argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Katixa Garate 2021eko uztailaren 27a

Kantu zaletasunak iraun dezan

Kantu zale izan da gure herria, baina lagun afarien osteko kantu saioek behera egin dute azken urteetan. Zaletasunari eutsi nahiz errepertorioa zabaldu nahi duenari lagungarri izango zaio oraintsu berrargitaratu den Boga-boga kantu bilduma. 1959. urtean eman zuen argitara lehenengoz kantu sorta hori Donostiako Apaiztegiak. Partiturak eta kantuen letrak biltzen zituen liburuaren atontze lanak Anton Garro eta Andoni Basterretxea apaiz euskaltzaleek egin zituzten, hainbat lagunekin batera. Arrakasta handia izan zuen eta argitaraldi bat baino gehiago izan zuen. Liburua agortuta zegoen eta orain Elkarrek eta Donostiako Apaiztegiak berrargitaratu dute. Liburuaz gain, argitalpeneko laurogeita hiru kantuetatik hogeita bi »aurkitzeko zailen diren grabazioak» biltzen dituen CDa kaleratu dute. Esaterako, Antoni eta Anton, Andre Madalen eta Boga-boga ageri dira diskoan.


Ilustrazioen magia Artiumen

Magic Pencil izenburuko erakusketa zabaldu du Gasteizko Artium museoak Britainia Handiko haur eta gazte literaturako ilustratzaileen lana ezagutarazteko. Britainia Handian ilustrazioak tradizio handia du eta erakusketan paratu dituzten 60tik gora lanetan esparru honetako azken joerak ikus daitezke. Litografia eta grabatuez gain, marrazki bizidunak ikusteko bideo pantaila bat ipini dute eta ilustrazio tailerra ere martxan izango da urtarrilean, Iñaki Martiarena Mattin marrazkilariaren ardurapean. Erakusketa otsailaren 6a arte izango da zabalik.


Ate bat diseinatzaile gazteentzat

ANDE, Euskadiko Diseinatzaile Berri eta Gazteen Elkartea, aurkeztu dute berriki Bilbon Isabel Muela eta Lucia Marzok. Sortu eta berehala, hil honen 15ean diseinatzaile gazteen lanak erakusteko pasarela antolatu zuen elkarteak Barakaldon. Pasarelaz gain, elkarteak diseinatzaile berriei aholkularitza zerbitzua eskaini nahi die eta Bilbon gune bat sortu nahi dute gazteen sormen lanak erakutsi eta merkaturatzeko. Gure mugetatik kanpoko feriatan ere bertakoen lana zabaltzeko ahalegina egingo du elkarte berriak.


Zine aretoak ixten eta irekitzen

Zinema areto piloa zabaldu da azken urteetan gurean, gehienak merkataritza zentroetan. Gehiegi dagoen eskarirako. Gehienetan zinema komertziala eskaintzen dute soilik. Bestelako eskaintza emango balute ere, eskariak gora egingo lukeenik ezin esan. Zabaldu ziren bezalaxe, itxi dira urte gutxitara batzuk. Horren adibide dira aurten itxi diren Garberako (Donostia) zine aretoak. Baina hiriguneetako zinema areto batzuk ere itxi dira (Donostiako Astoria) edota ixtear dira (Bilboko Ideales). Bilbon Renoir zine aretoak zabaldu berri dituzte, zinema europar eta latinoamerikarra eskaintzeko asmoz. Eskertzekoa da, Ipar Amerikako zinema komertziala errege den honetan. Ikusi beharko eutsi ahal izango dion. Denek ere zailtasunak baitituzte ikusleriari nola eutsi asmatzen.


Milaka liburu aurki on-line Googlen

Lau unibertsitate ospetsutako »Michigan, Stanfrod, Harvard eta Oxford» eta New Yorkeko Liburutegi Publikoko milaka liburu publiko digitalizatzeko aukera emango dion akordioa sinatu berri du Google bilatzaileak (www.google.com). Hala, liburuak eskaneatu ostean, erabiltzaile guztien eskura jarriko ditu Googlek sarean. Harvard unibertsitateko 40.000 liburu digitalizatuko ditu eta proiektua arrakastatsu gertatzen bada, bertako liburu gehiago eskaneatuko dira. Michigan unibertsitateko zazpi milioi liburuki digitalizatuko du Googlek sei urteko epean. Oxfordeko unibertsitateari dagokionez, XIX. mendeko liburuak pasako dira formatu digitalera. New Yorkeko Liburutegi Publikoak copyrightik ez duten hainbat liburuki eskainiko dizkio.