argia.eus
INPRIMATU
Gatazka
Luis Alberto, 'AmatiƱo' Aranberri 2007ko otsailaren 21a
ETAk bereak egin eta beste gehienek indarkeria gaitzesten dutenean, Batasunak erantzun ohi du gaitzesteak ez duela ezer konpontzen eta ordua dela funtsezko arazoari heltzeko, betiko gaitzespenetan geratu barik. Batasunak arrazoi du, gaitzespenek ez dute ezertarako balio. Baina, orduan, gaitzespenek ez baldin badute ezertarako balio, zergatik Batasunak gaitzesten ditu bere aurkakotzat joten dituen jokabideak?
Batasuna zer esan jakin barik gelditzen denean, gatazka aipatu ohi du korapilo guztien argigarritzat. Batasunak arrazoi du, hilketak, lehergailuak, iraultza-zerga, mehatxuak eta gainerako indarkeria-motak gatazkaren ondorio baino ez dira. Baina horiek guztiak gatazkaren ondorio baldin badira, ez ote dira gatazkaren ondorio ere presoak, dispertsioa, Lege Antiterrorista, alderdien legez kanporatzeak eta beste egoera batean gertatuko ez liratekeen zenbait jokamolde?
Unibertsoa borobila omen. Hala behar du izan, politikarik ezak borroka armatua eragin bazuen ere, borroka armatuak erakarri baitu azkenean politikarik eza. Noizbait giza-eskubiderik eza izan baldin bazen gatazkaren aitzakia, gatazka bera da gaur egun giza-eskubideen hausturaren aitzakia. Gaur eta hemen, konponbiderik ezak ez dakar gatazkarik. Gatazka da konponbiderik eza dakarrena.