argia.eus
INPRIMATU
Patxi Lopez: «EAJren gobernu alternatiboa nahi nuke, ea noiz eratzen den euskal ERC»
Mikel Asurmendi @masurmendi 2021eko uztailaren 27a

Rodriguez Zapatero Moncloara iritsi ondoren estatuko politikan garai berria hasi dela dio Patxi Lopezek: «Harreman ezin hobeagoa daukat Zapaterorekin, politikoki oso ondo ulertzen dugu elkar. Euskal ministroak izendatzea baino, Euskal Herrirako politika sendoa egitea eskatu diot. Begi-bistan da eskaera ondo ulertu duela. PPrekin zegoen politika oldarkor eta istilutsuetatik eszenatoki politiko berri batera iragan gaitezke Euskal Herrian. Jakina, akordioak lortuko ote diren beste kontu bat da». Bien bitartean, Patxi Lopez PSOEko Lurralde Kontseiluko presidentea izendatua izan da: «Kargua »nire bitartez» euskal sozialismoa egiten ari den lanaren ezagutza da, gaineratiko beste sozialista espainolen konfiantza islatzen duena, estatu anitza eraikitzeko geure planteamenduak begi onez ikusten baitituzte. Euskal sozialismoa erreferentea izango da zeregin horretan». PSOEk iniziatiba politikoa hartzeaz gain, gizarte arazoen aurrean erantzukizun osoa hartu duela esan digu ere lehendakarigaiak.

Zein da ETAk Espainiako Konstituzio egunean »eta inguruan» egin zituen ekintza armatuei buruzko balorazioa?
Arnaldo Otegik dioen arabera, ETAren ekintzek gatazkak indarrean segitzen duela baieztatzen dute. Nire ustez, erakusten dutena da ETAk euskal nahiz espainol gizarteari mehatxu egiten segitzen duela. Hitz bitan, ETAk min handia egiten segi dezake eta zuzenbidezko estatuak ezin du amore eman banda terrorista baten aurrean.

Batasunaren «Orain herria, orain bakea» agiriko gauza baikorrak azpimarratu zenituen. Nola ikusten duzu uneon?
Batasunaren ekarpena urrats bat izan zela esan nuen, baina ez zela erabateko urratsa. Proposamenak arrisku bat zeukala esan nuen halaber: hitz hutsean geratzea. Hau da, Batasunaren jokamoldetan aldaketarik ez den bitartean, ez dago deus berririk. Politika egin nahi duenak »jakin badaki» indarkeriari babesa ematea eta politika egitea ez direla bateragarriak. Arnaldo Otegi eta Batasuna dira ETAren indarkeriatik aldentzeko behin betiko urratsa eman behar dutenak. Besterik ez.

Konstituzioaren asteburuan, Ekain Gerra presoaren ama »bere semea ikustera zihoala» auto istripuz hil zen. Zer iradokitzen dizu gertatuak?
Heriotza hori »heriotza guztiak bezala» oso lazgarria da niretzat. Presoen senideek bizi duten sufrimendu gehitua saihesten ahalegindu beharko genuke. Dena dela ere, espetxeko politika zuzenbideko estatuaren itun batean bilduta dago »Askatasunaren aldeko eta Terrorismoaren aurkako Itunean». Alegia, terrorismoaren aurkako borroka, politika hitzartua da. Ituna alda liteke, baldin eta testuingurua aldatuko balitz. ETAk, ordea, atentatuak egiten segitzen du, beraz logikoena presoak dauden bezala egotea da.

Odon Elorza, Gemma Zabaleta eta Denis Itxaso zure alderdikideek euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzearen aukera berrikustea eskatzen zuen agiri bat plazaratu zuten orain gutxi. Zer iritzi duzu agiri horretaz?
Hasteko, hainbat sektore artikulu hori alderdi sozialistaren aurka egiteko eta bere intereserako erabiltzen saiatu zen. Alderdikide horiek muturreko jarrerak dituztela eta gure alderdian ezberdintasun itzelak ditugula esan dute. Ez, ez eta ez. Artikulu horren herena Batasunak behin betiko urratsa eman dezan eskatzekoa zen. Batasunak urratsa emanez gero sistema demokratiko honek espetxeko politika »eta beste politikak ere bai» berrikusi beharko lukeela esaten zuten. Baina, argi eta garbi ziotenez, lehenik Batasunak urratsa eman behar du.

Zu zeu Askatasunaren aledko eta Terrorismoaren aurkako Itunaren atarikoa aldatzearen alde agertu zara. Horrela al da?
Itun hori PPrekin egina dago, funtsean, Espainia goberna dezaketen bi alderdiak direlako PP eta PSOE. Itunak bi helburu ditu: bat, zuzenbideko estatuaren mekanismo guztiak erabiltzea terrorismoaren aurka egiteko, eta bi, terrorismoaren aurkako borrokan ari garen bitartean, legezko konfrontazio politikoa normaltasunez garatzea. Zoritxarrez, alderdi demokratikoek konfrontazioan segitzen dugu, alegia, itunak, neurri batean, konfrontazioa indartzen lagundu du. Itunak »bere hitzetan» ETAren terrorismoa edo terrorismo islamista amaitu arte indarrean segitu behar du. Alabaina, itunaren atarikoan Lizarra-Garaziko Akordioa aipatzen da. Akordio hura izan bitartean »edota Udalbiltza bezalako erakundeak izan bitartean» alderdi nazionalistekin akordiorako tokirik ez zegoela esaten zen. Egun itunak aipatzen zituen baldintzak ez badira existitzen, itunak ez dauka gaurkotasunik.


Ituna berrikusi beharko litzatekeela esan nahi duzu?
Hori da Rodriguez Zapateroren konpromiso inportanteenetako bat. Presidentziarako inbestidura saioan kontsentsurik zabalena bilatzea eta batasun demokratikoa berreskuratzea nahi duela esan zuen. Terrorismoaren aurka borrokatzeko, denek aipatzen dute batasun demokratikoa, baina oso gutxi egin da berau lortzeko. Gobernuko presidentearen lehentasuna adostasun puntu hori lortzea da, edo saiatzea behintzat. Zapaterok gaia aztertu nahi du, baina Martxoaren 11ko Batzordea dela kausa atzeratzen ari zaio.

Ajuria Eneko Itunaren moduko bat ikusten al duzu epe ertainean?
Garai hura joan zen, orain beste egoera batean gaude. Ajuria Eneko Itunaren moduko bat lortuko ez balitz ere, gutxienez, terrorismoaren aurka borrokatzeko politika egokiena zein den diagnostikatu beharko genuke alderdi demokratiko guztien artean. Hori lortuz gero, ondo legoke Ajuria Eneko Itunak bigarren fase baterako aurreikusten zuen bidea berreskuratzea.

Bidez bide, badirudi PPk PSOEk baino argiago ikusten duela zer nahi duen.
PSOEren planteamenduak PPrenak bezain argiak dira. Guk badakigu zer nahi dugun, baina gure alderdia ez da lerro edota pentsamendu bakarrekoa. Gure alderdia PP baino askoz anitzagoa da. Gure helburua, gizartearen aniztasunetik, gainerako alderdiekin proiektu bateragarriak gauzatzea da.

ETAren su-etena iragarri daiteke epe ertainean?
Ez. Su-eten posibleen gainean burutapenak egitea ariketa hutsala da. ETAk, ia-ia beti, edo su-etena edo atentatu handiak planifikatu ohi ditu. Su-etenak ongi etorriak dira, hiltzeari uzten zaiolako. Artean, Zapaterok esan duenez, neurri politikoak hartu ahal izateko armek behin betiko isildu behar dute.

Hil honen amaieran Estatutu Berrirako Proposamena eztabaidatuko da Legebiltzarrean. Nola ikusten duzu proposamenaren garapena?
Finean eta funtsean, Ibarretxe Planak hirukoa osatzen duten alderdien arteko eztabaida ekarri du. Besterik ez. Alderdi horiek euren arteko ezberdintasunak bateratzen saiatu dira eta beren ikuspuntuak egokitu nahi izan dituzte. Arrakasta gutxirekin, dirudienez. Funts handiko puntuetan ez dute akordiorik lortu. Hala ere, Ibarretxe Planaren bozketa burutu nahi dute Legebiltzarrean. Sozialista Abertzaleak (SA) taldeak egingo duenaren menpe dago plana. SA taldeak »egia esaten badu» errefusatuko du. Hiru urte daramatzate plan horretaz hizketan. Hirukoak, gobernatu beharrean, plan horren propaganda baino ez du egin. Jakina, orain ez zaie erraz egingo Legebiltzarrean planaren porrota onartzea eta berau zuritu ahal izatea. Euskaldunon borondatea Legebiltzarrean dagoela esaten dute eta Legebiltzarrak atzera botatzen badu, porrota egundokoa izango da.


Batasunak planari erabateko ezetza emango diolakoan zaude orduan.
Ez, inondik inora ez. Horretaz sekula ezin da ziur izan. Ikusi ditugu aurrekontuak onartzen edo hainbat kasutan abstenitzen.

Baina abstentzioak ez du balio.
Hori bera, kasu honetan ez du balio. Planak gehiengo osoa behar du. Planak Batasuneko baten baten botoa jaso lezake, ordea. Halako trikimailuak ikusi izan ditugu dagoeneko. Bistakoa da, EAJko batzuk plana SArekin negoziatu nahi dute. Ez naiz gerta daitekeenaz guztiz ziur, ez.

Metodologian ez zaudete ados Ibarretxe Planarekin. Puntu horretan Batasunarengandik hurbilagoak zarete, antza.
Batasunak aniztasunaz hitz egin duenean, alderdi guztiek erabaki behar dutela dio. Arnaldo Otegik esan ohi duenez, ezin da parte bakar baten ebazpena mahai gainean jarri. Ziur aski, funtsezko planteamenduetan oso bestelako jarrerak ditugu, jakina. Baina, baliteke, metodoaz ari garelarik, zerbaitetan bat egitea. Hau da, hasteko eta behin, alderdi guztiok mahai baten inguruan jartzeko beharrean gaude.

Lehendakaria izanez gero, mahai hori osatzea helburu omen duzu.
Lehendakari sozialista batekin elkarrizketarako hainbat mahai eratuko dugu. Harreman eta bizikidetasunerako marko politiko berria eraikiko dugu. Hainbat sindikatu eta enpresarirekin mintzatzen ari gara. Herri honetan elkarrizketaz berba egiten da, baina oso gutxi praktikatzen da. Eszenatoki guztiak ez dira landu oraindik.

Erabakitzeko esparruan al dago koska?
Erabakitzeko esparruaren puntua konplexua da. Batasunak lurraldetasuna aipatzen duelarik Euskal Herria bat dela dio, jakina. Baina, une honetan, EAE, Nafarroa eta Iparralde politikoki lurralde ezberdinetan artikulatuta daude. Eta gu ez gara nor, inor ezertara behartzeko, ezta erabakitzeko gaitasunik ez dugun esparru batean sartzeko.

Forma eta funtsa. EAEn erabakitzeko esparrua izaki, non daude diferentziak Ibarretxe Planarekiko?
Ibarretxe Planak aldarrikapen nazionalista muturrekoenak biltzen ditu, oso zalantzagarriak. Puntu batzuetan ados egon gaitezke, baina bestetan inola ez. Testuak euskaldun herritarrak eta euskal nazionalizatuak bereizten ditu. Ez du esaten eskubide ezberdinak izango dituztela, baina herritarrak bi termino horietan ezberdintzea kezkagarria da. Plana kausa nazionalistari atxikia dago. Ibarretxe Plana independentziarako bidea irekitzen du, arin edo motelago. Hori da nazionalisten helburu bakarra.

Demagun herri kontsulta burutzen dela?
Hori politika fikzioa egitea da. Ez da egingo. Lehenago hauteskundeak egingo dira. Artean Europako Erreferenduma egingo da, eta horregatik »eta beste interesengatik» EAEko hauteskundeak bere garaian burutuko dira.

Zu honezkero kanpainan ari omen zara.
Kanpainan ari gara zeregin eta zer kontatu asko dugulako. Hara, legealdi osoa kanpainan ari den alderdi batek hori esatea, hauteskundetarako plana Ibarretxe Plana duelarik. Ibarretxek hori aurpegiratzea ez da parte onekoa.

Zein izango da hauteskundeetan zure proposamena, laburrean?
Gure proposamena ez da PP eta EAJri begira eginda izango. Guk euskal gizartearekin akordioa lortu nahi dugu. Horregatik gizarte mugimenduen sostengua behar dugula diogu, aldaketaren eta autogobernuaren aldeko hainbat plataformenekin akordioa lortu nahi dugu. PSE gizarte mugimenduekin hauteskunde koalizioa osatzeko prest dago. Alderdiaz haratago joan nahi dugu hauteskundeetan eta gobernua osatzerakoan.

«Aldaketa plataforma»z ari zara?
«Aldaketa» eta antzeko beste ekimenez. Plataforma hauekin hainbat balore eta ikuspuntu bateratu eta defenda ditzakegu.


«Aldaketa»k PSErentzako botoa eskatuko du orduan?
Ideiarik ez. «Aldaketa» bere proposamenak lantzen ari da beregain.
Ikusiko ote dugu Joseba Arregi Patxi Lopezen ukabila altxatzen kanpainan?
Ez dut uste (irriak).

Emilio Gebara bai, agian?
Baliteke. Emilio Gebara balio handiko pertsona da. Gernikako Estatutuaren aitatasuna onartzen zaio, eta berriz ere, bere konpromisoa berritu du gurekin. Lehen konpromisoa askatasunaren aldekoa eta mehatxuaren aurkakoa izan zen, konpromiso aurre politikoa, nolabait. Orain, alderdi sozialistarekin konpromisoa hartzean »berak dioenez», betidanik defendatu dituen ideiak defendatu ditzake. Pozik eta harro gaude.

Patxi Lopez «Pasqual Maragall euskalduna» izango ote da?
Lelo oso erabilia da, erabiliegia eta interesatua. PSE PSC balitz akordioa lortuko genuke bi minututan, esan ohi du EAJk. PPk, berriz, PSE PSC bezalakoa da. Bada ez. Gu PSE gara. Geure idiosinkrasia eta singulartasuna ditugu. Hala ere, PSEk Kataluniako ereduari segitzea nahi nuke. Hau da, alderdiak mahai baten inguruan jartzea, eta, atalez atal, Auzitegi Konstituzionalak inbaditu izan ote dituen eremuak aztertzea, gure eskumenak menpe har ditzaketen legeak aztertzea. Katalunian hori egiten ari da. Hemen zergatik ez? Nahi nuke, halaber, EAEko gobernuaren alternatiba gauzatzea, gobernu nazionalista baten alternatiba. Baina ea noiz eratzen den euskal ERC!

«EAJk Navalaren auzia politikoa dela dio, etekin elektoralak lortu aldera»

Nola bizi duzu Navalaren auzia Ajuria Enerako bidean. Ez dirudi lehendakaritzara iristeko lagungarria denik.
"Patxi zure aitak Navalean lan egin zuen eta zuk itxiko duzu" dioten kartelak ikusi ditut eta hori oso mingarria da. Nik ez dut ixteko gaitasunik, aitzitik, nire ahalmen guztiekin ari naiz ontziolak irekia segi dezan. Hori bai, isilean. Nire aita Navaleko langilea izan zen. Erretiro aurreratu garaian hil zen. Ontziola eskualde sozialista batean dago, horregatik beragatik sentsibilitate berezia daukat. Kezka logikoa daukat, baina konbentzituta nago arazoa ondo konponduko dela. Espainiako Gobernuko arduradunei ontziola irekia jarrai dezan exijitu diet, industria ministerioko ordezkariekin lanean segituko dut konponbidea bilatu arte. Navaleko enpresa batzordeko hainbat ordezkarirekin ere hitz egin dut, langile askorekin, hauetako asko alderdi sozialistako kideak dira.

Beste alderdien jarrerak nola ikusi dituzu?
Navaleko arazoa PSOE erasotzeko erabiltzea lotsagarrikeria da. PP ontziolaren »Navalena eta IZARena oro har» egoeraren arduradun nagusia izaki, bere kideak Batasuneko jendearekin manifestazio batean ikustea, Sestaoko udaletxe aurrean adibidez... hori lotsagabekeria! Jaurlaritzak, berriz, Navalen itxiera posiblea guri leporatzea, berak egoera hobetzeko konpromiso bat bera ere hartu ez duelarik, arduragabekeria da. Navalek, ordea, badu etorkizuna, sindikatuekin akordio bat izango da bideragarritasun plana gauzatzeko eta itsasontziak egin egingo dira. Hasteko lan karga bat lortu da. Datozen hilabetean areagotuko dena ziur aski.

Arazoa zein neurrian da politikoa, eta ez ekonomikoa?
Navalaren auzia politikoa da, baina ez EAJk dioen zentzuan. Alegia, Navalen itsasontzi bat egitea dirua galtzea da, merkeagoa da beste ontziola batean egitea. Naval ontziola ibaiaren ezkerraldean dago, eta ezkerraldeko industriak birmoldaketa plan itzela jasan zuen 1980ko hamarkadan. Euskal Herriko eskualde marjinatuena da eta langabezi tasa handiena izan du urte askoan. Bertan txirotasun handiena biltzen da. Orain, lan egoera hobetzen ari zenean, ezin dugu Naval ontziola eta eskumendeko enpresak edo bere filialak ixten utzi. Hori da gure arazo politikoa. Besterik da biktimarena egitea, arerioak kanpoan bilatu nahi izatea, ontziolek Andaluzian eta Galizian aurrera egingo dutela eta hemen ez, han-hemenka esatea. Hori nazionalisten ohiko jokaera da, joera tipikoa. EAJri oso ondo datorkiona emaitza edo etekin elektoralak lortu aldera.