larria

Juan Kruz Igerabidek sortu eta Mikel Valverdek marraztutako istorio mamitsu honetan, ohean pixa egiten duen mutikoaren larria agertzen da. Arreba txikia jaio zenetik, gutxi gorabehera, gauero gertatzen zaio: ohera sartu, ametsetan hasi eta, goiz edo berandu, sorgintzar bat agertuko da, bere erratzarekin Jonasi kilimak egiten hasteko, mutikoak ohea bustitzen duen arte. Haurra oso kezkaturik dago. Gurasoek ez diote ezer esaten, baina bera ohartzen da haien haserreaz, ohea aldatu behar diotenean egiten dituzten keinuengatik... Jonasek ez du bere arazoa inork jakiterik nahi, eta gurasoek ez diote inori esan, pasako zaiolakoan. Baina ez da horrela, eta psikologoarengana eraman nahi dute. Jonasek, ordea, nahiago du izeba Paulari kontatzea, asko baitaki.

Jakin
Batzuen artean
Jakin
122 orrialde
9,10 euro

Euskal zinema iraganean, gaur egun eta etorkizunean

Jakin aldizkariaren 144. alean euskal zinemagintzaren egungo egoera aztertu dute. Fito Rodriguezek euskal kulturarentzat zinemagintzak duen garrantzia azaldu du; Joxean Muñozek euskarak irudien erresuman egin behar duen ekarpena; Eneko Olasagastik EITBk euskal zinemagintzarekiko duen erantzukizuna; Xabier Portugalek, zinemaren eta historiaren arteko lotura; Koldo Almandozek euskal zinemagintza errentagarri eta kalitatezkoaren aldeko apustua egin du; Begoña Vicariok zinemagintza esperimentalak 60ko hamarkadatik aurrera Euskal Herrian izan duen garapenaren historia; eta Patxi Azpillagak euskal zinemak azken bi hamarkadetan izan dituen finantziazio eta sustapen politikoen analisia.

Kirola egiteko 25 arrazoi
Luis Mari Zulaika
Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaia K.
80 orrialde 12 euro

Onura psikologiko eta sozialak

Haurrei zein helduei zuzenduta dagoen liburu honen izenburu zehatza Kirola egiteko 25 arrazoi. Onura psikologikoak, sozialak eta balio hezitzaileak da, eta hain zuzen ere alor horiei erantzuten die. Ezkerreko orrialdearen hasieran, umeentzat egokitutako mezu bat darama; azpian, arrazoi bakoitzari dagokion testu labur eta sintetikoa; eta eskuineko orrialdean, marrazki didaktiko handia. Ukitzen diren gaien artean, honakoak: Bizi-kalitate eta ongizate psikologikoa, gogo-aldartea, autoestimua, osasun mentala, estresa, herstura, depresioa, adimena, sozializazioa, etorkinen integrazioa, portaera desegokiak, droga-menpekotasuna, gutxitu fisikoak, emakumea, herri kirolak, eskolako errendimentua, aisialdia, kiroltasuna, errespetua, solidaritatea eta ardura.

Untxi Txiki Zuria aitatxorekin
Marie-France Floury, Fabienne Boisnard
Ibaizabal
24 orrialde
5,60 euro

Amatxok alde egiten duenean

Irakurtzen hasi berri diren haurrentzat aproposa den kontakizun honetan, aitatxorekin bakarrik gelditu behar izaten du Untzi Txiki Zuriak, oso triste, amak bidaia bat egin beharra duelako. Berarekin joaten uzteko eskatuko dio, baina hobe duela aitarekin gelditzea amak erantzun dioenean, zapuztu egingo da eta negarrari emango dio. Musu eta laztanak ere ez dute bere horretatik aterako. Amatxori agur esan dio leihoaren kontra sudurra jarriz, eta hura itzuli arte handik ez dela mugituko esango dio zotinka aitari. Horretarako asko falta dela eta bitartean jolasean ibil daitezkeela erantzungo dio aitak... Alfer-alferrik. Bazkaltzeko garaian, untxitxoak jateari ere uko egingo dio... aitak pizza eskaini arte. Hortik aurrera, aitarekin ere ez dela gaizki moldatzen erabakiko du gure txikiak.


Inauterietan
Edu Zabala
Gaiak
109 orrialde
9 euro

Inauteriak oinarri dituen ipuin bilduma

Ituren-Zubietan, Zalduondon, Lantzen, Mundakan eta Zuberoan ospatzen diren euskal inauteriek egileari iradoki diotena daukate Edu Zabalaren ipuin hauek oinarri. Haiek irakurriz, ikas daiteke joaldunekin jo nahi zuen neskatoari gertatutakoa, Momotxorro basapiztiek erromatarrekin zein euskaldunekin haserretu izanaren arrazoia, Markitos gizagaixoa zergatik erre zuten «benetan» »Juan Perez de Lazarraga aguraindar idazleak utzitako poema batzuetan sustraiturik», feniziarrak euskal kostaldera aurreneko aldiz iritsi zirenean suertatu zena, Patxamama eta Miel Otxinen arteko lotura eta Jaun Beltza menderik mende Zuberoako mendizerrak zeharkatuz ibili beharraren zergatiak ikas daitezke.

Hemen
Batzuen artean
Frontera
112 orrialde
Urteko harpidetza: 25 euro

Erlijio gogoetarako aldizkariaren azkeneko zenbakia

Euskal Herriko erlijioso bizitzaren teologia institutuak plazaratzen duen aldizkari honen azken zenbakian, ea atzoko Elizari gaurko gizartean eutsi behar zaion aztertu dute Joxe Arregik, Mikel Garziandiak, Xabier Andonegik, Paulo Agirrebaltzategik, Anjel Mari Unzuetak eta Joseba Intxaustik, eta ez dela egoki ondorioztatu dute, hori erabakitzeko dauzkaten arrazoiak azalduz. Bestalde, Xabier Leteri egin diote elkarrizketa, bere iraganean, gaixo egon zeneko garaian eta egun duen fedeminean sakonduz.

Hautsi da katea. Sara izan zen lekuko
Toti Martínez de Lezea
Erein
299 or. / 18,50 euro

Toti Martínez de Lezearen azkena, euskaraz

Makina bat nobelaren egile dugu Toti Martínez de Lezea. Historia oinarri hartu, batik bat Erdi Aroko gertakizunak, eta gutxienez hamalau eleberri liluragarri sortzeko gai izan da idazle emankor hau. Gaztelaniaz idazten du, hori bai, baina aspalditik zuen bere lanen bat euskaraz argitaratua izateko gogoa. »Txalaparta argitaletxean gazteentzat plazaratu zuen Antso Nagusiari buruzko kontakizuna lekuko». Ereinen eskutik agertu duen Hautsi da katea. Sara izan zen lekuko nobelaren kasuan, ordea, urrats bat gehiago eman du, gaztelaniaz idatzitako jatorrizko bertsioa alde batera utzi, eta Elena Touyaouk euskaratu dion bertsioa kaleratzea lehenetsi baitu! Horretarako espreski idatzitako narrazioa da, eta XVIII. mendean kokatua dago, Iparraldean, Frantziako Iraultza garaian. Iraultza hark Iparraldeko biztanleei Foruak kendu, Lapurdiko Biltzar Nagusia ezabatu eta nahitaez Biarnorekin lotzera behartu zien garaian. Horrez gain, frantses hizkuntza derrigortu, hainbat herri «zitaltzat» jo eta haietan bizi zirenetik asko Landesetara deserriratu zituen, mugaz bestaldeko jendearekin ahaidetasun, adiskidetasun edo negozioetako harremanak izateagatik.