Parisko txolarrea
Xabier Lizardi
Elkar
22 orrialde + CD
18 euro
Lizardik 1930ean idatzitakoa
Koldo Izagirreren koordinaziopean eginak izan dira Paper Hotsak argitaletxeak aurkezten dizkigun Parisko txolarrea liburua eta CDa. Xabier Lizardik 1930ean argitaratu zuen lana dute oinarri. Bere burua hain lotu eta arlote ikusi zuen olerkariak Paris erraldoian, gizon baino gehiago nahiago izan baitzuen txolarrearen gisako txori txiki mokomotza bilakatu. Jendea bizi den inguruak maite ditu txolarreak, izan ere, eta bost axola zaizkio hari gizon zoroek Bourse-n edo beste edonon sortzen dituzten iskanbilak, gosea asetzeko zerbait lortzen badu behintzat. Parisko txolarrea komiki formatoan plazaratu dute, eta bertan agertzen diren irudiak Juanba Berasategik eginak dira. CD-ROMa garatzeaz, berriz, Josu Landa arduratu da.
Euskerazaintza
Batzuen artean
Euskerazaintza
70 orrialde
borondatea
Euskeraren Erri Akademiak plazaratutako azken alea
Euskeraren Erri Akademiak kaleratzen duen Euskerazaintza aldizkariaren azkenengo zenbakian hiru gai jorratu dituzte nagusiki. Batetik, Luis Nuñezek euskara arkaikoaren gainean egindako azterketa hartu du Olazar’tar Martinek bere Euskera zarra lanaren oinarri gisa. Bestetik, VIII. mendeko liburuetan aurkitutako euskal izenak aztertzen maisu dugun Bixente Latiegik, 850 urtean idatzitako lanean aurkitutakoak arretaz gogoan erabili ditu oraingoan, Aragoi Zarreko erri-izen euskaldunak lanean. Eta hirugarrenik, Euskaldunak eta Europaren batasuna gaia sakondu du Atutxa’tar Paulek, ea zergatik sartu behar garen euskaldunak Europan bezalako galderei erantzuna emanaz.
Euskal Herria eta festa
Juan Antonio Urbeltz, Santiago Yaniz
Elkar
230 orrialde
45 euro
Urbeltzek gure jaiak hizpide
Santiago Yaniz argazkilari bilbotarraren irudi zoragarriak lagun dituela osatu du Juan Antonio Urbeltzek Euskal Herria eta festa. Bertan, gure jai herrikoien gainean eraikiak dauden hainbat mito desegiten saiatu da iruindarra, baina era konstruktiboan, ados ez dagoen guztiarekin behar den denboran eztabaidan aritu eta gero, ea beste zer edo zer hobea osatzea lortzen duten. Juan Antonio Urbeltzek berrogei urte luze daramatza euskal kultura tradizionala aztertzen, eta makina bat liburu argitaratuak ditu Euskal Herriko dantzak, alardeak, musika militarra, zortzikoa eta beste izanik hizpide. Horrez gain, Argia dantza taldeko zuzendaria da 1966tik, eta bertan ere egundoko lana egina du, dantzak, musika tresnak, doinuak, errimoak, trajeak eta abar aztertuz.
Euskal Herria
Batzuen artean
Sua Edizioak
122 orrialde
6 euro
Euskal Herria-ren ale berezia
Ale berezi honetan, gure haurrekin aise egin ditzakegun 50 mendi ibilbide polit eskaintzen dizkigute Euskal Herria aldizkarikoek. Tximeletak sabelean izenburua jarri diote, neska-mutikoek Euskal Herrian zehar, beren neurrien arabera »alegia, daukaten adin eta indarren arabera» mendian gora abia daitezen espreski hautatu dituzten ibilbide horien guztien bildumari. Hari jarraiki, berdin joan gintezke tipi-tapa edo zaldiz Larraun jaiotzen den gune isilera, tren txikian edo urrasez-urrats Larrun mendiko gailurrera, patsada hartuz Irumugarrietara, txirrindaz edo oinez Bardeetako eremuan galtzera, Kakoetako ur-jauzian bainutxo bat hartzera, Ulian zehar ibilera eder bat ematera, edota Leitzaran, Agorregi, Urbia, Trebiñu edo Mendixureko edertasunak mirestera.
Ez naiz ilehoria. Eta zer?
Kirmen Uribe, Mikel Valverde
Elkar
32 orrialde
5,65 euro
Zortzi urtetik aurrerako neska-mutilentzat
Sahara aldetik etorritako neskato batek Euskal Herrian adiskidetasuna lortzeko egin behar duen borrokatxoaren berri ematen digu Kirmen Uriberen kontaketa samur honek. Amira da neskatoaren izena, eta ilehoria izan nahiko luke, zineko izarrak eta bere ikasgelako Amaiak bezala. Hori baino gehiago, ordea, eskolan daukan bakardadea uxatzea nahiko luke, ikaskideek ez baitiote kasu zipitzik egiten. Eta berak hainbeste maite duen izeba oso urruti dauka orain, itsasoaren beste aldean. Idatziz baino ezin du harekin hitz egin, eta hari gutunak idazten ematen ditu jolas orduak. Zorionez, izebak berehala erantzuten dio, eta gutun batean bakardade horretatik ateratzeko modua ere azalduko dio.
Tierra de estrellas
Ana Díez de Uré, Paco Roda
Altaffaylla
378 or./ 25 euro
Lizarraldeko emakumeen gida historikoa
Ana Díez de Uré eta Paco Rodaren artean osatutako lan honen izenburu zehatza Tierra de estrellas. Guía histórica de las mujeres de Tierra Estella da, eta Lizarraldeko 111 emakumeren biografiak azaltzen ditu. Iraganetik gaur egunerainoko bideari XI. mendean bizitutako oihal saltzaile erabat trebe batekin ekiten diote. Emakume hura alarguna zen eta Estrella zuen izena. Harenak bezala besteenak, paper zaharretatik atera daitezkeen datu biografiko guztiak eskaintzen dira liburu interesgarrian.
Belarraren ahoa
Harkaitz Cano
Alberdania
101 orrialde
11,50 euro
Mundua aldatuko luketen dortoken istorioa
Elkartasunaren beroa, ankerkeriak bere mende daukan mundu hotz gupidabanean. Horiexek dira Belarraren ahoan aurki daitezkeen bi funtsezko hariak, zinema mutuaren osagarriekin azalduak. Horretarako, Adolf Hitler berpiztea erabaki du Harkaitz Canok bere azkenengo idazlan honetan, eta bere odolgiro osoan antzeman ahal izango dugu diktadorea. Europa osoa garaitu eta gero, Manhattan hartzera doa bere gudarostearekin. Baita erraz lortu ere! Pena bakarra du orain, ontziaren sotoan torturaz txikiturik ekarri duen gizonaren ihesa. Izan ere, auskalo nola baina, ospa egitea lortu du The great dictator filman berari trufa egitera ausartu zen komedianteak. Hila ote, batzuek dioten bezala? Nahiago luke Hitlerek, baina ez da hala gertatu, 1886an New Yorkera Askatasunaren Anderea pusketan zekarren ontzian polizoi iritsitako batek lagundu diolako komedianteari. Meatzetan eta zama-lanetan aritua, erabat konkortuta dago orain aguretxoa, baina horrek ez du bere erabakian atzera egitera eramango. Harkaitz Canok narrazio eder honetan dioen bezala: Dortokek mundua aldatuko lukete, utziko bagenie.